49. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, elkarteek, toki entitateek eta partzuergo turistikoek turismoa garatzeko egiten dituzten jardueretarako 2012ko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateek, partzuergoek eta turismoa garatu eta sustatzea helburu duten elkarte batzuek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismoaren sektorea indartzen, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten baitute.

Laguntza deialdi honen helburua da sektore publikoak xede horrekin bere gain hartzen dituen ekimenak sustatzea eta bisitarien kopurua handitzeko aurreko urteetan abian jarritako jarduketak sendotzea. Hori helburu, 2011ko urriaren 1etik 2012ko irailaren 30era bitarte egiten diren jarduketak onartuko dira eta, orobat, jarduketen %75, gutxienez, epe horretan egiten dituzten proiektuak, bateraturik aurkezten direnean.

Oro har, elkarteek aholkulari gisa eta kalitatearen sustatzaile gisa egiten duten lana sustatu nahi da, eta horrekin batera, hala elkarteek nola partzuergoek eta toki entitateek dinamizatzaile, koordinatzaile eta antolatzaile gisa egiten dutena. Helburua ahaleginak bateratzea da, tokiari eta denborari dagokienez eskaintza dibertsifikatzen duten jarduketa plan orokorren bidez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren beraren jarduketak eragingarriagoak izan daitezen.

Deialdi hau konkurrentzia bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baina norgehiagoka egin gabe. Aitzitik, diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Izan ere, garrantzitsutzat jotzen da deialdira aurkezten diren jarduera guztiak egitea, zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobeki. Esperientziari esker badakigu horrelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, elkarteek, partzuergoek edo toki entitateek ez dutelako diru aski. Baina laguntza emateko aukerarik badago, hasiera batean deialdian ezartzen dena baino txikiagoa izanik ere, jarduerak burutu ohi dira.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Elkarteek, toki entitateek eta partzuergo turistikoek turismoa garatzeko egiten dituzten jardueretarako 2012ko laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

350.000,00

G/A10001/4819/432300: Elkarteentzako laguntzak turismoko jarduketetarako eta kalitaterako

2012

250.000,00

G/A10001/4609/432300: Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak turismoko jarduketetarako

2012

120.000,00

G/A10001/4609/432304: Partzuergoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko

2012

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko otsailaren 2an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Elkarteek, toki entitateek eta partzuergo turistikoek turismoa
garatzeko egiten dituzten jardueretarako 2012ko laguntzen
deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea, laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak.

Deialdi honetako laguntzak elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek, kalitatearen, prestakuntzaren, produktuen ekoizpenaren, ikuskizunen antolaketaren eta koordinazioaren arloan, 2010eko urriaren 1etik 2012ko irailaren 30era arte egiten dituzten jardueretarako izanen dira. Irizpide hori aplikatuko zaie, orobat, proiektu bakar batean aurkeztuta ere, bertako jarduketen %75 gutxienez epe horren barrenean egiten diren proiektuei.

1.1. Turismo elkarteentzako laguntzak.

Deialdi honetarako gehienez 350.000,00 euro bideratuko dira, 2012ko gastuen aurrekontuko "Partzuergoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko" izeneko A10001 A1130 4819 432300 kontu-sailaren kargura.

EPIGRAFEA/KONTZEPTUA

EHUNEKOA

EURO

a) Kalitatearen arloko jarduketak

%20

70.000,00

b) Prestakuntza jardueren antolaketa

%4

14.000,00

c) Produktuaren gaineko jarduketak

%12

42.000,00

d) Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

%62

217.000,00

e) Bisitak

%2

7.000,00

GUZTIRA:

%100

350.000,00

Dena den, espedienteak berrikusi eta deialdia ebazteko proposamena egin ondoren atalen batean gerakinik baldin badago, gainerako ataletako diruari gehitzen ahalko zaio, epigrafeetan ezarritako ordena berean.

Diru kopuru hori handitzen ahalko da, deialdi honetako beste atal batzuk eta programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuko kontu-sailean diru erabilgarri gehiago izanez gero.

Eman beharreko laguntza guztien zenbatekoa atal bakoitzean ezarritako aurrekontu-kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanaketa lineala eginen da modu proportzionalean.

Betiere, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua handitzen ahalko da gerakin berria agortu arte edo, hainbanatu beharrik gabe bakoitzari zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

1.1.1. Onuradunak.

Egoitza Nafarroan duten elkarteak, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak.

1.1.2. Helburua.

a) Kalitatearen arloko jarduketak.

a.1) Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutua (EKTI) Nafarroan ordezkatzen duten elkarteen jarduketak, baldin eta ordezkaritzak hitzarmen baten bitartez ezarritako eginkizunak betetzen baditu eta, gutxienez, honako alderdi hauek garatzen baditu:

-EKTI-Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikitako lurralde esparruko enpresen arteko lotune izatea, establezimendu atxiki eta ziurtatuei www.calidadturistica.org tresna informatikoa erabiltzen lagunduz.

-Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak kalitatearen arloan egiten dituen lanetan laguntzea eta hark egiten dizkion lankidetza eskaerei kasu egitea.

-Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkarteak eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak Q markaren gainean antolatzen dituzten normalizaziorako batzorde teknikoetako batean bederen parte hartzea.

-Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak antolatzen duen Q gauean parte hartzea, hala badagokio, edo bestela, ziurtagiriak banatzeko antolatzen den ekitaldian.

-Kalitatearen kultura bultzatu eta zabaltzea bere jarduketa esparruko turismo enpresetan. Horretarako, proposatzen diren jarduketen artean jasota gelditu beharko da Nafarroako eskualde desberdinetan bi orduko edo gehiagoko gutxienez bi aurkezpen jardunaldi eginen direla. Jardunaldietan kalitate sistemaren aurkezpen orokorra eginen da, eta q kalitate sistemaren bi arau ezberdinen garapen espezifikoa. Horretarako, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren bi ordezkaritzek 4 arau ezberdin adostu beharko dituzte, bakoitzak haietatik bi garatzeko.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Eskaera: langile tekniko propioak edo proiektuari espresuki atxikitako enpresa, kontsultei kasu egiteko ordutegia eta telefonoa, enpresak erakartzeko aurreikusitako jarduketak eta, zehazki, aurkezpen jardunaldiak egiteko aurreikusitako tokiak eta egunak, eta zein sektoretara bideratuko diren. Betiere, aurkezpenak egiteko behin betiko egunak eta tokiak Produktuen Garapenaren eta Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio egin baino gutxienez ere 20 egun lehenagotik.

-Justifikazioa: erantzundako kontsultei buruzko datuak, erreferentzialdian atxikitako establezimenduen zerrenda, aurkezpen jardunaldietan parte hartu dutenen zerrenda eta haien gaineko azken balorazioa.

a.2) Dagokion erakunde kudeatzaileak aholku teknikoa ematea Espainiako Kalitate Turistikoko Sistema Integralaren (SICTE delakoaren) barneko helmugen eta/edo produktuen proiektu bati atxikita dauden establezimendu edo enpresei. Horretarako, kontuan hartuko dira Jardunbide Onen Eskuliburua ezartzen ari diren eta 2012an dagokion diploma jasotzen duten establezimenduak eta diploma horri eusten diotenak, baldin eta lehenagotik beste deialdi edo hitzarmen batzuetako aholkularitza planetan aurreikusita ez badaude.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Eskaera: kontratatzen diren enpresa edo aholkulariak, edo teknikari propioak, proiektuari espresuki atxikiak, eta 2012an bereizgarriari eutsi edo bereizgarri hori jaso dezaketen establezimenduen zerrenda.

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza, eman diren laguntzen zerrenda eta establezimenduei eman zaizkien bereizgarrien kopia.

Atal honetan, hauexek izanen dira diruz laguntzen ahal diren gastuak: teknikariak kontratatzea, kontratatzen diren teknikariak edo bestelako teknikariak kalitate sistemen gaineko jarduketetara joateko dieten eta kilometroen gastuak, betiere horietara joatea justifikatua baldin badago, eta gai horretan teknikari propioak trebatzeko gastuak.

Kanpoko aholkularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko diruz laguntzen ahal den gastu gisa.

b) Nabarmenki turismoari lotutako gaiei buruzko prestakuntza jarduerak antolatzea alderdi tekniko eta profesionalean hobetzeko eta trebatzeko eta irisgarritasun edo ingurumen neurriak (energia berriztagarriak) ezagutzeko eta aplikatzeko turismoaren sektorean, baldin eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak antolatzen dituen jardueren edukiekin bat ez badatoz edo, horrela bada, departamentuaren oniritzia jasotzen badute. Prestakuntza bidaiek ere jaso dezakete diru-laguntza, prestakuntza ikastaro oso baten parte badira. Horrelakoetan, programa aurkeztu beharko da eta, bidaiaren kontzeptu gisa, diruz laguntzen ahal den gastu bezala, ikastaro osoaren aurrekontuaren %40 onartuko da gehienez.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: ikastaro(ar)en helburua, norentzat den, aurreikusitako tokiak eta egunak, aurreikusitako programa eta hizlariak eta, halakorik bada, ikastaroaren prezioa. Betiere, behin betiko programa gutxienez 15 egun lehenagotik jakinaraziko zaio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari.

Aurrekontuak behar bezala banakatuta egon beharko du, eta alokairuen, txostengileen, komunikazioaren, etab.en gastuak zehaztu beharko dira, halakorik bada. Aurrekontu horrek betiere koherentea eta proportzionala izan beharko du multzoan hartuta.

-Justifikazioa: emaitzak, hau da, azkenean emandako ikastaroak, parte-hartzaileen zerrenda eta azken balorazioa. Ikastaro bakoitzaren gogobetetze fitxaren kopia erantsiko da.

c) Produktuaren gaineko jarduketak.

c.1) Kidetuta dauden enpresen eta/edo erakundeen eskaintza edo ohiko zerbitzuak aberasten dituzten unean uneko ekintzak eta jarduerak. Ekintza horiek behar bezala zehaztuta egon beharko dute eta aurrekontua izan beharko dute; bidezkoa bada, onartzen den aurrekontuaren %20 onartuko da ekintzaren koordinazioagatik.

c.2) Turismoko produktu berriak diseinatu eta zehaztea. Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da balioa ematea baliabide propioei, hots, interes berezia eta turismoa erakartzeko ahalmena duten eta osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzu ukiezin zein ukigarrien multzo bati. Produktu horren asmoa denboran irautea izanen da, eta enpresa-sektorean diru-sarrera zuzenak zein zeharkakoak sortzeko gai ere izanen da. Nolanahi ere, enpresa-sektore horrek proiektuan modu aktiboan parte hartu beharko du.

"Produktu berriak diseinatu eta zehaztea" hau dela ulertzen da: produktua definitu eta egituratzea, hots, produktuaren alderdi kontzeptuala planifikatzea, honako hauek adierazita: asebete nahi den publiko objektiboa, lortu nahi diren helburuak, parte hartzen du(t)en zerbitzu-hornitzailea(k) eta erakundea(k) koordinatzeko jarduerak eta beharrezkoak diren komunikazio, banaketa eta sustapen jarduerak planifikatzea, behar bezalako argudio eta aurrekontuak adierazita (ez da inola ere aurreikusten inbertsio beharrak planifikatzea, eta egin beharreko jardueren zerrenda hutsa ez da diseinu gisa onartuko).

c.3) Turismoko produktua sendotzea, sendotzeko aurreikusten den gehieneko epea lau urtekoa dela.

Sendotzea produktua benetan finkatzea dela ulertzen da. Alde horretatik barnean hartzen ahal dira helburuak betetzeari buruzko koordinazio eta kontrolerako laguntza gastuak (onartutako aurrekontu osoaren %20 gehienez) eta beharrezkoak diren komunikazio, sustapen eta merkaturatzeko benetako gastu orokorrak.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera:

  • Unean uneko ekintza edo jarduerak: horien azalpena, aurrekontuan behar bezala hornituta.
  • Produktuak sortzea: labur azaldu beharko da sortu nahi den produktuaren ideia, honako hauek adierazita: eskuragarri dauden eta balioa eman nahi zaien baliabide ukigarri zein ukiezinak, zerbitzu eta hornitzaileak.
  • Produktuak sendotzea: produktuaren proiektua aurkeztu beharko da aurreko lerroetan planteatu den eskemaren arabera.

-Justifikazioa:

  • Unean uneko ekintza edo jarduerak: jardueraren memoria, kanpainaren emaitzen balorazioarekin.
  • Produktuak sortzea: amaierako dokumentua aurkeztu beharko da, produktuaren proiektua: produktuaren definizioa, publiko objektiboa, lortu nahi diren helburuak, aurrekontuaren barneko jardueren plana, aurrekontuaren barneko komunikazio eta sustapen plana, banatzeko modua, kontrola eta jarraipena, etab.
  • Produktuak sendotzea: kanpainaren memoria, eta horren barnean datu objektiboak, neurgarriak eta ebaluagarriak, eta bidezkoa bada, proiektua berrikusi edo doitzeko beharra, behar bezala justifikatuta. Koordinatzaileak egindako jarduketen memoria eta, bidezkoa bada, egin diren sustapen liburuxken, prentsa oharren, iragarkien, webguneen eta abarren aleak.

d) Turismoko ospakizunen eta ekitaldien antolaketa:

d.1) Interes turistiko nazionalekotzat deklaratu diren edo deklaratzeko prozesuan dauden ospakizun turistiko eta kulturalak antolatzea.

d.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak.

d.3) Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten turismo eta jai ekitaldiak antolatzea.

d.4) Nafarroako Kirolaren Institutuaren oniritzia duten kirol eta turismoko ekitaldiak.

Kasu guztietan, ospakizunaren gai nagusiak harreman estua izan beharko du elkarte sustatzailearekin. Ekitaldia bera zein antolatzen diren ekintza zehatzak orokorrak izanen dira, eta Nafarroatik kanpoko bisitari asko erakartzeko gaitasuna dutela frogatu beharko dute.

Sektore pribatuen finantza-laguntza frogatuta duten ekitaldiak baizik ez dira onartuko. Horren ondorioetarako, sektore pribatutzat jotzen dira ekitalditik onura ateratzen ahal duten guztiak -kidetuta egon edo ez egon-: tabernak, dendak, jatetxeak... baldin eta, beren ekarpenen emaitza gisa, beren establezimenduan dena delako ekitaldia finantzatzen lagundu dutela adierazten duen kartela jartzen ahal badute.

Deialdi honetan ez dira sartuko herrietako festetan, erromerietan, ibarreko festetan eta gisakoetan egindako ekitaldiak.

"Nafarroako interes turistikoko festa" gisa deklaratutako ekitaldien kasuan, azkeneko bost urteotan turismo eta merkataritzako zuzendaritza nagusiaren deialdietan aurkeztu direnak baizik ez dira onartuko. Interes turistikoa aitortu zaien gainerako festei dagokienez, interesa deklaratzearen ondorioz diseinatzen diren ohiz kanpoko jarduera edo jarduketak ere onartzen ahalko dira, ekitaldia aberastea edo hari balioa ematea helburu dutenak.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

-Ekitaldiaren ardatz nagusiarekin zuzenean lotutako antolaketa gastu orokorrak (ez dira diruz lagungarriak izanen produktuen saltokietako gastuak, ezta saltzaileen dietak ere).

-Ekitaldiko animazio ekintzak.

-Hizlarien eta gonbidatu berezien dietak (kazetarienak, idazleenak eta abarrenak), doako publizitateak egin dezaketenak, aintzat hartuko dira, baina ez opariak. Dieten gastuak ez dira 30 eurotik gorakoak izanen bazkari/afari bakoitzeko, edo 80 eurotik gorakoak, mantenu eta gosariagatik.

-Ekitaldia koordinatzeko kanpoko laguntzaren kontrataziorako gastuak, onartzen den guztirako aurrekontuaren %10era arte gehienez (hirugarrenei zerbitzuak kontratatzeko bitartekaritzarik ez da onartuko).

-Komunikazio eta publizitate gastuak, ekitaldi osoko gastuen %33ra arte.

-Gai nagusia elkarte batek sustatzen duen produktu gastronomiko bat baldin bada, diruz laguntzen ahal den gastutzat hartuko da sustatzen den lehengaia, Nafarroan ekoitzia, eta hura elaboratzeko oinarrizko osagaiak, betiere gastu horiek (osagaiak eta elaborazioa) onartutako aurrekontu osoaren %30 gainditzen ez badute. Herri edo erakunde bazkarietako, kontzertuetako edo gaueko dantzaldietako gastuak ez dira aintzat hartuko.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: ekitaldia azaltzeko memoria laburra, ondokoak adieraziz: ekitaldiaren ardatz nagusia, jardueren gutxi gorabeherako programa, lortu nahi den helburua, egunak eta tokiak, hizlarien kopurua, gonbidatuak, aurreikusitako epaimahaikideak eta, halakorik badago, laguntzaile boluntarioak. Era berean, ekitaldian finantza-laguntza emateko prest dauden establezimenduak eta/edo merkatariak adierazi beharko dira, eta bakoitzak egin asmo duen ekarpena.

Aurrekontua behar bezala xehakatuta aurkeztu behar da, gastuak gutxienez kontzeptu hauetan bilduz: antolaketaren gastu orokorrak, laguntza teknikoa, gonbidatuen dietak, animaziorako ekintzak, elikagaiak, sustapen eta komunikaziorako ekintzak. Aurrekontu horrek betiere koherentea eta proportzionala izan beharko du, multzo osoa kontuan hartuta.

-Justifikazioa: ekitaldiaren memoria baloratua, zenbakia behar bezala jarrita duten eta lehenago azaldutako kontzeptuen arabera taldekatuta dauden fakturen zerrenda, argitaratu den material grafikoaren ale bat eta, bidezkoa bada, prentsa-oharren, irrati-iragarkien eta egin den gainerako publizitatearen kopia bana.

e) Bisiten antolaketa.

e.1) Bisita antzeztuak eta/edo tematizatuak.

Kontzeptu horren barrenean aurretiko produkzio-gastuak onartzen ahalko dira: gidoia idaztea, jantziak, girotzea, etab., baita gerora eszenaratzeko gastuak ere.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Eskaera: bisitetarako aurreikusten diren egun eta orduak, eszenatokiak eta eginen diren ekitaldi historiko edo tematikoak eta aurrekontu xehakatua, non bereiziko baitira, alde batetik, gidoia idazteak sortzen ahal dituen gastuak, eta bestetik, jantzien edo bestelako elementuen eta eszenaratzeko beharrezkoak diren antzezleen gastuak.

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza, eta zehazki, bisita bakoitzean egon diren pertsonen kopurua eta kanpainaren balorazio objektiboa.

e.2) Bisita gidatuak antolatzea:

Bisita horiek, nolanahi ere, eskualdeko turismo aktibo edo kulturaleko enpresek normalean eskaintzen ahal dituzten bisiten osagarriak eta beste mota batekoak izanen dira.

Kontratua eta ordainketa (langile propioak badira, nominaren ordainketa, eta enpresa baten bidez kontratatzen badira, fakturaren ordainketa) entitate eskatzaileek egin beharko dituzte.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: aurreikusitako egunak, orduak, tokia eta/edo ibilbidea, horren azalpen laburra, informazioguneak eta/edo txartelen salmenta. Bisitak gidatuko dituzten langileak (horretarako kontratatutako langile propioak edo enpresa).

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza eta balorazioa.

Jarduera leku publikoetan egitea proposatzen den kasuetan, eskualdean turismoan behar bezala erregistratutako turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren bat badago, aintzat hartu beharko da, eta langile propioak kontratatzea onartuko da soilik enpresa horrek jarduera egiteko interesik ez badu.

1.1.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Funts galdurako diru-laguntza:

-a) kontzeptua. Kalitatea: %70era arteko diru-laguntza. Gehienez aurrekontu hauek onartuko dira:

a.1) Kalitatea (EKTI): 35.000 euroko aurrekontua (gehieneko diru-laguntza: 24.500 euro), xehetasun hauen arabera:

  • 16.500 euroko aurrekontua (gehieneko diru-laguntza: 11.550 euro), jarduketa orokorrengatik.
  • 4.000 euroko aurrekontua (gehieneko diru-laguntza: 2.800 euro), jardunaldi bakoitzarengatik.
  • 900 euro, ordezkaritzaren bitartez EKTIra egiten den atxikipen bakoitzeko (gehieneko diru-laguntza. 630 euro).

a.2) Kalitatea (SICTED): 33.000 euro (gehieneko diru-laguntza: 23.100 euro), xehetasun hauen arabera:

  • 900 euroko aurrekontua atxikitzen den establezimendu berri bakoitzeko (gehieneko diru-laguntza: 630 euro).
  • 500 euro atxikipena berritzeagatik, 2 urterako gehienez (gehieneko diru-laguntza: 350 euro).

-b) kontzeptua. Prestakuntza: %70era arteko diru-laguntza. Gehienez 15.000 euroko aurrekontua onartuko da prestakuntza ikastaroetan (gehieneko diru-laguntza: 10.500 euro).

-c) kontzeptua. Turismoko produktuaren gaineko jarduerak:

c.1) Unean uneko ekintzak edo jarduerak: %40ra arteko diru-laguntza. Gehienez 5.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 2.000 euro).

c.2) Sortzea: %70era arteko diru-laguntza. Gehienez 5.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 3.500 euro).

c.3) Sendotzea: %60ra arteko diru-laguntza. Gehienez 12.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 7.200 euro).

-d) kontzeptua. Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa:

d.1) Interes turistikotzat deklaratutako ospakizunak: %80ra arteko diru-laguntza. Gehienez 45.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 36.000 euro).

d.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak: %70era bitarteko diru-laguntza.

d.3) Helburu eta ikuspegi turistiko garbia duten ekitaldi turistiko eta festa girokoak: %50era bitarteko diru-laguntza.

d.4) Kirol eta turismo arloko ekitaldiak: %25era arte gehienez.

Azkeneko hiru kasu horietan, ekitaldi bakoitzeko onartuko den aurrekontua ez da 2010. urtean onartu eta justifikatutakoa baino handiagoa izanen, eta ekitaldi berrien kasuan, 15.000 eurotik gorakoa ere ez.

-e) kontzeptua. Bisiten antolaketa:

e.1) Bisita antzeztuak eta/edo tematizatuak: %60ra arteko diru-laguntza. Gehieneko aurrekontu hauek onartuko dira:

  • 11.000 euroko aurrekontua (gehieneko diru-laguntza: 6.600 euro) gidoia idazteko, jantzietarako eta girotzeko gastuetarako (lehenengo urtean).
  • 180 euroko aurrekontua bisita bakoitzeko (diru-laguntza: 108 euro), gehienez 15 bisita.

e.2) Bisita gidatuen antolaketa: %60ra bitarteko diru-laguntza. Gehienez ere 35 bisita onartuko dira, eta bisita bakoitzeko, aurrekontu hauek:

  • 40 euro, 2 ordu arteko bisiten kasuan (24 euroko diru-laguntza).
  • 65 euro, egun erdiko bisiten kasuan, 3 ordutik gorakoak (39 euroko diru-laguntza).

Laguntzen muga: elkarte berak ezin izanen du 50.000 euro baino gehiago jaso, laguntza gisa, deialdi honetako jarduketetarako eta "Turismoko marketina" izenekoetarako (kalitatearen ataleko laguntzak izan ezik).

1.2. Toki entitateentzako eta partzuergo turistikoentzako laguntzak.

Deialdi honetarako gehienez 250.000 euro bideratuko dira, 2012ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak turismo jarduketetarako" izeneko A10001 A1130 4609 432300 kontu-sailaren kargura.

EPIGRAFEA/KONTZEPTUA

EHUNEKOA

EURO

a) Kalitatearen arloko jarduketak

%9

22.500

b) Prestakuntza jardueren antolaketa

%4

10.000

c) Produktuaren gaineko jarduketak

%7

17.500

d) Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

%70

175.000

e) Bisitak

%10

25.000

GUZTIRA:

%100

250.000

Dena den, espedienteak berrikusi eta deialdia ebazteko proposamena egin ondoren atalen batean gerakinik baldin badago, gainerako ataletako diruari gehitzen ahalko zaio, epigrafeetan ezarritako ordena berean.

Diru kopuru hori handitzen ahalko da, deialdi honetako beste atal batzuk eta programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuko kontu-sailean diru erabilgarri gehiago izanez gero.

Eman beharreko laguntza guztien zenbatekoa atal bakoitzean ezarritako aurrekontu-kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanaketa lineala eginen da modu proportzionalean.

Betiere, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua handitzen ahalko da gerakin berria agortu arte edo, hainbanatu beharrik gabe bakoitzari zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

1.2.1. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira Nafarroako toki entitateak eta Nafarroan helbideraturik dauden partzuergo turistikoak, deialdi hau argitaratzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik badaude eta deialdi honen indarraldia bukatu arte, gutxienez, inskribaturik segitzen badute. Partzuergo turistiko horiek toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek osatuak izan beharko dute eta beren jarduketa eremuan turismoa garatzea izan beharko dute xede.

1.2.2. Laguntzaren xedea.

Laguntza jasoko dute ondoko atalei buruz garatzen diren proiektuek:

a) Kalitatearen arloko jarduketak:

Dagokion erakunde kudeatzaileak aholku teknikoa ematea SICTEren barneko kalitatezko helmuga baten proiektu bati eta/edo Estatuko Turismo Idazkaritzaren produktu bati atxikita dauden establezimendu edo enpresei. Horretarako, kontuan hartuko dira Jardunbide Onen Eskuliburua edo pareko bat ezartzen ari diren eta 2012an dagokion diploma jasotzen duten establezimenduak/erakundeak, eta diploma horri eusten diotenak, baldin eta lehenagotik beste deialdi edo hitzarmen batzuetako aholkularitza planetan aurreikusita ez badaude.

Kontzeptu horrengatik partzuergo turistikoek egiten dituzten eskaerak onartuko dira, besterik ez.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Eskaera: kontratatzen den enpresa edo aholkulariak edo langile tekniko propioak, proiektuari espresuki atxikiak, eta 2012an bereizgarriari eutsi edo bereizgarri hori jaso dezaketen establezimenduen zerrenda.

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza eta establezimenduei emandako bereizgarrien kopia.

Atal honetan, hauexek izanen dira diruz laguntzen ahal diren gastuak: teknikariak kontratatzea, kontratatzen diren teknikariak edo bestelako teknikariak kalitate sistemen gaineko jarduketetara joateko dieten eta kilometroen gastuak, betiere horietara joatea justifikatua baldin badago, eta gai horretan teknikari propioak trebatzeko gastuak.

Kanpoko aholkularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko diruz laguntzen ahal den gastu gisa.

b) Nabarmenki turismoari lotutako gaiei buruzko prestakuntza jarduerak antolatzea alderdi tekniko eta profesionalean hobetzeko eta trebatzeko, eta irisgarritasun edo ingurumen neurriak (energia berriztagarriak) ezagutzeko eta aplikatzeko turismoaren sektorean, baldin eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak antolatzen dituen jardueren edukiekin bat ez badatoz edo, horrela bada, departamentuaren oniritzia jasotzen badute. Prestakuntza bidaiek ere jaso dezakete diru-laguntza, prestakuntza ikastaro oso baten parte badira. Horrelakoetan, programa aurkeztu beharko da eta, bidaiaren kontzeptu gisa, diruz laguntzen ahal den gastu bezala, ikastaro osoaren aurrekontuaren %40 onartuko da gehienez.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: ikastaro(ar)en helburua, norentzat den, aurreikusitako tokiak eta egunak, aurreikusitako programa eta hizlariak eta, halakorik bada, ikastaroaren prezioa. Betiere, behin betiko programa gutxienez 15 egun lehenagotik jakinaraziko zaio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari.

Aurrekontuak behar bezala banakatuta egon beharko du, eta alokairuen, txostengileen, komunikazioaren, etab.en gastuak zehaztu beharko dira, halakorik bada. Aurrekontu horrek betiere koherentea eta proportzionala izan beharko du multzoan hartuta.

-Justifikazioa: emaitzak, hau da, azkenean emandako ikastaroak, parte-hartzaileen zerrenda eta azken balorazioa. Ikastaro bakoitzaren gogobetetze fitxaren kopia erantsiko da.

c) Partzuergo turistikoek produktuaren gainean egindako jarduketak:

c.1) Kidetuta dauden enpresen eta/edo erakundeen eskaintza edo ohiko zerbitzuak aberasten dituzten unean uneko ekintzak eta jarduerak. Ekintza horiek behar bezala zehaztuta egon beharko dute eta aurrekontua izan beharko dute; bidezkoa bada, onartzen den aurrekontuaren %20 onartuko da ekintzaren koordinazioagatik.

c.2) Turismoko produktu berriak diseinatu eta zehaztea. Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da balioa ematea baliabide propioei, hots, interes berezia eta turismoa erakartzeko ahalmena duten eta osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzu ukiezin zein ukigarrien multzo bati. Produktu horren asmoa denboran irautea izanen da, eta enpresa-sektorean diru-sarrera zuzenak zein zeharkakoak sortzeko gai ere izanen da. Nolanahi ere, enpresa-sektore horrek proiektuan modu aktiboan parte hartu beharko du.

"Produktu berriak diseinatu eta zehaztea" hau dela ulertzen da: produktua definitu eta egituratzea, hau da, produktuaren alderdi kontzeptuala planifikatzea, honako hauek adierazita: asebete nahi den publiko objektiboa, lortu nahi diren helburuak, parte hartzen du(t)en zerbitzu-hornitzailea(k) eta erakundea(k) koordinatzeko jarduerak eta beharrezkoak diren komunikazio, banaketa eta sustapen jarduerak planifikatzea, behar bezalako argudio eta aurrekontuak adierazita (ez da inola ere aurreikusten inbertsio beharrak planifikatzea, eta egin beharreko jardueren zerrenda hutsa ez da diseinu gisa onartuko).

c.3) Turismoko produktua sendotzea, sendotzeko aurreikusten den gehieneko epea lau urtekoa dela.

Sendotzea produktua benetan finkatzea dela ulertzen da. Alde horretatik barnean hartzen ahal dira helburuak betetzeari buruzko koordinazio eta kontrolerako laguntza gastuak (onartutako aurrekontu osoaren %20 gehienez) eta beharrezkoak diren komunikazio, sustapen eta merkaturatzeko benetako gastu orokorrak.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera:

  • Unean uneko ekintza edo jarduerak: horien azalpena, aurrekontuan behar bezala hornituta.
  • Produktuak sortzea: labur azaldu beharko da sortu nahi den produktuaren ideia, honako hauek adierazita: eskuragarri dauden eta balioa eman nahi zaien baliabide ukigarri zein ukiezinak, zerbitzu eta hornitzaileak.
  • Produktuak sendotzea: produktuaren proiektua aurkeztu beharko da aurreko lerroetan planteatu den eskemaren arabera.

-Justifikazioa:

  • Unean uneko ekintza edo jarduerak: jardueraren memoria, kanpainaren emaitzen balorazioarekin.
  • Produktuak sortzea: amaierako dokumentua aurkeztu beharko da, produktuaren proiektua: produktuaren definizioa, publiko objektiboa, lortu nahi diren helburuak, aurrekontuaren barneko jardueren plana, aurrekontuaren barneko komunikazio eta sustapen plana, banatzeko modua, kontrola eta jarraipena, etab.
  • Produktuak sendotzea: kanpainaren memoria, eta horren barnean datu objektiboak, neurgarriak eta ebaluagarriak, eta bidezkoa bada, proiektua berrikusi edo doitzeko beharra, behar bezala justifikatuta. Koordinatzaileak egindako jarduketen memoria eta, bidezkoa bada, egin diren sustapen liburuxken, prentsa oharren, iragarkien, webguneen eta abarren aleak.

d) Turismoko ospakizunen eta ekitaldien antolaketa.

d.1) Interes turistiko nazionalekotzat deklaratu diren edo deklaratzeko prozesuan dauden ospakizun turistiko eta kulturalak antolatzea.

d.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak.

d.3) Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten turismo eta jai ekitaldiak antolatzea.

d.4) Nafarroako Kirolaren Institutuaren oniritzia duten kirol eta turismoko ekitaldiak.

Kasu guztietan, ospakizunaren gai nagusiak harreman estua izan beharko du entitate sustatzailearekin. Ekitaldia bera zein antolatzen diren ekintza zehatzak orokorrak izanen dira, eta Nafarroatik kanpoko bisitari asko erakartzeko gaitasuna dutela frogatu beharko dute.

Sektore pribatuen finantza-laguntza frogatuta duten ekitaldiak baizik ez dira onartuko. Horren ondorioetarako, sektore pribatutzat jotzen dira ekitalditik onura ateratzen ahal duten guztiak -kidetuta egon edo ez egon-: tabernak, dendak, jatetxeak... baldin eta, beren ekarpenen emaitza gisa, beren establezimenduan dena delako ekitaldia finantzatzen lagundu dutela adierazten duen kartela jartzen ahal badute.

Deialdi honetan ez dira sartuko herrietako festetan, erromerietan, ibarreko festetan eta gisakoetan egindako ekitaldiak.

"Nafarroako interes turistikoko festa" gisa deklaratutako ekitaldien kasuan, azkeneko bost urteotan turismo eta merkataritzako zuzendaritza nagusiaren deialdietan aurkeztu direnak baizik ez dira onartuko. Interes turistikoa aitortu zaien gainerako festei dagokienez, interesa deklaratzearen ondorioz diseinatzen diren ohiz kanpoko jarduera edo jarduketak ere onartzen ahalko dira, ekitaldia aberastea edo hari balioa ematea helburu dutenak.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

-Ekitaldiaren ardatz nagusiarekin zuzenean lotutako antolaketa gastu orokorrak (ez dira diruz lagungarriak izanen produktuen saltokietako gastuak, ezta saltzaileen dietak ere).

-Ekitaldiko animazio ekintzak.

-Hizlarien eta gonbidatu berezien dietak (kazetarienak, idazleenak eta abarrenak), doako publizitateak egin dezaketenak, aintzat hartuko dira, baina ez opariak. Dieten gastuak ez dira 30 eurotik gorakoak izanen bazkari/afari bakoitzeko, edo 80 eurotik gorakoak, mantenu eta gosariagatik.

-Ekitaldia koordinatzeko kanpoko laguntzaren kontrataziorako gastuak, onartzen den guztirako aurrekontuaren %10era arte gehienez (hirugarrenei zerbitzuak kontratatzeko bitartekaritzarik ez da onartuko).

-Komunikazio eta publizitate gastuak, ekitaldi osoko gastuen %33ra arte.

-Gai nagusia elkarte batek sustatzen duen produktu gastronomiko bat baldin bada, diruz laguntzen ahal den gastutzat hartuko da sustatzen den lehengaia, Nafarroan ekoitzia, eta hura elaboratzeko oinarrizko osagaiak, betiere gastu horiek (osagaiak eta elaborazioa) onartzen den aurrekontu osoaren %30 gainditzen ez badute. Herri edo erakunde bazkarietako, kontzertuetako edo gaueko dantzaldietako gastuak ez dira aintzat hartuko.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: ekitaldia azaltzeko memoria laburra, ondokoak adieraziz: ekitaldiaren ardatz nagusia, lortu nahi den helburua, aurreikusitako programa, egunak eta tokiak, hizlarien kopurua, gonbidatuak, aurreikusitako epaimahaikideak eta, halakorik badago, laguntzaile boluntarioak. Era berean, ekitaldian finantza-laguntza emateko prest dauden establezimenduak eta/edo merkatariak adierazi beharko dira, eta bakoitzak egin asmo duen ekarpena.

Aurrekontua behar bezala xehakatuta aurkeztu behar da, gastuak gutxienez kontzeptu hauetan bilduz: antolaketaren gastu orokorrak, laguntza teknikoa, gonbidatuen dietak, animaziorako ekintzak, elikagaiak, sustapen eta komunikaziorako ekintzak. Aurrekontu horrek betiere koherentea eta proportzionala izan beharko du, multzo osoa kontuan hartuta.

-Justifikazioa: ekitaldiaren memoria baloratua, zenbakia behar bezala jarrita duten eta lehenago azaldutako kontzeptuen arabera taldekatuta dauden fakturen zerrenda, argitaratu den material grafikoaren ale bat eta, bidezkoa bada, prentsa-oharren, irrati-iragarkien eta egin den gainerako publizitatearen kopia bana.

e) Bisiten antolaketa:

e.1) Bisita antzeztuak eta/edo tematizatuak.

Kontzeptu horren barrenean aurretiko produkzio-gastuak onartzen ahalko dira: gidoia idaztea, jantziak, girotzea, etab., baita gerora eszenaratzeko gastuak ere. Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Eskaera: bisitetarako aurreikusten diren egun eta orduak, eszenatokiak eta eginen diren ekitaldi historiko edo tematikoak eta aurrekontu xehakatua, non bereiziko baitira, alde batetik, gidoia idazteak sortzen ahal dituen gastuak, eta bestetik, jantzien edo bestelako elementuen eta eszenaratzeko beharrezkoak diren antzezleen gastuak.

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza, eta zehazki, bisita bakoitzean egon diren pertsonen kopurua eta kanpainaren balorazio objektiboa.

e.2) Bisita gidatuak antolatzea eta interes turistiko eta kulturaleko monumentu edo etxeak irekitzea, baldin eta eskualdeko turismo aktiboko edo turismo kulturaleko enpresen ohiko eskaintzaren barrenean ez dauden 8 bisita gidatu gutxienez aurreikusten badira programan. Bisitak turismo partzuergo batek antolatzen baditu, bisitak partzuergoaren eragin eremuko herri eta/edo gune bat baino gehiago bisitatzeko izanen dira.

Kontratua eta ordainketa (langile propioak badira, nominaren ordainketa, eta enpresa baten bidez kontratatzen badira, fakturaren ordainketa) entitate eskatzaileak egin beharko ditu.

Deialditik kanpo daude eragileak kontratatzeko eskaerak.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: herri eta/edo gune turistikoak, horien azalpen laburra, gutxi gorabeherako orduak eta egunak, eta informazioguneak eta/edo txartelak saltzeko tokiak. Bisitak gidatuko dituzten langileak (horretarako kontratatutako langile propioak edo enpresa).

-Justifikazioa: kanpainaren emaitza eta balorazioa.

-Eskualdean turismo erregistroan behar bezala erregistratutako turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresaren bat badago, kontuan hartu beharko da, eta langile propioak kontratatzea onartuko da soilik enpresa horrek jarduera egiteko interesik ez badu.

1.2.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Funts galdurako diru-laguntza:

-a) kontzeptua, kalitatea (SICTED delakoa edo produktuak): %70era bitarteko diru-laguntza. Onartuko den gehieneko aurrekontua 33.000 eurokoa izanen da (23.100 euro), xehetasun honen arabera:

  • 900 euroko aurrekontua establezimendu berri bakoitzeko (gehieneko diru-laguntza: 630 euro).
  • 500 euro atxikipena berritzeagatik, 2 urterako gehienez (gehieneko diru-laguntza: 350 euro).

-b) kontzeptua. Prestakuntza: %60ra arteko diru-laguntza. Gehienez 10.000 euroko aurrekontua onartuko da prestakuntza ikastaroetan (gehieneko diru-laguntza: 6.000 euro).

-c) kontzeptua. Turismoko produktuaren gaineko jarduerak:

c.1) Unean uneko ekintzak edo jarduerak: %40ra arteko diru-laguntza. Gehienez 5.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 2.000 euro).

c.2) Sortzea: %60ra arteko diru-laguntza. Gehienez 6.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 3.600 euro).

c.3) Sendotzea: %60ra arteko diru-laguntza. Gehienez 20.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 12.000 euro).

-d) kontzeptua. Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

d.1) Interes turistikotzat deklaratutako ospakizunak: %80ra arteko diru-laguntza. Gehienez 45.000 euroko aurrekontua onartuko da (gehieneko diru-laguntza: 36.000 euro).

d.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak: %70era arteko diru-laguntza.

d.3) Helburu eta ikuspegi turistiko garbia duten ekitaldi turistiko eta festa girokoak: %50era arteko diru-laguntza.

d.4) Kirol eta turismo arloko ekitaldiak: %25era arte gehienez.

Azkeneko hiru kasu horietan, ekitaldi bakoitzeko onartuko den aurrekontua ez da 2010. urtean onartu eta justifikatutakoa baino handiagoa izanen, eta ekitaldi berrien kasuan, 15.000 eurotik gorakoa ere ez.

Azkeneko hiru kasu horietan, ehuneko horiek aplikatuko dira baldin eta partzuergoek edo 5 udal edo gehiagoko batasunek antolatutako eta justifikatutako ekitaldiak badira (udal bakoitzak gutxienez %10eko parte-hartzea izan behar du) eta haiek urtean gutxienez 3 ekitaldi antolatzen badituzte toki eta egun desberdinetan.

Ekitaldiak udal bakar batek antolatu eta justifikatzen dituenean, ehunekoak %25era arte murriztuko dira d.2) ataleko kasuan, %15era, d.3) ataleko kasuan, eta %10era, d.4) ataleko kasuan.

-e) kontzeptua. Bisiten antolaketa:

e.1) Bisita antzeztuak eta/edo tematizatuak: %60ra arteko diru-laguntza. Gehieneko aurrekontu hauek onartuko dira:

  • 11.000 euroko aurrekontua (gehieneko diru-laguntza: 6.600 euro) gidoia idazteko, jantzietarako eta girotzeko gastuetarako (lehenengo urtean soilik).
  • 180 euroko aurrekontua bisita bakoitzeko (diru-laguntza: 108 euro), gehienez 15 bisita.

e.2) Bisita gidatuak antolatzea:

  • Partzuergoak: %60ra arteko diru-laguntza. Gehienez 150 bisita onartuko dira.
  • Udalak: %40ra arteko diru-laguntza. Gehienez 25 bisita onartuko dira.

-Kasu bietan, hau da onartuko den gehieneko aurrekontua:

  • 40 euro, 2 ordu arteko bisiten kasuan (24 euroko diru-laguntza).
  • 65 euro, egun erdiko bisiten kasuan, 3 ordutik gorakoak (39 euroko diru-laguntza).

1.3. Partzuergo turistikoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko.

Deialdi honetarako gehienez 120.000 euro bideratuko dira, 2012ko gastuen aurrekontuko "Partzuergoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko" izeneko A10001 A1130 4609 432304 kontu-sailaren kargura.

Eman beharreko laguntza guztien zenbatekoa atal bakoitzean ezarritako aurrekontu-kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanaketa lineala eginen da modu proportzionalean.

Betiere, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua handitzen ahalko da gerakin berria agortu arte edo, hainbanatu beharrik gabe bakoitzari zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

1.3.1. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak Nafarroan helbideraturik dauden partzuergo turistikoak izaten ahalko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik badaude eta deialdi honen indarraldia bukatu arte, gutxienez, inskribaturik segitzen badute. Partzuergo turistiko horiek toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek osatuak izan beharko dute eta beren jarduketa eremuan turismoa garatzea izan beharko dute xede.

1.3.2. Laguntzaren xedea.

Atal honen bidez, laguntza emanen da deialdi honetan adierazitako jarduketak egiten dituzten partzuergoen kudeaketa gastuetarako, 1.2 atalean azaltzen diren ehuneko eta mugen arabera.

Kontzeptu honetan, zuzenean kontratatzen diren langileen kostuak izanen dira diruz laguntzeko onartuko diren gastu bakarrak.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

-Eskaera: kudeaketa arloak, oro har, jorratzen dituen eginkizunen laburpena eta deialdian aurkeztutako jarduketen aipamena, bakoitzaren aurrekontu orokorra adieraziz.

-Justifikazioa: partzuergoak turismo arloan deialdiaren erreferentzialdian egindako jarduketa nagusien memoria (deialdian sartu direnak eta besteak).

1.3.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Partzuergoen kudeatzailetza kontratatzea: %70era arteko diru-laguntza. Onartuko diren gehieneko aurrekontuak hauek dira:

a) 6.500 biztanle edo gehiago biltzen dituzten partzuergoak:

-45.700,00 euroko aurrekontua urtean edo horren zati proportzionala (gehienez ere 31.990,00 euroko diru-laguntza), deialdi honetan aurreikusitako jarduketetarako 50.000,00 eurotik gorako aurrekontua aurkezten duten partzuergoentzat (gutxienez 7 jarduketa).

-40.000,00 euroko aurrekontua urtean edo horren zati proportzionala (gehienez ere 28.000,00 euroko diru-laguntza), deialdi honetan aurreikusitako jarduketetarako 30.000,00 eurotik gorako baina 50.000,00 eurotik beherako aurrekontua aurkezten duten partzuergoentzat (gutxienez 5 jarduketa).

-28.000,00 euroko aurrekontua urtean edo horren zati proportzionala (19.600,00 euro), jarduketen kopurua aurreko puntuan aipatutako zenbatekoetara iritsi ez arren, horietarako onartzen den aurrekontua 15.000,00 eurotik gorakoa bada.

b) 6.500 biztanle baino gutxiago biltzen dituzten partzuergoak:

-13.000,00 euroko aurrekontua urtean edo horren zati proportzionala (9.000,00 euro), deialdi honetan aurreikusitako jarduketetarako 15.000,00 eurotik gorako aurrekontua aurkezten duten partzuergoentzat.

2. Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskaerak.

Eskaera egiteko, horretarako berariaz ezarrita dagoen inprimakia bete beharko da. Inprimakia eskura dago Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/servicios/temas/29/Turismo.

Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoarekin. Identifikatzeko, ziurtapen digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkua behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 guneak ditu haien esku, Iruñeko Orreaga etorbideko 11n eta Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtapen digitala izatea.

Dokumentazio hori euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

2.2. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko du proiektua garatzeko asmoa duen entitateak.

Proiektua zenbait entitatek batera garatu behar dutenean, aukera hauek izanen dira:

a) Proiektuaren exekuzioa bere gain hartzen duenak aurkeztea eskaera; halakoetan, sortzen diren gastuak exekuzioa bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu. Halaber, eskaeran azalduko da alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den, bai eta horien legezko ordezkarien sinadura ere.

b) Proiektua garatuko duten entitateek eskaera batera aurkeztea; bakoitzaren partaidetza zehaztuko da, eta legezko ordezkarien sinadura jarriko. Halako kasuetan entitate parte-hartzaile bakoitzari emanen zaio dirua, bere partaidetzaren proportzioan; gastuen frogagirietan entitate bakoitza ordaintzaile gisa agertuko da.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea.

Diru-laguntza eskaerak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkezten ahalko dira.

2.4. Dokumentazioa.

Eskaerari dokumentazio hau erantsiko zaio:

Entitateari edo entitateei dagokien dokumentazioa:

-Identifikazio Fiskaleko Kodea.

-Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Mendekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea diru-laguntzaren jasotzaile izendatu.

-Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

Proiektuaren azalpen memoria, atal bakoitzean adierazitako zehaztapenei jarraikiz.

Kontzeptuen araberako gastuen aurrekontu xehakatua.

Gastuen aurrekontu xehakatua entitate eskatzaile bakoitzerako, halakorik bada; entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak adieraziko dira, bai eta gastuetan zenbateko parte-hartzea duen ere, kostua eta mota zehaztuta.

c) Proiektuak egoki zehazteko behar diren beste agiri batzuk.

d) Eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek proiektu bererako emandako laguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelako dirurik jaso ez badu, horren berri eman beharko du.

Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

3. Kontzesioaren tramitazioa.

Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Bidezkoa bada, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak dagokion txostena eskatuko dio Nafarroako Kirolaren Institutuari.

Eskaerak aztertuta, diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira eta interesdunek adierazten duten helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko dira, interesdunek, jaso beharreko laguntzekin proiektuak ezin direla bideratu uste badute, eskaerari uko egiten diotela jakinaraz dezaten 10 eguneko epean gehienez.

Epe hori bukatutakoan, Turismo eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarri bezala.

Deialdia ebazteko 3 hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Proiektuaren garapenarekin zuzeneko lotura duten kanpoko gastu guztiak dira diruz lagungarriak, hirugarrenek fakturatuak badira. Beraz, ez dira lagungarriak izanen langile propioei dagozkien gastuak (kalitatea, produktua sendotzeko laguntza, kudeaketa eta bisita gidatuak izan ezik) eta entitatearen ohiko funtzionamendu gastuak, ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada.

5. Aurrerakina eta ordainketa.

Proiektuen garapena arintzearren eta aurreikusitako epeak betetzen laguntzearren, laguntza hauen onuradunek 2012. urteko beren aurrekontuetan ez dutenez behar adina funts, beharrezkoa da diru-laguntzaren %50eko aurrerakina ematea. Laguntza ematearekin batera ordainduko da aurrerakina eta, 60.000,00 eurotik gorakoa denean aurrerakin hori, berme bat ezarriko da.

Diru-laguntzaren gainerako zatia ordaintzeko, onuradunek horretarako ezarrita dagoen justifikazio inprimakia bete beharko dute, eta 2012ko urriaren 15a baino lehen aurkeztu, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duen dokumentazioarekin batera. Hau da:

-Gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta egindako jarduerak osorik ordaindu direla frogatzen duten agiriak, hau da, nominak eta langileen gastuak eta fakturak, fakturatutako kontzeptuak beraien sozietatearen xedeen artean dituzten pertsona fisiko edo juridikoek luzatuak. Ordainketa egin dela frogatzen duten banku agiriak ere aurkeztu behar dira, Fakturazioko betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren arabera. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak emanen duen inprimakia aurkeztu beharko da. Bertan zehatz-mehatz adieraziko dira diru-laguntzen xede diren proiektuak.

-Diruz lagundutako jardueren memoria eta aurreikusitako helburuen betetze maila baloratuko duen azken balorazioa, atal bakoitzean adierazten diren zehaztapenei jarraikiz.

-Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena.

-Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta, bidezkoa bada, hedabide horietan jarri den publizitatea.

-Diru-laguntza jaso duen kontzeptuarekin harremana duen sustapen material guztiaren ale bat eta/edo webguneetan eta antzekoetan txertatuta dagoen informaziorako loturak.

Dokumentazio hori euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioaren bidez egiaztatzen bada proiektuaren %75 baino gutxiago burutu dela, eta hori justifikatzeko arrazoirik ez badago, proiektuak laguntza jasotzeko oinarria galdu duela ulertuko da eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

6. Onuradunen betebeharrak.

6.1. Gastuen justifikazioa fakturen kopia eta ordainketaren banku agiriak aurkeztuz eginen da (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko). Fakturazioko betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak izanen dira fakturak. Frogagiri horiek guztiak zenbakiaren arabera ordenatuko dira eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/ helbidean eskuragai jarriko duen inprimakiarekin batera aurkeztuko dira (inprimakia behar bezala bete behar da).

Dokumentazio hori euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

6.2. Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari 2012ko ekainaren 30a baino lehen. Hala egiten ez badu, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.

6.3. Idatzizko kontratua, azpikontratatutako jarduera 60.000,00 eurotik gorakoa denean.

6.4. Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horretarako sortzen diren euskarri guztietan ikur turistikoa erabili beharko da Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideei jarraikiz, baita Nafarroako Gobernuaren logoa ere, "diru-laguntza eman duten erakundeak" izeneko berariazko atal batean. Nolanahi ere taldekatu egin beharko dira erakundeen logoak edo markenak diren kontuan hartuta, eta eman duten diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta.

6.5. Deialdi honen xede diren proiektuei buruzko argitalpenak (proiektuen parte direnak) Nafarroari buruzko irudi bakarra zabaltzeko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen jarraibideen arabera egin beharko dira.

6.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak.

6.7. Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horri zuzendutako eskabideen bidez egin beharko dira, eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

6.8. Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

7. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honen aplikazioaren ondorioz ematen diren laguntzak eta onuradunak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren webgunean emanen dira jakitera.

8. Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan ezarritako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak, osorik edo partez.

9. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal dituzten beste laguntza guztiekin, salbu eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren beraren gainerako laguntzekin.

Onuradunak hartutako laguntzen eta sarreren zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa baldin bada, deialdiko laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoan.

10. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Halaber, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean''.

Iragarkiaren kodea: F1202110