142. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150/2013 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien zuzendari nagusiak emana, Cableuropa, S.A.U.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak zehazten duenez, operadoreek Azpiegituren Lurralde Plan bat aurkeztu behar dute, onesteko. Plan horrek lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko ditu.

Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez (60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an), jendaurrean jarri zen Cableuropa, S.A.U.k Nafarroako Foru Komunitaterako aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Plana eta, aldi berean, entzunaldia eman zitzaien ukitutako udalei.

Espedientea jendaurrean egoteko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Aipatu erabakiaren xedapen zatian, eskaera egin zitzaion espedientea sustatzen duen entitateari, zenbait akatsez oharturik, haiek jaso eta zuzenduko lituzkeen testu bategin bat aurkezteko.

2008ko azaroaren 19an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txosten batean zioen sustatzaileari dokumentazioa eskatu eta hura aurkezturik, aztertu egin zela eta baliozkotzat jo. Orobat, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duten azpiegituren lurralde planak ebazteko jarraitzen den prozedurarekin bat etorrita, proposatzen du arlo horretako departamentu eskuduna izan dadila delako espedientea ebatziko duena.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuak (horren bidez Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiari eman zitzaizkion telekomunikazioko azpiegituren zerbitzuen arloko eskumenak) ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Cableuropa, S.A.U.k Nafarroako Foru Komunitaterako aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Plana onestea. Kokaleku bakar bat du, T-NA01 izenekoa ( X611258, Y4738635 UTM koordenatuak), Galarren, Cordovillako industrialdeko 3. nabean. Zehaztapen hauek egin zaizkio:

Osasun Departamentuaren txostena betez, lurralde plan honetan agertzen den oinarrizko estazioaren berariazko baimenari buruzko prozesuan, operadoreak 10/2002 Foru Legearen eranskin guztietan ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla justifikatu beharko du.

Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatzen ahal dituen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (ur-ibilbide publikoen polizia eremua, errepideen eragin eremua, hilerriak babesteko zerrenda, mugarri geodesikoak, zortasun aeronautikoak, lurzoru urbanizaezina, etab.), operadorean kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

Azpiegituren Lurralde Plan hau onestearekin ondorioztatzen da haren xedeko kokalekua bat heldu dela maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritako baldintzekin. Dena dela, aipatutako legearen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz, onespenak ez du galarazten udalek lizentziak emateko duten eskumena.

Lurralde plan hau aldatzeko edo eguneratzeko eskaerak telekomunikazio arloan eskudun den departamentuari egin beharko dizkio operadoreak.

Aldaketek kokaleku berriak ekarriz gero, egungo azpiegiturak lekuz aldatu behar badira edo ukipen berri garrantzitsuak eraginez gero, lurralde planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira.

Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aurreikusitako aldaketez bestelako zerbitzu berriak ezartzea barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztu beharko zaizkio, hilabete lehenagotik gutxienez ere, planaren datu teknikoak edo aldaketak kontrolatu eta eguneratzeko.

2. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzura, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Cableuropa, S.A.U.ri jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Galarko Udalari jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2013ko uztailaren 1ean.–Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien zuzendari nagusia, Valentín Elizondo Nevares.

Iragarkiaren kodea: F1309878