81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERTIZARANA

Bertizaranako Udalaren zerbitzuko aldi baterako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, euskaraz jakitea betebeharra duena, oposizio bidez betetzeko deialdia

Bertizaranako Udalak, 2012ko martxoaren 22an egin osoko bilkuran, ondotik heldutako deialdia onetsi zuen.

OINARRIAK

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Bertizaranako Udalaren zerbitzuko aldi baterako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, euskaraz jakitea betebeharra duena, oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Bertizaranako Udaleko aldi baterako lan-kontratuduna izanen da eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Izendatzen den izangaia Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko D mailan sartuko da eta aipatu mailari dagozkion oinarrizko lansariak eta, behar izanez gero, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkion lansari osagarriak jasoko ditu.

1.4. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori edozein unetan alda lezake Udalak.

1.5. Izendatuak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

-Ur biltegien, kloratzaileen eta hornidura eta saneamendu sareen gaineko mantentze lanak eta kontrola.

-Argiteria publikoa mantendu eta zaintzeko lanak.

-Bide eta mendietako mantentze lanak.

-Udalaren beste hiri zerbitzuen mantentze eta zaintza lanak.

-Arlo hauetako lanak: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, zurgintza, soldadurakoak, etab.

-Udalak eskatutako egitura eta aparatuak jarri eta kentzea.

-Hiri altzarien pintatze lanak.

-Udalaren hilerria garbitzea eta mantentze lanak.

-Laguntza administratiboko oinarrizko lanak eta Bertizaranako udal mugapean agiriak banatzea eta bandoak zabaltzea, baita Udalak manatzen dizkion guztiak, betiere lanpostukoak badira.

-Auzolanen koordinatzailea.

-Obrak eta instalazioak kontrolatzea, Udalarenak eta partikularrak.

1.6. Izendatuak Bertizaranan bizi beharko du edo, gehienez ere, 15 kilometrora.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako nazionalitatea izatea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategineko 7 a) artikuluan ezarri bezala. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia da testu hori.

b) Adinez nagusia izatea eta erregelamenduz ezarritako adinik bada, hura ez gainditzea.

c) Gutxienez, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Hezkuntzakoa edo baliokide den titulua izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Euskaraz jakitea, hautatze prozesuan Hizkuntza Eskolaren batean eskuratutako gaitasun agiriaren bidez frogatu beharko dena, edo horren balio berekotzat jotzen den beste titulazio baten bitartez, edo, bestela, izangaiak hizkuntza maila nahikoa baduela erabakiko duen proba gaindituz.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) B-1 motako gidabaimena.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen 8.3 oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu eta haien jabe izanen da hautatze prozeduran, harik eta izendatu arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Eskabideak Bertizaranako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, 9:00etatik 14:00ak arte; deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.3: Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek eskatutako euskararen ezagutzari buruzko titulazioa, originala edo kopia konpultsatua, aurkeztu beharko dute.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Bertizaranako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Bertizaranako Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta, probak hasteko datarekin eta tokiarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

1.-Mahaiburua: Josune Ibarra Santxotena, Bertizaranako Udaleko alkateordea.

Ordezkoa: Bertizaranako Udaleko zinegotzi bat.

2.-Mahaikidea: Mercedes Ibarra Cía, Bertizaranako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Bertizaranako Udaleko zinegotzi bat.

3.-Mahaikidea: Navarra Suelo y Vivienda, S.A.ko arkitekto bat.

Ordezkoa: Navarra Suelo y Vivienda, S.A.ko arkitekto bat.

4.-Mahaikidea: Navarra Suelo y Vivienda, S.A.ko arkitekto tekniko bat.

Ordezkoa: Navarra Suelo y Vivienda, S.A.ko arkitekto tekniko bat.

5.-Mahaikidea: Cederna-Garalurrek izendatu beharreko teknikaria.

Ordezkoa: Cederna-Garalurrek izendatu beharreko teknikaria.

-Idazkaria: Sara Mendiburu Dufurrena, Bertizaranako Udaleko idazkaria (hizpidea duela baina botorik ez).

-Ordezkoa: Marisol Sánchez Hernandorena, Sunbillako Udaleko idazkaria (hizpidea duela baina botorik ez).

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6. oinarria.-Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzearekin batera finkatuko da oposizioaldiko lehen ariketa egiteko eguna.

6.2 .Ondotik, epaimahaiak erregelamenduaren ariora emanen ditu argitara gainerako proben egunak, Bertizaranako Herriko Etxeko iragarki oholean.

7. oinarria.-Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldia ondoko ariketek osatuko dute:

a) Lehen ariketa: euskara (gai edo ez gai). Deialdi honetako 2.1.e) oinarrian eskatutako baldintza egiaztatzen ez duten izangaiek bakarrik eginen dute euskarazko proba. Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, jakiteko pertsona hori gai den ala ez eskatzen den mailan: Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. maila, erdiko maila edo baliokidea.

Izangaiak gai orokor batzuen artean bat aukeratu eta 5 minutuz hartaz mintzatzea izanen da ahozko proba.

Proba idatzia diktaketa izanen da.

Proba horiek NAPIn eginen dira.

b) Bigarren ariketa, teorikoa. Bi proba izanen dira:

Lehen proba: galdera labur edo test moduko batzuei erantzunen zaie idatziz, deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruz. Gehienez ere 40 puntu lor daitezke eta baztertuak izanen dira, gutxienez ere, 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren proba: galdera batzuei erantzutea eta problema batzuk ebaztea, idatziz, izangaiek ortografiaz, aritmetikaz, geometriaz eta azaleren eta bolumenen kalkuluaz dituzten ezagutzak baloratzeko. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu. 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuko dira.

c) Hirugarren ariketa: praktikoa. Deialdi honetako 1. oinarriko 1.5 puntuko lanekin zerikusia duten lan xeheak egitea. Horretarako materialak emanen dira. Gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuak geldituko dira 20 puntu ateratzen ez dituztenak.

d) Laugarren ariketa (ez da baztergarria): elkarrizketa bat epaimahaikoekin. Horretarako, behar duten aholkularitza teknikoa izaten ahalko dute mahaikideek. Elkarrizketan, egin beharreko lanaren inguruko kontuak izanen dira mintzagai, baita izangaiaren ezaugarriak eta egokitasuna zehazteko balio duen bertze edozein ere. 10 puntu lortu ahalko dira gehienez.

7.2. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du Bertizaranako Herriko Etxeko iragarki oholean azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, baita oposizioaldiko hurrengo ariketaren eguna, tokia eta ordua ere, hogeita lau ordu lehenagotik ariketa bera denean, edo berrogeita zortzi ordu lehenagotik, beste ariketa bat denean.

7.3. Deialdi bakarra izanen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

8. oinarria.-Gainditzen dutenen zerrenda.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Bertizaranako Herriko Etxeko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioarekin batera. Oposizioko ariketetako puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, hura hausteko, proba praktikoan emaitza hoberena izan duen pertsonari emanen zaio lehentasuna.

8.2. Epaimahaiak Bertizaranako Alkatetzari igorriko dio oposizioan puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Bertizaranako Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak eskabidea aurkeztuko du Bertizaranako Udalaren Herriko Etxean, goizeko zortzietatik hamaiketara, ondoko dokumentazioarekin batera:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eta hartan adierazi ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo eskubide-gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik.

d) Eskatzen den titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) B-1 motako gidabaimena.

8.4. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da Udaleko aldi baterako lan-kontratudun izendatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

8.5. Aitzineko 8.4 atalean azaldutakoa gertatuz gero, oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 8.1 atalekoan, ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzin ataletako prozedura bera erabiliko da.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Hautatze prozesua burutu eta izangaiak 8.3 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztuta dituela, Bertizaranako alkateak bertako Udaleko aldi baterako lan-kontratudun izendatuko du proposatutakoa.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Aipatu epearen barrenean eta ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Bertizaranako Udaleko aldi baterako lan-kontratuduna izateko eskubide guztiak galduko ditu eta aitzineko oinarrian erranari jarraituko zaio.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza onetsi zuen organoaren aurka, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoa ekarri duen aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Izena: ..................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ......................., sorteguna: ................. sorterria: .................... (...................), helbidea: ........................... (karrika, posta kodea, herria), telefonoa: .....

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Bertizaranako Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, euskaraz jakitea betebeharra duena, oposizio bidez betetzeko deialdian.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Halaber: deialdira aurkezteko eskatzen den euskara ezagutza frogatzen duen titulua erantsi diodala/ez diodala erantsi eskabideari.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onar dezazula eskatzen dizut eta, horren indarrez, Bertizaranako Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, euskaraz jakitea betebeharra duena, oposizio bidez betetzeko deialdiaren probetan onar nazazula.

(Eguna eta sinadura)

BERTIZARANAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-Bertizaranako udalerria: Bertizaranako herriak, kaleen eta auzoen izenak, mendiak, alderdiak, errekak, baserriak eta ur-biltegiak.

2.-Bertizaranako Udala. Osaera. Osoko Bilkura, alkatea. Bilkuren araubidea. Egintza eta ebazpenak jakinaraztea.

3.-Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, egiaztagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena. Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta moduak.

4.-Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

5.-Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

6.-Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

7.-Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

8.-Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

9.-Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

10.-Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

11.-Herriko argien instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.

12.-Barruko instalazioak. Neurketa ekipamenduak. Potentzia kontrolatzeko etengailuak. Etengailu diferentzialak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

13.-Lanpara motak, erabilerak, ezaugarriak eta horiek funtzionatzeko behar diren ekipo osagarriak. Konexioen eskemak. Elektrizitate lanetako arriskuei aurre hartzea.

14.-Energia elektrikoaren banaketa oinarritzen diren oinarrizko kontzeptuak.

15.-Kloratzaileen funtzionamendua.

Bertizaranan, 2012ko martxoaren 22an.-Alkatea, Antonio Erregerena Vera.

Iragarkiaren kodea: L1205293