81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288/2012 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Azagrako udal mugapean barazki izoztuak ontziratu eta banatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Ultracongelados Virto, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 528/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion Azagrako udal mugapean barazki izoztuak ontziratu eta banatzeko instalazioari. Titularra Ultracongelados Virto, S.A. da.

2011ko abenduaren 1ean titularrak aldaketa bat egiteko eskatu zuen, hots, Azagrako araztegira igortzen den isuri emaria handitzea.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz -erregelamendu horrek garatzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea-, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Halaber, bidezkotzat jo da hots immisioaren gehieneko balioak eguneratzea, Hotsari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, zonifikazio akustikoari, kalitatearen eta emisioen helburuei eta hondakin arriskugarriak kudeatzearen ondoriozko gaiei eta azpiproduktu izaerari dagokienez, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi dira indarreko araudiak, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Azagrako udal mugapean barazki izoztuak ontziratu eta banatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2011ko abenduaren 11n eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Ultracongelados Virto, S.A. da. Ingurumen baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 528/2010 Ebazpenaren bidez eman zitzaion.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 528/2010 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren garapenean bete behar diren funtzionamendu baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2018ko martxoaren 18an bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berritzea eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Aldaketa abian jartzeko, ez da aldatutako instalazioa irekitzeko beste baimen bat eskuratu beharko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Ebazpen hau jakinaraztea Ultracongelados Virto, S.A.ri, Azagrako Udalari, Nilsari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 9an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1204316