16. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Cabanillasko Udalaren ordenantza, taxi lizentzia
ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Kontuan izanik 2012ko urriaren 29an egin bilkura arruntean hasiera batean onetsi zela, aho batez, Cabanillasko Udalaren taxi lizentzia ematea arautzen duen ordenantza.

Hura 2012ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 c) artikuluaren 2. paragrafoak honela dio: "hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira".

Alegaziorik ez dela izan ikusirik, behin betiko onetsi da.

Cabanillasen, 2012ko abenduaren 20an.-Alkate udalburua, Alberto Santos Alegría.

TAXI LIZENTZIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Cabanillasko Udalak uste du beharrezkoa dela taxi zerbitzu bat sortzea, funtsezko zenbait zerbitzu herritik kanpo daudelako, hala nola, pediatria, derrigorrezko bigarren hezkuntza, zahar etxea, etab., eta ibilgailu partikularren ordezko aukera batzuk behar direlako aisia dela-eta bertze herri batzuetara joateko.

Baina, gaur egungo krisi ekonomikoa eta lan arloko krisia kontuan harturik, zerbitzu hau enplegu aukera bat da; hala, bi beharrei erantzuten zaie, hots, Cabanillasko herritarren beharrari eta lan aukera bat izan nahi dutenen beharrari.

Horregatik, Udalak ordenantza hau prestatu du, irizpide zabalak aplikatuz, eskakizun handirik gabe, segurtasuneko gutxienekoak izan ezik, gaur egungo egoera berezia kontuan harturik eta argi izanik aurrerago eskakizunak handitzen ahal direla, denendako irisgarritasunaren irizpideak bete daitezen.

Sarrera

2005eko uztailaren 16an indarra hartu zuen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak, eta 2012. urtean Cabanillasko Udalak taxi lizentzia bat lortu zuen, Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 3ko 83/2012 Foru Aginduaren bidez (361 zenbakidun sarrera erregistroa, 2012ko maiatzaren 17koa).

Lehen tituluak ordenantzaren xedea arautzen du, baita haren aplikazio eremua eta eskumena duen administrazioa ere.

Bigarren tituluak arautzen ditu lizentziak, zerbitzua egiteko gaitasuna ematen duten tituluak diren aldetik; lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna; haien indarraldia, ikus-onetsia, etendura eta iraungipena; lizentzien eskualdatzea, baita lizentzien erregistroaren sorrera ere.

Hirugarren tituluak arautzen ditu zerbitzua egiteko baldintzak, eta alde horretatik zehazten du zein diren jardueran aritzeko baldintzak, gidarienak, ibilgailuenak eta zerbitzua egiteko moduarenak.

Laugarren tituluak arautzen du zerbitzuaren gaineko ikuskatzailetza, baita erabiltzaileen erreklamazioak ere.

LEHEN TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da osorik Cabanillasko udal mugapean hiriko taxiak egiten dituen zerbitzuak arautzea.

Ordenantza honen aplikazio eremua Cabanillasko udal mugapea da.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Cabanillasko udal mugapean taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Cabanillasko Udalari dagokio.

BIGARREN TITULUA

Lizentziak

I. KAPITULUA

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua

3. artikulua. Lizentziak.

1. Taxi zerbitzua udal mugapean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Cabanillasko udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia emateko eskumena Cabanillasko Udaleko osoko bilkurarena da.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

4. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, udalerrian, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8. artikuluan xedatuari jarraikiz finkatu da.

2. Erreferentzia-indize orokorraren aldaketa, betiere, lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eginen da.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna

5. artikulua. Emateko prozedura.

1. Udalak emanen ditu taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta esleipenetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza. Nolanahi ere, emateko prozeduran emakumea, luzaroko langabeak eta enplegu prekarioa dutenak taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada hainbat lehiatzaileren artean eta haien kopurua eman daitezkeen lizentziak baino gehiago badira, gelditzen diren lizentziak deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara emanen dira.

6. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, izatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren arabera.

2. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutxienez ere 300.000 euro arte.

7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta iraungipena

8. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.

2. Udalak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei, aldez aurretik eskatu ere.

9. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betiere betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, inguruabar ekonomikoak egokiak direnean eta behar objektibo eta argiek galdatzen dutenean, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena egiteko noiznahi duen ahalmena.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren tramite, agiri eta gainerako baldintzak.

3. Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin bada, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana nahitaezko baldintza izanen da, betiere, ikus-onespena emateko.

10. artikulua. Etendura.

1. Lizentziaren titularrek lizentziaren etendura eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik goitiko aldian zerbitzua egitea eragozten dien bertze zerbait gertatu dela.

2. Etendura eskariarekin batean, hura funtsatzen duen egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluko kasuan, lizentzia etenik geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

11. artikulua. Iraungipena.

1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik iraungiko dira.

2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta hura, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da.

3. Prozedura hura tramitatzen den bitartean, zehapen espedientea irekitzeko eskumena duen organoak komenigarri iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu.

4. Komenigarria izateagatik lizentzia baliogabetzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan baliogabetuko den, horiexetan beretan.

V. KAPITULUA

Lizentziak eskualdatzea

12. artikulua. Eskualdatzea.

1. Udalak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahal dira taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, betiere erosleak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:

-Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

-Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailu bera eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

-Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu toki entitateak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

3. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo bahitura baten eraginpean badira, debekua edo bahitura kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak kitatu gabe baditu.

4. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

5. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da bertze lizentzia baten titular izaten ahalko.

6. Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a) Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak sinaturiko eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkeztea.

b) Behin-behineko baimena.

c) Gainerako dokumentazioa aurkeztea.

d) Behin betiko baimena.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

13. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak erregistro batean inskribaturik daude eta hartan jasoko da:

-Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

-Lizentzia esleitzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

-Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, baimena zein egunetan eman zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

-Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; zer egunetan matrikulatu zen eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta azken azterketa zer egunetan egin zen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua; ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

-Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

-Bertzelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bertzelako segurtasun neurriak.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

-Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

-Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak, halakorik bada, zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten adierazita, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez adierazita.

-Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

HIRUGARREN TITULUA

Zerbitzua emateko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

14. artikulua. Zerbitzu egitea.

1. Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

2. Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du.

15. artikulua. Arduraldia.

1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gainean Udalak zerbitzua antolatzeko ematen dituen arauei jarraikiz.

Zerbitzua egitea eragozten duen gorabeherarik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala beterik dagoenean, Udalak ematen ahalko du lizentziari dagokion zerbitzua egitetik gelditzeko baimena.

Zerbitzua egitetik gelditurik gutxienez ere hilabetez egon daiteke eta gehienez ere 3 hilabetez. Azken epe hori iraganik, lizentziaren titularra zerbitzura itzuliko da. Dagokion baimenean aipaturiko epean ez itzultzea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1 atalean iraungitzeko aurreikusitako kasuarekin parekatuko da.

Zerbitzua egitetik gelditurik epe bat buruturik, hiru urte iragan arte ez da berriz ere eskatzen ahalko.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

16. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak: -Ibilgailuak, ezaugarri teknikoen fitxan, automobil gisa sailkaturik egon beharko dute, eta indarra duen araudiak ezarritako ezaugarriak bete. -Oro har, gehienez zazpi jarleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, gidariaren jarlekua barne dela. -Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen. -Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko, eta betiere haien kokaerak segurtatuko du gibeleko jarlekuetara bi aldeetatik sartu eta ateratzea, eta berdin aitzineko jarlekuetan bakoitza bere aldetik. -Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:

-Irisgarritasuna.

-Motorizazioa.

-Tarifa sistema.

-Konexioen zigiluak.

-Zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatzea.

17. artikulua. Ibilgailu moldatuak.

1. Ibilgailu moldatuen ezaugarriak, halakorik bada, horiei buruz indarra duten arauekin bat etorriko dira. Udalak zilegi izanen du bertze ezaugarri batzuk zehaztea bertze betebehar batzuk ziurtatzeko beharrezkoa denean.

2. Taxi moldatuak mugikortasun urria duten pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.

18. artikulua. Ezaugarriak.

1. Zerbitzu hau ematen duten ibilgailuek SP ezaugarria agerian izan beharko dute.

2. Ibilgailuaren barneko aldean zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian.

19. artikulua. Dokumentazioa.

1. Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek agiri hauek eduki behar dituzte beti, ibilgailuaren barnean, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura:

-Ibilgailuari buruzkoak:

  • Udalaren lizentzia.
  • Halakorik izanez gero, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena.

Gidariari eta ibilgailuari buruzkoak:

  • Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra edo soldatapekoa izan.
  • Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.
  • Ibilgailuaren matrikula.
  • Derrigorrezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.
  • Erantzukizun zibileko asegurua.
  • Erreklamazio liburua.
  • Ordainagiri eta fakturen taloitegi bat, Udalak baimendua, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.

20. artikulua. Ibilgailuen urteak eta haien berritzea.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko du lizentziari atxikitako ibilgailua, eta nahitaez ibilgailua zortzi urtetara iritsi baino lehen.

3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da: berritzat joko dira hamabi hilabete baino gutxiago dituztenak, lehen aldiz matrikulatu zirenetik kontatzen hasita.

4. Eskariak tramitatuko dira Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasun ezaren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia denean.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

21. artikulua. Geralekuak.

1. Udalak taxi-geraleku bat finkatuko du udal mugapean, batez ere informaziorako.

2. Geraleku horretan taxi zerbitzua lokalizatzeko informazioa eta ordutegiari buruzkoa agertuko dira.

22. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

Udalak zerbitzua koordinatzeko arauak ezartzen ahalko ditu ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gainean, taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna bermatzeko.

23. artikulua. Zerbitzuaren hasiera, eta zerbitzua ordaintzeko prozedurak.

1. Erabiltzaileak taxia eremu publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa.

2. Zerbitzua telefonoz edo antzeko beste prozedura baten bidez hitzartzen bada, helmugarako ibilbidea soilik zenbatuko da. Azken zenbatekoari, Udalak tarifen definizioan ezarriko duen zenbateko finkoa erantsiko zaio. Taxia nondik eskatu den, horren araberakoa izanen da zenbateko hori.

3. Istripua eta matxura izanez gero zerbitzua burutzerik ez badago, erabat ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, erabiltzaileak egindako ibilbidearen zenbatekoa ordainduko du, kobratu beharreko gutxienekoa kenduta.

Erabiltzaileak hala eskatzen badu, gidariak bertze taxi bat jarriko du haren esku. Kasu horretan, erabiltzailea bigarren ibilgailuan sartzen den unean hasiko da tarifa berria kontatzen.

4. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

5. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

-Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

-Txartelarekin, lizentzia hartzen duenak hala ezartzen badu.

6. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.

7. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, bide hauek erabiliko dira:

-Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua baliatuz.

24. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordubeteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bertzelakorik adostu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo gisako bide baten bitartez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxaroteko eskubidea izanen du, taxi gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

LAUGARREN TITULUA

Ikuskapena eta erreklamazioak

I. KAPITULUA

Zerbitzua ikuskatzea

25. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuen azterketak.

-Aldez aurreko azterketa.

Ezin izanen du zerbitzurik egin beharrezko baimena ez duen ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurretik aztertuko du haren segurtasuna, kontserbazioa eta dokumentazioa zertan diren.

-Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.

Ordenantza honen xedeko ibilgailuek urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bertzelako azterketa berezi guztiak pasako dituzte, zerbitzua segurtasunez eman dadin.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

26. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaion berdina da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Cabanillasko Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki deritzon alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

27. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

1. Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barnetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, horretarako prestatutako bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Indar hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1217848