148. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

716/2013 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzei (gizarte eta osasun zentroak) diru-laguntzak emateko 2013ko deialdirako baimena ematen duena, haien farmaziako zerbitzuan zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko.

Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretan -2013rako luzatuak-, “Ekipamendua egoitzetako farmazia zerbitzuetan” izeneko 547002-52370-7709-313100 kontu-saila ageri da, 20.000 euroz hornitua.

Aurrekontuko kontu-sail horren xedea da beharrezko inbertsioak finantzatzea egoitzetako (gizarte eta osasun zentroak) farmaziako zerbitzuan zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko. Horretarako, egoitzek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmen bat izan behar dute sinatua haien egoiliarrei farmazia laguntza emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Betiere, baldintza da hasierako erosketa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diruz lagundu izana, farmaziako zerbitzu hori eta/edo medikamentuen biltegia ezartzeko, egoitzako (gizarte eta osasun zentroa) farmaziako zerbitzu bati atxikita, eta, orobat, 5 urte baino gehiago pasatu izana diru-laguntza hori ordaindu zenetik.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duenez, diru-laguntzak deialdi publikoaren bidez eman behar dira, eta beraz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak deialdia egin behar du.

Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak, Farmazia Prestazioen Zerbitzuko buruak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak egin duten deialdiaren proposamena ikusirik, Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetzaren adostasunez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Egoitzei (gizarte eta osasun zentroak) diru-laguntzak emateko 2013ko deialdia baimentzea, haien farmaziako zerbitzuan zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko inbertsioak egiteagatik.

2. Egoitzei (gizarte eta osasun zentroak) diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, haien farmaziako zerbitzuan zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko inbertsioak egiteagatik. Ebazpen honen eranskinean heldu dira oinarriok.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako -2013rako luzatuak- “Egoitzetako farmazia zerbitzuen ekipamendua” izeneko 547002-52370-7709-313100 kontu-sailaren kargura, deialdi honen eginbeharrak finantzatzeko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gastuaren Kudeaketarako zuzendariordeari, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzari eta Zerbitzuari, Farmazia Prestazioen Zerbitzuari, Zerbitzu Orokorren eta Mantentze-lanen Atalari, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan; eta interesdunei ohartarazten zaie gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela ebazpen honen kontra, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2013ko ekainaren 17an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Ángel Sanz Barea.

FARMAZIAKO ZERBITZUAN ZENBAIT EKIPAMENDU BERRITU
ETA/EDO EROSTEKO INBERTSIOAK EGITEAGATIK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO EGOITZEI (GIZARTE ETA
OSASUN ZENTROAK) DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 2013ko diru-laguntzei aplikatu beharreko araubidea ezartzea, egoitzetako (gizarte eta osasun zentroak) farmaziako zerbitzuan zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko inbertsioak egiteagatik. Horretarako, egoitzek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmen bat izan behar dute sinatua haien egoiliarrei farmazia laguntza emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Betiere, baldintza da hasierako erosketa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diruz lagundu izana, farmaziako zerbitzu hori eta/edo medikamentuen biltegia ezartzeko, egoitzako (gizarte eta osasun zentroa) farmaziako zerbitzu bati atxikita.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmen bat egoiliarrei farmazia laguntza emateko sinatuta duten Nafarroako Foru Komunitateko gizarte eta osasun zentroetan eginen dira diru-laguntza hauen xede diren jarduketak. Haien xedea izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko diruz lagundu zuen zenbait ekipamendu berritu eta/edo erostea (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak). Orobat, erakunde horretako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntza hori ordaintzeko agindua eman zuen ebazpena 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan beharko da, hau da, bost urte baino gehiago pasa behar dira diru-laguntza hori eman zenetik 2013ko urtarrilaren 1era arte (zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko eta amortizatzeko epetzat hartu da epe hori).

3.–Onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten egoitzek (gizarte eta osasun zentroak):

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmena izenpetua edukitzea, egoiliarrei farmazia laguntza emateko berariazko hitzarmena alegia, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuren diru-laguntza jaso izana orain berritu eta/edo erosi nahi den ekipamenduan inbertsioak egitearren (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak), farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak diru-laguntza hori ordaintzeko agindua eman zuen ebazpena 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izatea.

–Nafarroako administrazio publikoen eta beste erakunde zein entitate publiko zein pribaturen diru-laguntzarik edo laguntzarik jaso ez izana deialdi honen xede diren inbertsioak berritu eta/edo erosteko azken bost urte hauetan (2008ko urtarrilaren 1etik 2013ko urtarrilaren 1a arte).

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren diru-laguntzarik jaso ez izana deialdi honen xede diren inbertsioak berritu eta/edo erosteko 2012an egin eta honen antzekoa zen deialdiaz baliatuz (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 29an emandako 605/2012 Ebazpena).

4.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza zein inbertsiotarako eskatzen den, horiek bat egin behar dute zenbait ekipamendu (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak) berritu eta/edo erosteko helburuekin, betiere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatu bazituen farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko gizarte eta osasun zentro batean.

Diru-laguntzen xedea izanen da ekipamendua berritu eta/edo erosteko (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak) beharrezko inbertsioak finantzatzea, hain zuzen ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak duela 5 urte baino gehiago diruz lagundu zuena (ekipoak amortizatutzat hartzeko epea), farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko; izan ere, denbora hori igarota, kalteturik geratu dira, edo kalitatezko osasun arreta emateko egoera txarrean.

Farmazia zerbitzuetako eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegietako zenbait ekipamendu (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak) berritu eta/edo erosteko inbertsioak bil daitezke deialdi honetan, baldintzak izanik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hasierako erosketa diruz lagundu izana eta erakunde horretako zuzendari kudeatzaileak hura ordaintzeko ebazpena 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izatea.

Ez dira deialdi honetan sartuko farmazia zerbitzuetako eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegietako ekipamendu hori berritu eta/edo erosteko inbertsioak, egoitzak kontzeptu horrengatik berarengatik diru-laguntza jaso baldin bazuen 2012an egin eta honen antzekoa zen deialdiaz baliatuz (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 29an emandako 605/2012 Ebazpena).

5.–Eskaeren aurkezpena.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 21 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan (Iruñeko Irunlarrea karrika, 39-behea, Iruña, 31008) aurkeztu beharko dira, edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian (2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 9koa) ageri diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax bidez (848 429384) jakinarazi beharko dio Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Oinarri hauetako eranskinean heldu den ereduaren arabera aurkeztuko da eskaera, egoitzaren legezko ordezkariak sinatua, ondoko agiri hauekin batera:

–Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin zentroko egoiliarrei farmazia arreta emateko berariazko lankidetza hitzarmena daukala frogatzea, erakunde horretako zuzendari kudeatzaileak izenpetzea onesteko emandako ebazpenaren kopia aurkeztuz.

–Farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia egoitzan (gizarte eta osasun zentroan) ezartzeko hasierako inbertsioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diruz lagundu zituela frogatzea, erakunde horretako zuzendari kudeatzaileak horretarako eman zuen diru-laguntza ordaintzeko dioen ebazpenaren kopia aurkeztuta.

–Erantzukizuneko aitorpena, Nafarroako Administrazio Publikoetatik eta beste erakunde edo ente publiko edo pribatuetatik deialdi honen xede diren inbertsioak berritzeko eta/edo erosteko diru-laguntzarik edo laguntzarik jaso ez izana adierazten duena.

–Erantzukizuneko aitorpena, deialdi honen xede diren inbertsioak berritu eta/edo erosteko 2012an egin eta honen antzekoa zen deialdiaz baliatuz (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 29an emandako 605/2012 Ebazpena) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren diru-laguntzarik jaso ez izana adierazten duena.

–Erantzukizuneko aitorpena, gizarte eta osasun zentroko (egoitza) toki kopurua adieraziz, laguntza behar dutenentzako eta behar ez dutenentzako toki kopuruak zehaztuta.

–Erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzetarako deialdi honetan eskaera aurkezteko epean beteta zegoen toki kopuruaren portzentajea adieraziz.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere ez izatea adieraziz.

–Gizarte eta osasun zentroak zerga betebeharrak egunean dituela frogatzea; horretarako, zein zerga administraziotako subjektu pasibo den, hark emandako indarreko ziurtagiri administratiboa aurkeztu beharko dute.

–Gizarte eta osasun zentroak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzea; horretarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren indarreko ziurtagiri administratiboa aurkeztu beharko da.

–Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ezarri diren baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, bideratu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Instrukzio organo gisa, Balorazio Batzordea osatuko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria buru eta kide hauek izanen dituena: Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko burua, Farmazia Prestazioen Zerbitzuko burua, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Aurrekontu eta Kontabilitate Ataleko burua; deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak esleitu zaizkio batzordeari.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura ohikoa izanen da, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Aurrekontuko zuzkidura:

Deialdi honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzen finantzaketa Nafarroako 2012ko aurrekontu orokorretako -2013rako luzatuak- “Egoitzetan farmazia zerbitzuko ekipamendua” izeneko 547002-52370-7709-313100” kontu-sailaren kargura izanen da. Kontu-sailak gehienez ere 20.000 euroko kreditua du.

8.2. Dirua banatzeko irizpideak eta onuradunen araberako banaketa.

Deialdiaren zenbatekoa irizpide orokor hauei jarraikiz banatuko da:

–Beren jarduketak oinarri arautzaile hauetan xedatutakora egokitzen badira, entitateek diru-laguntza jaso dezakete, helburua izanik, gutxienez, guztiek eskuratzea zati bateko edo erabateko finantzazioa ekipamendu hura berritu eta/edo erosteko (medikazio gurdiak, medikazio erretiluak eta edukiontziak, kutxak, hozkailua, hozkailuko termometroa, termometro-higrometroa, altzari klinikoak) inbertsioetarako. Horretarako baldintza izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hasierako erosketa diruz lagundu izana farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko, eta egoitzek (gizarte eta osasun zentroak) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin egoiliarrei farmazia laguntza emateko lankidetza hitzarmen berariazkoa sinatuta izatea, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Egin beharreko inbertsioen zenbatekoaren arabera (20 puntu gehienez) eta egoiliarrak hartzeko gizarte eta osasun zentroak (egoitza) dituen plazen arabera (80 puntu gehienez) zehaztuko da onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua.

–Onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoarekin zati batean nahiz osorik finantzatu ahalko dira deialdi honen xede izan eta gauzatu diren inbertsioak, eta emandako diru-laguntza ez da inolaz ere izanen egindako gastuak baino handiagoa.

8.3. Eskaeren balorazioa.

Aurreko ataletan ezarritakoa oinarritzat hartuz, balorazio prozedura honelaxe eginen da:

–Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen arabera, eta, azkenean, organo eskudunari diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.

–Balorazio Batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.

–Diru-laguntzak ez dira behin ere eskatutako zenbatekoa baino handiagoak izanen.

–Instrukzio organoak edonoiz eskatu ahalko dio eskatzaileari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

9.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko atalean adierazitako prozeduraren arabera esleituko da.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

10.–Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan honako hau adieraziko da: hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, baldintzak ez betetzeagatik beste eskaerak ukatzeko arrazoiak. Laguntza ematen den kasuetan xedea eta esleituriko zenbatekoa azalduko dira. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela uler daiteke. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Eskaeraren ezespenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa para daiteke Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua. Ezespena berariazkoa bada, errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; eta ezespena ustezkoa bada, errekurtsoa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurreko paragrafoan zehaztuarekin bat, eskaera ezetsi dela ulertu eta biharamunetik hasita.

11.–Bateraezintasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin.

12.–Gastuaren justifikazioa.

Deialdi honen xede diren ekipamenduetarako inbertsioei dagozkien jatorrizko fakturak aurkeztuz (edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiak) justifikatuko da diruz lagundutako jarduketak egiteko inbertsioen gastua.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada ekipo ondasunak eskuratzerakoan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, non gastua ez den egin diru-laguntza eskatu aurretik.

Horretarako, gizarte eta osasun zentroak sektore horretako enpresa batzuei eskatuko die aurrekontua, orokorrean abantaila gehien dakartzaten eskaintzak aukeratzeko, betiere alderdi ekonomikoak eta teknikoak kontuan hartuz. Zentroak berak esleituko ditu eskaintzak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin kontsultatu ondoan. Horrek begiratu beharko du benetako beharretara eta balio justura egokitzen dela gastua.

13.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Diru-laguntza kobratzeko, 12. oinarrian zehaztu bezala justifikatu beharko da gastua.

Kasuan kasuko ordainketa Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorren -2013rako luzatuak- kargura tramitatu ahal izateko, gastuaren justifikazioa 2013ko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da.

Diru-laguntza onuradunei ordaindu ondoren, horiek, 30 egun naturaleko epean abonamendu hori haien banku kontuan sartzen den egunetik aurrera, aurkeztu beharko dute eskuratutako inbertsioaren ordainketa benetan egin dela frogatzen duen dokumentazioa (bankuaren ordainagiria, banku mugimenduen agiria, transferentziaren agindua, etab.).

14.–Jarraipena.

Balorazio Batzordeak diru-laguntzen jarraipena eginen du, onuradunek eskatu zaizkien baldintzak finkatutako epeetan betetzen ote dituzten aztertzeko, eta behar diren egiaztapenak egiteko.

15.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, bost urteko epea ezarri da onuradunak diruz lagundutako ondasunak diru-laguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko.

f) Era berean, ezartzen da bost urte horietan gizarte eta osasun zentroak indarrean eduki beharko duela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin egoiliarrei farmaziako arreta emateko izenpetutako Lankidetza Hitzarmena, ezinbesteko baldintza izanen baita diru-laguntza deialdi honen onuraduna izateko. Ondasunetarako bost urteko amortizazio epe bat ezarri da, soilik ondorio horietarako, eta hortaz, onuradunak berak edo hark eskatuta, aipatutako hitzarmena bertan behera utziz gero indarra hartu eta bost urte iragan aurretik, onuradunak hitz ematen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari amortizatzeko dagoen zenbatekoa itzuliko diola.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legez ezarririko kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesa ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19.–Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................................................

NANa/IFZ: ...........; bizilekua: ......................

Kalea: ......................................................., PK:

Telefonoa: ................................. Helbide elektronikoa:

Bere izenean edo ................... ordezkatuz (behar ez dena ezabatu):

Izena: ....................................................

NANa/IFZ: ...........; bizilekua: ......................

Kalea: ......................................................., PK:

Telefonoa: ................................. Helbide elektronikoa:

Ondokoa aurkeztu du:

Zenbait ekipamendu berritu eta/edo erosteko inbertsioetarako diru-laguntza emateko eskaera, baldintza izanik hasierako erosketa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diruz lagundu izana farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia ezartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsitako 2013ko oinarri arautzaileei jarraikiz. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat, ondoko agiri hauek aurkezten ditu:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmena daukala frogatzen duen agiria, egoiliarrei farmazia arreta emateko berariazko hitzarmena alegia, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzuari atxikitako medikamentuen biltegia egoitzan (gizarte eta osasun zentroa) ezartzeko behar ziren hasierako inbertsioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diruz lagundu zituela frogatzen duen agiria.

–Erantzukizuneko aitorpena, Nafarroako Administrazio Publikoetatik eta beste erakunde edo ente publiko edo pribatuetatik deialdi honen xede diren inbertsioak berritzeko eta/edo erosteko diru-laguntzarik edo laguntzarik jaso ez izana adierazten duena.

–Erantzukizuneko aitorpena, deialdi honen xede diren inbertsioak berritu eta/edo erosteko 2012an egin eta honen antzekoa zen deialdiaz baliatuz (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 29an emandako 605/2012 Ebazpena) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuen diru-laguntzarik jaso ez izana adierazten duena.

–Erantzukizuneko aitorpena, gizarte eta osasun zentroko (egoitza) toki kopurua adieraziz, laguntza behar dutenentzako eta behar ez dutenentzako toki kopuruak zehaztuta.

–Erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzetarako deialdi honetan eskaera aurkezteko epean beteta zegoen toki kopuruaren portzentajea adieraziz.

–Gizarte eta osasun zentroak zerga betebeharrak bete dituela frogatzen duen agiria.

–Gizarte eta osasun zentroak Gizarte Segurantzako betebeharrak bete dituela frogatzen duen agiria.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere ez izatea adieraziz.

–Diru-laguntzaren zenbatekoaren eskaera: farmazia zerbitzuko ekipamendua berritu eta/edo erosteko beharrezko inbertsioen zerrenda eta haien kostua.

Sinadura:

Iragarkiaren kodea: F1310327