118. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Udal ordenantza, Baratzeetako paisaia babestua arautzen duena. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2013ko martxoaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Baratzeetako paisaia babestua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2013ko ekainaren 3an.–Jarduneko alkatea, José Manuel González Ruiz de Zuazo.

I. eranskina

Baratzeetako paisaia babestua arautzen duen ordenantza

1.–Xedea.

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da baratzeetako paisaia babestuaren baldintza partikularren arau erregulatzailea ematea, Zuñigako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari jarraikiz.

2.–Baldintza partikularrak.

2. artikulua. Zuñigako Udal Planak, dituen balio estetiko eta kulturalak kontuan izanda, paisaia babestu deklaratu du baratzeen eremua, herriaren iparraldean dagoena, herria Gastiainekin lotzen duen errepidearen gainean.

3. artikulua. Ordenantza honetan ezartzen den babes araubidea ulertu behar da zuzendua dagoela espazio honek gaur egun duen izaera mantentzera.

3.–Baratzezaintzari sostengu emateko eraikuntzak.

4. artikulua. Lurretik estalkiaren gailurrera dagoen altuerari dagokionez, eraikuntzako gehieneko altuera baimengarriak ez du gaindituko errepidearekin muga egiten duten finkaren itxitura.

5. artikulua. Estalkiak maldadunak izanen dira, bat, bi edo lau isurkikoak. Akaberako material gisa honako hauek baimentzen dira: zeramikazko teilak edo teilen imitaziozkoak diren xafla uhinduak, betiere kolore buztin-gorriak dituztenak.

6. artikulua. Estalkiek ez dute inoiz itxituraren kanpoko aldea gaindituko.

4.–Eraikin osagarrien eraikuntza.

7. artikulua. Eraikinen eraikuntzako ezaugarriak:

a) Eraikina gutxienez 6 m urrunduko da lurzatia eta errepidea bereizten dituen mugatik.

b) Estalkiak maldadunak izanen dira, bat, bi edo lau isurkikoak. Akaberako material gisa honako hauek baimentzen dira: zeramikazko teilak edo teilen imitaziozkoak diren xafla uhinduak, betiere kolore buztin-gorriak dituztenak.

c) Eraikuntza finkatuaren eta lurzati mugakidean dagoen eraikuntza berriaren artean gutxienez ere 2 metroko distantzia egon behar da, lehendik zegoen eraikuntzak lehentasuna duela.

d) Debeku da mugen gainean eraikitzea.

5.–Finkaren itxiturak.

8. artikulua. Itxituraren itxieraren eraikuntzako ezaugarriak:

–Errepidearen gainean kokaturiko lerrokadura ofizialaren gainean, lurzatiaren itxitura 140 cm garai izanen da gehienez, lerrokadura ofizialaren puntu guzti-guztietan neurturik. Harlangaitzez eraikiko da, atea izanen da zurezkoa edo zuraren imitaziozko material marroiez egina, eta ez du gaindituko itxituraren garaiera.

–Lurzatiaren itxitura errepidearen gainean badago, bi ate izan ahalko ditu, bata, gehienez ere 3 metroko zabalera izanen duena, ibilgailuak sartzeko, eta bestea, gehienez ere 1,5 metroko zabalera izanen duena, pertsonendako sarrera nagusi gisa erabiltzeko.

–Lurzatiaren gainerako mugen itxitura egiten ahalko da itxitura arinarekin edo trinkoarekin.

9. artikulua. Itxitura arina.

1. Itxitura arina da elementu fisiko edo zutikakoa, gehienez ere 1,50 m-ko garaiera duena, baina trinkoak eta opakuak beheko 40 cm-ak baizik ez. Garaieraren gainerakoa osatzeko elementu hauek erabil daitezke, banaka nahiz batera: sarea, heskaiak edo zuhaixkak. Haren kokaerak eta edukierak ez dute arras galarazi behar haren artetik ikustea.

2. Sarez eta landare elementuz osaturiko itxituretan, ez da sarea kanpotik ikusi behar.

3. Gehieneko garaiera itxituraren puntu bakoitzean neurtu beharko da kasu guztietan, lurraren sestra garaiena den aldetik, lurzatiaren barnean nahiz kanpoan.

10. artikulua. Itxitura trinkoa. Zutikako elementu fisikoa da, gehienez ere 1,40 m-ko garaiera duena, bere artetik ikusteko aukerarik ematen ez duen materialaz egina; debeku da itxituraren jarraipen bertikala beste edozein materialekin, izanik sarea, heskaia edo zuhaixkak, nahiz eta bere ezaugarriek aukera eman bere artetik ikusi ahal izateko.

6.–Erabileren bateragarritasuna.

11. artikulua. Finka berean eraikin desberdinak paratzeko, honako baldintza hau bete beharko da:

Finka berean ezin izanen da mota bereko eraikuntza bat baino gehiago egin.

7.–Udalaren lizentzia.

12. artikulua. Baratzeetako paisaia babestuaren lurzoruan, jarduera eta erabilera onartu edo baimendu guztiek Udalaren aldez aurreko lizentzia beharko dute, horretarako dagokion proiektu teknikoa edo memoria aurkeztuta, non xeheki deskribatuko baitira eraikinak izanen dituen instalazioak eta lurzatiaren itxiturak,

8.–Kontserbatzeko betebeharrak.

13. artikulua. Eraikuntza eskubidea izateak esanahi du jabeak segurtasun, osasungarritasun eta estetika baldintza egokietan edukiko dituela itxiturak.

Jabeak betebehar hori betetzen ez badu, Udalak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, baldintzei eusteko behar diren obrak burutzeko aginduko du eta, gainera, burutzeko epea ezarriko du.

Artikulu honek aipatzen duen betebeharrak baratzeetako eremuan dauden finka guztien jabeak hartzen ditu.

9.–Erretenak eta horien eta mugaren arteko espazioa garbitzea.

14. artikulua. Herritarren lagundu beharra.

Udalak garbiketaren alorrean dituen eskumenei kalterik egin gabe, ezarri da herritarrek honako kasu hauetan lagundu beharra dutela:

1. Erretena eta horren eta finka mugaren arteko espazioa, mugari dagokion luzera osoan, honako hauek garbituko dituzte:

a) Baratzea lantzen edo erabiltzen dutenek.

b) Jabeek, finka lantzen edo erabiltzen ez bada.

Jabeak betebehar hori betetzen ez badu, Udalak, ofizioz edo edozein interesdunek eskatuta, behar den garbiketa egiteko aginduko du eta, gainera, burutzeko epea ezarriko du.

10.–Udalak obrak eta garbiketa egitea.

Aipatu horien ordez Udalak eginen ditu obrak eta erretenak nahiz horien eta mugaren arteko espazioa garbituko ditu, emandako zerbitzuaren kostua finkaren titularrari egotzita, deusetan ukatu gabe kasuari dagozkion zehapenen ezarpena.

Iragarkiaren kodea: L1308125