221. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

677/2012 EBAZPENA, urriaren 29koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, eriondoan dauden ikasleei etxez etxeko hezkuntza laguntza emateko laguntzetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

Foru agindu horren 14.3 c) artikuluan agertzen da etxez etxeko laguntza programa, medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleentzako. Programaren xedea da eriondoan dauden ikasleei behin-behinekoz sortzen zaizkien desberdintasunak desagertzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatuz, ikastetxearekiko koordinazioaren bitartez.

Bestetik, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duen ikasleak eskubidea duela ezinbestean eskolatu gabe egon beharreko aldiak bere ikasketen errendimenduan duen eragina gutxitzeko behar den laguntza jasotzeko.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez, etxez etxeko hezkuntza laguntza kudeatzen du, hezkuntza arloko laguntza berariazkoa dela ulertzen baita.

Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 17an harturiko erabakiaren bidez, baimena eman zen eriondoan dauden ikasleei etxez etxeko laguntza emateko laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioko araubidearen bidez. Hezkuntza Departamentuak kudeatzen ditu laguntza horiek.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, laguntza horiek ematea egokia eta guztion interesekoa dela, deialdia eta haren oinarriak legezkoak direla eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren ikus-onetsia duela.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eriondoan dauden ikasleei etxez etxeko laguntza emateko laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean daude.

2. 90.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik, 30.000 euro 2012ko gastuen aurrekontuetako "Hezkuntza berezirako bekak eta laguntzak" izeneko 423001-42210-4809-322400 kontu-sailaren kargura; eta gainerakoa, hots, 60.000 euro, 2013ko gastuen aurrekontuetan horretarako gaituko den kontu-sail baliokidearen kargura.

3. Ebazpena hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute interesdunek, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondokoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2012ko urriaren 29an.-Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.a Xedea.

Deialdi honen xedea da eriondoan edo gaixorik dauden ikasleei eman beharreko etxez etxeko hezkuntza laguntza finantzatzeko laguntzak emateko oinarriak ezartzea. Ikasleek haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan edo derrigorrezko bigarren hezkuntzan egon behar dute eskolaturik, 2012-2013 ikasturtean, Nafarroan funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batean.

2.a Helburua.

Laguntzen helburua da familiei kualifikatuta dauden irakasleak kontratatu beharrak sortzen dizkien gastuak konpentsatzea, gaixorik edo eriondoan luzaz egoteagatik 2012-2013 ikasturtean ikastetxera jarraituki joan ezin diren ikasleei eman beharreko etxez etxeko laguntza bermatzeko.

3.a Deialdiaren jomugak.

Deialdiak, etxez etxeko hezkuntza laguntza emanez, honako jomuga hauek lortu nahi ditu:

a) Gaixorik dagoen ikasleari banan-banako hezkuntza laguntza bermatzea etxean eriondoan dagoen bitartean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatzeko eta egoera horrek sortzen ahal duen eskola atzerapena saihesteko.

b) Komunikazioa eta koordinazioa bermatzea ikastetxearen, familien eta, halakorik bada, ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldearen artean, egoera berrira egokitzea eta ikastetxera azkar eta egokiro itzultzea errazteko.

c) Etxez etxeko hezkuntza laguntza behar duten ikasleei hezkuntza prozesuaren jarraitasuna bermatzeko behar diren bitarteko eta baliabideak ematea, eta ikaslearen eta ikastetxearen arteko konexioa gal dadin prebenitzea.

d) Ikasleek izaten ahal duten isolamendua prebenitzea, parte hartzeko eta hezkuntza komunitatearekin elkar eragiteko giroa sortuz.

e) Ikasleak eriondoa bukatu ondoren ikastetxera itzul daitezen erraztea, eskolaratze eta sozioafektibitatearen aldetik egin behar duten integrazioa erraztuz.

f) Familiei aholkuak ematea ikasleak bere eskola, gizarte eta familia ingurunearekin duen komunikazioa mantentzeko eta aisialdia prestakuntzarako erabil dezan sustatzeko.

4.a Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako laguntzak eska ditzakete honako ikasle hauen aitek, amek edo legezko tutoreek: medikuak hala aginduta etxean luzaroan egoten direnak eta, ondorioz, ikastetxera 21 egun naturaletik gorako epean modu normalean joan ezin izateagatik etxez etxeko hezkuntza laguntza behar dutenak; edo gaixotasun kronikoren bat izateagatik 6 hilabeteko gutxieneko epean gutxienez 6 egunez jarraian eta hilabetetik beherako aldizkako bajak hartzen dituztenak.

4.2. Laguntza eskatzen duen ikasleak, eskaera egiten den unean, honako baldintza hauek bete behar ditu:

a) Nafarroan funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batean eskolaturik egotea.

b) Haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan edo derrigorrezko bigarren hezkuntzan egotea.

5.a Eskaera aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2013ko ekainaren 30ean bukatuko da.

Hala izanagatik ere, deialdi honetan onartuko dira 2012ko irailaren 1etik aurrera aurkezten diren etxez etxeko laguntza izateko eskaerak.

5.2. Eskaerak ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxean aurkeztu behar dira, II. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz. Eredua interesdunen eskura dago ikastetxeetan.

6.a Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Laguntzarako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Txosten medikoak, etxean egoteko agintzen dutenak, espero den iraupena adierazita. III. eranskina.

b) Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskabide-orria, bankuak behar bezala beterik, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria interneten eskura daiteke, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, laguntza lortu nahi dutenei eskatzen ahalko zaie gehienez ere 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzatela, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela beraien eskaera.

7.a Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

7.1. Laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan; zehazki, eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira, eta, betiere, aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu dagoen bitartean.

7.2. Laguntzarako eskaera jaso ondoren, ikastetxeak espediente osoa bidaliko dio ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeari, txostenekin eta egokitzat jotzen duen dokumentazioarekin batera, IV. eranskinari jarraikiz. Talde hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko Laguntza Zuzeneko Arloari atxikita dago.

8.a Eskaeren balorazioa eta etxez etxeko laguntzarako orduen esleipena.

8.1. Jasotzen duen informazioa ikusirik, ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeak eskaera baloratuko du eta txostena eginen du. Txostenean zehaztuko da zenbat ordu esleitzen zaion eskatzaileari etxez etxeko hezkuntza laguntzarako, eta, kasua bada, deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko behar diren irakasleen maila eta espezialitatea.

8.2. Eskaerak eta ikasleen beharrak hobeto ebaluatze aldera, bai ikastetxeko orientazio taldea bai ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldea etxean egoteko agintzen duen osasun arloko profesionalarekin harremanetan jartzen ahal dira, laguntza eskatzaileak horretarako baimena ematen badu.

8.3. Eskaerak baloratzeko, eskatzaileak emandako txosten medikoak ikusiko dira, eriondoak noiz arte iraunen omen duen eta deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko etxez etxeko hezkuntza laguntzarako zenbat ordu behar diren kontuan harturik.

8.4. Ondorio horietarako, irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleei astean 5 orduko laguntza emanen zaie, gehienez ere. Ordu horiek hiru alditan banatuko dira, ahal dela. Ordu horiek arlo instrumentalak lantzeko erabiliko dira, bereziki.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, astean 8 orduko laguntza emanen da. Ordu horiek bi orduko lau alditan banatuko dira, ahal dela.

c) Aurrekoez gain, hilero bi ordu erabiliko dira behar diren koordinazioak egiteko, programan dauden ikasleen tutoreen eta etxez etxeko laguntza ematen duten irakasleen artean.

d) Etxez etxeko hezkuntza laguntza ikasturteari dagokion egutegian emanen da.

8.5. Balorazio txostena Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko zaio. Zerbitzu horrek, txostena ikusirik, interesdunari jakinaraziko dio zein baliabide esleitzen zaizkion.

8.6. Laguntzarako eskaerak ezetsitzat joko dira baldin eta aurkezten direnetik hilabetera berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada.

8.7. Laguntzarako eskaera ukatzen duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

9.a Etxez etxeko laguntza jasotzeko behar berriak.

Esleitzen diren orduak aski ez badira etxez etxeko laguntzarako ikasle baten beharrak asetzeko, eriondoa hasierako eskaeran uste zena baino luzeagoa delako, eskatzaileak inguruabar hori frogatzen duen txosten berri bat aurkeztu beharko du. Txosten hori ikusirik, esleitutako orduak handitzen ahalko dira.

10.a Laguntzaren zenbatekoa.

Etxez etxeko laguntzarako esleitzen diren orduak ordaintzeko ematen den laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko, modulu ekonomiko hauek hartuko dira kontuan:

a) 12 euro orduan, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat.

b) 18 euro orduan, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.

11.a Laguntza ordaintzeko eskaera eta haren justifikazio ekonomikoa.

11.1. Etxez etxeko hezkuntza laguntzarako ematen diren orduei dagokien laguntza ordainduko zaie onuradunei zerbitzu hori ematen duten irakasleei ordaintzeko egindako gastuak justifikatu ondoren.

11.2. Horretarako, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeak onuradunen eskura jartzen ahalko du Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen zerrenda bat. Irakasle horiek kualifikatuta egon behar dute eriondoan dauden ikasleek etxez etxeko hezkuntza laguntzarako dituzten beharrak asetzeko.

Laguntzaren onuradunek irakasle horiei ordaintzeko ardura izanen dute, emandako zerbitzuen truke. Irakasle horiek ez dute inolako kontratu- edo lan-harremanik izanen Hezkuntza Departamentuarekin.

11.3. Laguntza kobratzeko, onuradunek hilero aurkeztu beharko dute aurreko hilari dagokion laguntza ordaintzeko eskaera, agiri hauekin batera:

-Irakasleari egindako ordainketa frogatzen duen agiria (banku bidezko transferentzia edo hartze-agiria).

-Ordainketari dagokion kontzeptua azaltzen duen agiria (irakaslearen izena, abizenak eta NANa, etxez etxeko laguntzarako eman diren ordu kopurua, ordu horien egutegia eta ordutegia). V. eranskina.

11.4. Agiri horiek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari zuzenduak.

Halaber, aurkezten ahalko dira azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautzen du).

11.5. Nolanahi ere, ordainketa egin dadila eskatzeko muga eguna 2013ko uztailaren 15a da.

12.a Laguntzak ematea eta ordaintzea.

12.1. Ordaintzeko eskaera ikusirik, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak egiaztatuko du eskaerak eta ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeak eskatzaileari etxez etxeko laguntzarako esleitutako ordu kopuruak bat egiten dutela, eta laguntza ordaintzeko proposamena igorriko du.

12.2. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari dagokio ordaintzeko eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz.

13.a Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

14.a Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Laguntza erabiltzea bera ematean adierazten den xederako, eta Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen egiaztapenak onartu eta erraztasunak ematea.

b) Etxez etxeko laguntzarako irakasleekin adostu den ordutegia errespetatzea, eta hezkuntza laguntza behar diren baldintzekin emateko leku bat prestatzea etxean.

c) Ordutegi horretan etxean senitarteko adinduren bat edo behar bezala baimenduriko pertsona dagoela bermatzea.

d) Behin eriondoa bukaturik, programaren irakasle edo maisu-maistrari oroitaraztea jarraipen txostenak igorri behar dizkiola ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeari. Talde horrek ikastetxeko zuzendaritzari igorriko dizkio txostenak.

15.a Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

16.a Errekurtsoak.

Deialdiaren eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

17.a Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Etxez etxeko hezkuntza laguntzaren programak esku hartzeko eskabidea, gurasoek edo legezko tutoreek egina

Izena: ............................................ NANa:

Kalea: ................................................ Zenbakia/solairua:

P.K.: ................................. Herria (Probintzia):

Harremanetarako telefonoak:

Ikaslearen aita, ama edo legezko tutorea

Ikaslearen jaioteguna:

Ikastetxe honetan eskolatuta: ........................ Ikasmaila:

Helbidea:

Tutorea: .............................................. Telefonoa:

Orientatzailea: .................................... Telefonoa:

Justifikatzen dugu, txosten medikoaren bitartez, gure semea/alaba ezin dela ikastetxeko eskoletara jarraituki joan.

Eskatzen dugu Etxez Etxeko Hezkuntza Laguntzaren zerbitzua eslei dakigula, ahalik eta lasterren, semea/alaba eriondoan dagoen bitartean.

Konpromiso hauek hartzen ditugu:

-Zerbitzu horrekin ordutegi bat adosteko, eta ordutegi hori errespetatzeko.

-Senitarteko adinduren bat edo adindu bat etxean egoteko, aipatu ordutegian.

-Etxean irakaslan zuzena behar diren baldintzekin emateko leku bat prestatzeko.

.................(e)n, 20....(e)ko .............aren ..............(e)an

Sin.:

NAFARROAKO HEZKUNTZA BEREZIKO BALIABIDEEN ZENTROKO ZUZENDARITZA.

III. ERANSKINA

Txosten medikoa

.................................................... sendagileak, elkargoko kide ................ zenbakia duenak, aditzera ematen du ............................................. eria, ......................... osasun zentroko ................................. zerbitzuan artatua, ezin dela bere ikastetxera joan ustez ..................................... aldian.

Hezkuntza laguntza hau gomendatzen da:

-Etxez etxeko hezkuntza laguntza osoa.

-Etxez etxeko hezkuntza laguntza eta ikastetxeko hezkuntza laguntza, biak konbinatuz.

  • Bere ikastetxera pixkana-pixkanaka itzul dadila errazteko.
  • Aldizkako bajak eragiten dituen gaixotasun kronikoa duelako.

Ospitaleko eta etxez etxeko hezkuntza laguntzarako taldeak justifikatzen du, ikaslearen hezkuntza laguntzaren ondorioetarako.

.................(e)n, 20....(e)ko .............aren ..............(e)an

Sin.:

Zigilua

NAFARROAKO HEZKUNTZA BEREZIKO BALIABIDEEN ZENTROKO ZUZENDARITZA.

IV. ERANSKINA

Ikastetxearen txostena, etxez etxeko hezkuntza laguntza eskatzeko

Izena:

IP/BHIaren zuzendaria

Herria: ........................................ Probintzia:

Kalea:

Telefonoa:

Jaso dut ............................................ ikaslearen gurasoek etxez etxeko hezkuntza laguntza jasotzeko eskaera.

Gaur egun ikaslea ikastetxe honetan dago matrikulaturik, ......................... ikasturterako.

Eskatzen dut baimena eman dezazun esku-hartze hori emateko, ahalik eta lasterren, ikaslea eriondoan dagoen bitartean.

.................(e)n, 20....(e)ko .............aren ..............(e)an

IP/BHIaren zuzendaria Tutorea Orientatzailea

Stua. Stua. Stua.

(Ikastetxeko zigilua)

NAFARROAKO HEZKUNTZA BEREZIKO BALIABIDEEN ZENTROKO ZUZENDARITZA.

V. ERANSKINA

Hartze-agiria

Izena: ..................................................................................................

1. abizena: ............................... 2. abizena: .......................................

NAN:

Pertsona honek emandakoa jaso du:

Izena: ..................................................................................................

1. abizena: ............................... 2. abizena: .......................................

NAN: ......................., .........................(a)ren ama/aita, ............................. euroko zenbatekoa, ........................ hilabeteetan etxean emandako eskolen truke ordaindua.

(HILABETEA)

EGUNA

ORDUTEGIA

ORDU KOPURUA

ORDU KOPURUA, OSOTARA

.................(e)n, 20 ....ko .............aren ..............(e)an

Sinatua:

Iragarkiaren kodea: F1215231