81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

117/2012 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Familia, Kirol, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko familia bitartekotzaren zerbitzua arautzeko foru dekretuaren proiektua jendaurrean jartzen duena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz.

Familia, Kirol, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 9ko 54/2012 Foru Aginduaren bidez abiatu zen Nafarroako Foru Komunitateko familia bitartekotzaren zerbitzua arautzeko foru dekretuaren proiektua prestatzeko prozedura.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 61. artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean jartzea, hilabetez gutxienez, arauaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean. Aurkeztutako alegazioak behar bezala baloratuko dira, eta espedientean jasoko.

Kontuan hartuta xedapen honen izaera eta helburua, ukituak izan daitezkeen herritarrei eta entitateei entzunaldia emateko, komenigarria eta egokia da proiektua jendaurrean jartzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, ahalik eta interesdun gehienek haren berri izan dezaten.

Horrenbestez, aipatutako legezko aginduek eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko familia bitartekotzaren zerbitzua arautzeko foru dekretuaren proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko xedatzea.

2. Hilabeteko epea ematea, foru dekretuaren proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, ukitu daitezkeen herritarrek eta entitateek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuan.

3. Foru Agindu hau igortzea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Berdintasun, Familia, Kirol, Gazteria eta Kontsumoko Araubide Juridiko-administratiboaren Atalera, eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 27an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

FORU DEKRETUA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO FAMILIA BITARTEKOTZAREN ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZ ALPENA

Seme-alaben Jagoletza Gurasoen Bizikidetza Hausten den Kasuetarako arautzen duen martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legearen helburua da behar diren neurriak hartzea adingabeko seme-alaben jagoletzari buruz hartzen den erabakiak kontuan har dezan seme-alaben interes gorena eta gurasoen berdintasuna, eta gurasoen akordioa erraztea familia-bitartekotzaren bidez.

Bitartekotza erakundeak pertsonengan sinesten du, eta sinetsirik dago badutela gaitasuna beren erabakiak hartzeko eta pertsonen harremanetan sortzen diren gatazkak aukera berri bihurtzeko. Badu abantaila bat: eztabaidak ekonomikoki eta erraz konpontzeko modua da; eta alderdiek konponbide bat erdiesteko borondatea dutenez, hura errazago bete daiteke.

Bitartekotza ADR deitutakoen barnean kokatzen da (Alternative Dispute Resolution): bide jurisdikzionalaren ordezko metodoak dira horiek. Baina, ordezko baino, askotan bide jurisdikzionalaren osagarri izaten dira. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentarauan jaso da azkenekoz Europan ADRek duten aitorpen handia. Aipatutako zuzentaraua gai zibil eta merkataritzakoetako bitartekotzari buruzkoa da.

Gatazkak demokrazia eta parte-hartze handiagoarekin eraldatzeko eta konpontzeko mugimundu honi dagokionez, Espainia ez da bazterrean gelditu. Bitartekotza eta haren oinarri diren printzipioak berariaz aitortuz, eta autonomia erkidegoek sortutako bitartekotza zerbitzuak errespetatuz, uztailaren 8ko 15/2005 Legea onetsi zen. Hark Kode Zibila eta Prozedura Zibilari buruzko Legea aldatu zituen, banantze eta dibortzioen arloan. Martxoaren 5eko 5/2012 Errege Dekretu-Legeak, gai zibil eta merkataritzakoetako bitartekotzari buruzkoak, Espainiako Zuzenbidean txertatu zuen aipatutako 2008/52/EE Zuzentaraua, eta araubide orokor bat eratu zuen, Espainian egiten diren eta eragin juridiko loteslea duten bitartekotza guztiei aplikatzeko.

Arlo honetan Nafarroako Foru Administrazioak duen eskumenari dagokionez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera Nafarroak eskumen osoa du gizarte laguntzaren arloan, eta berariaz haurren, gazteen eta hirugarren adinekoen aldeko politikan, ongintza eta laguntza elkarteen inguruan eta adingabeak babestu eta tutelatzeko eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoen arloan. Gizarteratzearen arloan, Estatuko legeria orokorrari jarraitzen zaio.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen lege-esparru orokorraren barnean kokatzen da Familia Bitartekotzaren Zerbitzua. Haren funtsezko xedea da populazioaren gizarte ongizatea lortzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Bestalde, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legeak familia bitartekotza jasotzen du, alderdien artean izan daitezkeen gatazkak edo desadostasunak saihesteko. Nahitaezko erreferentzia da maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua, gizarte zerbitzuetako zerbitzuak eta zentroak sailkatzen dituena, eta haiek bete beharreko era guztietako baldintzak ezartzen dituena. Foru Dekretuaren eranskinean berariaz jasotzen da Familia Bitartekotzaren Zerbitzua.

Bukatzeko, Seme-alaben Jagoletza Gurasoen Bizikidetza Hausten den Kasuetarako arautzen duen martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legeak, lehen aipatuak, azken xedapenetako bigarrenean badu manu bat Nafarroako Gobernuarentzat, Familia Bitartekotzaren Zerbitzua arautzeko. Manu horrek berarekin dakar arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, Familiari Laguntzeko Planaren barnean, 2001. urtearen bukaeratik ematen ari den zerbitzu bat. Ikusirik zerbitzu horren arrakasta, kalitatea eta erabiltzaileek harekin erakutsitako gogobetetasun handia, beharrezkoa da arautze hau, Familia Bitartekotzaren Zerbitzuaren arau-esparru egoki eta integratzaile bat lortzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Familia Bitartekotzaren Zerbitzua arautzea.

2. Familia Bitartekotzaren Zerbitzua gizarte zerbitzu espezializatu bat da, Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat. Gizarte zerbitzu orokorren zorroan dago sarturik, prestazio tekniko ez-bermatu gisa, erabiltzaileentzat doakoa.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zuzenean emanen du Familia Bitartekotzaren Zerbitzua, edo, bestela, zeharka, entitate publiko edo pribatuekin elkarlanean, hitzarmen edo kontratuen bidez, edo gizarte zerbitzuak emateko legez aurreikusten den zeharkako beste edozein moduren bidez.

4. Dagoen eskaerari erantzunen dio Familia Bitartekotzaren Zerbitzuak, eta, populazioguneen ezaugarrien arabera eta eskaerako beharrekin bat, zerbitzua deszentraliza daiteke.

2. artikulua. Familia Bitartekotzaren Zerbitzua. Kontzeptua eta helburua.

1. Familia bitartekotza da familia bateko kideen eta bizikideen arteko gatazken prebentziorako, kudeaketarako eta konponbiderako sistema bat; familia bitartekotzak, jurisdikzionala ez den prozedura borondatezko eta konfidentzialaren bidez, aukera ematen du alderdiak elkarrekin komunikatzeko, saiatu daitezen akordio bideragarri eta egonkor bat lortzen, gatazkako kide guztientzat gogobetegarria izanen dena, eta, halaber, familia-taldearen beharrei erantzunen diena, bereziki adingabeen, desgaitasuna dutenen, zaharren eta menpekotasuna dutenen beharrei.

Bitartekariak errazten du prozedura: hirugarren inpartziala da, neutrala, espezializatua, gaikuntza egokia duena eta erabakitzeko batere ahalmenik gabea.

2. Familia Bitartekotzaren Zerbitzuak familia harremanen arloko edozein gatazkari erantzunen dio, dela ezkontza edo familia bidez lotutako pertsonen artean, edo adopzioz edo ezkontza bidezko ahaidetasunez lotutakoen artean, haien berariazko araudiaren arabera izatezko bikote edo bikote egonkor direnen artean, familia hartzaileen eta familia biologikoen artean, elkarrekin bizi direnen artean eta elkarrekin eta ezkontzatik kanpo dituzten seme-alabak dauzkaten pertsonen artean. Haren helburua izanen da familiako gatazkak edo bizikidetza harremanetan sortzen direnak prebenitzea, konpontzea eta/edo baketzea, prozedura judizialak saihestuz, edo, bestela, haien irismena murriztuz.

Aplikatzekoa den legeriaren arabera alderdientzat erabilezinak diren eskubide eta betebeharrei buruz ezin izanen du hitz egin Familia Bitartekotzaren Zerbitzuak.

3. Elkarrekin bizitzen hasi aurretik alderdiek akordioak lortu nahi dituzten kasuei erantzunen die Familia Bitartekotzaren Zerbitzuak, gatazkak saihesteko.

4. Familia bitartekotza espresuki alde batera utziko da baldin eta alderdien arteko gatazkan indarkeria egoera bat baldin badago, eta horrek alderdien arteko desberdintasuna sortzen badu, bikotearen barnean indarkeria atzematen bada, edo, bestela, atzematen bada badela indarkeria adingabeen kontra edo desgaitasuna dutenen, zaharren edo menpekotasuna dutenen kontra.

3. artikulua. Zerbitzua emateko printzipio gidariak.

Honako hauek dira Familia Bitartekotzaren Zerbitzuko bitartekotzaren printzipio gidariak:

a) Borondatezkotasuna. Alderdiak libre dira zerbitzu hau aukeratzeko eta honetara sartzeko, baita noiznahi uzteko ere. Borondatezkotasuna dagokio bitartekariari ere.

b) Berdintasuna. Bitartekotza jasotzen duten alderdiek berdintasunean negoziatu beharko dute, eta bitartekariak zaindu behar du haien arteko orekari eutsi dakiola.

c) Konfidentzialtasuna. Bitartekotza prozedura eta hartan lortutako ahozko nahiz agiri bidezko informazio guztia konfidentziala izanen da, salbu alderdiek betebehar hori ez betetzea baimentzen badute. Halaber, betebehar hori salbuetsi eginen da baldin eta arrazoitutako ebazpen judizial baten bidez eskatzen badute arlo jurisdikzional penaleko epaileek, baita bitartekariak delitua izan daitekeela atzematen badu, adingabeen kontra edo desgaitasuna dutenen, zaharren eta menpekotasuna dutenen kontra.

d) Inpartzialtasuna eta neutraltasuna. Bitartekariak ezin du eduki interesik bere bitartekotzapeko gaian; prozedura guztian alderdien berdintasuna begiratuko du negoziazioan, eta ez du iritzirik emanen, iradokizunik eginen edo akordiorik proposatuko.

e) Fede ona eta elkarrenganako errespetua. Bitartekotza prozeduran, fede onak eta elkarrenganako errespetuak eskatzen dutenarekin bat jokatuko dute alderdiek eta bitartekariak.

f) Guztiz pertsonalaren izaera. Bai alderdiek bai bitartekariak berak joan behar dute bitartekotza bileretara; ezin izanen dituzte erabili ordezkariak edo bitarteko pertsonak. Hala ere, desgaitasuna denean edo antzeko beste kasu batzuetan, alderdiek aukera izanen dute konfiantzazko pertsona baten laguntza izateko, edo beste pertsona batena, bermatuko duena artikulu honetan jasotako printzipioak betetzen direla, baita entzunak izateko eskubidea ere.

Horretarako dauden aukeren arabera, erabil daitezke bitarteko elektronikoak, telematikoak eta, oro har, teknologia berriak, alderdiek hala adosten badute, betiere haien identitatea eta bitartekariarena bermatzen badira, baita konfidentzialtasun printzipioa ere. Diru-kopuruei buruzko gatazketan lehentasunez aplikatuko dira bitarteko horiek.

g) Interesen babesa. Zerbitzua ematen denean, adingabeen interes gorena bermatu beharko da; izan daitekeen beste edozein interes zilegiren gainetik egonen da. Orobat, desgaitasuna dutenen, zaharren eta menpekotasuna dutenen interesa zainduko da.

Pertsona horiek denak entzun beharko dira familia bitartekotza prozeduran, behin betiko erabakiak hartu aurretik, betiere horretarako gaitasun nahikoa baldin badute, eta, adingabeen kasuan, hamabi urteak beteak badituzte.

II. KAPITULUA

Familia Bitartekotzaren Zerbitzuko erabiltzaileak eta bitartekariak

1. ATALA

Familia Bitartekotzaren Zerbitzuko erabiltzaileak

4. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Ondoko baldintzak betetzen dituztela frogatzen dutenek erabil dezakete Familia Bitartekotzaren Zerbitzua:

a) Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatutako egoera batean izatea.

b) Gutxienez alderdietako bat Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

c) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna izatea, eta ahalmen intelektual eta nahimenezkoak osoki erabiltzeko moduan egotea. 16 urtetik gorako adingabeek familia bitartekotza erabil dezakete, guraso-ahala, tutoretza edo kuratela duen pertsonaren laguntzarik gabe, betiere araudi zibilak ezarritako mugekin.

5. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

1. Alderdiek eskubide hauek dituzte:

a) Zerbitzua erabiltzea foru dekretu honek ezarritako baldintzetan, bazterketarik izan gabe sexu, nazionalitate, erlijio edo ideologia arrazoiengatik, edo bestelako baldintza pertsonal edo sozialengatik.

b) Profesional bat libreki aukeratzea Familia Bitartekotzaren Zerbitzu Espezializatukoen artean, baldin eta horretarako aukerarik badago, kontuan harturik zerbitzuak ezarritako banaketa proportzionalaren irizpidea. Eskubide hori bermatzeko, zerbitzua bertan ematen duten bitartekarien publizitatea eginen du Familia Bitartekotzaren Zerbitzuak, eta, gutxienez, adieraziko du zein den haien prestakuntza, espezialitatea eta esperientzia.

c) Bitartekotza prozedura uztea, edozein fasetan.

d) Noiznahi ere adieraztea ez daudela ados bitartekariekin, eta haren parte-hartzeari uko egitea. Kasu horretan, alderdiak ados jar daitezke beste bitartekari bat izendatzeko, horretarako aukerarik izanez gero, edo, bestela, bitartekotza prozedura bertan behera uztea.

e) Bitartekotza prozedura guztian komenigarritzat jotzen duten aholkularitza izatea. Alderdiek ordainduko dituzte kostuak.

f) Honako hauen kopia jasotzea bitartekariarengandik: eratze bileraren aktarena, bileren frogagiriena eta azken bilerako aktarena. Azken bilerako aktari, behar denean, lortutako akordioak erantsiko zaizkio.

g) Jasotako zerbitzuarekin loturik, iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aurkeztea, 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. Esku hartzen duten alderdiek betebehar hauek dituzte:

a) Zerbitzuaren funtzionamendu arauak betetzea, foru dekretu honen 3. artikuluan jasotako printzipioen arabera, eta familia bitartekotza prozedura guztian akordioak bilatzeko jarrera izatea.

b) Eraketa bileraren eta azkeneko bileraren akta sinatzea.

c) Errespetuzko jokaera izatea, bitartekotza prozeduran esku hartzen duten gainerakoekin eta bitartekariarekin.

d) Kontuan hartzea adingabeen, desgaitasuna dutenen, zaharren eta menpekotasuna dutenen interes gorenak.

2. ATALA

Bitartekariak

6. artikulua. Bitartekariak.

1. Bitartekaria profesional espezializatua da, gaikuntza egokia duena, inpartziala eta neutrala, bitartekotza prozeduretan esku hartzen duena, laguntza eskainiz gatazkan dauden alderdiei, konponbideak bilatzeko, hain zuzen ere alderdi guztientzat onargarriak eta gogobetegarriak diren konponbideak.

2. Bitartekariak beste pertsona baten laguntza eska dezake, baldin eta hark bitartekotza egiteko baldintzak betetzen baditu. Hala, biak ere foru dekretu honetan aurreikusitako eskubide eta betebeharren araubidearen menpe daude.

3. Bitartekariek beren eskubide zibilak osoki erabiltzeko moduan egon behar dute, eta frogatuko dute badutela berariazko prestakuntza bitartekotzan, barnean direla dagokion praktika, tituluak dagokien unibertsitateek edo bestelako erakundeek aitorturik, indarreko legeriarekin bat. Prestakuntza horrek emanen dizkie behar dituzten jakite juridikoak, psikologikoak, komunikazio teknikei buruzkoak, gatazkak konpontzeari buruzkoak eta negoziarioari buruzkoak, baita bitartekotzaren etikari buruzkoak ere.

7. artikulua. Bitartekariaren eskubideak eta betebeharrak.

1. Bitartekariak eskubide hauek ditu:

a) Bere jarduketetarako errespetu egokia izatea, eta libre eta independente aritzea bere jarduera profesionalean.

b) Uko egitea bitartekotza hasteari edo bukatzeari, baldin eta, justifikaturik, uste badu bitartekotzak ez dituela helburuak beteko. Halakoetan, alderdiei adieraziko die zein diren erabaki hori hartzeko arrazoiak, eta betebeharra izanen du alderdiei akta bat emateko, non agertuko baita bitartekotza egiteari uko egiten diola.

c) Foru dekretu honetan, foru dekretu hau garatzeko arauetan eta aplikatzekoa den gainerako legerian ezarritako beste edozein eskubide.

2. Bitartekariak, bere jarduketan, betebehar hauek ditu:

a) Foru dekretu honen 3. artikuluan jasotako printzipioak errespetatzea.

b) Bitartekotza jarduera pertsonalki egitea, eta alderdien arteko komunikazioa erraztea.

c) Eraketa bilerako eta bitartekotzaren azkeneko bileraren aktak idaztea, sinatzea, alderdien sinadura jasotzea, alderdiei ale bat ematea eta beste bat gordetzea.

d) Ondoriozko akordioak idaztea, halakorik badago, berretsiz alderdien borondatea zehatz jaso dela, alderdien sinadura jasotzea eta haiei ale bat ematea, eta beste bat gordetzea.

e) Arreta berezia jartzea, ikusteko ea alderdien arteko indarkeriaren zantzurik baden, izan fisikoa nahiz psikologikoa, halako moldez non alderdien arteko oreka bermatuko baita.

f) Bilerak egin izanaren frogagiriak idaztea, sinatzea eta alderdiei ematea.

g) Foru dekretu honen, foru dekretu hau garatzeko arauen eta aplikatzekoa den gainerako legeriaren ondoriozko beste edozein betebehar.

8. artikulua. Abstentziorako, errekusaziorako eta bateraezintasunerako araubidea.

1. Bitartekariek abstentziorako arrazoiren bat badute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearekin bat, bitartekotza prozeduran esku hartzeari uko eginen diote, eta berehalakoan emanen diete horren berri alderdiei eta Familia Bitartekotzaren Zerbitzuaren titulartasuna duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoari.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako inguruabarretakoren bat gertatu eta bitartekariak bere izendapenari uko egiten ez badio, alderdietako edozeinek aukera du, prozeduran noiznahi, errekusazio-idazki arrazoitu bat aurkezteko. Hartan jasoko da errekusaziorako arrazoia edo arrazoiak, eta eskatuko da beste bitartekari bat izenda dadila.

3. Bitartekotzan, edo bitartekotza bukaturik, bitartekariak ezin izanen dio zerbitzurik eman alderdietako bati bitartekotzaren gai berari buruz, bestelako jarduketa profesional batean. Dena dela, alderdiek, biak ados egonik, bitartekari bera aukera dezakete handik aurrerako gatazkak konpontzeko.

III. KAPITULUA

Familia bitartekotzaren prozedura

9. artikulua. Zerbitzua erabiltzen hasteko moduak

1. Honela hasi daiteke erabiltzen Familia Bitartekotzaren Zerbitzua:

a) Alderdiek hala eskaturik, biak ere ados egonik.

b) Alderdietako batek eskaturik. Halakoetan, gaiaz arduratu behar duen bitartekariak beste alderdiari edo alderdiei dei eginen die, haien onespena adieraz dezaten.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuek igorrita.

d) Administrazio Publikoek igorrita.

e) Agintari judizial batek igorrita.

2. Alderdiek aurretik bitartekotza prozedura baten pean jarritako gatazkak berriz ere bitartekotza baten xede izateko, beharrezkoa izanen da gutxienez urtebete pasatzea aurrekoa bukatu zenetik, akordioa lortuta edo lortu gabe.

Salbuespenez, epe hori bete gabe utz daiteke baldin eta organo jurisdikzional batetik eratortzen badira edo ikusten denean ustekabeko inguruabarrak izan direla, komenigarri egiten dutenak bitartekotza berri bat egitea, kalte larria saihesteko adingabeei, desgaitasuna dutenei, zaharrei edo menpekotasuna dutenei.

10. artikulua. Zerbitzuaz baliatzeko lehentasun ordena eta prozedura hasteko epea.

1. Familia Bitartekotzaren Zerbitzuaz baliatzeko ordena finkatzeko, eskaeren aurkezpen ordenari segituko zaio. Hori hala izanik ere, lehentasuna emanen zaie adingabeei, desgaitasuna dutenei, zaharrei edo menpekotasuna dutenei eragiten dieten gatazkei.

2. Nolanahi ere, eskaera sartzen den egunetik hiru hilabeteko epean, eraketa bilerarako deia eginen zaie alderdiei.

11. artikulua. Informazio bilera.

1. Familia bitartekotzaren prozeduraz arduratzeko izendatzen den bitartekariak informazio bilera baterako deia eginen die alderdiei. Bilera horretan, bitartekariaren inpartzialtasuna baldintza dezaketen balizko arrazoiak adieraziko zaizkie, baita haren lanbidea, prestakuntza eta esperientzia ere. Beste arlo hauen gaineko informazioa ere emanen zaie: bitartekotzaren oinarrizko printzipioak, bitartekotza prozeduraren menpe jartzearen ondorioak, alderdi bakoitzarekin banakako saioak egiteko aukera, prozeduraren gehieneko iraupena, bitartekariaren eta alderdien eskubide eta betebeharrak, lortzen diren akordioen ondorio juridikoak eta eraketa bileraren akta sinatzeko epea.

2. Alderdiren bat informazio bilerara agertzen ez bada justifikaziorik izan gabe, ulertuko da uko egiten diola eskatutako bitartekotzari.

3. Informazio bilerara joan ez diren alderdien gaineko informazioa ez da isilpekoa izanen.

12. artikulua. Eraketa bilera eta bilera horren akta.

1. Informazio bileraren ondotik, bitartekariak eraketa bilerara joateko deia eginen die alderdiei. Bilera horretan, gai hauek argituko dituzte alderdiek:

a) Bitartekotza behar duen gatazkaren xedea eta alderdien identifikazioa.

b) Bitartekariaren izendapena, abstenitzeko arrazoirik ez duela egiaztatuta.

c) Alderdiei jakitera emanen zaie egokien jotzen duten kanpo aholkularitza jasotzeko eskubidea dutela, baina kostua haien gain izanen dela.

d) Beharrezko diren bilerak planifikatuko dira, baita bilerak egiteko tokia eta prozeduraren hizkuntza ere.

2. Eraketa bilera horren akta eginen da, aurreko atalean aipatutako guztia jasoko duena. Alderdiek eta bitartekariak sinatuko dute akta, eta bakoitzari kopia bat emanen zaio. Jatorrizkoa espedientean gordeko da.

13. artikulua. Bitartekotzaren hasiera eta garapena.

1. Eraketa bileraren akta sinatu ondoren hasiko da bitartekotza prozedura.

Bitartekotza prozedura ez da hasiko eraketa bileran ikusten bada bideraezina dela. Horrelakoetan, bitartekariak, arrazoibidez eta idatziz, bitartekotza-prozedura bidegabea dela adieraziko die alderdiei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen organoari eta, hala badagokio, kasua bideratu zuen entitateari.

Alderdiak erabaki horrekin ados ez badaude, organo eskudunari horren berri emanen diote, arrazoibidezko erabakia eman dezan, tarteko arrazoiak baloratu ondoren.

2. Prozedura bukatu bitartean, ituntzen den maiztasunarekin elkartuko dira alderdiak eta bitartekaria. Bitartekotza prozedura guztietan, alderdiren batek edo bitartekariak eskatu edo gomendatuz gero, erabakitzen ahalko da beste bitartekari bat sartzea prozeduran, denek adostuta, hasiera batean izendatutako bitartekoarekin koordinaturik jarduteko.

14. artikulua. Bitartekotza prozeduraren bukaera.

1. Bitartekotza prozedura honako kasu hauetan bukatuko da:

a) Alderdiak akordio batzuetara iritsitakoan. Akordio horiek erabatekoak edo partzialak izan daitezke.

b) Auziko alderdi batek erabakita, beste alderdiei eta bitartekariari horren berri eman ondoren, justifikatu beharrik gabe.

c) Bitartekariak erabakita, aurretik alderdiei horren berri eman ondoren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari baimena eskatu ondoren, honako egoeraren bat tartean baldin badago:

1. Alderdiren batek ez laguntzea, finkatutako baldintzak ez betetzea eta/edo alderdiren bat bileretara ez agertzea justifikaziorik izan gabe.

2. Uste badu prozedura ez dela iritsiko lortu nahi den helburura.

3. Antzematen badu auziak beste esku-hartze edo tratamendu bat behar duela.

4. Uste badu bitartekotza prozeduran ez direla betetzen ari prozeduraren oinarrizko printzipioak.

5. Indarkeria aztarnaren bat harrapatzen badu, eta horrek eragiten badu alderdien arteko desoreka, indarkeriazko egoeraren bat bikotekideen artean edo adingabeen, desgaitasuna dutenen, zaharren edo menpekotasuna dutenen kontrako indarkeria.

6. Prozedura bukatzeko gehieneko epea betetzen bada akordiorik lortu gabe.

2. Bitartekariak azkeneko bileraren akta eginen du, hala prozedura akordio erabatekoekin edo partzialekin bukatzen den kasuetan, nola akordiorik gabe bukatutzat ematen denean ere. Aktan honako hauek jasoko dira: egindako bileren kopurua, tokia eta datak, parte hartu duten pertsonen izenak, eta akordio erabatekorik edo partzialik lortu denetz. Zenbat alderdi dauden, horrenbeste akta jatorrizko luzatuko dira, gehi beste bat, espedientearen artxiboan gordetzeko.

3. Prozedura bukatzearekin batera, alderdi bakoitzari ekarritako dokumentuak itzuliko zaizkio. Espedientean sartu beharreko dokumentuen kopia bat gordeko da espedienteari eransteko.

15. artikulua. Familia bitartekotzaren akordioak.

1. Bitartekotza zerbitzua akordioren bat lortuta bukatuz gero (erabatekoa edo partziala izan), bitartekariak alderdiei adieraziko die akordio horiek lotesleak direla eta haiekin eskritura publikoa egin daitekeela. Horrelakoetan, lehentasuna emanen zaie adingabeen interes gorenari eta desgaitasuna dutenen, zaharren edo menpekotasuna dutenen interesei.

2. Bitartekotzaren akordioak alderdi guztiek sinatuko dituzte, eta haien jatorrizko idazki bana hartuko dute. Beste jatorrizko bat espedientean artxibaturik geldituko da. Adingabeak babesteko eskumena duen entitate publikoaren tutoretzapean edo harrerapean dauden adingabeei eragiten dieten bitartekotzaren ondoriozko akordioek harreraren edo tutoretzaren ardura duen organoaren onespena beharko dute, baliozkoak izan daitezen.

3. Bitartekotza akordioak edozein alderdik erabiltzen ahalko ditu haren edukiaz baliatzeko epaitegietan edo beste administrazio edo erakunde batzuetan.

4. Familia Bitartekotzaren Zerbitzuan egindako bitartekotza prozeduretan hartutako akordioak zerbitzu horrek berak gainbegiratuko ditu sinatu eta hurrengo sei hilabeteetan.

16. artikulua. Bitartekotza prozeduraren iraupena.

1. Bitartekotza prozeduren iraupena eztabaidatzen diren gaien konplexutasunaren araberakoa izanen da. Nolanahi ere, ez da lau hilabete baino luzeagoa izanen, bitartekariak eta alderdiek egiten duten hasierako bileratik hasita. Salbuespen gisa, justifikatutako arrazoirik baldin badago, epe hori luzatzen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak aurretik adostasuna emanda.

2. Sei bilera eginen dira gehienez, informazio bilera alde batera utzita. Bilera horiek eginda akordioren bat lor daitekeela uste badu edo justifikatutako arrazoiengatik bi alderdiek berariaz eskatzen badute, bitartekariak prozedura luzatzen ahalko du bi bilera gehiago egiteko. Horrelakoetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunaren adostasuna beharko du aurretik.

17. artikulua. Balorazioa, kexak eta iradokizunak jasotzeko galdetegia.

1. Estatistikaren eta kalitate-kontrolaren ondorioetarako, zerbitzuaren erabiltzaileek, nahi izanez gero, galdetegi bati erantzunen diote, lortutako emaitzei buruz, prozedurari eta haren iraupenari buruz eta bitartekariak emandako arretari buruz duten iritzia emateko. Galdetegi horretako datuak konfidentzialak dira.

2. Zerbitzuaren erabiltzaileek haren funtzionamenduari buruzko kexa eta iradokizunak egin ditzakete. Horretarako, behar diren ereduak emanen zaizkie. Kexa eta iradokizun horiek aztertu eta, hala badagokio, erantzunen dira. Gero, zerbitzua emateko behar diren hobekuntzak eginen dira.

18. artikulua. Ikuskapena eta zehapen araubidea.

1. Familia Bitartekotzaren Zerbitzua ikuskatua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren ekimenez, dagokion ikuskapen planean ezartzen denean.

2. Arau-hausteen tipifikazioari eta kalifikazioari eta zehapenen zenbatekoei eta mailakatzeari dagokienez, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikagarri diren gainerako lege eta xedapenetan ezarritakoari segituko zaio.

3. Zehatzeko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatu bezala erabiliko da.

4. Ezartzen diren administrazio arau-hausteak gorabehera, erantzuleek izan ditzaketen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoengatik erantzun beharko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.-Familia bitartekotzaren zerbitzu pribatuen homologazio administratiboa eta haien kalitatearen sustapena.

1. Gizarte zerbitzuetako ekimen pribatuko entitateek ematen dituzten familia bitartekotzaren zerbitzuek behar duten homologazio administratiboa lor dezakete, gizarte zerbitzuen sistema publikoan sar daitezen, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 5/2006 Foru legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. Izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoek ematen dituzten gainerako familia bitartekotzaren zerbitzuei aitorpena ematen ahalko die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, daukaten kalitatearen arabera, eskumena duen departamentuak edo erakundeak ezartzen duenari jarraikiz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.-Berariazko prestakuntza familia bitartekotzaren arloan.

Familia bitartekotzaren arloan bitartekariak behar duen berariazko prestakuntzaren gaineko araudia garatu bitartean, frogatu beharko den berariazko prestakuntza, gutxienez, 220 ordukoa izanen da. Horietatik 180 ordu teorikoak izanen dira, eta 40 ordu, gainbegiratutako praktikak. Ordu teorikoetatik 120 bitartekotza prozeduraren gainekoak izanen dira. Prestakuntzak arlo hauen gaineko edukiak izanen ditu: zuzenbidea, psikologia, soziologia eta gatazkak konpontzeko bide eta teknikak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Erregelamendu bidezko garapena.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman eta neurriak har ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko martxoaren 27an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1205501