81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

553DGE/2012 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, "Luzaideko udal mugapean (Nafarroa), Luzaideko hirigunean propano gasa biltegiratu eta banatzeko sarea" izeneko proiektuari instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

Cepsa Gas Licuado S.A. enpresak 2011ko uztailaren 15ean administrazio baimena eskatu zuen honako proiektu honen instalazioak eraikitzeko: "Luzaideko hirigunean propano gasa biltegiratu eta banatzeko sarea"; bai eta horien onura publikoa onartzea ere. Proiektuak Luzaideko udal mugapea ukitzen du.

Administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2011ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29an, bai eta Luzaideko Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

A-35 multzoko biltegia eraikitzea aurreikusten da, lur gaineko biltontzi finko batek osatua, 24.350 litrokoa, Udalak 2. poligonoan duen 58A lurzatian. Lurruntze naturala izanen du. Biltegi horretatik polietilenozko hodia abiatuko da (SDR 11 dentsitate ertaina, 40 mm-ko diametro izendatua). Helburua hiriguneari zerbitzu ematea da.

Aurrekontua hogeita hemezortzi mila laurehun eta berrogeita bi eurokoa eta hamazazpi zentimoa da (38.442,17 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 46 bis artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Cepsa Gas Licuado, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, aipatutako enpresak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Luzaideko hirigunean propano gasa biltegiratu eta banatzeko sarea" izeneko proiektua onestea, eta Cepsa Gas Licuado, S.A. enpresari proiektu horretako instalazioak eraikitzeko administrazio baimena ematea.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.

3. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 768,84 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamenduaren ITC ICG 01 eta ICG 03an ezarritakoa beteko da. Uztailaren 29ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Hirugarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Cepsa Gas Licuado, S.A. beharturik dago propano gasaren hornidura etengabe eta modu erregularrean ematera eta instalazioak egoera onean eta teknikoki zuzen edukitzera.

Bosgarrena.-Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Seigarrena.-Cepsa Gas Licuado S.A.k proiektuaren xedeko instalazioak bukatu izanaren berri emanen dio Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, jakinaren gainean izan dadin eta instalazioak zerbitzuan jartzeari buruzko akta egin dadin, baldintza hori gabe ezin baita funtzionamenduan hasi.

Instalazioak zerbitzuan jartzeko eskaerarekin batean dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

-Obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek izenpetua, adierazteko instalazioak proiektuan eta hari aplikatzen zaizkion araudi, arau eta zehaztapenetan agindutakoaren arabera eraiki eta muntatu direla.

-Instalazioen muntaketa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratzen diren enpresa edo entitateen azken ziurtagiria, azken ikuskapenen eta egin diren saiakuntza eta proben emaitza egokia adieraziko duena.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

4. Ebazpen hau Cepsa Gas Licuado, S.A.ri jakinaraztea (Ribera del Loira kalea, 50; 28042 Madril), eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 14an.-Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Jorge San Miguel Indurain.

Iragarkiaren kodea: F1204335