133. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

23/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO EHIZARI ETA ARRANTZARI BURUZKO ABENDUAREN 22KO 17/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak arau-esparru propio bat ezarri zuen, basa faunaren parte baten aprobetxamenduari dagokionez, eta Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea aplikatu den hamar urteotan pilatutako esperientzia jaso zuen.

Foru lege honek ezartzen duen gauzarik garrantzitsuenetariko bat da nortasuna aitortzen zaiola barrutien titularrek egindako kudeaketari, eta murriztu egiten duela Foru Komunitateko Administrazioaren esku-hartzea. Halatan, foru lege honek kudeaketa partekatua beren gain hartzeko aukera ematen die toki entitateei, ehiza aprobetxamenduak erabiltzeko aukerak emanda. Horrela, baliabide horren aprobetxamenduaren izaera soziala azpimarratzeko ala tokiko garapen sozio-ekonomikorako bide gisa erabiltzeko erabakia udal eremuan geratuko litzateke, toki entitateak hori nahi izanez gero.

Abenduaren 28ko 17/2005 Foru Legearen garapenak eta aplikazio praktikoak agerian jarri dute zenbait alderdi berrikusi beharra dagoela, egungo beharrizanei erantzunen bazaie.

Alde batetik, ika-mika eragin du ehiza-barrutietan zaintza sistema bat egon beharrak, zeina foru legean jasotzen baita eta erregelamenduaz ezartzen denari jarraikiz aurtengo otsailetik aurrerako indarraldia baitauka.

Beste alde batetik, badira egokitu beharreko beste zenbait alderdi ere; adibidez, ehiza-barruti bat eratzeko eskatzen den gutxieneko azalera, barruti intentsiboen berezitasunak edo zehapen-jarduna.

Artikulu bakarra.–Honela aldatuko da Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea:

Bat.–16. artikulua aldatzen da, idatz-zati berri bat gehituta, hirugarrena:

“3. Aprobetxamendu trinkoko barruti berezi horietan, barrutia eratzea baimentzen duen ebazpenak jasoko ditu barrutiaren titularraren eta aprobetxamenduaren titularraren betekizunak.”

Bi.–18. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

2. Ehiza-barruti bat eratzeko exijitutako gutxieneko azalera aldatu ahalko da, salbuespenez eta aldez aurretik administrazioak baimena emanda, honako kasuetan:

“a) 2.000 hektarea baino gutxiago dituzten tokiko barrutiak sortu ahalko dira, herrian horretarako behar adinako azalerarik izan ez eta 15 hektareatik beherako azalera badago herriko bizilagun den ehiztari bakoitzeko.

b) 1.000 hektareatik gorako tokiko barrutiak eratu ahalko dira, baldin eta ehiza larria bada aprobetxamendu nagusia eta barrutiaren kudeaketa zuzenean egiten badu toki entitate titularrak, edo enkante bidez egiten bada.”

Hiru.–20. artikuluaren 2. idatz-zatiko e) letra kentzen da.

Lau.–21. artikuluko 1. idatz-zatiaren b) letra aldatzen da. Hona testu berria:

“b) Arestiko artikuluko lehenengo idatz-zatiko a) eta b) letretan eta artikulu bereko bigarren idatz-zatiko a), c) eta h) letretan ezarritakoa betetzea, aprobetxamenduaren esleipenean ezartzen diren termino eta baldintzetan.”

Bost.–21. artikuluari idatz-zati berri bat, hirugarrena, gehitzen zaio:

“3. Ehiza barrutiaren aprobetxamenduaren parte bat egiten badute ehiza aprobetxamenduaren titularrek emandako aldi baterako baimenak dituzten pertsonek, titular horiei dagokie aldi baterako baimenak (txartelak) ematean eta erabiltzean ahalik eta gardentasun handiena egon dadin zaintzea. Horretarako, ehiza aprobetxamenduaren titularrak barrutiaren titularrari jakinarazi beharko dizkio aldi baterako baimen horien kopurua eta zenbatekoak.”

Sei.–33. artikulua aldatzen da. Debekualdiei buruzko xedapen orokorra. Idatz-zati berri bat gehitzen da:

“4. Barruti intentsiboetako ehiza aprobetxamendua barrutiaren ehiza antolamenduko planean ezarritakoaren arabera eginen da.”

Zazpi.–Beste lerrokada bat gehitzen zaio 34. artikuluko 2. idatz-zatiari.

“Ehiza-espezieen aleak askatzea aurreikusi duten barrutien ehiza antolamendurako planetan, jaso beharko dira, halaber, honako hauek bermatzeko neurriak: askatuko diren animalien egokitasun genetikoa eta kalitate sanitarioa, eta barrutiko ingurumen balioak mantentzea.”

Zortzi.–51. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“51. artikulua. Zaintza.

Edonola ere, barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du ondoko jarduerak egin ahal izateko:

a) Salbuespeneko ehiza-baimenak betetzea, bai 39. artikuluan jasotako metodoak erabiltzeagatik, bai ohiko ehiza-denboralditik kanpo egiteagatik.

b) Populazioak maneiatzea, eta horren barruan sartuko dira askatzeak, birpopulatzeak eta translokazioak. Edonola ere, ehiza espezieen birpopulatzea baimendu denean, eta espezie horiek ehizatzea debeku den denboran, eta barrutiak bestelako espezieak ehizatzeko aukera ematen duenean.

c) Oreinak eta orkatzak zelatan ehizatzea.

d) Ehizaldiak eta monteriak, behar diren segurtasun prozedurak kontrolatzeko asmoz.

Basurde-ehizaldietan nahitaezkoa izanen da ehizazain bat kontratatzea, baldin eta ehizaldia gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin aurreikusten bada eta parte hartuko duten ehiztariak hogei baino gehiago badira. Halakoetan, derrigorrezkoa izanen da ehizazaina barrutian egon dadin ehizaldiak iraun bitartean.

e) Populazioen urtealdi-kontrolak.

f) Kudeaketa okerrarengatik edo pozoia eta amu pozoituak jartzeagatik edo lege indardunek debekatzen dituzten gai toxikoak erabiltzeagatik barrutia osorik edo zati batean itxi denean, administrazio edo zigor espediente bat edo kautelazko neurri bat betetzeko. Kasu honetan ehizazaina barrutian egonen da, bertan egiten den lehenengo ehiza-denboraldi gauzatua bukatu arte.

g) Erregelamenduz gara daitezkeen bestelakoak.”

Bederatzi.–89. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzen da. Arau-hauste oso larriak. Hona testu berria:

“1. Pozoiak eta amu pozoituak jartzea eta legedi indardunak debekatutako substantzia toxikoak erabiltzea.”

Hamar.–89. artikulua aldatzen da. Arau-hauste oso larriak. Idatz-zati berri bat, hirugarrena, gehitzen da:

“3. Ehiza-espezieak baimenik gabe sartzea edo askatzea edo baimenean ezarritako baldintzak ez betetzea.”

Hamaika.–Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da.

“Zazpigarren xedapen gehigarria.–Espezie jakin batzuk askatzeko baimena.

Baimendu ahalko da eper gorria, erbi europarra eta mediterranearra eta untxia askatzea, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan.

Ehizaren arloan eskumena duen departamentuak baldintza horiek garatuko ditu, gehienez ere hemezortzi hilabeteko epean.”

Hamabi.–Xedapen gehigarri berri bat gehituko da.

“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Arau-hausteak jakainaraztea.

Nafarroako ehiza barruti publikoetako ehizazainek salatzen dituzten foru lege honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak, ehizaren arloan eskumena duen departamentuari helaraziko zaizkio, bai eta barrutiaren titularra den toki entitateari eta ehiza-aprobetxamenduaren titularrari ere.”

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309962