153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, Vadoluengoko San Adrian eliza (Zangoza, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Vadoluengoko San Adrian eliza izeneko higiezina (Zangoza) monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1983ko irailaren 28ko Errege Aginduaren bidez (1983-11-15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 107/2013 Ebazpenaren bidez, behin-behinekoz mugatu zen Vadoluengoko San Adrian eliza (Zangoza) izeneko ondasun higiezinaren babes ingurunea, eta interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpen hori 2013ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 30ean. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko ekainaren 10ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko ekainaren 17an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Vadoluengoko San Adrian eliza (Zangoza, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Vadoluengoko San Adrian elizaren babes inguruneak Zangozako udalerriko 5. poligonoko 338. lurzatia hartzen du.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1310603