213. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

16/2012 FORU LEGEA, urriaren 19koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO ABENDUAREN 20KO 35/2002 FORU LEGEAREN 42. ARTIKULUA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Lurraldearen Antolamenduari buruzko azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legean ezarri ziren hasiera batez udalez gaindiko proiektu eta plan sektorialak, zeinak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan arautzen baitira gaur egun, lurraldearen antolamendu tresnen artean.

Bai foru legedian, bai beste autonomia erkidego batzuetakoan, non plan edo proiektu horiek izen ezberdinak hartzen baitituzte -esaterako, eskualdekoak, udalez gaindikoak, udalez gaindiko interesekoak, interes berezikoak, lurralde jarduketakoak eta abar-, tresna-mota horien hasierako xedea zen arautzea udal-interes hutsetik harantzagoko intereseko azpiegitura, zuzkidura eta instalazioen ezarpena (errepideak, autobiak, obra hidraulikoak, energia-garraioko obrak ..).

Geroago, tresna horien xedea zabaldu egin da, eta bizitegi-jarduketak ere hartzeraino iritsi da, lehenago udal hirigintzako planeamenduaren zehaztapen tipikoak zirenak ukituta. Halatan, lurraldearen antolamenduko tresna gisa definitzen bada ere -alegia, "espresuki formulatutako irizpideen, arauen eta planen multzoa, lurraldearen gaineko jarduketak eta populazio-kokapenak orientatu eta arautzen dituena, zeinaren xedea baita oreka egoki bat lortzea lurraldearen, ingurumenaren, populazioaren, jardueren, zerbitzuen eta azpiegituren artean"-, azkenean nahasi egiten da haren xedea eta planeamenduarena, bai haren determinazio egituratzaileei dagokienez -horien bidez zehazten dira "udalerri bakoitzaren lur eremu osoa okupatu, erabili eta zaintzeko eredua, hiriaren nahiz lurraldearen funtsezko elementuak, eta beraien etorkizuneko garapena"-, bai antolamendu xehekatuko determinazioei dagokienez -"aurrekoak zehazten dituztenak, behar den neurrian, exekuzio materialeko ekintza zehatzak egin ahal izateko"-.

Kasu egiazki salbuespenekoetara eta justifikatuetara mugatu behar da -aurreikusitako jarduketak hala exijitzen duen kasuetara, zeinetan antolamendua ezin baita egin hirigintzako planeamendu arruntaren bidez- Nafarroako Gobernuak duen ahalmena, ez soilik hirigintza arloko toki-eskumenak baldintzatzekoa, ezpada horien gauzatzea zuzenean bereganatzekoa ere, udal planeamendu indarduna aldatuz, halako moduan non toki entitateak ez baitira eskumenik gabe geldituko. Halere, lurraldearen antolamendu arloko tresna horien kontzeptuazioa lausoegia gertatzen da gaur egun, eta arriskua dago duten berezko xedeaz harantzago erabiliak izateko, hirigintzako planeamenduaren ordezko balira bezala; hau da, foru gobernuak horien erabilera diskrezionala egin lezake, udalen berezko eginkizunak ordezteko hala komeni zaionean, ez lurralde antolamenduaren arloko arrazoiengatik, baizik eta interes politiko, administratibo edo ekonomikoko arrazoiengatik. Udalez gaindiko eraginaren deklarazioa ekintza formal huts bihurtu da; sarritan, aipagai dituen jarduketen edo azpiegituren lurralde-eragina udal baten mugartera mugatzen da (besterik da demografia, bizitegi, merkataritza, ekonomia, kultura eta beste arlo batzuetako eragina). Egungo araubidearen bidez ahalbidetu da tresna horien erabilera estentsibo bat egitea; horrek, tresnak desnaturalizatzeaz gain, toki autonomiaren esparrua argiro inbaditzeko aukera ematen du (toki autonomiaren edukirik tipikoenetariko bat da, hain zuzen ere, udal lurraldearen hirigintza antolamendua).

Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialen araudi indardunaren ondorio horiek zuzentze aldera, horien definizio askoz ere zorrotzagoa eta beren izaerari doituagoa jasotzen da, bai eta betekizun zehatzagoak ere udalez gaindiko eraginaren deklarazioari dagokionez, segurtasun juridiko handiagoa ematen dutenak.

Artikulu bakarra. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatu da, zeina honela geldituko baita:

"42. artikulua. Xedea.

1. Udalez gaindiko plan sektorialek honakoak dituzte xede: jarduketak -etxebizitzaren alorrekoak nahiz ekonomikoak-, edo plan eta politika publikoen garapena, baldin eta jarduketa edo garapen horien eraginak eta ondorioek, dituzten tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badituzte oinarri dituzten udalerria edo udalerriak.

2. Udalez gaindiko plan sektorialek honakoak dituzte xede: garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzekoa den beste edozein, baldin eta horiek lurraldearen antolamenduan duten eraginak eta dituzten ondorioek, beren tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badituzte oinarri dituzten udalerria edo udalerriak.

3. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialetan biltzen diren determinazioak, zeinak sartuko eta egokituko baitira aplikatzekoak diren maila handiagoko lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioetara, lotesleak izanen dira kasuko toki entitatearen edo entitateen planeamendurako. Horretaz gainera, ukitutako toki entitateek beren hirigintza-planeamendua egokitu beharko dute harentzat ezartzen diren determinazioetara, planeamendu hori berrikusi edo aldatzen denean, betiere aipatu determinazioek zuzenean ukitzen badute berrikuspen edo aldaketa horren xedea.

4. Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, ondokoak arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean:

a) Aurreikusitako jarduketek edo azpiegiturek udalez gaindiko esparruan eragiten diotela lurraldearen antolamenduari, eta baldintza hauetakoren bat betetzen dutela: lurraldearen antolatzaile eta egituratzaile izatea; baliagarriak izatea Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen edo Estatuaren politika sektorialak garaitu, ezarri edo exekutatzeko Nafarroako Foru Komunitatean; edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioei badagozkie.

b) Deklarazio hori beharrezkoa dela ondokoak ziurtatzeko: plan edo proiektuaren xede diren jarduketak, azpiegiturak, zuzkidurak eta instalazioak behar bezala txertatzen direla lurraldean; kasuko sare eta zerbitzuekiko lotunea, daudenen funtzionaltasuna kaltetu gabe; kokalekuaren inguruneari egokitzen zaizkiola, eta lurralde nahiz hirigintzako planeamendu indarduneko determinazioekiko artikulazioa; edo justifikazioa duela administrazio eskudunek onetsitako plan edo programa publikoetan, edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioetan.

c) Nafarroako Gobernuak onetsi edo ezetsi aurretik proiektu edo planaren udalez gaindiko eraginaren deklarazioa, foru lege honetako 45.1.b) artikuluak aipagai duena, deklarazio horrek izan duela ukitutako gizarte- eta lurralde-eragileen bidezko gizarteratzea eta parte-hartzea Parte Hartzeko Plan publiko baten bidez, errespetatuta, betiere, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko bermeak, baldintzak eta eskubideak.

Xedapen iragankorra.

Foru lege honetan xedatutakoa aplikatzekoa izanen zaie, indarrean sartzen den egunetik aitzina, prestatzen ari diren eta udalez gaindiko eraginaren deklarazioa Nafarroako Gobernuak onetsi gabe duten udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko urriaren 19an.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1214937