221. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150E/2012 EBAZPENA, urriaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Figarolgo Kontzejuko (Zarrakaztelu) 24. poligonoko 36. lurzatian kokatzen den "Castiliscar" ikerketa proiekturako. Sustatzailea Construcciones Zubillaga, S.A. da.

2012ko uztailaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedientea. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Figarolgo (Zarrakaztelu) 24. poligonoko 36. lurzatian apaindurazko hareharrizko harrobi bat ireki aurreko ikerketa lanak proiektatu dira. Proiektuak 5 errotazio zundaketa mekaniko, 3 metro sakon eta 105 mm inguruko diametroz, egitea jasotzen du, laginak ateratzeko. Zanga bat, 20 metro luze, 2-3 metro zabal eta 2 metro sakon, irekitzea ere proiektatu da. Hariz ebakita irekiko da eta blokeak atera eta lantegira eramanen dira. Proiektatutako jarduketek, guztira, hiru hilabete iraunen dutela uste da. Harrobiak lehendik dauden tokiko bideetatik izanen du sarrera.

Lurrez beteta lehengoratuko da eremua, hasierakoaren antzeko topografia izan dezan. Gero, landare lurra ekarriko da, zertxobait landuko da eta Lolium bizikorra eta Festuca arundinacea ereinen dira belardia sortzeko.

Proiektuak ez du naturgune babesturik ukitzen, eta ez da garatuko Natura 2.000 Sarean sartutako lurretan. Ukitutako lurzatia landu gabeko eremu bat da, harri ugarirekin, alorren artean kokatua, eta proiektuak ez du eraginik intereseko landaredian. Paisaiaren gaineko eragina ere txikia izanen da denbora mugatu batean eginen delako eta eremua oso gutxi ikusten delako komunikazio bideetatik.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Arkeologia Atalaren 2011ko azaroaren 11ko txostenean adierazi zenez, inguruan ez dago aztarnategi arkeologiko katalogaturik eta, hortaz, aldeko txostena eman zen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2012ko urriaren 1ean, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Zarrakazteluko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Figarolgo Kontzejuko (Zarrakaztelu) 24. poligonoko 36. lurzatian kokatzen den "Castiliscar" ikerketa proiekturako. Sustatzailea Construcciones Zubillaga, S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Jardueran, bakar-bakarrik, bost zundaketa eginen dira eta zanga bat irekiko da, proiektuan zehaztu bezala. Puntu horietatik kanpo, material edo makineriez edozein okupazio egiteko, landaredi gabeko eremuetan egin beharko da, eta ikerketa lanak bukatzean kenduko dira.

-Proiektua gauzatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, obrak hasten direnetik.

-Ikerketa lanak bukatutakoan, zundaketez eta erauzketaz ukitutako eremuak lehengoratuko dira, hasierako topografiara itzuliko dira eta belar espezieak ereinen dira.

-Lurzatiko zurbeltzek ez dute inoiz eraginik izanen.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.659 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zarrakazteluko Udalari, Ingurumen Zaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko urriaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1214660