81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Ordenantza, Txulapain ibarreko eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak 2012ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zen Txulapain ibarreko eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza.

Iragarkia argitara eman zen 2012ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 21ean, eta ikusgai jarri iragarki oholean; 30 egunean jendaurrean egon den bitartean inork ez du haren kontrako alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara.

Txulapainen, 2012ko apirilaren 2an.-Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

BEHIN BETIKO ONESPENA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek etxebizitzak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak.

b) Egungo eraikinen egiturak handitu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

c) Egungo eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak egitea edo lehenagokoen banaketa funtsean aldatzea.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

e) Eraikinak izan behar dituen hirigintza zerbitzuez hornitzeko eta urbanizatzeko lanak egin direla eta hirigintzako araudian ezarritako betebeharrak, lagapenak edo kargak konplitu direla egiaztatzea.

Lizentziaren eskaera

4. artikulua. 1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek Imozko Udalari aurkeztuko diote eskaera; betiere, datu hauek emanen dituzte:

a) Eskatzailearen izen-deiturak, edo haren ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioan alta egitea eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasaren ordaindu izanaren gordekina.

e) Urbanizazioen kasuan, honako hauek ere aurkeztuko dira:

-Urbanaizazioaren behin betiko planoak, bai zoladurarenak bai instalazioenak.

-Enpresa hornitzaileen idazkiak, obraren onespena eta beren araudi berariazkoekin bat egin dela adierazten duena.

-Kaleko argien sareari dagokionez, instalazio agiria aurkeztu beharko da.

-Bidezoruari, zoladurari eta lorezaintzari dagokienez, obran egindako entseguak aurkeztu beharko dira, alor hauen gainean: trinkotzea, proktorra, hormigoien erresistentzia, nahasketa bituminosoak etab. Horrez gain, elementu bakoitzetik hedatutako tonen ordainagiriak aurkeztea.

Lizentzia emateko organo eskuduna.

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateak eta Hirigintza alorreko zinegotzi delegatuak izanen dute.

Prozedura

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak edo Hirigintzaren arduradunak honela jokatuko dute:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei edo Iruñerriko EEZBkoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta gelditu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriz jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen; eraikinak izan behar dituen hirigintza zerbitzuez hornitzeko eta urbanizatzeko lanak egin diren, eta hirigintzako araudian ezarritako betebeharrak, lagapenak edo kargak konplitu diren.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Eraikinaren titularren betebeharrak

7. artikulua. Hauek dira lehen okupazioko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

a) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

8. artikulua. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

2. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzaren arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesdunei hamar egun lehenago jakinaraziko.

4. Obretarako eman ur hornidura ez da bestelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

5. Urez, gasez edo argindarrez hornitzen duten enpresek ezin izanen dituzte lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak etxerako urez hornitu.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak:

Eraikin berriak: 120,20 euro/etxebizitza.

Zaharberritzeak, handitzeak, egituren berritzea: 90,15 euro etxebizitza bakoitzeko.

Erabileraren aldaketak, etxebizitzen sorrera: 90,15 euro etxebizitza bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L1205315