118. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2013 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, saltokien lehiakortasuna berrikuntzaren bidez hobetzeko programarako diru-laguntzen 2013ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III Planak, besteak beste, “Lehiakortasunaren hobekuntza” izeneko 1. programa ezartzen du.

Programa horren helburuak lortzeko, hainbat neurri ezarri dira, “Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea’’ UNE 175001 arau multzoaren ezarpena estimulatzeko eta txikizkako saltokiek nortasun eta irudi korporatiboaren diagnostikoak egin ditzaten.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Merkataritzako lehiakortasuna berrikuntzaren bidez hobetzeko programarako diru-laguntzen 2013ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 7.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, diruz laguntzen ahal diren jardueren arabera. Hona hemen:

–3.500 euro UNE 175001 arauaren ezarpen eta auditoretzarako.

–3.500 euro nortasun korporatiboaren eskuliburua prestatzeko.

4. Gastu hori 2013ra luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

3.500,00

A10003-A1140-4709-431402: Lehiakortasuna berrikuntzaren bidez hobetzeko programa (Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa).

2013

3.500,00

A10003-A1140-4709-431402: Lehiakortasuna berrikuntzaren bidez hobetzeko programa (Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa).

2013

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko ekainaren 12an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sanchez de Muniain Lacasia.

ERANSKINA

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoa da txikizkako merkataritza enpresei laguntza ekonomikoa ematea, xede hauetarako:

a) ‘’Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea’’ UNE 175001 arau multzoaren ezarpena sustatzea; txikizkako merkataritzaren sektorerako prestatu dira, kalitatea ziurtatzeko Espainian ofizialki ezarritako sistemaren barruan.

b) Saltokiei laguntza ematea, nortasun eta irudi korporatiboaren diagnostikoa prestatzeko.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen jarduerak.

Ondoko atal hauetan aurreikusten diren jardueretarako diru-laguntza eman ahalko da, betiere Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean (hiri lurzoruak edo urbanizagarriak, bizitegitarako erabilera nagusia dutenak) integratuta dauden merkataritzako txikizkako establezimenduetan eta 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urriaren 31ra bitarte egiten badira. Ondorio horietarako, gastua egin den eguna fakturatzen den eguna izanen da.

Diru-laguntzak, zehazki, jarduketa hauetarako izanen dira:

a) ‘’Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea’’ UNE 175001 arau multzoaren araberako ezarpena eta lehen ziurtapeneko auditoretza.

Deialdi honen ondorioetarako, ziurtapenaren ezarpena Egiaztapenerako Entitate Nazionalak (ENAC) egiaztatutako entitateek egin dezakete edo, bestela, entitate horrek egiaztatu ez dituen beste auditoretza-entitate batzuek eta, kasu horretan, auditoretza-entitateak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Merkataritza sektorerako ISO 9001/2000 operatiba ENACek egiaztaturik edukitzea.

–Auditoretzaren xede den saltokirako ezartzeko kontsultoretza lanik egin ez izana.

ENACek egiaztatutako entitateren bat egon bezain laster, diru-laguntzen deialdi honi dagokionez, entitate horiek egiten dituzten ziurtapenak izanen dira onartuko diren bakarrak.

b) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuan parte hartzen duen txikizkako merkataritza enpresaren nortasun korporatiboaren eskuliburua prestatzea.

3. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak jarraian aipatzen dira jarduera bakoitzerako eta proiektu mota bakoitzerako:

a) Ezarpena eta auditoretza: ezarpenerako aholkularitza eta kontsultoretza lanen eta lehen ziurtapenerako auditoretza lanen kanpoko gastuen %70 lagundu ahalko da diruz, “Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea” UNE 175001 arau multzoarekin bat. Gehienez 1.260 euro emanen dira enpresako eta urteko.

Ez dira diruz lagunduko auditorearen edo kontsultorearen dieta, egonaldi, mantenu eta joan-etorrien gastuak.

Diruz laguntzen ahal dira ziurtapena lortu aurreko 6 hilabeteen barnean sortutako gastuak.

b) Txikizkako merkataritza enpresaren nortasun korporatiboaren eskuliburua: kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:

b.1) Nortasun korporatiboaren eskuliburua prestatzeko kontsultoretza lanen kanpoko gastuak: gastuen %70.

b.2) Irudiaren lehenbiziko aplikazioa komunikazioaren elementuei (produktuak edo zerbitzuak, ontzi eta kaxak, poltsak, inprimatutako komunikaziorako euskarriak, paperak, ibilgailu eta erakusleihoen errotulazioa, etab.). Hasierako kostuaren %25eko diru-laguntza emanen da.

Diru-laguntza ematen ahalko da Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jarduketen fitxa onesteko fitxan agertzen diren jarduketetarako.

Diru-laguntza hori gehienez ere 3.000 eurokoa izanen da enpresako eta urteko.

4. oinarria. Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, diru-laguntzaren xede diren jardueren arabera:

a) Ezarpena eta auditoretza.

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (CNAE-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:

–45. multzotik: 45.11, 45.19, 45.32 eta 45.40.

–47. multzotik: 471. multzoan sartuak, hipermerkatuak (erakusketa eta salmentako azalera erabilgarria 2.500 m²-koa baino handiagokoak) eta saltoki handiak izan ezik, eta 472., 474., 475., 476. eta 477. multzoetan sartuak.

2. Enpresa txikia edo ertaina izatea eta, UNE 175001 arauaren aplikazio eremuaren arabera, komertziala izatea.

3. Laguntza eskatzen duen saltokiak 20 langile baino gutxiago izan behar ditu, eta ezin da saltoki handia izan, indarreko araudiaren arabera.

b) Nortasun korporatiboaren eskuliburua.

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (CNAE-2009) 47.11 eta 47.79 multzoetan, biak barne, sartuta dauden jardueretako bat izatea.

2. Laguntzatik kanpo daude, administrazioaren baimen edo emakida berezia behar dutelako, 47.26 eta 47.73 taldeetan sartutako jarduerak.

3. Nafarroako Gobernuaren Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuan parte hartu izana eta jarduketa hori zerbitzu horren gomendioen artean egotea. Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarraipen fitxako jarduera guztiak egin direla frogatu beharko da.

Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III Planean aurreikusirik dagoen zerbitzu horren xedea da txikizkako saltoki baten egungo egoera aztertzea eta haren kudeaketa berritu eta hobetzeko bidea emanen duten gomendio tekniko batzuk ematea, haren errentagarritasuna handitu eta dagokion sektorean lehiakorrago bihurtzeko.

c) Kasu guztietan: mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

5. oinarria. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

1. Diru-laguntza eskatzen duenak “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez adierazi beharko du ez duela Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekurik urratzen.

2. Aurreko atalean aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Eskatzailea nor den frogatzen duten dokumentuak.

–Sozietate erregularren kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoei dagokienez: nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Kasu guztietan: laguntza eskaeraren xedeko merkataritzako establezimendua jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egoteko aitorpenaren kopia.

6. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, argitaratzen den hileko egun berberean bukatuko da, baina hurrengo hilabetean.

3. Eskaera Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería, 39; 31001 Iruña) eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da, eta dokumentazio hau izanen du, eskaeran bertan nahiz eskaerari erantsita:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez dagoela adierazten duena.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, eskaintzen den aitorpenaren ereduan eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne.

c) Mikroenpresa edo enpresa txikia izateko baldintza betetzen duen erantzukizuneko aitorpena, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.

d) Aurreko oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa; horretarako, oinarri horren 2. puntuko a) eta b) ataletan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko da.

e) Egindako eta egin beharreko jarduketen memoria, gutxienez ere honako hauek jasoko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, jarduerak egitea komeni dela azaltzen duten arrazoiak, lortu nahi diren helburuak, jardueren deskribapena eta zerrenda baloratua, aholkulariaren datuak eta bere esperientziaren egiaztapena eta jarduerak gauzatzeko aurreikusi diren epeak.

f) 2012ko azaroaren 1etik 2013ko apirilaren 30era bitarte egiten diren jardueren kasuan, 9. oinarrian ezarritako frogagiriak ere aurkeztu beharko dira.

g) 2013ko maiatzaren 1etik 2013ko urriaren 31ra bitarte egiten diren jardueren kasuan, aurrekontuak, proforma fakturak edo gastu horiek zenbatzeko modua ematen duen bestelako dokumentazioa aurkeztu beharko dira, eta ez dira onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

h) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

4. Laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira aurreko 3. puntuko a), b) eta c) ataletan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, erantzukizuneko aitorpenek deialdian zehaztutako ondorioak sortuko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak galarazi gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egindako erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, ez du segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

5. Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

7. oinarria. Laguntzak emateko irizpideak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

2. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak 2. oinarrian ezarritako proiektu moten arabera sailkatuko ditu aurkezten diren eskaerak.

3. Jarraian, proiektu mota bakoitzaren barruan, eskaerak ebaluatuko dira lehentasunezko hurrenkera ezartzeko, enpresak merkataritzako jardueran (diru-laguntza eskatzen den establezimenduan) duen antzinatasunaren arabera. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.

4. Antzinatasun handienetik txikienerako hurrenkeran ordenatuko dira eskaerak, eta eskaera bakoitzari dagokion diru-laguntza emanen zaio, hurrenkera horri jarraikiz, proiektu mota bakoitzerako baimendutako gastua agortu arte.

5. Behar beste aurrekontu ez badago beharrezkoak diren kontzesioak egiteko, 2.a) oinarrian zehaztutako proiektuetarako gastu baimenduaren arabera, 2.b) oinarrian zehaztutako proiektuetarako gastu baimenduan eskuragarri izan daitekeen aurrekontuko dirua erabiltzen ahalko da, proiektu mota horretarako kontzesioak bukatu ondoren, kreditu baimendu osoa konprometitu arte.

6. Behar beste aurrekontu ez badago beharrezkoak diren kontzesioak egiteko, 2.b) oinarrian zehaztutako proiektuetarako gastu baimenduaren arabera, 2.a) oinarrian zehaztutako proiektuetarako gastu baimenduan eskuragarri izan daitekeen aurrekontuko dirua erabiltzen ahalko da, proiektu mota horretarako kontzesioak bukatu ondoren, kreditu baimendu osoa konprometitu arte.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Ebazpena bost hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua.

9. oinarria. Egindako jarduketen justifikazioa.

1. Egindako gastu eta ordainketak frogatu beharko dituzte onuradunek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería, 39 - 31001 Iruña) eskuratzen ahal den inprimakia erabili beharko dute, eta agiri hauek erantsi:

a) Egindako jarduerak justifikatzen dituen memoria zehaztua eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

b) Aurkeztutako fakturen zerrenda zehatza, jardueraren eta diru-laguntzaren xedeko kontzeptuen arabera multzokatuta, eta fakturaren dataren arabera ordenatu eta zenbakituta daudela.

c) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzailearen izenean jaulki beharko dira.

d) Aurkeztutako gastu guztiak ordaindu direla justifikatzeko banku-agirien kopia, konparazio batera, erreziboak, banku-karguak edo banku-kontuen mugimenduen laburpenak. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.

Jarduera baten baino gehiagoren kontzeptuak jasotzen dituzten fakturetan diru-laguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzaren zenbatekoa ongi zehaztu beharko da.

e) Honako agiri hauek, diruz laguntzen ahal diren jardueren arabera:

–UNE arauaren ezarpena: bai ezarpenerako bai auditoretzarako gauzatutako jarduketen laburpen txostena, kalitatearen auditoretza gainditu izanaren ziurtagiriaren kopia barne.

–Nortasun korporatiboaren eskuliburua: Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jarraipen fitxan aurreikusitako ekintza eta gomendio guztiak ezartzeari buruzko frogagiriak, horien ezarpenaren jarraipena egin duen teknikariaren txostena barne, non egindako jarduketak emandako gomendioen araberakoak direla egiaztatuko den.

2. Jarduketen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

–2012ko azaroaren 1etik 2013ko apirilaren 30era bitarte, biak barne, egindako jarduerak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.

–2013ko maiatzaren 1etik 2013ko urriaren 31ra bitarte, biak barne, egindako jarduerak: 2013ko azaroaren 12ra arte, hori barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak frogatzeko ezarritako epean dokumenturen bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak ez aurkezteko arrazoiak eta justifikazioak agerrarazi beharko ditu, eta epe hori handitzeko eskatuko du. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak eskaera ebaluatuko du eta, onartzen badu, epe berria jakinaraziko dio interesdunari.

3. Oinarri honetan ezarritako moduan eta epeetan justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

–2012ko azaroaren 1etik 2013ko apirilaren 30era bitarte egin diren jarduerei dagokienez, ordainketa diru-laguntzaren kontzesioarekin batera eginen da.

–2013ko maiatzaren 1etik 2013ko urriaren 31ra bitarte egin diren jarduerei dagokienez, aurreko oinarrian aipatutako agiriak aztertu ondoren eginen da ordainketa.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diru-laguntzaren onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako edozein laguntzarekin.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntza “de minimis” laguntza da, abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako “de minimis” laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1308873