238. ALDIZKARIA - 2012ko abenduaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2012 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapenei, aipatu legegintzarako eskuordetzaren ondorio direnean, "tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu" izena emanen zaie.

Urriaren 29ko 7/2012 Legeak, tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoak, zenbait aldaketa erantsi ditu zerga batzuetan iruzurrezko jokabideak galaraztearren; besteak beste, balio erantsiaren gaineko zergan. Horien helburua, batez ere, ondasun higiezinen entregak izan dira eta, bestetik, konkurtso-deklarazioa izan duten egoerak.

Horrela, lehendabizi, subjektu pasiboaren inbertsioko beste bi kasu ezarri dira ondasun higiezinen entregetetarako. Alde batetik, salbuespenari uko egiten zaionean eta, bestetik, ondasun higiezinak haien gainean eratutako bermea exekutatzeko entregatzen direnean; kasu hori berariaz zabaltzen da higiezina ordainean ematen denean eta eskuratzaileak bere egiten duenean bermatutako zorra azkentzeko betebeharra. Horrela, subjektu pasiboaren inbertsioaren bidez, zergaren kuotak ordaintzen ez diren kasuetan Ogasun Publikoak jasaten duen kaltea saihestu gogo da eta, ondoren, luzapena eskatzen da, edo entitate eskualdatzailearen konkurtsoa deklaratzen.

Bigarrenik, tributudunaren konkurtso egoerak zergaren tratamendu berezia eskatzen du, haren kudeaketa errazteko eta neutraltasuna alda ez dadin.

Konkurtso-deklarazioaren autoa zergaren likidazio aldian ematen denean, beharrezkoa da bereiztea kredituak konkurtsokoak ote diren edo masaren kontrakoak; izan ere, konkurtso-deklarazioaren aurreko zergapeko egitateengatiko BEZaren kredituak konkurtsozkotzat jo behar dira. Gaur egungo erregulazioan likidazio aitorpena bakarra denez zergaldi bakoitzean, bi likidazio aitorpen aurkeztu beharra ezarri da legegintzako foru dekretu honen seigarren idatz-zatian: bata konkurtso-deklarazioaren aurreko zergapeko egitateengatik eta, bestea, hurrengoengatik. Kuotak deklarazio-autoaren aurretik jasan badira, zer zergalditan jasan izan diren kuota horiek, haietara mugatuko da kenkarirako eskubidea.

Jasanarazitako kuotak zuzentzeko beste kasu bat erantsi da zortzigarren idatz-zatian, kargatutako eragiketa ondoriorik gabe gelditzen denerako konkurtso-berrintegrazioko ekintza bat baliatzearen ondorioz edo konkurtsoaren barreneko beste aurkaratze ekintza batzuen ondorioz. Kasu horietan, zer zergalditan egin zen eragiketaren aitorpena, hari dagokion likidazio-aitorpenean eginen du zuzenketa subjektu pasiboak. Eskuratzailea ere konkurtsoan bada, kenkaria baliatu zen zergaldiari dagokion likidazio aitorpenenean gutxituko ditu kenkariak. Neurri horien bidez, eskualdatzailearen nahiz eskuratzailearen konkurtso-deklarazioak zergaren neutraltatasuna ahuldu ez dezan galarazi nahi da.

Azkenik, tributuaren aurkako beste arau-hauste bat erregulatu da, baita dagokion zehapen araubidea ere, inportazioekin parekatutako zenbait eragiketa behar bezala ez aitortzeagatik.

Adierazitakoarekin bat, beharrezkoa da Foru Komunitateak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeari dagozkion aginduak balio erantsiaren gaineko zergari buruzko araudiak araubide erkidean izan duen aldaketara egokitzea.

Aipatu legegintzarako eskuordetza baliatuz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu bidez ematen da 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar den araua, 14/2004 Foru Legearen aipatu 54.1 artikuluari jarraituz.

Foru arauak eta Estatuan parekoa denak indarra hartu eta eragina batera izan dezaten, berariaz xedatu da 19/1992 Foru Legean egindako aldaketek zer egunetatik aurrera izanen duten eragina; bestetik, 14/2004 Foru Legearen 54.4 artikuluaren arabera, atzerako eragina izaten ahalko dute, harmonizazioaren xedeko araubide erkidegokoekin batera indarra har dezaten.

Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:

Bat.-4.3 artikulua.

"3. Zerga honen menpeko eragiketak ez dira ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren "kostu bidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuaren menpe egonen.

Aurreko lerroaldean xedatutakotik salbu daude ondasun higiezinen entrega eta errentamenduak, baita horien gaineko erabiltze eta lupertze eskubide errealen eraketa edo eskualdaketa ere, zergatik salbu daudenean, non ez den subjektu pasiboak uko egin diola salbuespenari 17.2 artikuluan jasotako inguruabar eta baldintzetan."

Bi.-17.1.14. k) artikulua.

"k) Akzioei, sozietateetako partaidetzei, obligazioei eta zenbaki honen aurreko letretan aipatutako gainerako baloreei buruzko zerbitzu eta eragiketak, gordailua eta kudeaketa kenduta, salbuespen hauekin:

a') Salgaiak ordezkatzen dituztenak.

b') Ondasun higiezin baten edo haren zati baten jabetza, erabilera edo luperketa esklusiboa izatez edo zuzenbidez ziurtatzen dutenak, akzioak edo sozietateetako partaidetzak kenduta.

c') Bigarren mailako merkatu ofizial batean negoziatzeko onartzen ez diren baloreak, haiek bigarren mailako merkatuan eskualdatuta ihes egin gogo bazaio balore horiek ordezkatzen dituzten entitateen jabetzako higiezinen eskualdaketari dagokion zerga ordaintzeari, Baloreen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 108. artikuluan aipatzen den moduan."

Hiru.-28.3 artikulua, bigarren lerroaldea.

"Konkurtsoari buruzko Legearen 176.1 artikuluko 1., 4. eta 5. idatz-zatietan adierazitako arrazoiengatik konkurtsoa amaitzea erabakitzen denean bakarrik, zerga-oinarria aldatu duen hartzekodunak berriro gorantz aldatu beharko du, bidezko kuota jasanarazten duen faktura zuzentzailea erregelamenduz zehaztuko den epean jaulkita."

Lau.-31.1.2. e) artikulua.

"e) Ondasun higiezinen entrega hauek direnean:

a') Konkurtso auzi baten ondorioz egindako entregak.

b') 17.1 artikuluko 10. eta 12. idatz-zatietan aipatzen diren entrega salbuetsiak, subjektu pasiboak salbuespenari uko egin badio.

c') Ondasun higiezinen gainean eratutako bermea exekutatuz egindako entregak; orobat, bermea exekutatutzat jotzen da higiezina eskualdatzen denean zor bermatua erabat edo hein batean azkentzearen truke, edo aipatu zorra eskuratzaileak azkendu beharraren truke."

Bost.-31.1.2. artikulua, f) letra gehitzea.

"f) Obra exekuzioak direnean, materiala jarrita edo ez, baita haiek egiteko langile lagapenak ere, lurrak urbanizatzeko edo eraikinak altxatu edo zaharberritzeko helburua duten sustatzailearen eta kontratistaren arteko zuzeneko kontratuen ondorioz.

Aipatu baldintzetan, eragiketen hartzaileak kontratista nagusia edo beste azpikontratista batzuk direnean ere aplikatuko da aurreko lerroaldean ezarritakoa."

Sei.-35.5. artikulua.

"5. Kuotak zuzentzearen ondorioz hasieran jasanarazitakoak igotzen badira eta aurretik errekerimendurik izan ez bada, subjektu pasiboak likidazio aitorpen zuzentzailea aurkeztu beharko du, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluan aurreikusitako errekarguak eta dagozkion berandutza-interesak aplikatuko zaizkio.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, zuzenketaren funtsa foru lege honen 28. artikuluan zerga-oinarria aldatzeko ezarritako arrazoiak direnean edo zuzenbideko errakuntza baten ondorioa bada, subjektu pasiboak dagokion aldea sartzen ahalko du zuzenketa egin behar duen zergaldiko likidazio aitorpenean.

Zukenketak hasieran jasanarazitako kuotak gutxitzea dakarrenean, subjektu pasiboak bi bide hauetako bat aukeratzen ahalko du:

a) Bidegabeko diru-sarrerak itzultzeko prozedura hastea Zerga Administrazioan.

b) Tributu egoera erregularizatzea zuzenketa egin behar deneko zergaldiari dagokion likidazio aitorpenean, edo hurrengoetan, urtebete arte, zuzenketa egin behar izan zen unetik hasita. Kasu horretan, subjektu pasiboa behartua egonen da eragiketaren hartzaileari behar baino gehiago jasanarazitako kuoten zenbatekoa ordaintzera.

Konkurtso-berrintegrazioko ekintza baten edo konkurtsoaren barreneko beste aurkaratze ekintza batzuen ondorioz, kargatutako eragiketak ondoriorik ez badu, sorrarazitako kuotak zer zergalditan aitortu ziren, haiei dagokien likidazio aitorpenean hasieran jasanarazitako kuotak zuzendu beharko ditu subjektu pasiboak."

Zazpi.-45.3 eta 5 artikulua.

"3. Titularrak kuota kengarriak jasan dituen likidazio aldiko likidazio aitorpenean edo hurrengoenetan bakarrik erabiltzen ahalko da kenkarirako eskubidea, baldin eta ez bada lau urteko epea iragan, aipatu eskubidea sortu zenetik.

Hala ere, konkurtso-deklarazioaren kasuan, haren aurretik jasandako kuoten kenkarirako eskubidea erabiltzekotan, jasan diren likidazio aldiko likidazio aitorpenean beharko da baliatu.

Aurreko lerroaldean aipatu kuota kengarriak likidazio aitorpen horietan sartu ez badira eta, betiere, lau urteko epea iragan ez bada kuota horien kenkarirako eskubidea sortu zenetik, konkurtsopekoak edo, Konkurtsoari buruzko Legearen 86.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan, konkurtso-administrazioak, jasan ziren aldiko likidazio aitorpenean zuzenketa eginez kentzen ahalko ditu.

Administrazioaren errekerimendua edo ikuskapena izan denean, jasandako kuotak dagozkien likidazioetan izanen dira kengarri, baina behar bezala kontabilizatuta egon beharko dute zerga honetarako erregelamenduz ezarritako erregistro liburuetan; aldiz, kontabilizatu gabeko kuotak haien kontabilizazioari dagokion aldiko likidazio aitorpenean edo hurrengoetan izanen dira kengarri. Betiere, batzuk eta besteak lehen lerroaldean aipatu epea iragan ez bada bakarrik kentzen ahalko dira.

5.1.e) artikuluan aipatu noizbehinkako salmenten kasuan, garraiobide berrien entrega egiten den aldiko aitorpenean bakarrik erabiltzen ahalko da kenkarirako eskubidea."

"5. Bidezko kenkarien zenbatekoa likidazio aldi berean sorrarazitako kuoten zenbatekoa baino handiagoa denean, gehiegizko aldea hurrengo likidazio aitorpenetan konpentsatzen ahalko da, baldin eta ez badira lau urte iragan gehiegizko alde hori sortu zeneko likidazio aitorpena aurkeztu zenetik.

Dena dela, subjektu pasiboak bere aldeko saldoa itzultzea aukeratzen ahalko du, titulu honen II. kapituluan xedatutakoaren arabera bidezkoa denean, eta kasu horretan ezin izanen du konpentsaziorik egin hurrengo likidazio aitorpenetan, zein den ere iragan den denbora, itzulketa hori gauzatu arte.

Konkurtso-deklarazioaren aurreko zergapeko egitateei buruzko likidazio aitorpenean, erregelamenduz aurreikusita baitago, aitorpen horren aurreko likidazio aldietan konpentsatu beharreko saldo metatu guztiak aplikatu beharko dira."

Zortzi.-60.2.2. artikulua.

"2. Zuzenketaren ondorioz hasieran kendutako kuoten zenbatekoa gutxitzen bada, subjektu pasiboak likidazio aitorpen zuzentzailea aurkeztu beharko du, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluan aurreikusitako errekarguak eta dagozkion berandutza-interesak aplikatuko zaizkio.

Foru lege honen 28.3 artikuluan aurreikusitako kasuan, jasandako kuoten kenkarirako eskubidea zer alditan erabili zen, haren likidazio aitorpenean egin beharko da zuzenketa, eta ez da zilegi errekarguak eta berandutza-interesak aplikatzea.

Konkurtso berrintegrazioko ekintza edo konkurtsoaren barreneko beste aurkaratze ekintza batzuk erabiltzearen ondorioz, kargatutako eragiketa eraginik gabe gelditzen den kasuetan, hasierako eskuratzailea edo eroslea ere konkurtsoan bada, hasieran kendutako kuoten zuzenketa egin beharko du jasandako kuoten kenkarirako eskubidea erabili zeneko likidazio aitorpenean, eta ez da bidezkoa errekarguak eta berandutza-interesak aplikatzea.

Hala ere, zuzenketaren sorburua zuzenbidezko errakuntza bat edo 28. artikuluko gainontzeko arrazoietako bat bada, noiz hartzen duen subjektu pasiboak kenkarirako eskubidea frogatzen duen dokumentua, hasieran jasandako kuotak zuzentzen dituena, hari dagokion zergaldiko likidazio aitorpenean egin beharko da zuzenketa."

Bederatzi.-115.2. artikulua, 5. idatz-zatia gehitzea.

"5. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Araubide Erkidea erregulatzen duen Legearen 19.5 artikuluan araututako eragiketei buruzko likidazio aitorpenak ez aurkeztea edo behar ez bezala nahiz osatu gabe aurkeztea."

Hamar.-116.1. artikulua, 5. idatz-zatia gehitzea.

"5. 2. zenbakiko 5. idatz-zatian ezarritakoak, diru-isun proportzionala jarriz, likidazio aitorpenetan azaldu gabe edo behar ez bezala nahiz osatu gabe utzitako eragiketei dagozkien kuota sorrarazien %10ekoa. Dena dela, aduanaz bestelako gordailu araubidea abandonatzeari buruzko likidazio aitorpenak direnean, diru-isun proportzionala jarriko da, azaldu gabe edo behar ez bezala nahiz osatu gabe utzitako eragiketei dagozkien kuota sorrarazien %10ekoa; betiere, likidazio aitorpenean deklaratutako kuoten guztirakoak aldi horretan sorrarazitakoak baino txikiagoa izan beharko du."

Hamaika.-Bigarren xedapen gehigarria.

"Bigarren xedapen gehigarria.-Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialak.

Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialetan, zerga honen ondorioetarako enpresaburuak edo profesionalak direnek honako hau egiteko ahalmena dute, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura, prozedura horietan izaten diren eta zerga hari loturik dauden ondasunen entregei eta zerbitzuen prestazioei dagokienez: eragiketa jasotzen duen eta zergaren kuota jasanarazten duen faktura egiteko, dagokion likidazio aitorpena aurkezteko eta ateratzen den zergaren zenbatekoa ordaintzeko.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira zer baldintza eta beharkizun behar diren ahalmen horiek gauzatzeko.

Xedapen honetan ezarritakoa ez da aplikatuko baldin eta ondasun higiezinen entregetan subjektu pasiboa bada haien hartzailea, 31.1.2.e) artikuluan xedatutakoarekin bat."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2012ko urriaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2012ko azaroaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1216373