16. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Aldaketa, Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2012ko urriaren 25eko bilkuran, aldaketa hasiera batez onetsi zuen Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Onespenaren erabakia 2012ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ean. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2012ko abenduaren 27an.-Alkate udalburua, Garbiñe Elizegi Narbarte.

ORDENANTZA FISKALA, HIRI HONDAKIN SOLIDOAK BILDU, TRATATU ETA APROBETXATU EDO DESEGITEKO ETA ZERBITZU HORRI LOTURIK DAUDEN GAINERAKO JARDUERAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarriak

1. artikulua. Nafarroako Toki Erakundeei aplika dakiekeen arautegi fiskalak emandako ahalmenen babesean eta horiekin bat etorriz ezarri da ordenantza fiskal hau.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasak ezartzea da, hiri-hondakinak bildu, tratatu, aprobetxatu edo desegiteko zerbitzua emateagatik eta horrekin zerikusia duten gainerako jarduerengatik.

Beraz, ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak aipatzen dituen zerbitzuen eta jardueren tasei dagokiena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Baztango herrien mugape guztietan aplikatuko da.

Aldiz, Baztango udalerrikoak ez izan arren, halako entitate edo pertsona batzuek tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte haiei ere aplikatuko zaie ordenantza hau.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu edo jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta dagozkien tasak sortzen dituzte:

1. Hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta gero aprobetxatu edo desegiteko nahitaezko zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, hondakinei buruzko Legeari jarraituz.

Kasuak hauek dira:

a) Etxebizitzak.

b) Zerbitzuak, merkataritza eta bulegoak.

c) Lantegi eta tailerrak.

d) Ostalaritza.

e) Ikastetxeak.

f) Osasun eta laguntza etxeak.

g) Hiri hondakin solidoak biltzeko edukiontzia eskura izatea.

Tarifa bakoitzean sartutako jardueren zerrenda ez da zehatza, eta beraz, espresuki aipatu gabeko bertze jarduera berdintsuak sartzen dira, gisa berekoak badira.

2. Zuzenean zabortegira botatzea.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1. Ordenantza hauetan ezartzen diren tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira, zordunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak, herentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen, erabiltzen edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, haien alde zerbitzua ezarriz gero.

2/1995 Foru Legearen 104.2-a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira udal bakoitzeko Katastro Erregistroan edo eraikin horien Hirilurreko Aberastasunaren Erregistro Fiskalean jabe gisa agertzen direnak.

2. Zabortegiratze zuzenei dagokienez pertsona edo erakunde eskatzaileak eta hondakinen titularrak dira zergak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak.

3. Pertsona fisiko edo juridikoak ustiategi edo jarduera ekonomikoetan aritzearen ondoriozko zorra, horien titulartasunean edo jardunean edozein kontzepturengatik ondorengo gertatzen direnei exijitzen ahalko zaie.

Ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak, gaurko titularrak aldez aurreko adostasuna emanda, Udalari eskatzeko eskubidea izanen du jarduera edo ustiategiaren kasuan kasuko ekitalditik heldu diren tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA

Zerga oinarria

6. artikulua.

1. 4. artikuluko 1. atalean ezarririko zergapeko egintzetarako, hauxe izanen da tarifa aplikatuko zaion zerga oinarria:

-4.1-A artikuluaren zergapeko egintzetarako: jendea bizi den edo bizi litekeen katastroko unitatea. Bizitzeko egokia kontsideratzen da katastroko unitate oro, salbu eta, Udalak hondamendi edo antzeko egoera egiaztatzen badu.

Etxebizitza batean jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jarduera egiten bada, tarifarik altuena aplikatuko zaio.

-4.1-B, 1-E, 1-F artikuluen zergapeko egintzatarako: jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta duen edo, zerga honen pean ez dagoenean, arian dagoen jarduera edo establezimendu unitate eta mota. Ezartzeko unitatea dagoela ulertuko da katastroko unitatea dagoenean.

-4.1-C artikuluaren zergapeko egintzarako: jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta duen edo, zerga honen pean ez dagoenean, arian dagoen jarduera edo establezimendu unitate eta mota. Langile kopurua ere kontuan hartuko da.

-4.1-D artikuluaren zergapeko egintzarako: establezimenduaren azalera. Horretaz gain eta jardueraren araberako mahai edo/eta logela kopurua.

-4.1-G artikuluaren zergapeko egintzarako: edukiontzi kopurua, edukiera eta bilketa maiztasuna.

2. Establezimendu bera jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe batean baino gehiagotan altan bada, ulertuko da aplikatzekoa izanen dela tarifarik altuena.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean organo eskudunak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte izanik.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Zerga oinarriari dagokion tasa edo tarifa eta indize zuzentzailea aplikatuta ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotari une bakoitzean legeek finkaturiko zeharkako zergak aplikatuko zaizkio, haietan ezarritako eran eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak dira salbuespen eta hobari bakarrak.

11. artikulua.

1. Ateratzen den tarifan %30eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 500 eta 1500 metro arteko distantzia badago. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak aitorpen-eskaera egitea.

2. Ateratzen den tarifan %50eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 1500 metro baino gehiagoko distantzia badago. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak aitorpen-eskaera egitea.

X. KAPITULUA

Sortzapena

12. artikulua. 4.1. artikuluan ezarritako tasak seihileko natural bakoitzaren lehen egunean sortuko dira, eta kuotak murriztezin eta hainbanaezinak izanen dira.

Zabortegiratze zuzenetarako ezarritako tasak, interesatuak zerbitzua emateko eskatzen duen unean sortuko dira.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. 4.1. artikuluan aurreikusitako tasak, seihilekoan behin.

2. Sortzen diren unean ordainaraziko dira zabortegiratze zuzeneko tasak.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

14. artikulua.

1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko 86. artikuluan zehaztuarekin bat, 4.1. artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira.

2. 4.1 artikuluan ezarritako tasek sortzen dituzten tributu-zorrak, 13. artikuluaren arabera ordainarazi eta gero, ordaindu behar diren seihileko naturalaren lehen hilabetearen lehen egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira.

Bidalketa egunetik aitzina hasiko da kontatzen 30 eguneko borondatezko aldia.

3. Borondatezko zerbitzuetarako ezarritako tasak, jarduera edo zerbitzuaren eskaera egiten den momentuan ordainduko dira. Udalak hilabete batean egindako zerbitzuak batzen baditu, tasa jakinaraziko da zerbitzua egin eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean. Erroldaren bidalketa egunetik aitzina hasiko da kontatzen 30 eguneko borondatezko aldia.

15. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 84. artikuluan ezarri bezala ordaindu beharko dira.

Udalak zorraren atzerapena edo zatikako ordainketa onar dezake 2/1995 Foru Legearen 90. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordain daitezke:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboek, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz.

b) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboek Baztango Udalak kobrantzarako bereziki ezartzen dituen banku edo aurrezki bulegoetan edo Udal Bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arau-hausteei eta zehapenei buruz xedatuak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

ERANSKINA

Tarifak

-Etxeko tarifa:

  • Etxebizitzak: 65,00 euro.

-Tarifa profesionala:

  • Profesionalen zerbitzu eta bulegoak: ile-apaindegiak, optikak, tindategiak, ikuztegiak, abokatuak, psikologoak, psikiatrak, terapeutak, arkitektoak, gestoriak, aseguru etxeak, notariotzak, beilatokiak, edertasun zentroak, higiezinen agentziak, banketxeak, posta bulegoak: 75,43 euro.

-Merkataritzako tarifa:

1.-Merkataritza eta zerbitzuak, elikagai eta etxetresna elektrikoen sektoreetakoak ez direnak eta banketxeak. 200 m² baino gutxiago dituztenak: mertzeriak, drogeriak, zapata dendak, arropa dendak, argazki dendak, estanko eta liburu dendak, lore dendak, kirol dendak, haurtzaintzako saltokiak, bazarrak, bulegoak hornitzeko dendak, okindegiak, altzari dendak, dekorazio eta opari dendak, bitxi dendak, margo dendak, goxoki dendak, farmaziak eta albaiteroak: 91,13 euro.

2.-Merkataritza. Elikagaien saltokiak (harategi, arrandegi, fruta denda...), supermerkatu txikiak eta autozerbitzuak, etxetresna elektrikoen dendak, burdindegiak: 170,54 euro.

3.-Merkataritza. Elikagaien saltokiak (supermerkatuak): 585,82 euro.

4.-Merkataritzako saltoki handiak: 1.161,64 euro.

-Industriako tarifa:

1.-Lantegi eta tailer eta merkataritzako biltegiak, 5 langile bitartekoak: 91,13 euro.

2.-Lantegi, tailer eta merkataritzako biltegiak, 5 langile baino gehiagokoak: 182,26 euro.

-Ostalaritzako tarifa:

A.1.-Ostatu eta kafetegiak. 30 m² baino txikiagoak: 309,93 euro.

A.2.-Ostatu eta kafetegiak. 30 m² baino handiagoak eta janari denda bertan dutenak: 464,89 euro.

A.3.-Kategoria bereziko ostatuak, pub eta dantzalekuak: 619,87 euro.

B.1.-Jatetxeak. Bortz mahai edo gutxiago dituzten jatetxeak eta 20 bazkide baino gutxiago dituzten elkarte gastronomikoak: 464,89 euro.

B.2.-Jatetxeak. Bortz mahai baino gehiago dituzten jatetxeak, 100 lagun edo gutxiagorendako lekua dutenak. 20 bazkide edo gehiago dituzten elkarte gastronomikoak: 619,87 euro.

B.3.-Jatetxeak. 100 mahaikide baino gehiagorendako tokia dutenak: 981,86 euro.

C.1.-Landetxeak: 97,50 euro.

D.1.-Hostal eta hotelak. 10 logela edo gutxiago dituztenak: 464,89 euro.

D.2.-Hostal eta hotelak. 10 logela baino gehiago dituztenak: 619,87 euro.

D.3.-Hostal eta hotelak. 10 logela edo gutxiago dituztenak eta taberna eta/edo jatetxe zerbitzurik ematen ez dutenak ostatu harturik ez dauden pertsonendako: 97,50 euro.

E.1.-Aterpetxeak eta kanpinak. 50 lagun edo gutxiagorendako tokia dutenak: 464,89 euro.

E.2.-Aterpetxeak eta kanpinak. 50 lagun baino gehiagorendako tokia dutenak: 981,86 euro.

-Osasungintzako tarifa:

  • Zahar etxea: 585,82 euro.
  • Eritetxeak: 585,82 euro.
  • Hortz-klinikak: 80,50 euro.
  • Entzumen, oftalmologia, bizkortze eta antzeko bulegoak: 80,50 euro.
  • Yoga, meditazio eta antzeko zentroak: 80,50 euro.
  • Masaje, fisioterapia eta antzeko zentroak: 80,50 euro.

-Hezkuntzako tarifa:

  • Akademiak (informatika, hizkuntzak, musika...): 80,50 euro.
  • Haurtzaindegiak, haur eskolak: 182,26 euro.

Iragarkiaren kodea: L1300662