238. ALDIZKARIA - 2012ko abenduaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1156/2012 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, apirilaren 13ko 480/2012 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 13an emandako 480/2012 Ebazpenaren bidez, 2013an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Aipatu ebazpenean, 700.000 euroko gehieneko gastua baimendu zen, "Ibaien hobekuntza eta lan hidraulikoak" izeneko 740003-74300-7609-452100 kontu-sailaren kargura, behar adinako kreditu egokia izatearen baldintzapean.

2013ko ekitaldiko aurrekontu aurreikuspenak kontuan harturik, beharrezkoa da deialdiaren gasturako baimena aldatzea, baimendutako gehieneko gastua finantziazioaren benetako aurreikuspenekin bat etor dadin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Apirilaren 13ko 480/2012 Ebazpenaren 3. puntua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

"400.000 euroko gastua baimentzea, 2013ko aurrekontuko "Ibaien hobekuntza eta lan hidraulikoak" izeneko 740003-74300-7609-452100 kontu-sailaren kargura, ebazpen honetatik sortutako gastu konpromisoei erantzuteko, 2013ko Nafarroako aurrekontu orokorretan horretarako behar adinako kreditu egokia izatearen baldintzapean."

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen honen aurka administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Uraren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atalari eta deialdi honetan parte hartzen duten toki entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko azaroaren 27an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1216774