49. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

178/2012 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, laneratzeko orientazioko eta jarraipeneko ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 1. artikuluak honela zehazten du enplegu politika: Estatuak eta autonomia erkidegoek hartutako erabakien multzoa, erabaki horien helburua izanik enplegu betea lortzera bideratutako programak eta neurriak garatzea, bai eta enpleguan kalitatea bilatzea, enplegu eskaintzaren eta eskaeraren egokitzapen kuantitatibo eta kualitatiboa lortzea eta behar den babesa ematea langabezia egoeretan.

Enplegu politikaren helburu orokorren artean, bi helburu hauek daude: langabeziaren aurrean prebentziozko ikuspuntua hartzea eta biztanleria aktiboari bana-banako zerbitzuak ematea.

Bestalde, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez, Espainiako Enplegu Estrategia onetsi da 2012-2014rako. Estrategia horren 5. puntuak enplegurako politika aktiboen esparruak zehazten ditu lehen aipatu den abenduaren 16ko 56/2003 Legean. Lanbide orientazioa esparru horietako lehena da, eta honela definituta dago: informazioko, laguntzako, motibazioko eta aholkularitzako ekintzen eta neurrien multzoa, zeinak, pertsona onuradunaren inguruabar pertsonal eta profesionalak kontuan harturik, aukera ematen baitu gaitasun eta interesak zehazteko eta ikaskuntzako banakako ibilbidea, lan bilaketa edo enpresa ekimenak abian jartzeko lana kudeatzeko, betiere langile autonomo gisa edo ekonomia sozialeko enpresetan arituz edo beste enpresa formula batzuen bitartez.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ageri da zerbitzu horren eginkizun nagusietako bat laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko orientazioa eta prestakuntza bultzatzea dela.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak herritarrei ematen dizkien zerbitzuen katalogoan jaso da, besteak beste, banakakoa eta pertsonalizatua den ibilbide bat diseinatu, prestatu eta gauzatuko dela eta, horren barnean, besteren konturako enplegurako eta autoenplegurako orientazio eta informazio zerbitzuak izanen direla.

Arlo horietan lan egiten duten entitate interesdunen finantziazioa erraztearren, beharrezkoa da deialdi bat egitea, laneratzeko orientazioko eta jarraipeneko ekintzak egiteko ematen diren diru-laguntzak arautu daitezen.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan ageri diren oinarri arautzaileak eta zehaztapen teknikoak onestea, bai eta laneratzeko orientazioko eta jarraipeneko ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia ere.

2.-Diru-laguntzak ordainduko dira 2012ko gastuen aurrekontuko "Enplegu Plana. Entitate laguntzaileen ekintza pertsonalizatuak laneratzeko orientazioa emateko" izeneko 70003/77400/4819/241102 kontu-sailaren kargura. 385.000 euroko zenbatekoa (RCSA: 3669) izanen da, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren eta kreditu mugaren arabera.

3.-385.000 euroko zenbatekoa duen gastua baimentzea, aurreko puntuan aipatu den aurrekontuko kontu-sailaren kargura.

4.-Ebazpen hau Bitartekaritza eta Behatoki Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetza Delegatuari igortzea.

5.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6.-Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2012ko otsailaren 17an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea eta jarduketa esparrua.

Deialdi honen xedea da prestakuntzarako eta enplegurako lanbide arloko informazio eta orientazioko ekintzak egin eta sustatzeko diru-laguntzak eman, jarraitu eta kudeatzeko araubidea ezartzea, horrela, laneratzea lortzeko ibilbide pertsonalizatuen bitartez, enplegarritasuna hobetzeko modua izan dadin.

2. oinarria.-Programak eta hartzaileak.

A.-Programak:

1.-Honako programa hauek laguntzen ahal dira diruz:

a) Enplegagarritasuna hobetzeko programak, hau da, informazioko, orientazioko, motibazioko eta aholkularitzako ekintzak biltzen dituztenak. Prestatzeko eta laneratzeko ibilbideak ezar daitezke, eta jarraipen pertsonalizatuko eta bitartekaritzako ekintzak egin, arreta jasotzen duen pertsona lan munduan sartu ahal izateko.

b) Autoenplegua sustatzeko programak, ekimenerako joera garatuko dutenak, enpresa proiektuei buruzko informazioaren, motibazioaren eta aholkularitzaren bitartez.

c) Lan merkatuaren prospekzio programak, hau da, arreta beste programa batzuetan jasotzen duten pertsonei lan merkatuan sartzen laguntzen dietenak.

2.-Programa bakoitzean sar daitezkeen ekintzak, horien zehaztapen teknikoak eta ekintzak gauzatzen dituzten teknikarien lanbide profilak. Deialdi honen II. eranskinean zehaztuta daude.

B.-Oinarri honen A atalean ageri diren 1a) eta 1b) programetako ekintzak talde hauetako pertsonentzat izanen dira:

-Langabetuak, bereziki gazteak, lanik gabe luzaro egon diren 45 urtetik gorakoak, eraikuntzatik heldu direnak eta krisiaren eragina jasan duten beste batzuk, talde horien barnean kualifikazio baxua dutenak, desgaitasuna duten pertsonak eta gizartetik baztertzeko arriskuan daudenak.

-Lanbidean aurrera egin nahi eta lan bila ari diren pertsonak.

-Unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasleak, ikasketen azken urtekoak.

-DBHko eta Batxilergoko ikasleak, ikasketen azken urtekoak.

3. oinarria.-Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

A.-Diru-laguntza horrekin entitatearen gastuak ordainduko dira, zehazki hauen ingurukoak:

a) Langileak:

1. Proiektuaren zuzendaritza, urteko 42.000 euro bitarte, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

2. Lanbide orientazioko teknikariak, urteko 38.000 euro bitarte teknikari bakoitzeko, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

3. Administrazio laguntzako langileak, urteko 25.000 euro bitarte langileko, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

Hiru kasu horietan, dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

b) Gastu orokorrak:

Benetan egindako ekintzei funtzionamendurako, materialetarako eta baliabide teknikoetarako gastu orokor gisa egotz dakizkiekeen gastuak hauek dira:

1. Material teknikoa prestatzea:

-Gida teknikoak.

-Parte-hartzaileentzako dokumentazioa.

-Material psikoteknikoa.

2. Bulegoko materiala.

3. Ekintzak burutzeko egin beharreko gastuak, bidezko proportzioan:

-Eraikin, altzari eta tresnen errentamenduak.

-Mantentze-lanak.

-Argindar, ur eta erregai hornidurak.

-Komunikazioak, telefonoa eta Internet.

-Garbiketa.

-Segurtasuna eta zaintza.

-Erantzukizun zibileko aseguruak.

-Publizitatea.

-Instalazioen eta ekipo teknikoen amortizazio gastuak.

-Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako ekintzak ondo burutzeko beharrezkotzat jotzen diren beste gastu batzuk.

Langileen guztirako kostuen %30 arteko diru-laguntza eman daiteke, gastu orokor hauek direla eta: funtzionamendua, material teknikoak, eta ekintzak egoki garatzeko egiten diren joan-etorrietako gastuen ondoriozko dietak.

Gastu guztiak diru-laguntzaren xede den aldian egin beharko dira.

B.-Diru-laguntza jasoko duen kostua kalkulatzeko irizpideak, programen arabera:

1.-1a) eta 1b) programak, 2. oinarriko A atalean deskribatuak:

Proiektuan ezarritako lanbide orientazio eta informazioko ekintzetan arreta jasotzen duten mila pertsonako ondoko diru-laguntza hau emanen da:

-Proiektuko zuzendari bat, lanaldi osoarekin.

-Lanbide orientazioko hiru teknikari, lanaldi osoarekin.

-Administrazio laguntzako pertsona bat, lanaldi osoarekin.

Aipatu laguntzak proportzioan handitu edo murriztuko dira teknikarientzat eta administrarientzat, arreta mila laguni baino gehiagori edo gutxiagori ematen zaion kontuan harturik.

2.-2. oinarriko A atalean deskribatutako 1c) programa:

Enpresetara egindako bisita bakoitza 1a) eta 1b) programetako arreta ekintzatzat hartuko da diru-laguntza jasoko duten kostuak kalkulatzeko.

C.-Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.

4. oinarria.-Entitate onuradunak.

Deialdi honetara proiektuak aurkezten ahalko dituzte, baita laguntzak eskatu ere, nortasun juridiko berekia duten eta irabazi asmorik ez duten entitateek, sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Orientazioaren esparruan gutxienez 3 urteko ibilbide finkatu eta frogatua izatea, edo laneratzeko proiektu integralak egin izana, edo Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen duten proiektuak egin izana, eta horietan guztietan hainbat arlotako ekintzak txertatu izana, arlo horietako bat lanbide arloko informazioa eta orientazioa izanik.

2. Sozietate-helburuaren eta jarduketa-eremuaren barnean lanbide orientazioko jarduera izatea.

3. Egiten diren zerbitzuen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio-sistema eduki behar dute; sistema honetan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak txertatu behar dira, bai eta erabiltzaileen asebetetasunaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta laneratzearen adierazleak ere.

4. Honelako baliabide hauek eduki behar dituzte:

a) Baliabide materialak:

-Lokal egokiak eta sarbide eta komunikazio errazekoak.

-Ekintzak ondo burutzeko behar diren bitarteko teknikoak eta materialak, eta laguntza-ekipamenduak.

b) Giza baliabideak:

-Zuzendaritzako langileak.

-Teknikariak.

-Administrariak.

5. Egiten duten jarduerarako egokiak diren baliabide tekniko eta metodologikoak nahiz komunikazio elektronikokoak eskura izatea.

5. oinarria.-Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak eta baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak.

2012ko ekitaldian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hurrengo ekitaldietarako, aurreko urteko azaroan aurkeztuko dira eskabideak.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen nortasuna frogatzen duten agiriak, eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopiaren bitartez.

b) Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala behar denean, horien ahaldunenak, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea eta posta elektronikoa eta programen arduradunak ere.

c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

d) Nafarroako Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak ordaindu izanaren ziurtagiria.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren memoria, alderdi hauek zehaztuta:

1.-Eskaeraren xedea eta proiektuaren justifikazioa.

2.-Zein programatarako egin duen eskaera eta horien garapena.

3.-Giza baliabideak, teknikoak eta materialak.

4.-Aurreikusitako arreten/garatzekoak diren ekintzen kopurua (ratioak).

5.-Zein giza talderentzat bideratuko diren.

6.-Zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko sistemak.

7.-Eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eta aurrekontua xehakatzea.

6. oinarria.-Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

A.-Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan eta, beraz, puntuatuko.

B.-Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da honako balorazio irizpideen bidez lortutako puntuazioaren arabera, eta gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira:

a) Enplegu eskatzaileen enplegagarritasuna hobetzeari begira, lanbide arloko informazio eta orientazioko ekintzak txertatzea proiektuan. 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuta:

1.-Lanbide arloko informazio eta orientazioko ekintzak, besteren konturako laneratzea lortzera bideratuak: 15 puntu gehienez.

2.-Autoenplegua sustatzeko ekintzak: 15 puntu gehienez.

3.-Enpresen prospekzio proiektua: 5 puntu gehienez.

4.-Enplegu poltsa bereki bat izatea, gutxienez 300 erabiltzailez osatua: 5 puntu gehienez.

b) Entitateak lanbide orientazioko ekintzetarako jartzen dituen giza baliabideen eta baliabide tekniko eta materialen kalitatea. 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuta:

1.-Giza baliabideak (prestakuntza eta esperientzia): 10 puntu gehienez.

Ekintzetarako lehentasunezko titulazioak, zehaztapen teknikoen arabera: 2 puntu gehienez.

Berariazko prestakuntza plan bat izatea teknikarientzat: 4 puntu gehienez.

Orientazioko teknikarien esperientzia:

-3 urtetik 5 urtera: 2 puntu gehienez.

-5 urte baino gehiago: 4 puntu gehienez.

2.-Baliabide teknikoak eta materialak: 10 puntu gehienez.

Lokal egokiak (gelen, arretarako bulegoen deskribapena): 3 puntu gehienez.

Erabiltzaileei emateko materiala: 2 puntu gehienez.

Zailtasunak dituzten erabiltzaileentzat egokitutako materiala: 3 puntu gehienez.

Ekintzak garatzeko tresnak, laguntza- ekipamenduak: 2 puntu gehienez.

3.-Entitatearen esperientzia: 10 puntu gehienez.

Esperientzia urteko bakoitzeko, laugarrenetik hasita, 2 puntu zenbatuko dira.

c) Ekintza bakoitzean arreta jaso duten pertsonen kopurua, proiektuaren kostuaren zenbatekoarekin alderatuta.

Kostu ekonomikoa/arreta jaso duten pertsonak ratioa: 10 puntu gehienez.

50 euro bitarte: 10 puntu.

100 euro bitarte: 8 puntu.

150 euro bitarte: 6 puntu.

200 euro bitarte: 4 puntu.

250 euro bitarte: 2 puntu.

250 eurotik gora: 0 puntu.

d) Lehentasunezko arreta, deialdi honetan aipatutako berariazko taldeentzat. 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuta:

-Langabetuak, bereziki gazteak, lanik gabe luzaro egon diren 45 urtetik gorakoak, eraikuntzatik heldu direnak eta krisiaren eragina jasan duten beste batzuk, talde horien barnean kualifikazio baxua dutenak, desgaitasuna duten pertsonak eta gizartetik baztertzeko arriskuan daudenak.

-Talde horietakoren bati ematen zaion arreta %75 edo gehiago bada: 10 puntu.

-Talde horietakoren bati ematen zaion arreta %55 edo gehiago bada: 6 puntu.

-Gainerako taldeak: 3 puntu.

e) Jarduera ebaluatzeko sistemak aurkeztea, jardueraren kalitatea bermatzeko, eta arreta jaso duten pertsonen gogobetetzeari nahiz proiektuan proposatutako helburuen betetze mailari buruzko informazioa ematea: 10 puntu gehienez.

Honela banatuta:

1.-Kalitatearen ziurtagiria izatea: 10 puntu.

2.-Kalitatea ebaluatzeko plan bereki bat izatea: 3 puntu.

C.-Puntuaziorik onena lortu duten entitateen arteko banaketa egiteko prozedura honako hau izanen da:

1.-Gutxienez 65 puntu lortzen dituzten proiektuak soilik hartuko dira kontuan.

2.-Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, a) irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna. Hala ere berdinketa hausten ez bada, atal bereko b) irizpidea hartuko da kontuan eta horrelaxe jarraituko da, e) irizpidera iritsi arte.

3.-Diru-laguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

4.-Diru-laguntzen xede diren ekintzen onura jasotzen duten pertsonei inolaz ere ezin zaie ezer kobratu.

7. oinarria.-Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientazio Atalak eginen du. Honek ebazpen proposamena bidaliko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, atxikita dagoen zerbitzuko zuzendaritzaren adostasunarekin.

Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Bitartekaritza eta Behatoki Zerbitzuko zuzendaria.

-Batzordekidea: Orientazioko Ataleko burua.

-Batzordekide-idazkaria: Proiektu eta Ekintzak Kudeatu eta Jarraitzeko Bulegoko burua.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabetean emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Eskabideen gaineko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. oinarria.-Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Orientazio ekintzen emaitzari eta garapenari buruzko datuak eman beharko dizkiote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, zerbitzu horrek ezartzen dituen bide elektronikoak erabiliz. Horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan eskatzaileen banakako laneratze-ibilbideen bilakaerari buruzko informazio eguneratu guztia edukiko du, informazio hori lan eskaeran txertatuz eta jasotako orientazio zerbitzuak azalduz.

b) Ekintzen kontrol fitxak, arreta jasotzen duten pertsonek sinatuak, aurkeztea aldian-aldian. Orientazio Atalak ezarriko du nolako aldizkakotasunarekin aurkeztu behar dituen fitxa horiek entitate bakoitzak, beraren ekintzen kopurua eta programen eta ekintzen ezaugarriak kontuan hartuta.

c) Egindako lanbide informazio eta orientazioko ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratu behar dituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak proposatzen duen moduan eta berak ezartzen dituen aldietan.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari aurkeztu behar dizkiote deialdi honetan aipatutako ekintzak egiteko kontratatuko dituzten teknikarien lan historialak, behar den profila baduten egiaztatzeko.

e) Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak bete ezean, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko baldintzetakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, deialdi honetan Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluko araubidea erabiliko da.

9. oinarria.-Onuradunek egindako gastu eta ordainketak frogatu beharra. Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak.

A.-Diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen duen ebazpenaren bidez ordainduko dira, dagokion zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren, era honetan:

a) Diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretiko funts-hornidura egin beharra behar bezala justifikatutzat jotzen bada:

1. Emandako diru-laguntza osoaren %25eko lehen aurrerakin bat, entitateak aldez aurretik eskatu eta behar bezala justifikatuta.

2. %25eko bigarren aurrerakina, ekainean, onuradunak aurreko aurrerakina gauzatu duela justifikatu ondoren.

3. %25eko azken aurrerakina, urrian, onuradunak aurreko aurrerakina gauzatu duela justifikatu ondoren.

4. Gainerako %25a, edo azken saldoa, egindako ekintzen azken frogagiriak aurkeztu eta gastuen guztirako zenbatekoa fakturen eta antzeko frogagirien eta ordainagirien bidez justifikatutakoan.

b) Diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretiko funts-hornidura egin beharra behar bezala justifikatzen ez bada:

1. Emandako diru-laguntzaren %50 portzentaje bereko edo handiagoko ekintzak justifikatutakoan ordainduko da.

2. Egindako ekintza guztiak frogatu eta gastuen azken justifikazioa aurkeztutakoan azken likidazioa eginen da.

B.-Justifikazio ekonomikoa diru-laguntza jaso duen proiektuaren indarraldiaren azken egunetik hasita gehienez ere bi hilabeteko epean aurkeztu behar da.

C.-Entitate onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu behar ditu entitate hornitzaileak edo azpikontratatuak hautatzeko, baldin eta justifikatzeko gastuaren zenbatekoak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa gainditzen badu. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena, diru-laguntzaren justifikazioarekin batera adierazi beharrekoa, eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

10. oinarria.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izanen dira lortzen ahal diren beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuekin; halakoetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio. Laguntza horiek batuta ezin izanen da ekintzen kostuaren %100 gainditu.

11. oinarria.-Arau osagarriak.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioak 1998ko urtarrilaren 20an emandako Aginduari jarraituko zaio. Agindu horren bidez oinarri arautzaileak ezartzen dira, enplegurako lanbide orientazioko eta autoenplegurako laguntzako ekintzak egiteko diru-laguntzak nola banatu finka dadin.

Era berean, aurreko lerroaldean aipatzen den Ministerioaren agindu horretan aurreikusi gabeko orotan, martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakori lotuko zaio.

12. oinarria.-Diru-laguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Lan eta Immigrazio Ministerioaren babesa eta lankidetza aipatu behar dituzte.

13. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako diru-laguntzen berri emanen du Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), datu hauek adierazita: deialdia, aurrekontuko zein programa eta kredituren kargura ordainduko diren diru-laguntzak, eta diru-laguntza bakoitzaren onuraduna, zenbatekoa eta xedea.

II. ERANSKINA

Laneratzea lortzeko orientazio eta jarraipen ekintzen zehaztapen teknikoen laburpen taulak

A.-Zehaztapen teknikoen laburpen taulak.

Ekintza horien xede diren pertsonek une jakin bateko egoera bati erantzuteko edo banako tutoretza baten ondorioz abiaraz dezakete lanbide informazioko ekintza baten bidezko laguntza prozesua. Behin ekintzak abiaraziz gero, arretarekin banaka zein taldeka jarrai daiteke, eta pertsona bakoitzari bere egoeraren araberako ekintza eskainiko zaio, deialdi honen 2. oinarriko A talean azaldutako programen barruan.

1. 1a) programa. Enplegagarritasuna hobetzea.

EKINTZA

METODOAK/TRESNAK

TEKNIKARIEN BETEBEHARRAK

INSTALAZIOAK

ETA MATERIALA

PERTSONEI ARRETA EMATEKO DENBORA

Banakako Tutoretza

(TI)

Aholkularitza eta jarraipena.

Banako ekintza. Banakako Tutoretzaren Gida Teknikoa.

Lizentziadunak, batez ere Psikologia, Pedagogia edo antzekoetakoak, gai hauetan trebatuak eta/edo arituak: elkarrizketa pertsonala, lanbide orientazioa eta motibazio eta komunikazio tekniken erabilpena. Diplomadunak, batez ere Gizarte Lanekoak edo antzekoetakoak, aurreko ekitaldietan lanbide orientazioko ekintzetan arituak (frogagiriak behar dira).

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa.

Erabiltzailearen Dokumentazioa: TI Ekintzen Gida Teknikoen Materiala.

Behar diren orduak, gehienez ere bederatzi hilabetekoa izanen den aldian.

Enplegua Bilatzeko Taldeak

(BAE-G).

Taldeko Ekintza (4 erabiltzaile gutxienez).

Gida Teknikoa BAE-Bilaketa Taldea

Unibertsitate lizentziadunak edo diplomadunak, laneratzeko lanbide orientazioan, komunikazioan eta talde lanean esperientzia dutenak

Ekintzarako eta taldearentzat egokia den aretoa.

Erabiltzailearen Dokumentazioa BAE. Bilaketa Taldea.

Gehienez hogeita lau ordu hainbat saiotan

Elkarrizketa Tailerra (BAE-TE).

Taldeko Ekintza (4 erabiltzaile gutxienez).

Gida Teknikoa BAE-Elkarrizketa Tailerra.

Goi mailako teknikaria: ahal dela, Psikologia, Pedagogia edo Soziologiako lizentziadunak. Erdi mailako teknikaria: Gizarte Laneko, Irakasletzako edo Gizarte Heziketako edo Lan Harremanetako diplomadunak, edo behar diren trebetasunak eta ezagutzak ematen dituen beste zeinahi titulaziotakoak.

Ekintzarako eta taldearentzat egokia den aretoa.

Erabiltzailearen Dokumentazioa BAE-Elkarrizketa Tailerra

Gehienez hogeita lau ordu hainbat saiotan

Laneratzeko Alderdi Pertsonalen Garapena (DAPO)

Banako eta Taldeko Ekintza (4 erabiltzaile gutxienez).

Gida Teknikoa-DAPO

Lizentziadunak, batez ere Psikologia eta/edo Pedagogiakoak, gai hauetan arituak: elkarrizketa teknikak, bileren zuzendaritza eta suspertzea, motibazio eta komunikazio teknikak.

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa. Ekintzarako eta taldearentzat egokia den aretoa. Erabiltzailearen Dokumentazioa-DAPO

Gehienez hemezortzi ordu banako eta taldeko arretan.

Enplegurako eta prestakuntzarako Lanbide Informazioa (I.P.)*

Banako ekintza presentziala, telefonoz edo posta elektronikoaren bidez.

Taldeko Ekintza (4 erabiltzaile gutxienez).

Gida Teknikoak-IPE.

Nafarroako Orientazioko Bitartekoen Gida.

Enpleguari eta prestakuntzari buruz prestatutako dokumentazioa

Unibertsitateko lizentziadunak edo diplomadunak, laneratzeko eta prestakuntzarako lanbide orientazioan, komunikazioan eta talde lanean esperientzia dutenak.

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa.

Ekintzarako eta taldearentzat egokia den aretoa.

Erabiltzaileentzat prestatutako dokumentazioa.

Banakakoa:

20 minutu arteko saioak.

Taldeentzat: 4 ordura arteko saioak.

(*) Enpleguaren eta prestakuntzaren inguruko lanbide informazioko ekintzek gai hauek landu ditzakete: prestakuntza, lan merkatua eta enplegurako zerbitzuak, eta ekintzak ematen dituzten teknikariek lan munduan aurrera egin nahi duen pertsona edo talde batentzat une eta toki zehatz batean interesgarritzat jotzen dituzten guztiak.

2. 1b) programa: autoenplegua.

EKINTZA

METODOAK/TRESNAK

TEKNIKARIEN BETEBEHARRAK

INSTALAZIOAK

ETA MATERIALA

PERTSONEI ARRETA

EMATEKO DENBORA

Autoenplegurako informazioa eta motibazioa (I.N.M.A.).

Banako ekintza.

Taldeko ekintza (2 pertsona gutxienez)

Lizentziadunak, batez ere Ekonomia Zientzietakoak, Enpresa Zientzietakoak edo Zuzenbidekoak. Enpresa Zientzietako edo Lan Harremanetako diplomadunak.

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa.

Nafarroako Orientazioko Bitartekoen Gida.

Banakakoa: 24 minutu arteko saioak.

Taldeak: beharrezkotzat jotzen diren saio guztiak, lau ordukoak gehienez.

Enpresa Proiektuetarako Aholkularitza.

(APE).

Banako ekintza.

Lizentziadunak, batez ere Ekonomia Zientzietakoak, Enpresa Zientzietakoak edo Zuzenbidekoak. Enpresa Zientzietako edo Lan Harremanetako diplomadunak.

Esperientzia eduki behar dute enpresa aholkularitzan.

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa.

Nafarroako Orientazioko Bitartekoen Gida.

Behar diren orduak, gehienez bederatzi hilabetekoa den aldi batean, ekintza batetik bestera gutxienez hiru hilabete utziz.

1a) eta 1b) programetako ekintzetan, dedikazio denborari %100 gehitzen ahal zaio desgaitasunak dituztenei ematen zaienean arreta, baldin eta ekintzaren justifikazio formalean adierazten bada.

3. 1c) programa: enpresen prospekzioa.

EKINTZA

METODOAK/TRESNAK

TEKNIKARIEN BETEBEHARRAK

INSTALAZIOAK

ETA MATERIALA

PERTSONEI ARRETA EMATEKO DENBORA

Prospekzio bisitak enpresetara.

(V.P.E.).

Elkarrizketak enpresen arduradunekin.

Lan merkatuari buruzko txostenak egitea

Banako ekintza.

Enpresen galdera sorta.

Lizentziadunak, batez ere Ekonomia Zientzietakoak, Enpresa Zientzietakoak edo Zuzenbidekoak. Enpresa Zientzietako edo Lan Harremanetako diplomadunak, edo lan merkatuaren analisian esperientzia duten langileak.

Konfidentzialtasuna babesteko aukera ematen duen bulegoa.

2 ordu arteko saioak.

F1202865

Iragarkiaren kodea: F1202865