16. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 28koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorerako hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31000155011993) aztertu da, Erregistro honetan 2012ko abenduaren 17an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek abenduaren 11n izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2012ko abenduaren 28an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

AURKIBIDEA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

3. artikulua. Langile eremua.

4. artikulua. Iraunaldia.

5. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.

6. artikulua. Batzorde Paritarioa.

II. KAPITULUA

Sailkapen funtzionala

7. artikulua. Langileen sailkapena.

8. artikulua. Behin-behineko langileen eskubideak.

9. artikulua. Ordezko eskubideak.

10. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

11. artikulua. Langileen sailkapena enpresan egiten duten denboraren arabera.

12. artikulua. Lan kontratuak.

III. KAPITULUA

Lanaldia, oporrak eta lizentziak

13. artikulua. Lanaldia eta lan egutegia.

14. artikulua. Oporrak.

15. artikulua. Lizentzia eta baimen ordainduak.

16. artikulua. Osasun kontsultategietara joatea.

17. artikulua. Eguraldi txarra.

IV. KAPITULUA

Ordainsariak

18. artikulua. Oinarrizko soldata.

19. artikulua. Antzinatasuna.

20. artikulua. Lana igande eta jaiegunetan.

21. artikulua. Aparteko pagak.

22. artikulua. Aparteko orduak.

23. artikulua. Urruntasun plusa.

24. artikulua. Gaueko lana.

25. artikulua. Dietak.

26. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

27. artikulua. Istripu asegurua.

28. artikulua. Tresnak.

V. KAPITULUA

Laneko segurtasuna eta higienea

29. artikulua. Osasun azterketa.

30. artikulua. Neurriak higieneari buruz.

31. artikulua. Laneko arropak.

VI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

32. artikulua. Hutsegiteak.

33. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.

34. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.

35. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.

36. artikulua. Zehapenak.

37. artikulua. Zehapenak betearaztea.

38. artikulua. Preskripzioa.

39. artikulua. Prozedura.

40. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak lan arloan.

VII. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

41. artikulua. Eskubide sindikalak.

42. artikulua. Langileen legezko ordezkarien bermeak.

43. artikulua. Ordu sindikalen kreditua.

VIII. KAPITULUA

Lanbide prestakuntza

44. artikulua. Prestakuntza jarraitua.

I. eranskina.-Lan gatazken konponketa.

II. eranskina.-2011ko eta 2012ko behin betiko soldaten taulak eta frutak eta barazkiak biltzeko sasoiko langileenak.

NAFARROAKO NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO SEKTOREAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua.

Lan hitzarmen hau eta bertan biltzen diren arauak Nafarroako Foru Komunitate osoan dira aplikatu beharrekoak.

Finka batek zati bat Nafarroako Foru Komunitatean badauka eta beste zatia handik kanpo, ustiategiko elementu teknikoa zeinetan dagoen, hango arau indardunei eginen die men.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen honek eragina izanen du Nafarroan aritzen diren nekazaritzako, basozaintzako eta abeltzaintzako enpresen gainean.

3. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honetako aginduak aplikatu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako langileen eta enpresaburuen arteko lan harremanetan.

4. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen honek indarra hartuko du, ondorio guztietarako, ekonomikoa barne, 2011ko urtarrilaren 1ean, kontuan hartu gabe zein egunetan argitaratzen den Aldizkari Ofizialean. Indarrean egonen da 2013ko abenduaren 31ra bitarte. Bukaerako egun horretara ailegatuta, ulertuko da hitzarmen hau beste urtebeterako luzatzen dela, eta hala hurrengoetan ere, baldin eta, luzapenetako bat bukatu edo indarra galdu baino bi hilabete lehenago, alderdietako batek ere ez badu haren amaiera iragarri legearen arabera.

Alderdietako edozeinek hitzarmen honen amaiera behar den bezala eta behar den epean iragarrita, haren arauen edukiak indarrean jarraituko du beste hitzarmen bat sinatu arte.

5. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.

Hitzarmena sinatzen duten alderdiek, konpentsazioaren eta absortzioaren gaiari dagokionez, men eginen diote Langilearen Estatutuaren 26. artikuluko 5. zenbakiari.

6. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen hitzarmen kolektiboaren Batzorde Paritarioa eratzen da, hitzarmen honen sinatzaileek osatua, bi alderdien aholkulariak barne.

-Batzorde Pritarioaren eginkizunak.

a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze lana egitea.

b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

-Akordioak.-Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

-Osaera.-Batzordea honela dago osatuta: sindikatu sinatzaileek 4 ordezkari dituzte, 2 UGTk eta 2 CCOOk, eta beste 4 ditu enpresaren ordezkaritzak.

-Funtzionamenduko erregelamendua.

Bilkurak.-Batzorde Paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:

Aurreko artikuluko 1 a) eta b) atalean aipatutako eginkizunak betetzeko, esku hartzeko eskatzen zaionean.

Deialdiak.-Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.

Epe hori bukatu eta batzordea bildu ez bada, ondorio hau izanen da: agortutzat joko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea, eta interesdunak egokiak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.

Quoruma.-Aholkulariak.-Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean. Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.

Akordioen baliozkotasuna.-Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren %60aren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkari lanetan ari direnek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.

Helbidea.-Jakinarazpen eta deietarako, Batzorde Paritarioaren helbidea hau izanen da: UAGNren lokalak, Zaragozako etorbidea, 21, 1. zenbakia, 31003, Iruñea.

Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra. Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.

II. KAPITULUA

Sailkapen funtzionala

7. artikulua. Langileen sailkapena.

Langileak ondoko lanbide taldeetan sailkatzen dira, haien eginkizunen arabera:

1. Teknikariak (1).

2. Administrariak (3).

3. Arduradunak eta langilezainak (8).

4. Traktoristak-makinistak (8).

5. Espezialistak (8).

6. Zaindariak (8).

7. Etxedunak (8).

8. Lanbide klasikoetakoak (8).

9. Peoiak (9).

-Langile teknikoak: goi mailako titulua edo eskola teknikokoa edukita, horretan aritzen dena, edo zuzendaritza espezializatuan edo aholkularitzan.

-Administrariak: talde horretakoak dira enpresan eginkizun burokratikoak betetzen dituzten langileak. Zehaztapenak:

a) Administrari-ofiziala: ofizioa menperatuta horretan aritzen diren langileak.

b) Administrari laguntzailea: bulegoetan oinarrizko lanak egiten dituzten langileak.

-Arduradunak eta langilezainak: enpresan egiten diren lanak zaindu eta zuzentzea bere gain daukate.

-Traktoristak-makinistak: beharrezko ezagutza praktikoak edukita, traktore batekin edo antzeko nekazaritzako makineriarekin zerbitzua egiten duten langileak, betiere makinaren zaintza eta kontserbazioa bere gain hartuta.

-Espezialistak: ezagutza kalifikatuak, propioak edo artzain, unai, kimatzaile, txertatzaile, sulfatatzaile eta motokultoreen parekoak behar dituzten lanetan, praktika jarraitua dela-eta, aritzen diren langileak.

-Zaindariak: finka bat edo batzuk zaintzeko kontratatzen diren langileak.

-Etxedunak: finkan etxebizitza daukaten langileek osatzen dute talde hau. Beste langileen egitekoez gainera, lanlekuak garbitu eta zaindu ere egin behar dituzte, baita abereak zaindu eta bazkatu ere, ustiategia garrantzia txikikoa izateagatik ez dagoenean berariazko langilerik ataza horiek egiteko.

-Lanbide klasikoetakoak: industriako edo zerbitzuetako lanbide klasiko bat edukita (hala nola igeltseroa, gidaria, mekanikaria, etab.), kontratatzen direnak bere lanbidearen egitekoak betetzeko, nekazaritzako ustiategiaren oinarrizko egitekoen osagarriak edo lagungarriak.

-Peoia: aurreko kategorietan egon gabe, ahalegin fisikoa nagusi duten zerbitzuak egiten dituzten langileak.

Hitzarmen kolektibo honetan langileekin egiten den sailkapena adierazpen hutsa da, eta ez dakar inolako mugarik beste kategoria batzuk sortzeko, ezta aipatzen diren kategoriak beteta eduki behar izateko ere.

8. artikulua. Behin-behineko langileen eskubideak.

Behin-behineko langileek enpresako gainerako langileen eskubide berberak dauzkate.

Merkatuaren egoerak, zereginen pilaketak edo eskarien gehiegizko kopuruak hartara behartzen dutenean, enpresaren jardun arrunta balitz ere, horrek kasu horietarako kontratuak egin ditzake, 8 hilabeteko iraupenarekin gehienez, kausa horiek sortzen direnetik hasita.

9. artikulua. Ordezko eskubideak.

Hitzarmen honetan aurreikusten ez denerako, aplikatu beharreko legezko xedapenei jarraituko zaie.

10. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.

Lan administrazioko agintaritzaren ustez hitzarmeneko punturen batek indarreko legezkotasuna hausten badu, hitzarmen oso hau berraztertu beharko da.

11. artikulua. Langileen sailkapena enpresan egiten duten denboraren arabera:

a) Finkoak.

Enpresan zerbitzuak mugarik gabe, modu jarraituan eta iraunkorrean egiteko kontratatzen diren langileak.

b) Aldizkako langile finkoak.

Enpresaren jardueran modu finkoan baina aldizka aritzen diren langileak. Langile horiei deitu behar zaie jarduera hori egiten den bakoitzean eta, lan ondorioetarako, aldizkako langile finkotzat hartuko dira.

Deia antzinatasunaren hurrenkeraren arabera eginen da zorrotz-zorrotz, betiere espezialitate bakoitzaren barruan.

Aldizkako jarduerak edo jarduera ziklikoak bukatzen joaten direnean, aldizkako langile finkoek lanpostua utziko dute antzinatasunaren hurrenkerari zorrotz jarraikiz eta sarreraren kontrako zentzuan. Hau da, lehendabizi antzinatasun txikiena dutenek utziko dute lanpostua, eta hala jarraituko da aldizkako jarduera edo jarduera ziklikoa guztiz bukatu arte.

Aldizkako langile finkotzat hartuko dira aldizkako jarduerak edo jarduera ziklikoak bitan bost urteko epean egiteko behin-behinean kontratatuak izan direnak.

c) Aldi baterako langileak.

Denbora zehatz baterako kontratatzen den langilea. Haren gaineko araudian, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten arauetan xedatuari jarraituko zaio.

d) Behin-behineko langileak.

Merkatuaren eskakizun puntualei, zereginen pilaketei edo eskarien gehiegizko kopuruei aurre egiteko kontratatzen den langilea; enpresaren ohiko jarduerarako bada ere, kontratuaren iraupena zehaztuta kontratatzen dira, eta iraupen hori osorik beteko da.

12. artikulua. Lan kontratuak.

Langile guztien kontratazioa idatziz eginen da, indarreko legeek hala eskatzen dutenean. Dagokion kopia langileari emanen zaio, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatu ondoan.

Urtarrilaren 7ko 2/1991 Legea aplikatu behar denean, langileak sinatutako kontratuaren kopia bat langileen legezko ordezkariei emanen zaie.

III. KAPITULUA

Lanaldia, oporrak eta lizentziak

13. artikulua. Lanaldia eta lan egutegia.

Urteko lanaldia 1.758 ordukoa izanen da, astean 39 ordu eta 20 minutu, astelehenetik larunbateko 14:00ak bitartean. Egunero ogitartekoa hartzeko 20 minutuak benetan lan egindako denboratzat hartuko dira, jarraian gutxienez 6 orduz lan egiten denean.

Langile bakoitzak eskubidea izanen du norberaren aferetarako egun bat hartzeko. Hura benetako lan denboratzat hartuko da.

Edonola ere, lanaldiaren inguruan dagoeneko ezarrita dauden hobekuntzak errespetatuko dira.

Haatik, enpresa hauen jarduera berezia denez, artisautzakoa, produkzio etenekoa eta eguraldiaren mendekoa, urteko lanaldiak malguak izan daitezke, betiere langileen ordezkarien oniritziarekin. Enpresa bakoitzak bere premien arabera banatzen ahal ditu, modu horretan lan gutxiagoko garaiak lan gehiagokoekin konpentsatzeko. Betiere, urteko lanaldia 1.758 ordukoa izanen da 2011n, 2012an eta 2013an, eta indarra duten legezko xedapenak errespetatuko dira.

Enpresek urteko egutegia prestatutako dute, aurrean aipatutako asteko lanaldiaren arabera. Langileen ordezkariekin negoziatuko dute urtearen hasieran eta haiei jakinaraziko zaie.

Eguneroko lanaldia maiatzaren 2tik abuztuaren 31ra bitartean jarraitua izanen da, enpresako jarduerak hala uzten badu.

14. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek, enpresan urtebetez egin badituzte zerbitzuak, eskubidea izanen dute urtean 30 egun naturaleko oporrak hartzeko, hitzarmeneko soldataren gainean ordainduak. Gainerako langileentzat, har daitezkeen opor egunak egindako lanaren araberakoak izanen dira.

Oporrak hartzeko epea jarraitua izanen da, eta ezin izanen da bi epetan baino gehiagotan zatitu, non ez duen langileak hala berariaz adierazi.

Oporrak hartzeko egunak enpresa edo nagusia eta langileak ados egonda finkatuko dira, kontuan izanik zein den garairik motelena hitzarmen honetan araututako lanak egiteko.

Maiatzaren 15a jaieguna izanen da, errekuperatu ezina, eta lan egutegian beste 14 jaieguni gehituko zaie.

15. artikulua. Lizentzia eta baimen ordainduak.

Enpresaburuak lizentzia emanen die hura eskatzen duten langile guztiei, ordainsarietan galerarik izan gabe ondoko kasu hauetan:

a) Lehen mailako senitarteko baten heriotza, gaixotasun larri edo ospitaleratzeagatik (odol edo ezkontza bidezkoak eta anai-arrebak), 3 lanegun.

b) Aiton-amonen, biloben eta koinatu-koinaten heriotzagatik, 2 egun natural.

c) Seme-alaba baten jaiotzagatik, hiru egun natural. Horietako bi gertaera eragilearen ondoren hartuko dira, eta bestea gertaera eragilearen ondoko hamar egunean.

d) Ezkontzagatik, 15 egun.

e) Gurasoen edo seme-alaben ezkontzagatik, eta haien bataioagatik, bi egun natural.

f) Etxez aldatzeagatik, bi egun natural, edo hiru, Foru Komunitatetik kanpora bada.

g) Sei langiletik gorako enpresetan, sindikatu sinatzaileek antolatutako prestakuntza ikastaro batera joateko, 5 egun natural, baldin eta lan orduetan bada, salbu eta uzta biltzeko, ereiteko, animaliak erditzeko, ureztatzeko, izurriteak desagerrarazteko eta produktu galkorrak egokitu eta prestatzeko garaietan.

Baimen mota hau batera har dezaketen langileen kopuruak eskala honekin eginen du bat:

-Hogeita hamaika bitartean, bat.

-Hogeita hamaikatik berrogeita bederatzi bitartean, hiru.

-Berrogeita hamarretik ehun bitartean, bost.

-Ehunetik gora, ehun langile edo zatiki bakoitzeko, bi.

h) Bederatzi hilabetetik beheitiko semeari edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren eguneko ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako, edo bularra emateko ordu bateko baimena lanaldi osotan pila dezake.

Baimena amak edo aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.

i) Zortzi urtetik beherakoak zaintzeko, edo jarduera ordaindurik izan gabe ezintasuna dutenak, edo jarduera ordaindurik izan gabe bere kasa moldatzen ez diren senitartekoak, odol edo ezkontza bidezko 2. mailakoak, lanaldia zortziren batetik erdira bitartean murrizten ahal da, soldata ere murriztuta.

j) 2 egun kirurgia anbulatorioagatik, odolez edo ezkontza bidezko 1. mailako senitartekoen kasuan.

k) Jaiotza aurreko ariketetara eta erditzeko prestakuntzako tekniketara joateko, behar adina denbora.

l) Genero indarkeriako biktimei, behar adina denbora kasuan kasuko jarduketa legezkoak eta polizialak egiteko eta sendagileengana joateko, tratamendu psikologikoa eta talde terapiak barne.

m) Langileak banan-banan edo talde gisa aitortuak dituen baimen ordainduak ere bai.

n) Alde horretatik Berdintasunaren Legean xedatua hitzez hitz betetzea.

Behar bezala frogatzen diren izatezko bikoteek eskubide berdinak izanen dituzte artikulu honetako baimenak hartzeari dagokionez.

16. artikulua. Osasun kontsultategietara joatea.

Osasun kontsultategi eta kliniketara lanaldiaren barruan joaten denean, ordainsariak jasoko dira hitzarmeneko soldataren arabera, baldin eta ezin bada lanalditik kanpo joan horretarako ordutegirik ez dutelako.

Langileak behar bezala justifikatu beharko du arrazoi horiengatik ez dela lanera joan.

17. artikulua. Eguraldi txarra.

Eguraldi txarra dela-eta lan egiten ez denean, betiere langilea lantokira joaten bada lanean hasteko ohiko orduan eta enpresaburuaren esanetara gelditzen bada, lan egin balu bezala jasoko du soldata.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langile ez finkoen artean, bereiziko da nork duen lanaldi zatitua eta nork lanaldi jarraitua.

Lehenengo kasuan, etena gertatzen bada lanaldiaren lehenengo zatia hasita, lanaldi erdiari dagokion soldata ordainduko da. Etena lanaldiaren bigarren zatia hasita gertatzen bada, lanaldi osoari dagokion soldata ordainduko da.

Lanaldi jarraituaren kasuan, etena gertatzen bada lanaldiaren lehenengo hiru orduetan, lanaldi erdiari dagokion soldata ordainduko da. Lanaldiaren hirugarren ordutik aurrera gertatzen bada, lanaldi osoari dagokion soldata ordainduko da.

IV. KAPITULUA

Ordainsariak

18. artikulua. Oinarrizko soldata.

2011ko soldatak aurreko urteko KPI errealarekin igoko dira.

2012ko soldatak aurreko urteko KPI errealarekin igoko dira. 2013ko soldatak aurreko urteko KPI errealarekin igoko dira. Urte bakoitzaren hasieran soldata taulak prestatuko dira, KPIren igoera hitzartua daramatela.

19. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasuna saritzeko, hitzarmen honek ukitutako langileek ondoko zenbateko hauek jasoko dituzte:

-Lehendabiziko hirurtekoa bukatuta, zerbitzuak egiten hasi zenetik aurrera, langileak hitzarmeneko soldataren 5 eguneko zenbatekoa jasoko du.

-Antzinatasuneko 15 urte bete bitartean (hau da, 4., 5., 6., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14. eta 15. urteetan), antzinatasuneko plusa hitzarmeneko soldataren hiru egun eta erdiko zenbatekoa jasoko du langileak urtero.

-Antzinatasuneko 15. urtetik 20.era (hau da, 16., 17., 18., 19. eta 20. urteetan), plus hori hitzarmeneko soldataren bi egun eta erdiko zenbatekoa jasoko du langileak urtero.

20. artikulua. Lana igande eta jaiegunetan.

Kontuan izanda jarduera honek nolako premia saihestezinak dakartzan hainbat kasutan (uzta biltzeko, animaliak erditzeko, ureztatzeko eta produktu galkorrak egokitu eta prestatzeko garaiak) langileak behartuta daude igande eta jaiegunetan jarduera horiek egitera.

Kasu horietan, langileak konpentsazioa jasoko du ondoko baldintza hauen arabera:

-Igandean lanaldi erdia irauten duten lanak lanaldi oso bateko atsedenaldiarekin konpentsatuko dira, edo 36 euro ordainduta, langilearen hautura adostasunik ez badago.

-Lanak igandeko lanaldi osoa irauten badu, bi lanaldi osoko atsedenaldiarekin konpentsatuko da, edo 73 euro ordainduta, langilearen hautura adostasunik ez badago.

Artikulu hau ez zaie aplikatuko sasoiko langileei, fruta eta barazkiak (mahatsa barne) biltzen dituztenei eta abarrei.

21. artikulua. Aparteko pagak.

Hitzarmen honi atxikitako langile guztiek aparteko hiru paga jasoko dituzte, haietako bakoitza hitzarmeneko soldataren hogeita hamar eguneko zenbatekokoa.

Honela ordainduko dira paga horiek: lehenengoa uztailean eta bigarrena abenduaren 22an.

Mozkinetan partea izatea: hitzarmen honek ukitzen dituen langileek aparteko paga bat jasoko dute, mozkinen paga izenekoa, hitzarmeneko soldataren zenbatekoaren parekoa.

Mozkinen paga urte bakoitzeko maiatzaren 15ean ordainduko da.

22. artikulua. Aparteko orduak.

Negoziazioko bi alderdiek konpromisoa hartzen dute aparteko ordurik ez egiteko, salbu eta aurreikusi ezin ziren arrazoiengatik egin behar badira. Hala balegokio, laneko ordu arruntaren balioa %75 handituta ordainduko dira, edo, langilea ados egonda, horren pareko atsedenaldiarekin.

23. artikulua. Urruntasun plusa.

Ustiategiko elementu teknikotik lantokira dagoen tartea 2 kilometrotik gorakoa bada, enpresak behartuta daude 0,24 euro ordaintzera langileei lehenengo 2 kilometro horietatik gorako kilometro bakoitzerako, bai joatekoan bai etortzekoan.

Ordainketa hori ez da egin behar enpresaburuak langileei garraiobide egokia ematen badie.

24. artikulua. Gaueko lana.

Normalean egunean lan egiten dutenek, 22:00etatik 6:00ak bitartean lan egin behar dutenean, oinarrizko soldataren %25eko gehigarri bat jasoko dute.

Lanaldia gaueko eta eguneko aldien artean egiten bada, osagarri hori ordainduko da gaueko lanaldi horren barruan dauden orduen arabera.

25. artikulua. Dietak.

Langileak lekuz aldatu behar duenean bere ohiko bizilekutik kanpo gaua pasatzea ekartzen duten lanak egiteko, soldataz gain, eguneko dieta bat ordaindu beharko zaio, eguneko soldataren parekoa, joateko eta itzultzeko egunak barne.

Egunean bertan bizilekura itzultzeko aukera badago, lekuz aldatzen den langileak dieta erdia sorraraziko du bakarrik.

Aurreko paragrafoan xedatua ez da aplikatuko Bardeetan artzaintza lanak edo antzekoak egiteko.

26. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Eritasun profesional baten edo lan istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna badauka langileak, enpresak langileari osagarri bat emanen dio egiazko soldataren %100 bete arte. Osagarri hori egoera horren lehendabiziko egunetik aurrera ordainduko da, 18 hilabetean gehienez ere. Hori guztia dagoeneko ezarrita dauden baldintza hobeak galarazi gabe.

Eritasun arrunt baten edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna badauka langileak, enpresak langileari osagarri bat emanen dio kotizazio-oinarriaren %100 bete arte. Osagarri hori egoera horren zortzigarren egunetik aurrera ordainduko da, 12 hilabetean gehienez ere. Hori guztia dagoeneko ezarrita dauden baldintza hobeak galarazi gabe.

27. artikulua. Istripu asegurua.

Hitzarmen honi atxikitako langile guztiek aseguru kolektiboko poliza baten estaldura izanen dute. Horren kostua langilea kontratatzen duen enpresaren kargura joanen da, eta ondoko kontingentziak hartuko ditu:

a) Heriotza, lan istripuagatik edo eritasun profesionalagatik. Balioa: 39.813,91 euro.

b) Baliaezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa, edo baliaezintasun handia, lan istripuagatik edo eritasun profesionalagatik. Balioa: 50.771,50 euro.

Enpresek poliza horren suskripzioaren kopia emanen dute, hitzarmen honetan itundutako baldintzetan. Hura izanen da arriskuak zuzenean estaltzen dituena.

Aurreko paragrafoetako poliza sinatzeko epea hilabete batekoa izanen da, hitzarmen honen argitalpen ofizialetik aurrera. Egun horretara arte aplikatu beharko da eta indarrean jarraituko du 2010ean indarra zuen hitzarmenaren 27. artikuluak.

28. artikulua. Tresnak.

Enpresak emanen ditu lan egiteko tresnak.

Enpresaburuak ematen ez baditu edo langileak eraman behar baditu, bien adostasunarekin konpentsazioko plus bat ordaindu beharko zaio langileari, tresnen higaduragatik.

V. KAPITULUA

Laneko segurtasuna eta higienea

29. artikulua. Osasun azterketa.

Langileek eskatuta, enpresek osasun azterketa bat sustatu beharko dute, gutxienez urtean behin. Azterketa hori laneko ordutegiaren barruan eginen da.

30. artikulua. Neurriak higieneari buruz.

Produktoreak enpresaburuaren eskutik ostatua jasotzen duenean berarentzat zein familiarentzat, lanaren konpentsazio gisa, ostatuaren baldintzak egokiak izanen dira pertsonaren sexurako eta egoerarako, eta moralitatearen, higienearen eta pertsonaren duintasunaren araberakoak.

Produktoreen ostatuaren edukiera proportziokoa izanen da haien kopuruarekiko, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legean eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritako neurrien arabera. Honako hau izanen du: argia, ur korrontea, hotza nahiz beroa, eta aireztapen zuzena eta behar adinakoa edukierarekiko. Ukuilu eta zabortegietatik urrun egonen dira, hormek karezko edo porlanezko estaldurak izanen dituzte bederen, eta zoruko zola solidoa eta iragazgaitza izanen da, garbitzeko modukoa. Jangela izanen du, baita beharrezko komunak eta abar ere.

31. artikulua. Laneko arropak.

Enpresak laneko arropa egokiak emanen ditu lan mota guztietarako, hala nola sufreztatzeko, sulfatatzeko etab. Laneko arropa horiek, gehiago higatzen direnez, beharrezkoa den guztietan ordeztuko dira.

Era berean, uretan edo lokatzetan egin beharreko lanetarako, dagozkion oinetako iragazgaitzak emanen zaizkie langileei.

Orobat, arropa iragazgaitzak eman beharko zaizkie langileei lanak landare edo zuhaitz bustien artean egin behar dituztenean.

VI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

32. artikulua. Hutsegiteak.

Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, oro har, oinarrizko hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak.

Garrantziaren arabera, hutsegiteak honela sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak.

33. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.

Ondokoak joko dira hutsegite arintzat:

1.-Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2.-Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3.-Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4.-Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.

5.-Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

6.-Noizean behin mozkortuta agertzea.

34. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.

Honako hauek dira hutsegite larriak:

1.-Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, 30 egun naturaleko epean.

2.-Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.-Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.

4.-Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

5.-Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.

6.-Lanorduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe (hutsegite arina izan liteke).

7.-Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.

8.-Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, enpresari kalteak sortzen ahal dizkioten arren.

35. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1.-Lanera maiz berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

A) Lanera zortzi aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan bidezko arrazoirik gabe, ehun eta laurogei egun naturaleko epean.

B) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera hiru egunez ez agertzea, arrazoirik eman gabe, hiru hilabeteko epean.

2.-Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean ebastea edo lapurtzea.

3.-Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4.-Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5.-Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

6.-Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.

7.-Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

8.-Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9.-Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10.-Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

11.-Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

36. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

1.-Hutsegite arinengatik:

-Hitzezko kargu-hartzea.

-Kargu-hartze idatzia.

-Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

2.-Hutsegite larriengatik:

-Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

-Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

-Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.

3.-Hutsegite oso larriengatik:

-Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

-Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea bost urterako gehienez.

-Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

-Kaleratzea.

37. artikulua. Zehapenak betearaztea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

38. artikulua. Preskripzioa.

Langileei dagokienez, hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

39. artikulua. Prozedura.

1.-Enpresako Zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak eman edo zehapenak ezartzeko ahalmena.

2.-Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.

3.-Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.

Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu espedientea irekitzea zehapenak ezartzeko, interesdunak eskubidea izanen du deskargu orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.

4.-Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:

a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu orriaren berri emanen dio..

b) Enpresak idazkari bat eta insktruktore bat izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.

c) Instruktoreak idazki hori interesatuari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak gauza ditzan bost eguneko epean.

d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.

40. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak lan arloan.

Apirilaren 7ko 8/1988 Legean eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

41. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresek errespetatuko dute langile guztien eskubidea askatasunez sindikatzeko; ezin izanen dute langile baten enplegua lotu sindikatu batean izena ez emateko edo afiliazioari uko egiteko baldintzarekin.

Enpresek ezin izanen dute langile bat kaleratu edo beste edozein modutan kalterik egin sindikatu batean afiliatzeagatik edo sindikatuan jarduteagatik.

Enpresek aitortu eginen dute sindikatu bateko langile afiliatuen eskubidea bilerak egiteko, kuotak biltzeko eta sindikatuko informazioa banatzeko lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jarduerari kalterik egin gabe. Sindikatuek informazioa bidaltzen ahal dute enpresetara, haietan kontuan hartzeko moduko afiliazio nahikoa baldin badute. Informazioa lanorduetatik kanpo banatzen ahal da, betiere ekoizte-prozesua eten gabe.

42. artikulua. Langileen legezko ordezkarien bermeak.

Langileen legezko ordezkaririk ezin izanen dute kaleratu ezta zigortu ere, bere eginkizunetan ari den bitartean, eta ezin izanen dute kaleratu eta ez zigortu, kargua utzi eta hurrengo urtean ere salbu eta kargu uztea errebokazioaren edo dimisioagatik izan bada, betiere kaleratzea edo dimisioa langilea bere ordezkaritzaren legezko jardunean oinarritzen bada. Kaleratzea edo beste edozein zehapen mota ustezko hutsegite larri edo oso larriengatik alde biko espedientearen bidez tramitatu beharko da. Bertan, entzunaldia emanen zaie interesdunari eta langileen legezko ordezkariei.

Arrazoi teknologiko edo ekonomikoen ondoriozko etenaldi edo iraungitze kasuetan, enpresan edo lantokian gelditzeko lehentasuna dute gainerako langileekin alderatuta.

Ezin izanen dira diskriminatu promozio ekonomikoan, ezta profesionalean ere, beren ordezkaritza eginkizunetan aritzeagatik.

43. artikulua. Ordu sindikalen kreditua.

Halaber, ez dira legezko gehieneko ordu kopuruaren barnean zenbatuko langileen ordezkariak beren eragin esparruko hitzarmen kolektiboak negoziatzeko batzordeak osatzeko izendatzen dituztenean kopuru horren gainetik hartzen diren orduak, horrelako negoziazioetarako bilkura ofizialak egiteko orduak baldin badira eta enpresaren negoziazio-eremu berekoa baldin bada.

Legezko muga gainditu gabe, langileen legezko ordezkariek dituzten ordu ordainduak beren sindikatuek, prestakuntza erakundeek eta beste entitate batzuek antolatutako prestakuntza ikastaroetara joateko kontsumitzen ahalko dira.

Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek beste 4 ordu hartuko dituzte, egungo legedian jasotzen denaz aparte, bere jardun sindikalaren krediturako.

6 langiletik 100era bitarteko enpresak.-19 ordu hilabetean.

101 langiletik 250era bitarteko enpresak.-24 ordu hilabetean.

251 langiletik 500era bitarteko enpresak.-34 ordu hilabetean.

501 langiletik 750era bitarteko enpresak.-19 ordu hilabetean.

Ordu sindikalak metatzea.-Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek hitzarmen honetan ezarritako ordu ordainduak izanen dituzte hilean beren ordezkaritza lanak egiteko, segurtasun eta osasun arloko prebentziorako orduak barne.

Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, batzordeko kideek eta langileen delegatuek bakoitzari dagozkion orduen %100era bitarte laga diezaiokete beren sindikatuko langile bati. Lagako diren orduak hilean hilekoak izanen dira, betiere orduak laga baino hilabete bat lehenago, gutxienez, enpresako zuzendaritzari horren berri emanda.

Eszedentzia egoera eskatzen ahal du jarduneko langileak, dagokion sindikatuan idazkariaren kargua duenean probintziaren mailan, edo edozein motatakoa Estatuaren mailan. Egoera horretan jarraituko du kargu horretan aritzen den bitartean. Enpresara itzuliko da hala eskatzen badu horretan aritzeari utzi ondoko hilabeteko epean.

VIII. KAPITULUA

Lanbide prestakuntza

44. artikulua. Prestakuntza jarraitua.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute aztertzeko zein diren prestakuntzarako premiak sektorean eta hura gauzatzeko etengabeko prestakuntzari buruzko akordio nazionalean oinarrituta nekazaritzako, basozaintzako eta abeltzaintzako jardueren sektorean.

Horretarako erabiliko diren orduak lan orduak izanen dira, enpresak prestakuntza eskatzen duenean.

I. ERANSKINA

Lan gatazken konponketa

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan. Beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, L.E.ko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera borondatez lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

II. ERANSKINA

2011ko eta 2012ko behin betiko soldaten taulak
eta frutak eta barazkiak biltzeko sasoiko langileenak

Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen hitzarmeneko behin betiko soldaten taula, 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra artekoa

KATEGORIA PROFESIONALA

HILABETEKO OINARRIZKO SOLDATA

Teknikariak

1.300,30 euro

Administrari-ofiziala

1.015,00 euro

Administrari laguntzailea

898,31 euro

Arduradunak

1.079,88 euro

Traktorista-makinista

1.021,21 euro

Espezialistak

923,11 euro

Zaindariak

921,62 euro

Etxedunak

921,62 euro

Lanbide klasikoetakoak

1.105,76 euro

Peoiak

885,32 euro

Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen hitzarmeneko behin betiko soldaten taula, 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra artekoa

KATEGORIA PROFESIONALA

HILABETEKO OINARRIZKO SOLDATA

Teknikariak

1.331,51 euro

Administrari-ofiziala

1.039,36 euro

Administrari laguntzailea

919,87 euro

Arduradunak

1.105,78 euro

Traktorista-makinista

1.045,72 euro

Espezialistak

945,26 euro

Zaindariak

943,74 euro

Etxedunak

943,74 euro

Lanbide klasikoetakoak

1.132,30 euro

Peoiak

906,57 euro

Frutak eta barazkiak biltzeko sasoiko langileen orduko soldata, 2012ko irailaren 1etitik aurrera aplikatu beharrekoa

KATEGORIA PROFESIONALA

SOLDATA ORDUKO

Peoia

6,50 euro

Iragarkiaren kodea: F1218140