81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24E/2012 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Beraskoainen edateko ura ponpaz eramateko tentsio erdiko instalazio elektrikoaren proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, SA da.

2011ko abenduaren 22an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Jarduketaren xedea da energiaz hornitzea ponpaketa estazio berri bat, beharrezkoa Argiñaritz, Etxarren eta Girgillao herrietan uraren goi hornidura egiteko. 0195/2010 Ebazpenaren bidez, hiru herri horietako ur hornidurak dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratu zuen, betiere, ponpaketa energiaz hornitzeko linea modu independentean tramitatzeko baldintzapean.

Hala, tentsio erdiko hornidura elektrikoa eman behar zaio ponpaketa estazio horri, "Etxauri-Argiñaritz" 13,2kV-ko aireko lineatik. Transformazio zentro berrirainoko adarra egiteko, egungo 122. euskarria ordeztu beharko da, adarra izatera pasatuko baita, eta horren eta 121. euskarriaren arteko hutsartea ere bai. Aldaketa horiek Electra Valdizarbe SAk eginen ditu, eta ez dira proiektu honen parte.

Beste euskarri bat paratuko da aireko linea lurpekoa izan dadin, 122. euskarriaren ondoan. Bi euskarrien arteko tartea 8 metrokoa izanen da gutxienez. Konpainiaren oharren arabera, honako hau izanen du euskarri horrek: MXS-24 II motako eta 24 kV-ko hiru oinarri fusible-eramateko, 6,3 A-ko fusible-mailekin, lur azpiko linearen tartea, 160 mm-ko diametroa duten hiru hodi 0,60 m-ko diametroa duen zangan kanalizatuta, eta transformazio zentro berria, 100 kV-ko transformadore bakarrarekin, ponpaketa estazioaren eraikin berean kokatua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2012ko otsailaren 9an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Beraskoaingo Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Udal horrek erantzuna igorri du urtarrilaren 27an, non adierazi baita jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Beraskoainen edateko ura ponpaz eramateko tentsio erdiko instalazio elektrikoaren proiekturako, Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A.k sustaturik.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Hegaztiak babesteko eta elektrokuzio arriskua murrizteko baldintzak bete daitezen, loturazko kate horizontalek aireko-lurpeko konbertsioko euskarrian hiru isolagailu izan beharko dituzte gutxienez, segurtasuneko tartea isolamenduko sistema erantsiekin metro batekoa izan dadin gutxienez. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera. Hori guztia proiektuaren planoetan jasotzen den bezala.

-Gainera, linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Linea amaierako zutoinean inor ez igotzeko babesa jarriko dela ziurtatuko da.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Beraskoaingo Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1204216