81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

188/2012 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2012ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2008-2012 Planaren helburu nagusia zerga arloko betebeharrak hobeki bete daitezela lortzea da. Hori lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak ikuskapenaren, kudeaketaren eta diru-bilketaren arloetan eginen duen lana helburuen araberako plangintza batean jasotzea aurreikusten da. Plangintza horren edukiek osatuko dute Zergen Kontrolerako Plana.

Hala, ebazpen honen bitartez Zergen Kontrolerako 2012ko Planaren irizpideak eta jarduketa ildoak ezagutzera eman nahi dira, baita kontrol-jarduera horren plangintzari buruzko ikuskera orokorra eman ere. Planak atal hauek ditu:

a) Jarduketaren ildo nagusiak, non lehentasunezko arreta behar duten arrisku fiskaleko eremu nagusiak eta plana garatzeko oinarrizko irizpideak aipatzen baitira.

b) Kontroleko plan partzialak, kontrol zereginak garatzen dituzten eremu bakoitzeko: Ikuskapena, Zerga Kudeaketa eta Diru-bilketa. Plan partzial horietan berariazko jarduketa ildoak eta lehentasunezko arreta eremuak zehazten dira.

Nafarroako Zerga Ogasunak 2012an dituen erronkak ingurune ekonomiko eta sozial batean kokatzen dira eta, hor, guztien gainetik, gaur egungo krisi ekonomikoa eta aurrekontuaren defizita nabarmentzen dira; hortaz, eginkizun garrantzitsu eta zaila bete behar du, hazkunde ekonomiko sendo eta egonkor baten oinarriak jarriko dituzten zerga bidezko diru-sarrera handiagoak lortzeko.

Ebazpen honen bidez Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa betetzen da, hartan xedatzen baita, berariaz, urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten jarduketa ildoak eta irizpideak argitaratu behar direla.

Xedapen horietan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak argitaratzen dira.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehena.-Zergen Kontrolerako 2012ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea.

1. Jarduketa ildo orokorrak.

1.1. Zergen Kontrolaren plangintza integrala, garrantzi berezia emanda gainerako zerga administrazioekiko nahiz toki entitateekiko lankidetzari, baita Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekiko koordinazioari eta Nafarroako Zerga Ogasunean arlo horretan eskudunak diren zerbitzuen arteko koordinazioari ere, dela aztertu beharreko zergadunak hautatzean, dela jarduketa zehatzak egitean.

1.2. Zerga arloko ondorioa duen informazioa lortzera bideratutako jarduketak indartzea, ez dadin zerga arloko ez-betetzerik izan eta zergadunek zuzen ordain dezaten. Zehazki:

a) Enpresaburuen eta profesionalen jardueren gaineko informazioa, ezkutuko diru-sarrerak edo beraiek nahiz ingurukoek erakutsitako aberastasun seinaleak, aitortutako errentarekin edo ondarearekin bat ez datozenak, atzemateko.

b) Nazio barrenean zein kanpoan egindako finantza eragiketei buruzko informazioa, diru-sarrerak aitortzen ez dituzten finantza aktiboen titularrak edo errenta edo ondare gisa aitortutakoarekin bat ez datozen inbertsioenak nor diren jakiteko.

c) "Paradisu fiskaletan" edo tributazio apaleko lurralde edo herrialdeetan diren errenta edo ondareei buruzko informazioa, Espainiako lurraldean lortu eta, gure herrialdean ordain ez dezan, zergadunak beste leku batera artifizialki eramandako errentak atzemateko.

d) Aberastasun seinaleei buruzko informazioa, aitortu gabeko errenta eta ondareak atzemateko.

e) Informazio trukea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekin eta Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzarekin, aitortu gabeko jarduera ekonomiak aurkitzeko.

f) Beste erakunde batzuekin informazioa trukatzeko hitzarmen berriak sinatzea eta egungoak hobetu eta eguneratzea.

g) Lehentasunezko arreta eremuetan sartutako jarduketei buruzko informazioa atzematea.

1.3. Kontrolaren xedeko zergapekoen hautaketa eragingarria. Hautatzeko mekanismoen eraginkortasuna handituko da, eskura dagoen informazioa ustiatzeko teknologia modernoen erabilera handituz. Arriskuen kudeaketa aztertzeko tresna eta erremintak hobetuko dira eta, horrek, informazio iturri berriei loturik, aurrera egiten lagunduko du arrisku fiskal handieneko zergadunak hautatzen.

1.4. Ezkutuko ekonomiaren iruzurraren aurkako borroka indartzea, honela:

a) Sektore ekonomiko jakin batzuek beren jarduerak egiten dituzten lokaletan agertuta, produkzio sektore jakin batzuetan ezkutuko jarduera ekonomikoak egin izanaren frogak lortzeko. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin batera egiten ahal dira agerraldi horiek.

b) Energia kontsumoaren datuak aztertuta.

c) Kreditu txartelen terminalei buruzko informazio aitorpena erabilita, fakturazioaren zati bat beste terminal batzuetara igortzen duten entitateen zerrenda eskuratzeko, hirugarren baten izenean ere egon baitaitezke.

d) Zerga-betebeharren kontrola areagotzea.

1.5. Zerga arloko beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan jarraitzea, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Nafarroako Toki Ogasunekin, Euskadiko Foru Ogasunekin eta Frantziako Zerga Administrazioarekin.

1.6. Lankidetza areagotzea beste eragile eta administrazio batzuekin, batez ere Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekin, polizia kidegoekin, Fiskaltzarekin eta epaileen organoekin.

1.7. Langileen prestakuntza bultzatzea tributuen arlo teknikoetan eta prozeduren arloan, baita zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko tresna berrien erabileran ere.

2. Zergen Kontrolerako Planaren egitura.

2.1. Ikuskapen plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Informazioa atzemateko jarduerak indartzea kontrol jarduketak eraginkorrak izan daitezen, zuzen atzeman eta neurtu behar dira zergadunek hartutako arrisku fiskalak eta, horretarako, alde batetik, ongi ezagutu behar dira haien jarduera ekonomikoak eta, bestetik, hautatzeko tresna egokiak behar dira.

b) Ikuskapen jarduketak homogeneizatzen eta kalitatea hobetzen jarraitzea, unitateetako arduradunek gainbegiratuta.

c) Informatika auditoretzako prozedura, tresna eta teknikak finkatzea.

d) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko kideen etengabeko eta berariazko prestakuntza, zerga arloan, kontabilitatean, informatikako auditoretzan eta ikuskapen jarduketari lotutako beste alor batzuetan.

II.-Lehentasunezko arreta eremuak.

a) Profesional, artista eta kirolarien jardueren ondoriozko errenten gaineko kontrol jarduketak indartuko dira, informazio iturri berriak edo aberastasun seinaleak erabilita, aurkeztutako aitorpenetan diren itxurazko gastuak edo aitortu gabeko diru-sarrerak atzeman daitezen.

b) Ordaintzeko bideak kontrolatzeko jarduketekin jarraituko da. Zilegi ez diren eragiketak, aitortu gabeak edo iruzur direnak ezkutatzeko diru kopuru handiak erabiltzen dituzten eragiketa ekonomikoak egiaztatuko dira, baita munta handiko diru mugimenduak, txekeak, atzerriko transakzioak eta banku kontuetan dezenteko ordainketak dituzten zergapekoak ere.

c) Enpresa azpikontratistek egindako jarduerak kontrolatzeko jarduketak burutuko dira, alde batetik ordainagiri irregularren igorleak eta, bestetik, jarduerak egin bai baina ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zergak ordaintzen ez dituzten azpikontratistak atzemateko.

d) Zenbatespen objektiboaren araubideetan ordaintzen duten zergapekoak kontrolatzeko jarduketak eginen dira. Jarduketa horien bidez, araubide horietan ordaintzen duten ordainagiri irregularren igorleak bilatuko dira, baita haien jasotzaileak ere, zergapeko diru-sarrerak bidegabe gutxitzeko erabiltzen dituztenean.

e) Kudeaketa unitateekin koordinatuta, zerga aitorpenak aurkezteko beharkizunak betetzen ez dituzten zergadunen ordainketa aztertuko da, larritasun berezikotzat edo arrisku fiskal larrikotzat kalifikatu diren kasuetan, edo zergadunak emandako datuak Nafarroako Zerga Ogasunak dituenekin bat ez datozenean.

f) Aberastasun seinaleak dituzten zergadunen ordainketa ikertu eta egiaztatuko da, aitortzen duten errenta edo ondareekin bat heldu ez den gaitasun ekonomikoa agerian dagoelako.

g) Europar Batasunaren barneko eragiketetako iruzur sareak egiaztatzen eta ikertzen jarraituko da. Aurreneurri gisa, Batasunaren barneko Operadoreen Erregistroko eta Hilabeteko Itzulketen Erregistroko sarreren kontrola indartuko da, baita haietan erroldatuta izanik itxuraz jardunean ez diren zergadunen kontrola ere. Halaber, beste zerga administrazio batzuekin koordinatuz, sozietate sareak desegitera bideratutako kontrol jarduketak eginen dira eta, kasua bada, organo judizial eskudunetan salatzeko probak lortzera bideratzen direnak.

h) Kudeaketa unitateekin koordinatuta, higiezinen sektoreari lotutako jardueren jokabide fiskala egiaztatzen eta ikertzen jarraituko da, sektore hori modu integralean hartuta. Eraikuntza publiko eta pribatuko jarduerak, zaharberritze eta erreformako obrak kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da.

i) Beste administrazio batzuekin lankidetzan, atzerrian diren aktibo, gordailu eta beste finantza produktu batzuk ikertzera bideratutako ikerketak egiten jarraituko da, haien titulartasuna Foru Komunitatean bizi diren zergadunena denean.

j) Zerga arloko ingeniaritza edo plangintza gehiegizkoaren jarduketak egiaztatuko dira, dagokion zerga ordainketa bidegabe ezkutatu edo gutxitzeko egituren erabilerari aurre egiteko, zerga arloko arauen benetako espirituari eta helburuari jarraituz. Zergak saihestu, kapitalak zuritu edo errenta edo ondareen titulartasuna ezkutatzeko sortutako egitura fiduziarioetan zentratuko dira jarduketa horiek; kontuen edo eragiketen opakutasuna edo finantza gastuen bidegabeko egiaztapena bultzatzen duten finantza praktiketan, talde barnekoetan batez ere; transferentzia prezioen eta elkarri lotutako enpresen arteko eragiketen gehiegizko erabileran.

k) Sozietateen gaineko zergan aplikatzen diren zerga onurak benetakoak eta araudiaren araberakoak ote diren egiaztatuko da. Halaber, kontabilitateko emaitza nabarmena aitortu eta sozietateen gaineko zergan (kontabilitateko emaitzan edo zerga-oinarrian doikuntzak egiteagatik edo zergaren kuotan kenkariak aplikatzeagatik) oso autolikidazio murriztua aurkeztu duten subjektu pasiboak bereziki kontrolatuko dira.

l) Sozietateen gaineko zergako multzo fiskalen eta balio erantsiaren gaineko zergako entitate multzoen portaerari begiratzen jarraituko da, baita enpresa handiek egindako eragiketa garrantzitsuei ere.

m) Hondakinak tratatzeko eta metalak berreskuratzeko jarduerei lotutako zerga arloko jokabideak egiaztatzen eta ikertzen jarraituko da.

n) Zerga berezien eremuan, kudeaketa unitateekin koordinatuz, fabrikazioko zerga berezien menpe diren produktuen fabrikazioak eta merkaturatzeak duten jokabide fiskala aztertuko da, bereziki zerga horietan behar ez bezala aplikatzen diren salbuespenen eta hobarien kontrola.

o) Zenbait zergadunen helbide fiskala benetakoa ote den aztertu eta egiaztatuko da, beste zerga administrazio batzuekin koordinatuz. Helbide itxurazko edo faltsuen kasuetan, jarduerak beste helbide batean egin direnik frogatu gabe, identifikazio fiskaleko zenbakia ezeztatzea proposatuko da.

Gainera, 2012ko Ikuskapen Planak hartzen dituen jarduketen artean daude, besteak beste, Foru Komunitateko zergadunei buruzko egoera ez-normalen berri emanez Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari egiten zaizkion komunikazioen ondoriozkoak, hala eskatuz gero tributuak kudeatzeko unitateek, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek, Nafarroako toki entitateek eta gainerako erakunde publikoek. Halaber, salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, funtzionarioek beren lanaren bidez egiten dituzten proposamenen ondoriozko ikuskapen lan guztiak egiten ahalko ditu Ikuskapen Zerbitzuak.

2.2. Kudeaketa eta egiaztapen laburtuen Plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Zergak kudeatzen dituzten atalen egiaztatze lan laburtuak indartzea.

b) Zergadunen zentsuak berrikusi, garbitu, mantendu eta eguneratzea, Entitateen Zentsua batez ere.

c) Aplikazio telematikoak ezartzea, zergadunarentzako zerbitzua eta zergen kontrola hobetzeko. Zehazki, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekiko lankidetza, informazioa bide telematikoz bidaltzeari dagokionez.

d) Autolikidazioa ezartzea zergapeko egintza guztietan, sozietateen eta dohaintzen gaineko zergan.

e) Dagoen informazioa hobetzea eta haren kalitatea areagotzea informazio eredu berrien bidez lortutako datuak landuz.

f) Zerga arloko kontrolak sustatzea zerga arloko auditoretzarako sistema informatikoak aplikatuz.

g) Zehapen prozedura bultzatu eta sendotzea zergadunaren jokabidea zerga arloko arau-haustea denean.

h) Aurkezten diren errekurtso eta kontsultak ebazteko epeak hobetzea.

i) Etengabeko prestakuntza berariazkoa fiskalitatearen, kontabilitatearen eta kudeaketaren arloetan.

II.-Lehentasunezko arreta eremuak.

a) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, sozietateen gaineko zergan aplikatzen diren hobari fiskalak egiazkoak direla eta araudiari egokitzen zaizkiola egiaztatuko da; bereziki, sozietateen gaineko zergan kontabilitate emaitza nabarmena aitortu eta oso emaitza murriztua aurkeztu duten subjektu pasiboei, kontabilitate emaitzan eta zerga oinarrian doikuntzak egin dituztelako, edo kenkariak zergaren kuotan.

Orobat, salbuespen partziala duten entitateen zerga ordainketa eta uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritako araubidearen babesean direnena egiaztatuko da. Foru lege horrek fundazioen eta babes jardueren zerga ordainketa arautzen du.

b) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan eta Hilabeteko Itzulketen Erregistroan sartzeko baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko da. Bestetik, indartu eginen da Europar Batasunaren barreneko eragiketen zerga ordainketari egiten zaion jarraipena.

c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuta, balio erantsiaren gaineko zergaren edo sozietateen gaineko zergaren hileko edo urteko aitorpenetan pilatzen diren saldoen itzulketa edo konpentsazioa bidezkoa den eta hobariak, murrizketak, kenkariak edo salbuespenak behar ez bezala aplikatu diren egiaztatuko da.

d) Berariazko arretaz jarraituko da enpresa handiek beharkizunak betetzen ote dituzten.

e) Higiezinen sektorean, errentamenduen kontrolerako berariazko plan baten bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta, bidezkoa bada, balio erantsiaren gaineko zergan behar bezala ordaintzen ote den egiaztatuko da, etxebizitzen eta beste ondasun batzuen errentamenduak eta erabileren bestelako lagapenak egiten direnean.

f) Higiezinen eskualdaketaren eta atxikipenik gabeko errenten ondoriozko ondare gehikuntzen zerga ordainketa aztertuko da; batez ere, 2005eko abenduaren 31 baino lehen landalur izanik, gero hiri lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren kalifikazioa lortu duten lurren eskualdaketak.

g) Lan etekinei eta ondasun higigarrien eta higiezinen kapitalaren etekinei egotzitako konturako kopuruen atxikipena egiteko eta Nafarroako Zerga Ogasunean ordaintzeko betebeharra zuzen betetzen dela kontrolatuko da. Bereziki, atxikitzailearen informazioaren eta diru-sarreren eta atxikitakoaren informazioaren eta deskontuaren arteko koherentzia aztertuko da.

h) Zerga guztietan, zergadunen jokabidea egiaztatuko da, zergadunak aitortutako informazioa hirugarrenek egotzitako datuekin eta Nafarroako Zerga Ogasunean dauden beste informazio batzuekin gurutzatuz.

i) BEZeko eta sozietateen gaineko zergako multzoen zerga ordainketaren jarraipena egiten segituko da eta, halaber, eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen duten zergadunena. Bereziki aztertuko dira multzoan sartu aurretik sortutako likidazio oinarrien konpentsazioa, hondamen galeren ondoriozko ezabaketen gehikuntza eta sozietateak multzo fiskalean sartu edo baztertutako kasuen ondoriozko eraginak.

j) Zerga berezien arloan eta kontu-hartzailetzako kontroletan, honakoei arreta berezia jarriko zaie: izakinen zenbaketari, produktuen eta kontabilitate taulen mugimenduen egiaztapenari eta erregelamendu bidez onar daitezkeen galeren zenbaketa eta justifikazioari. Modu berean, kontrolak ezarriko dira bioerregaiak eta horien nahasteak (ohiko erregaiekin) ekoitzi eta banatzeko prozesuan, baita gordailu fiskaletan ere (logistikoak edo oliobide edo gasbide sareez eratuak) eta, azkenik, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, salbuespenak eta hobariak behar bezala aplikatzen diren egiaztatuko da.

k) Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren eremuan, aitortu gabeko zergapeko egintzen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak bultzatuko dira, aitortzeko errekerimenduak eginda eta behar diren zehapenak ezarrita.

2.3. Diru-bilketaren Plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskadiko Foru Ogasunekin batera lan egitea Nafarroako Foru Komunitatearekin zorren bat dutenen ondare egoerari buruzko informazioa trukatzeko.

b) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetza bideak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-bidean biltzen laguntzeko.

c) Finantza entitateekin batera, autolikidazioen eta ordainketen tramitazio telematikoa bultzatzen jarraitzea. Bereziki, ordainketa telematikoaren zerbitzua ezartzea edozein zor ordaintzeko edo premiamendu bidezko zorren zatikapena tramitatzeko.

d) Gerorapenak egiteko tramiteen kontrola areagotzea, betebehar batzuk automatizatuz.

e) Beste zerga administrazio batzuen zergetako itzulketen enbargoa sustatzea.

II.-Lehentasunezko arreta eremuak.

a) Zerga zorren gerorapenak eta zatikapenak onartzeko tramitazioa arintzen jarraituko da eta ordainketak eskaera bakoitzean ezartzen diren baldintzen arabera egiten direla kontrolatuko da. Gainera, zergaren ordainketa luzatu edo saihestea bilatzen duten geroratze eskaerak galaraziko dira, horrelako praktikak oztopatzen dituzten badaezpadako neurri gehiago hartuta.

b) Ordaindu gabeko zerga zorren segimendu zorrotza egiten jarraituko da, betearazpen bidearen tramitazioari hasiera emateko. Horretarako, zergadunak segmentatu eta arrisku fiskalaren arabera lehenetsiko dira.

c) Premiamendu prozeduretan erabakitzen diren enbargoen tramitazio telematikoa bultzatuko da.

d) Zerga zorraren ordainketa eskatzeko erantzukizunaren ondorioz datozen administrazio egintzak sustatuko dira.

e) Konkurtso prozedurak kontrolatuko dira, tartean zergetako kredituak baldin badaude. Halaber, koordinazioa sustatuko da kudeaketa eta ikuskapen organoekin, zerga-oinarrien gehiegizko edo iruzurrezko aldaketak saiheste aldera.

f) Kudeaketa eta ikuskapen organoen arteko lankidetza areagotuko da, zorrak kobratzea eta kaudimengabezia egoerak aurreikustea bermatuko duten kautelazko neurriak hartzeko.

g) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, ondasun eta eskubideak enbargatzeko kautelazko neurriak hartuko dira, Nafarroako Zerga Ogasunak likidatzen dituen zorrak kobratuko direla ziurtatzeko.

Bigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 26an.-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Idoia Nieves Nuin.

Iragarkiaren kodea: F1204991