221. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GOROZIN

Ordenantza, Gorozingo herri larreen eta mendiko zerrakuraren herritarrendako zuzeneko esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Gorozingo Kontzejuak, 2012ko ekainaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gorozingo herri larreen eta mendiko zerrakuraren herritarrendako zuzeneko esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2012ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik abuztuaren 30ean, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Gorozinen, 2012ko urriaren 17an.-Alkatea, Isidoro Caballero Lorente.

ORDENANTZA, GOROZINGO HERRI LARREEN ETA MENDIKO ZERRAKURAREN HERRITARRENDAKO ZUZENEKO ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea da Gorozingo Kontzejuaren mugapeko herri larreen eta mendiko zerrakuraren herritarrendako esleipena eta aprobetxamendua arautzea, tradizioko ohituraz baterako ustiapen unitatea osatzen baitute. Hori guztia, Herrilurrei buruzko maiatzaren 28ko 6/1986 Foru Legearen III. kapituluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez eginen da.

3. artikulua. Familia unitateak izaten ahalko dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak, titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua.

b) Deierriko Udaleko Biztanleen Erroldan inskribatua egotea, Gorozinen.

c) Herrian bertan bizitzea.

d) Gorozingo Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

4. artikulua. Esleitzeko diren larreen azalera herriko herrilurrek eta mendiko zerrakurak osatzen dute, baita jurisdikzio horretako partikularren finkek ere, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute. 6/1986 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, belarren tasazioa egin da aprobetxamendurako egiazko balioaren %90 hartuta. Esleipenaldia 12 urtekoa izanen da, esleipenaren egunetik hasita, eta ezin izanen da inolaz ere luzatu. Esleipen-hartzaileak, ezinbesteko arrazoiengatik, aipatutako data baino lehenago jarduteari utzi behar badio, aldeen arteko adostasunez larreen alokairu kontratua deuseztatzen ahalko da.

5. artikulua. Herri larreen prezioa urtean 1.000 euro izanen da, eta urtero erakunde ofizial eskudunak adierazten duen KPIaren igoeraren arabera aldatuko da.

6. artikulua. Kontzejuak herritarrendako zuzeneko esleipenaren iragarkia argitara emandakoan 5 eguneko epea jarriko da eskubidea duten abeltzainek alegazioak aurkez ditzaten.

Abeltzain bat baino gehiago baldin bada, herrilarreak aprobetxatu nahi dituena (larreek baterako ustiapen unitatea osatzen dute), herrilarreak esleituko zaizkio larreak aprobetxatzeko abelburu gutxien sartzeko konpromisoa hartzen duen abeltzainari. Konpromisoaren eskaintzak berdinak baldin badira, berdinketa zozketaz erabakiko da.

7. artikulua. Aurreko prozesua eginda, aprobetxamendua esleitu ez bada, hau da, esleipen zuzenaren prozedura emaitzarik gabe bukatu baldin bada, Kontzejuak aprobetxamendua enkante publikoan esleituko du, komeni zaion epean (zortzi edo hamabost urte). Ezarri den epea ondorio guztietarako bukatuko da, inolaz ere luzatu gabe. Enkantea eginen da horretarako behar diren argitaratzeko baldintza guztiak kontuan hartuta eta hasteko prezioa ordenantza honen 5. artikuluan ezarritakoa izanen da.

8. artikulua. Enkante publikoaren bidezko esleipena indarrean dagoen araudiaren araberakoa izanen da, baita ordenantza honetan aurreikusitakoaren araberakoa ere, aplikatzeko den orotan.

9. artikulua. Zuzeneko esleipen edo enkantearen bidezko herri larreen esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu horiek laga edo azpierrentan eman. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, esleipenak bertan behera geldituko dira eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira.

10. artikulua. Esleipen hartzailearen beharkizunak:

a) Azienda Gorozingo katastroan edukitzea, esleipenak dirauen bitartean.

b) Larreen aprobetxamendua interesatzen ez bazaio, Kontzejuari aditzera ematea horri egindako ukoa. Hori gertatuz gero, larreak Kontzejuaren eskura egonen dira, hark egokia iruditzen zaion maneran eslei ditzan.

c) Abeltzainak jarduteari uzten baldin badio esleipenerako epea bukatu baino lehen, aprobetxamendu hori Kontzejuaren eskura egonen da, hark behar diren neurriak har ditzan aprobetxamendurako finkatutako epea bukatu arte.

11. artikulua. Urtero ordaindu beharko da, Kontzejuaren diruzaintzan, urtea bukatu eta zortzi eguneko epean. Epe hori bukatuta, ordainketa egin gabe, %5eko errekargua izanen du. Hilabete bat baino gehiago ordaindu gabe pasatzen baldin bada, %10eko errekargua izanen du eta bi hilabete baino gehiago pasatzen baldin badira, kontratua deuseztatzen ahalko da.

12. artikulua. Aprobetxamendua baloratzeko eta esleitzeko prezioa urtero eguneratuko da, nekazaritza eta abeltzaintzarako kontsumoko prezioen indizeak Nafarroan duen igoeraren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsia.

13. artikulua. Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu esleipen-hartzaileak, baita esleipen epean ezar daitezkeenak ere.

14. artikulua. Esleipen-hartzaileak nahi adina abelburu sartzen ahal ditu han larratzeko.

15. artikulua. Esleipen-hartzailearen azienda ezin izanen da sartu alorretan, ezta astorkietan ere, finken jabearen baimenik gabe.

16. artikulua. Euriondoko aldietan, azienda ezin izanen da sartu, finken jabearen baimenik gabe.

17. artikulua. Uzta biltzeko makinek uzten duten lastoa zerealen uztatzat hartuko da, beraz, nekazariarena da. Hark 20 eguneko epea izanen du, finkan uzta bildu zuenetik, fardoak egiteko. Epe horretan nekazariak fardorik egiten ez badu, lurra ongarritzeko utzi duela ulertzen da eta abeltzainaren azienda finketara sartzen ahalko da larratzera.

18. artikulua. Esleipen-hartzailea izanen da erantzulea bere aziendak sortzen dituen edozein kalterena, alderdiko edozein tokitan.

19. artikulua. Esleipen-hartzailearen azienda ezin izanen da larratu hirigunean.

20. artikulua. Esleipen-hartzailea erantzulea izanen da mendiko zerrakura mantentzearena, eta erabiltzeko egoera onean utziko du. Hark egindako edozein lan Kontzejuaren mesederako izanen da esleipen epea bukatzen denean, eta ez du eskubiderik izanen inbertitu duenarengatik kalte-ordaina jasotzeko.

Arau-hauste administratiboak

20. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Osasunari buruzko Erregelamenduan eta Foru Legean ezarritakoa ez betetzea.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Lagatzea edo azpierrentamenduan ematea.

d) Ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako epeetan adierazitako zenbatekoak ez ordaintzea.

Gainerako guztiak, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz, isunak ekarriko ditu.

Azken xedapen bakarra.-Ordenantzak indarra hartuko du herri larreen eta mendiko zerrakuraren hurrengo esleipenerako, seguru aski 2012ko urriaren 27an hasi eta 2024ko urriaren 26an bukatuko baita.

Esleipen prozeduran, esleipena egiten ez bada data horretarako, esleipen-hartzaileak esleipenaren zenbatekoa murrizteko eskubidea izanen du, modu proportzionalean, eta kontuan hartuko da esleipenak zein egunetan dituen ondorioak.

Iragarkiaren kodea: L1214598