213. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2385/2012 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen estatuko lekualdatze lehiaketarako deia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, seigarren xedapen gehigarriko lehenengo idatz-zatian, xedatzen du, besteak beste, irakasle funtzionario publikoen estatutupeko araubidearen oinarria dela lanpostuak Estatu esparruko lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

Xedapen horren 3. idatz-zatian ezartzen da hezkuntzako administrazioek aldian-aldian estatu osorako lekualdatze lehiaketen deialdiak egin behar dituztela, haien mendeko ikastetxeek finkatzen dituzten lanpostu hutsak bete ahal izateko. Horrez gainera, beren kudeaketa esparruko funtzionarioei beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetara jo ahal izateko aukerabidea bermatu behar diete eta, halakorik bada, lehiaketaren ondorioz sortzen diren lanpostuen esleipena egin beharra dute. Lehiaketa hauetan irakasle funtzionario publiko guztiek parte har dezakete, zein hezkuntza administraziotakoak diren edo nondik sartu ziren kontuan hartu gabe, betiere kasuan kasuko plantillaren edo lanpostu-zerrenden arabera deialdi bakoitzean ezartzen diren betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen baldin badituzte.

Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko beste lanpostu batzuk betetzeko prozedurak arautu ziren. Errege dekretu horren 7. artikuluak ezartzen du estatuko lekualdatze lehiaketak bi urtean behin eginen direla. Kontuan harturik lehiaketa horien deialdia 2010-2011 ikasturtean egin zela, bidezkoa da ikasturte honetan arau hartan aurreikusitako estatuko lehiaketaren deialdia egitea.

Hori guztia kontuan harturik, arau horiek betetzeko asmoz, eta 2012-2013 ikasturtean deitzen diren Estatuko lekualdatze lehiaketei aplikatu beharreko prozedura arauak ezartzen dituen Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Aginduan ezarritakoari jarraikiz, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz, bidezkoa da:

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionario irakasleen lekualdatze lehiaketen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

LEKUALDATZE LEHIAKETAREN DEIALDIKO OINARRIAK

Lehena.-Lekualdatze lehiaketarako deia egiten da, deialdi honetan aipatzen diren zehaztapenekin bat, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioei dagozkien lanpostu hutsak betetzeko.

Bigarrena.-Borondatez parte har dezaketenak.

1. Karrerako funtzionarioak, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende daudenak.

1.1. Deialdi honetan borondatez parte hartzen ahalko dute deialdiaren lehenengo oinarrian aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, ondoko egoeraren batean baldin badaude:

A.-Jardunean egotea eta behin betiko destinoa Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batean izatea, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

B.-Zerbitzu berezietan egotea, Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batetik deklaratuak, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C.-Borondatezko eszedentzian egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batetik deklaratua, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte.

Atal honetan (1.1) ezarritako ondorioetarako, 2013ko abuztuaren 31 hartuko da ikasturtearen bukaerako data gisa.

1.2. Oinarri honetako 1. atalean aipatzen diren parte-hartzaileek beren eskaeran sartzen ahalko dituzte, halaber, gainerako hezkuntza administrazioek egindako deialdietako lanpostuak, deialdi horietan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioek deialdi honetako lanpostuak eska ditzakete, deialdiko betebeharrak eta baldintzak betez gero.

Langile horiei eskatuko zaie lehenengo behin betiko destinoa lortu izana hautatuak izateko erabilitako deialdiari dagokion hezkuntza administrazioaren kudeaketa esparru berean.

Hirugarrena.-Nahitaez parte hartu behar dutenak.

1. Deialdi honetan nahitaez parte hartu behar dute deialdiaren lehenengo oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende daudenek, hauetako egoeraren batean baldin badaude:

A.-Nahitaezko eszedentzian dauden karrerako irakasle funtzionarioak, behin-behineko itzultzerik lortu ez dutenak, eszedentzia gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen ikastetxe batean zirelarik deklaratu bazen.

B.-Kanpoko lanpostuei atxikita egon ondoren, 2013-2014 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparrura itzuli behar duten irakasle funtzionarioak edo, aurreko ikasturteren batean itzulita ere, behin betiko destinoa lortu ez dutenak.

C.-Epai bat bete edo errekurtso bat ebaztearen ondorioz, edo behin betiko zuten lanpostua berariaz kendu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten karrerako irakasle funtzionarioak.

Deialdi honen ondorioetarako, kendutako lanpostutzat hartuko dira ebazpen formal eta banan-banan egindakoaren bidez berariaz kendu direnak.

2. Lehiaketan parte hartzera beharturik egonda ere, parte hartzen ez duten langileei eta, parte hartuta ere, lanpostu aski eskatzen ez dutenei behin betiko destinoa libreki esleituko zaie, eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten lanpostuetan. Behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira.

Laugarrena.-Deialdiko lanpostuak eta haien argitalpena.

Deialdi honetan beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, lekualdatze lehiaketa hauetako prozedura arau aplikagarriak ezarri zituen Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Aginduaren bosgarren atalean aurreikusitako egunetan zehaztuko dira eta Hezkuntza Departamentuko Informazio eta Argibide Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira.

Horren ondorioetarako, hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusten diren lanpostuak sartuko dira, baita kidego bakoitzaren lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnak ere. Horiez gain, erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gorde gabeko eszedentziengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak ere sartzen ahalko dira, 2012ko abenduaren 31 bitarte sortzen badira. Lanpostu huts horiek hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusita egon beharko dute.

Bosgarrena.-Parte-hartzaileek eska ditzaketen lanpostuak.

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek Hezkuntza Departamentuan dauden lanpostuak eskatzen ahalko dituzte.

2. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzeko, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla egiaztatu beharko dute.

Seigarrena.-Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Parte-hartzaile guztiek parte hartzeko eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A.-Irailaren 27ko ECD/2107/2012 Aginduaren IV. eranskin gisa argitaratutako baremoaren 2.3, 4.1 eta 4.2 ataletan aipatzen diren merezimenduak baloratzeko egiaztagiriak. Agindu horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakasle kidegoetako funtzionarioentzat, hezkuntza sistemaren eskola irakaskuntzak ematen dituztenentzat, eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetako eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioentzat 2012-2013 ikasturtean deitzen diren estatuko lekualdatze lehiaketetan aplikagarri diren prozedura arauak ezarri ziren. Agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2012ko urriaren 5ean.

B.-Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

C.-Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1. eta 4.3 atalei dagozkien merezimenduak, parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioaren arabera.

Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuak norberaren zerbitzu-orrian ageri den euskara titulua ofizioz baloratuko die euskarazko espezialitate bati atxikitako funtzionarioei, non eta parte-hartzaileek ez duten aurkezten, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, merezimenduen baremoko 4.4 atalean aipatutako euskara tituluaren egiaztagiria.

2. Agiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira. Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (2001eko 79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa).

3. Parte hartzeko betebehar guztiak eta alegatutako merezimenduak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

Zazpigarrena.-Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskabide bakarra aurkeztuko dute, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo aldapa zk.g., Iruña) eskura egonen den eredu ofiziala erabiliz, hari erantsitako jarraibideen arabera beteta.

Eskabidea Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko da: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

2. Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskabidea baizik ez da tramitatuko, eta horrek bakarrik balioko du.

Zortzigarrena.-Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 6tik 2012ko azaroaren 22ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen soilik egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamabigarren oinarrian adierazten den epean ere aurkezten ahalko dira ukoak. Uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak hartuko ditu.

Aurkezteko epea bukatuta, ez da onartuko eskabide gehiagorik, egindako eskaeren gaineko inolako aldaketarik edo merezimenduen agiririk.

Bederatzigarrena-Lanpostuen eta postuen eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek, parte hartzeko eskabidean ("eskatzen diren lanpostuak" izeneko epigrafean), eskura ditzaketen lanpostuetatik eskatzen dituztenak beharko dituzte, lehentasun ordenaren arabera, deialdi honen eranskinean azaltzen den ikastetxearen kodea adieraziz.

Eskaera guztietan ikastetxearen edo herriaren kodea eta lanpostu-motaren kodea (lanpostuaren edo espezialitatearen kodea) azaldu beharko dira, eta beharrezkoa denean baino ez, hizkuntzaren kodea ere adierazi beharko da euskarazko lanpostuetarako. Parte-hartzaile bakoitzak ezin ditu 300 eskaera baino gehiago egin eskabidean.

2. Euskarazko lanpostua eskatzen baldin badute, hizkuntzaren laukitxoan 1 jarri beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera emanen diren jarraibideetan adierazten den bezala. Hizkuntzaren betebeharra daukan lanpostua eskatzea beste eskaera bat balitz bezala kontatuko da. Gaztelaniazko lanpostuak eskatzeko, ez da hizkuntzaren laukitxoa bete behar.

3. Ikastetxe edo herri bateko lanpostu bat baino gehiago eskatzen badira, beharrezkoa da eskatzen diren lanpostuak adina aldiz errepikatzea ikastetxea edo herria. Horren ondorioetarako, hizkuntzaren betebeharra duten lanpostuak beste espezialitate batekotzat hartuko dira.

4. Betiere, eskabidean adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak izanen dira parte-hartzaileek eskatutako lanpostutzat hartuko direnak. Irakurri ezin diren kodeak, osatu gabe daudenak, existitzen ez direnak, behar den laukitxoan jartzen ez direnak edo eskatzaileak eskatzen ahal dituen lanpostuekin bat ez datozenak dituzten eskaerak bertan behera utziko dira. Eskaera guztiak aurreko inguruabarrak direla-eta bertan behera uzten badira, lehiatzailea destino esleipenetik baztertua izanen da, deialdian ezarritakoaren arabera destinoa ofizioz esleitzeko kasuak galarazi gabe.

Interesdunak daturen bat oker eman edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta uste izan ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik eskaera aldatu, ezta bertan eskaturiko lanpostuen lehentasunezko hurrenkera ere.

Hamargarrena.-Merezimenduen baremoa.

Lehiaketa irailaren 27ko ECD/2107/2012 Aginduaren IV. eranskinean dagoen merezimendu baremoaren arabera ebatziko da. Agindu horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakasle kidegoetako funtzionarioentzat, hezkuntza sistemaren eskola irakaskuntzak ematen dituztenentzat, eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetako eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioentzat 2012-2013 ikasturtean deitzen diren estatuko lekualdatze lehiaketetan aplikagarri diren prozedura arauak ezarri ziren. Agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2012ko urriaren 5ean.

Guztirako puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, horiek ebazteko ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena baremoko ataletako bakoitzean, bertan ageri den ordenari jarraikiz. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, orduan ere baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Bi kasuotan, atal bakoitzean aintzat hartzen den puntuazioa ez da izanen baremoan atal horrexentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, eta, azpiatalen kasuan, horiexek biltzen dituen atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide hauek aplikatzen direnean, azpiatal batean edo batzuetan haien atalari emandako gehieneko puntuazioa lortzen bada, gainerako azpiatalen puntuazioak ez dira kontuan hartuko.

Beharrezkoa baldin bada, kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia zein urtetan izan zen eta hartan lorturiko puntuazio handiena izanen dira berdinketa hausteko irizpideak.

Hamaikagarrena.-Merezimenduen balorazioa.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen balorazioa organo hauek eginen dute:

A) Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari dagokio merezimenduen baremoko 1. eta 4.3 atalei dagokien puntuazioa esleitzea.

B) Balorazio batzordeak.

Merezimenduen baremoko gainerako atalei dagokien puntuazioa parte-hartzaileei esleitzea Balorazio batzordeei dagokie.

Balorazio batzorde horiek Hezkuntzako Administrazioko ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek osatuko dituzte. Horien izendapena Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen da. Izendapenaren ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da.

Balorazio batzordeak osatuko dituzten langileak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta izendatzen ahalko dira, edo lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren eta, hala behar bada, bigarren deiturakoaren arabera, Giza Baliabideen Zerbitzuan, abiapuntuko letrak finkatzeko, eginen den zozketaren emaitza kontuan harturik.

Batzordeek merezimenduak baloratuko dituzte Hezkuntza Departamentuak finkatzen duen ordutegian, batzordekideen lanpostuei dagozkien eginkizunak uneoro bermatuta. Batzordeen egoitza Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian egonen da.

Erakunde sindikalek balorazio batzordeetan parte hartzen ahal dute.

Izendatzen den balorazio batzordeetako bakoitzean, kasuan kasuko batzordeak izendatzen duen funtzionarioak eginen du idazkari lana.

Ordezko batzordekideak izendatzen ahalko dira, batzordeak aukeratzeko erabilitako irizpideei jarraikiz. Halaber, balorazio batzordeen jardueren koordinatzaile bat izendatzen ahal da. Batzordeko kideak Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezartzen diren abstentzio eta errefusatze kasuen menean egonen dira.

Hamabigarrena.-Destinoen esleipena.

1. Batzordeek lehiatzaileei emandako puntuazioen aktak departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleituko dira, parte-hartzaileek egindako eskaerei, merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazioei eta deialdi honetan xedatutakoari jarraituz.

2. Behin-behineko esleipena eta parte-hartzeari uko egiteko eta erreklamazioak aurkezteko epea.

Aurreko atalak aipatzen duen destinoen behin-behineko esleipena jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es).

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenen kontra, horiek argitaratu eta biharamunetik bost eguneko epean.

Halaber, eta epe horretan bertan, lehiatzaileek uko egiten ahalko diote lehiaketan parte hartzeari, oinarri honetan ezarritako baldintzetan. Hori dela eta, adierazten da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez dakarrela ezinbestean behin betiko ebazpenean destinoa lortzerik ez izatea. Era berean, behin-behineko ebazpenean destinoa lortzeak ez dakar berarekin behin betiko ebazpenean destinoa lortzea.

Erreklamazioak eta ukoak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta deialdiaren zazpigarren oinarrian adierazitako edozein erregistrotan aurkeztuko dira.

Izapide horretan ezin izanen dira inolaz ere zuzendu merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

3. Behin betiko esleipena.

Aurreko atalean adierazitako erreklamazioak eta uko egiteak aintzat harturik, deialdi honen behin betiko ebazpena onesten duen ebazpena emanen da. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da. Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lekualdatze lehiaketetan esleitzen diren destinoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Esleitzen diren lanpostuei ezin izanen zaie uko egin; beraz, parte-hartzaileek lortutako lanpostuetan lanean hasi beharko dute.

4. Nahiz eta organo dei egile desberdinetako lanpostuetarako lehiatu, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamahirugarrena.-Borondatezko eszedentzian egonda, behin betiko destinoa lortzen dutenak.

Eszedentzian egon eta lekualdatze lehiaketa honetan destinoa lortzearen ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek Estatuko Administrazioaren, Toki Administrazioaren edo Administrazio Autonomikoen inongo kidego edo eskalatatik zigor-espediente bidez bereizia ez izanaren eta eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez izatearen zinpeko aitorpena edo hitz ematea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuan lanpostuaren jabetza hartu baino lehen.

Behin betiko destinoa lortuta, jardunean hasten ez badira, funtzionario izaera galduko dute, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.-Lanpostuaz jabetzeko eguna.

Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren lanpostu berrien jabetza hartzea 2013ko irailaren 1ean izanen da, eta data horretatik aurrera hasiko dira ondorio administratibo eta ekonomikoak.

Deialdi honen bidez, behin betiko destinoa beren jatorrizko lanpostuari dagokion kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortzen duten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte.

Hamabosgarrena.-Erreferentziak.

Deialdi honetan irakasleei eta haien egoerei buruz egiten diren aipamenetan, genero maskulinoaren forma erabiltzen denean, gizonezkoei eta emakumezkoei aplikatu behar zaizkiela ulertu behar da.

Hamaseigarrena.-Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Lekualdatze lehiaketan ematen den behin betiko ebazpenaren kontrako errekurtsoak, hezkuntzako zein administrazioren bitartez parte hartu den kontuan hartu gabe, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza administraziora igorri beharko dira eta hark ebatziko ditu.

Iruñean, 2012ko urriaren 15ean.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Ikastetxeen zerrenda

IKASTETXEAREN IZENA

IKASTETXEAREN KODEA

HERRIA

HERRIAREN KODEA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

31000013

IRUÑA

312010002

Iragarkiaren kodea: F1214502