178. ALDIZKARIA - 2012ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDASKO, VALTIERRAKO, ALESBESKO, MILAGROKO
ETA CADREITAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Arguedasko, Valtierrako, Alesbesko, Milagroko eta Cadreitako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2012ko apirilaren 23an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen ordenantza (2012ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2012ko abuztuaren 29an.-Mankomunitateko burua, Antonio Esparza Rubio.

Arguedasko, Valtierrako, Alesbesko, Milagroko eta Cadreitako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen ordenantza

1.-Sarrera.

Gizarte Zerbitzuek ekintza bateratua antolatzen dute, aldatu nahi diren gizarte egoerak hobetzearren, gizartearen ongizatea eta bizi kalitatean eta herritar guztien autonomia pertsonalean oreka lortze aldera. Xede horrek zehazten du Mankomunitatearen ikuspegia.

Gure gizarteko norbanakoen arteko harremanak askotarikoak eta zailak direnez, arazoak eta gatazkak pizten ahal dira, gizarteko kideen ingurune guztiak -familiarra, soziala, lanekoa, pertsonala e.a.- ukitzen dituztenak. Era askotako arrazoiak daude egoera horien azpian, baina gehienetan zerikusi zuzena izan ohi dute gabezia sozial, kultural eta ekonomikoekin.

Administrazioek gizarte zerbitzuak baliatzen dituzte aldatu nahi diren gizarte egoerak hobetzeko, eskualde edo herri bakoitzeko beharren arabera prestatzen diren programak antolatuz. Zerbitzu horiek lehenengo maila osatzen dute eta haiek berek proposatu behar dute nolakoa behar duen gizarte esku-hartzea herritarren gizarte ongizatea lortze aldera.

Oinarrizko programak:

1. Harrera eta orientabide sozialerako programa.

Gizarte zerbitzuen sistemaren prestazio tekniko eta ekonomikoez eta babes sozialeko gainerako sistemen prestazioez baliatu ahal izatea.

2. Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa: Udalek ematen duen etxeko laguntza.

3. Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa.

Akonpainamendu soziala tokian tokiko gizarteratzean, gizarteratze akordioen bidez, aldeen arteko konpromiso-tresna gisa.

4. Oinarrizko laguntzan haurrei eta familiei laguntzeko programa:

foru legediak toki entitateei haurren eta gazteen arloan esleitutako eskumenen ondoriozkoak, horiek oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienean.

Programa bakoitzak baditu zenbait proiektu zehatz, eta proiektuek berriz, helburuak betetzeko hainbat jarduera zein eginkizun, dinamismoa, mugikortasuna eta zeharkakotasuna dutenak, hau da, kontuan hartuz arazo zehatz bati hainbat programatik heltzen ahal zaiola, arazo horrek era askotako jatorri izaten ahal dituelako. Eta era berean, halako programa baten ordez bertze bat abiarazten ahal da, gizarte gatazkako egoera jakin bateko inguruabarrak aldatzean.

Gizarte zerbitzuetan era askotako langile, hau da, profesional aritzen da lanean. Diziplinarteko antolamendua dute, nork bere ikuspuntuak ekartzen dituelarik.

Ordenantza honek Mankomunitateko gizarte zerbitzu oinarrizkoak bildu eta ebaluatzen ditu, haiek arautu beharrez. Aldian-aldian berrikusi beharko da eguneratze aldera.

Mankomunitateak konpromisoa hartzen du egunero zerbitzua emateko eta prozesuak definitzeko, kalitatea kudeatzeko eredu baten arabera, ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak eginez etengabe. Eredu horrek, Mankomunitatearen ikuspegia, misioa eta balioak hartuko ditu aintzat eta eredu horren bidez agente politiko eta teknikoak gizartearekin konprometituko dira. Era berean, aktibo dago datuak babesteko Legeak arautzen duen arauen prozesua.

Lege esparrua.

Aipatu beharra dago Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, bere zioen azalpenean honako hau biltzen duena: "Herritarrei bitarteko eta zerbitzuak emateko marko egonkorra bermatu beharrak esparru horretan esku-hartzea ekarri behar du, gizarte babesaren eredu berria eratuko duen lege baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateak ematen duen babesa hedatu eta osatuko duena eta, halaber, gizarte laguntza gizarte zerbitzuen erabiltzaileentzat benetako eskubide subjektibo bihurtuko duena.

Goian aipatutako legean gizarte zerbitzuen sistema aipatzen da, prestazio tekniko eta ekonomiko, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatua, titularitate publiko nahiz pribatukoek.

Herritar guztiak gizarte zerbitzuak erabiltzen ahal dituzten pertsonak dira. Gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioak onetsi eta defendatzen ditu:

Unibertsaltasuna, erantzukizun publikoa, berdintasuna, elkartasuna, hurbiltasuna eta deszentralizazioa, herritarren partaidetza, laguntza pertsonalizatua eta integrala, prebentzioa, normalizazioa, sustapena, planifikazioa eta ebaluazioa, administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza, kalitatea eta boluntarioen lanaren sustapena.

I. Tituluan (hartzaileen eskubideak eta betebeharrak) garatzen duen edukiarekin bat. Baita III. Tituluko (Eskumenen eta antolaketaren araubidea) I. kapituluan (Administrazio publikoen eskumenak) eta IV Tituluan (Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa) garatuarekin ere.

2.-Egitura organikoa. Legearen VI. Tituluaren arabera arautzen da (Gizarte zerbitzuetako profesionalak).

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko barne antolakuntzak ondoko organigrama du, ordezkaritza politikoak barne:

-Batzar Nagusia, hartan Mankomunitatea osatzen duten bost herriek hiruna zinegotzi izanen dituzte ordezkari.

-Batzorde Iraunkorra: hartan herri bakoitzak izanen du ordezkari bat eta horiei idazkariak eta koordinatzaileak ahokatuko diete.

-Mankomunitateko burua.

-Idazkaritza Teknikoa, legezko aholkularia.

-Gizarte Zerbitzuen koordinatzailea, Mankomunitateko profesional-teknikaria. Gutxienez bi urteko iraupena dauka eta Batzorde Iraunkorrak berretsiko du, entitatearen langileek proposatuta.

-Programen erantzuleak. Programa bakoitzak izanen du bere profesionala, erantzulea dena. Aurreikusitako proiektu, jarduera edo lanak aldian-aldian ebaluatuko dira, komenigarriak ote diren eta mantendu nahiz garatu behar ote diren neurtzeko.

3.-Mankomunitatearen programa sozialak.

3.1.-Harrera eta gizarte orientabideen programa.

Definizioa:

herritarrendako zerbitzua da, gizarte zerbitzuen prestazio, zerbitzuak eta arreten gaineko argibideak emateko hitzordua eskatzen duten guztiei. Kokalekua: egun bat herri bakoitzean.

Orientabideak eta aholkuak ematen ditu, herrietako -eta gainerako instantzia publiko zein pribatuetako- gizarte baliabideei buruz. Oinarrizko prestazioak ere bideratzen ditu, ondokoak: izapide administratiboak, eskabideak, berehalako kontsultak, e.a., betiere gizarte arlokoak badira. Eginkizunak oro har: norbanakoei nahiz taldeei argibideak ematea, gizarte ongizatearen arloko baliabide, eskubide eta betebeharrei buruzkoak, eta azaleratzen diren gizarte arazoak antzematea.

Helburu zehatzak:

-Norbanako, familia nahiz taldeei eskura dituzten gizarte baliabideen, eskubideen eta betebeharren berri ematea, bai eta haiei buruzko orientabideak nahiz aholkuak ere, eta, behar izanez gero, zerbitzu berezituetara bideratzea.

-Gizarte baliabideen kudeaketa.

-Arazoak konpontzeko lehen laguntza.

-Gizarte zerbitzuei eta programei buruzko informazio kanpaina publikoak egitea.

-Informazio trukea eta koordinazioa bai antzeko entitateekin bai osagarriak direnekin, batez ere Nafarroako Gobernuarekin.

-Arlo juridikoko oinarrizko galderen erantzuna.

Programaren zerbitzu bereziak:

a) Informazio orokorra, jadanik aurkeztua.

b) Baliabideen kudeaketa. Administrazioari zuzendu beharreko eskabideak eta bertzelako tramiteak betetzea, balorazio profesionala egin ondoan. Arloak: familia, haurrak, gazteak, adinekoak, minusbaliatuak, etorkinak, etab.

c) Balorazioa eta esku-hartzea. Eskaera bat egin edo behar berezia duen egoera bat gertatzen denean, esku hartu behar ote den edo kasua zerbitzu berezietara bideratu behar ote den aztertzen da.

d) Oinarrizko errentaren tramitazioa. Prestazio ekonomikoa da, eta gizabanako edo familien lehentasunezko behar oinarrizkoak betetzea du helburu.

e) Komunitatea informatzea. Beharrezkotzat jotzen diren informazio kanpainak.

Memoria. Ebaluazioa:

programen esku-hartze prozesu osoan zehar eginen da ebaluazioa. Zerbitzuaren koordinatzailea mankomunitateko buruarekin bilduko da aldian-aldian zerbitzuaren kudeaketa aferak eta programen bilakaera aztertzeko. Ondoren, Batzorde Iraunkorrari emanen zaio guztiaren berri, Batzordeak Batzar Nagusiari jakinaraz bekio.

Memoria urte hasieran prestatuko da eta bertan jasotako ondorioek zerbitzua hobeki egokitzeko balioko dute. Programako erantzuleak datuen erregistroa beteko du, Mankomunitateko gizarte zerbitzuaren memoriari eransteko.

Programa honen barruan, gizarte sustapen, prebentzio eta animazio sozio-kultural eta esku-hartze komunitariorako programa dago.

Definizioa:

gizarte sustapena alderdi guztietatik lantzeko programa da. Herritar guztien partaidetza bultzatu nahi du, denek nork bere baitan eragina duten aferak ongi konpontzen lagun dezaten. Gizarte ekimenak proposatuko dira horretarako, bai eta elkarteak eratu ere, herrietako bizitza bizkortze aldera.

Programaren helburu bereziak:

adinekoendako entitateak -eta bertzelakoak- sortzea, partaidetza soziala ahalbidetzeko, eta herrien bizitzan txertaturiko jarduerak, prestakuntzakoak nahiz kulturakoak, gauzatzeko bertan.

Boluntarioendako jarduerak sustatzea, gizarteko hainbat sektoretan esku hartzeko. Gizarte alorreko bertzelako erakunde eta elkarteekin elkarlanean antolatzen ahalko dira. Egungo taldeak -gazte taldeak, emakumeen elkarteak, peñak, e.a.- iraunaraztea, intereseko arloak sorraraziz bai eta aisialdirako proposamen nahiz aukera diferenteak ere, elkartasuna eta partaidetza helburu.

Egungo taldeekin -zenbait elkarteekin, adibidez- koordinatzea, helburuak berriz zehazteko ideiak ekartzea, bai eta, ekimena norendako den, talde horren eguneroko beharretarako erantzun hurbilagoak ematea ere.

3.2.-Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntzeko programan, honakoa: Udalak emandako etxeko laguntza.

Definizioa:

Programak familiaren baldintzak hobetzea edo piztu daitezkeen gatazkei aitzintzea du helburu. Horrenbertzez, laguntza psiko-soziala eta heziketakoa eskaintzen da, familiaren elkarbizitza hobetze aldera. Programak familiaren moldaera egokia lortzeko laguntza ematen du edota bertzelako bizitokiak eskaintzen, bai aldi baterako bai betiko. Nor bere etxean laguntzen du, Gizarte Gaien Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.

Helburu zehatzak:

-Arriskupeko familia egoerak ezagutu eta gatazkak konpontzen laguntzea.

-Gizabanakoei laguntza psiko-soziala eta heziketakoa ematea, nork bere erabakiak har ditzan.

-Gizarte baliabiderik gabeko familiei ohitura osasungarriak irakastea, bai eta gurasoek behar dituzten trebetasunak ere.

-Familia ingurune egokirik ez dutenei edo elkarbizitza krisian dutenei bertzelako bizitokien aukera eskaintzea.

Etxeko laguntza zerbitzuak programa honetan bildua egon beharko du, baina berezko ezaugarri eta berezitasunekin.

Zerbitzuak lan pertsonalak, etxekoak eta gizarte arlokoak egiten dizkie eguneroko lan arruntak beren kasa burutzeko ezintasun erabatekoa edo partziala duten banakoei edo familiei, nori bere etxean. Gisa horretan, norberaren autonomia eta higienea erraztu nahi dira, nor bere ingurunean bizi dadin, narriadura eta isolamendu soziala saihesteko eta, azken buruan, egoitzetako egonaldiez bertzeko konponbideak eskaintzeko. Zerbitzua erabiltzeko tasa diferenteak ordainduko dira, erabiltzailearen diru-sarreren arabera.

Ebaluazioa:

Aldian-aldian eginen da, ELZko taldeko bileretan eta koordinatzailearekin egin beharreko balorazioan.

3.3.-Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa.

Definizioa:

Arriskupean dauden norbanakoen edo taldeen egoera zailei aitzintzeko programa da. Gizartera moldatzeko baliabideak errazten ditu eta gizartearen dinamikan sartzeko bideak ahalbidetzen. Programa honetako zerbitzuak egin ahal izateko, inplikatutako pertsonek, arriskua edo egoera zaila onartu ondoan, gizarteratzeko gogo betea erakutsi beharko dute. Programa honen bitartez, prebentzio zehazkabeko mekanismoak garatzen dira, ez baitira sintomara zuzentzen, zenbait arazo sortarazten dituzten baldintzetara baizik.

Herritar guztiengana iristeko gogoa du, komunitate osorako proiektu orokorrak eta integralak garatuz.

Erabilgarria da arrisku sozialean dauden guztiendako: babesik gabeko seme-alabak, pasadizoko pertsonak, toxikomanoak, langabeak, etorkinak.

Helburu zehatzak:

-Gizabanakoen, taldeen eta komunitatearen baliabideak eta trebetasunak garatzea, nork bere arazoak behar bezala konpon ditzan.

-Lan teknikak garatzeko hezkuntza.

-Gizarte trebetasunak sustatzea eta guraso-seme-alaben arteko gatazkei aitzintzea.

-Gizarte Enplegu Babestua sustatzea urtero.

-Eskola absentismoari aitzintzea.

-Toxikomano ohien eta espetxeratu ohien gizarteratzea ahalbidetzea.

-Emakumearen sustapena.

-Etorkinen egokitzapena ahalbidetzea.

-Beste batzuk.

Programaren zerbitzu bereziak:

a) Emakumearendako laguntza.

b) Alkoholaren eta bertzelako drogen abusuagatik etorritako istripuei aitzintzea.

c) Prebentzio zehazkabeko programak garatzea.

d) Enplegu sozial babestua.

e) Lanerako informazioa eta orientazioa.

Ebaluazioa:

Ondokoak hartuko dira kontuan: erabiltzaileen parte hartzea, eskuratutako gizarte trebetasunak eta lan-munduratzean lortutako emaitzak edo, programen arabera, eskola absentismoa gutxitzen erdietsitakoak.

Programen arduradunarekin koordinatuz eginen da segimendua.

3.4-Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntzako programan, honakoak:

Definizioa:

Haurrak babestea eta familiari laguntzea dira programaren xedeak, baliabideak erabiltzea erraztuz eta gizarte arriskuko edo gatazka sozialeko egoerak ekiditeko jarduerak eginez.

Hartzaileak:

Babesik gabeko adingabeak edo horrela gertatzeko arriskuan egotea. Behar eta/edo gabeziak dituzten familiak (psiko-sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak...).

Helburu zehatzak:

Laguntza pertsonalizatua, familiak eskatuta.

Gizarte baliabideen informazioa.

Harremanak izateko eta komunikatzeko gizarte trebetasunak eta trebetasun pertsonalak ematea.

Familia unitateko kideen arteko gatazkak saihestea.

Eskola absentismoa saihestea.

Adingabeentzako arreta.

Zerbitzu espezializatuekiko koordinazioa.

Emakumearendako laguntza.

Gizartean parte hartzeko gizarte sareak sortzea.

Prebentzio sozio familiarrerako jarduerak planifikatzea.

Eskura duten baliabideak honako hauek dira:

Familietan esku-hartzeko taldea osatzen duten profesionalak. Taldearen xedea babesgabetasun arrisku arina/moderatua duten familiako dinamika laguntzea da.

Diagnostiko sozialak baldintzatuko du berariazko programak abian jartzea, dauden baliabideak errentagarriago izan daitezen.

Ebaluazioa:

Aldian-aldian eginen da, familien esku-hartzerako taldeko bileretan eta koordinatzailearekin eta programaren arduradunarekin egin beharreko balorazioan.

4.-Langileak eta eginkizunak.

Lanpostuak aitzinetik zehaztu beharko lirateke. Hala ere, programak eta zerbitzuak lehenago zehaztu egin direnez, erran beharra dago zerbitzu orok badituela hainbat langile atxikiak, nork bere titulazioaren edo lan esparruaren araberako eginkizunak bete ditzan bertan.

Erran gabe doa langileek ezinbertzez bete behar dituztela beren profesionaltasunari zeharka lotutako hainbat eginkizun, hala nola garaiz iristea, garbitasuna edo langileen arteko elkarlana, eta baita bertzelako batzuk ere, alderdi profesionalari lotuak baina berez lanari berari dagozkionak, hau da, xedeak ezagutu eta proposatzea, planen segimendua egitea eta betetzea, eta lanaren ebaluazioa. Horrez gain, erran gabe doa ezinbertzekoa dela datuen berri ematea eta memoriak osatzen laguntzea.

Kapitulu honek gizarte zerbitzuetako langileek ezinbertzean bete behar dituzten eginkizunak biltzen ditu; hortaz, argitu behar da ezen berariaz zehaztutako horien artean ez daudela gero lanean bete beharko dituzten guzti-guztiak. Lanean egin beharrekoa argitzeko balio du, lana hobeki ezagutzeko, eta horrek ez du erran nahi zehaztutakoez gain bertzelako eginkizunak -betiere norberaren lanari dagozkionak- bete beharko ez dituztenik.

Gizarte zerbitzuetako langileek ondoko eginkizunak beteko dituzte, nork bere espezialitatearen arabera.

4.1.-Koordinazioa eta idazkaritza teknikoa.

Ondokoak dira koordinatzailearen eginkizun orokorrak:

Planteamendua, xedeak aurkeztuz.

Antolamendua eta koordinazioa, xedeak betetzeko.

Programen ikuskapen dinamikoa.

Hona hemen eginkizun zehatzak:

Gizarte zerbitzuen proiektuak nahiz jarduerak koordinatu eta ikuskatzea.

Mankomunitateko buruari informazioa eta aholkuak ematea eta proposamenak egitea.

Proiektu bereziak aurkeztea.

Programak eta langileak ikuskatzea.

Aurrekontuaren segimendua.

Batzorde Iraunkorretan eta Batzar Nagusietan aferen argibide zehatzak ematea.

Harreman publikoak.

Mankomunitateko buruak berariaz haren esku uzten dituen gainerako guztiak.

Ondokoak dira Idazkari teknikoaren eginkizunak:

Antolamendu eta zuzendaritza administratiboa.

Gizarte zerbitzuen lana tramitatu, koordinatu eta segimendua egitea.

Proiektu eta txosten teknikoak prestatu eta osatzeko arauei buruzko aholkuak.

Erabakiak hartzeko proposamenak prestatzea.

Aurrekontua prestatzea eta gastua kudeatzea, koordinatzailearekin batera.

Aholkularitza juridiko eta administratiboa.

Proiektuak betetzeko laguntza.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko batzorde eta batzarretan idazkari lanetan arituko da.

Mankomunitateko buruak berariaz haren esku uzten dituen gainerako guztiak.

4.2.-Gizarte-langilea.

Adierazi beharra dago Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan gizarte esku-hartze eredua honako hauetan oinarritzen dela: eskumen soziala, diziplinartekotasuna, osotasuna eta denbora luzeko esku-hartzea. Horrek erran nahi du gizarte langileak ondokoak sustatuko dituela: nork bere baliabideak erabil ditzan bere arazoak konpontzeko, betiere ahal den heinean. Bere inguruneko osagai guzti-guztiak hartuko dira kontuan eta egoera pertsonalak epe luzean ikuskatuko dira, gatazkak konponbidean egon arte.

Gizarte langilea da bere programaren erantzulea; hortaz, programa planifikatu eta betetzen du, bai eta segimendua egiten nahiz ebaluatzen ere, betiere bertan esku hartzen duen diziplinarteko lantaldearen laguntzaz.

Ondokoak dira gizarte langilearen eginkizun orokorrak, nahiz eta programak garatzeko bertzelako eginkizun bereziagoak ere bete beharko dituen.

Gizartearen beharrei antzematea eta arazoak aztertzea.

Egungo eskubide eta baliabide sozialen gaineko informazioa.

Baliabideak proposatu edota kudeatzea.

Lantaldeari eskaeren berri emanen dio eta esku hartzeko programak prestatuko ditu.

Programak prestatu eta ebaluatzea. Proiektua eta memoriak.

Gizarte Laneko ikasleen praktiketako lanak orientatu, lagundu eta ikuskatzea.

Entitate eta zerbitzuekin egin beharreko koordinazio teknikoa.

Talde eta entitateendako aholkuak eta laguntza teknikoa, haien esku-hartze sozialei loturiko aferei buruz.

Txosten teknikoak egitea.

Gizarte baliabideak bilatu eta indartzea.

Agiri zehatzak prestatu eta betetzea (espedienteak, historiak, etab.).

Eskaerak eta arazoak bertze sistema berezietara bideratzea eta orientatzea.

Prestakuntza osagarriko ikastaroak egitea.

Mankomunitateko buruak eginarazten ahal dizkion gainerakoak -betiere haren titulazioaren araberakoak.

4.3.-Gizarte hezitzailea.

Profesional hau norbanakoen, taldeen eta komunitatearen arazo sozialetan esku hartzeko gaitua da, betiere ikuspegi hezitzaile batetik. Landa langilea da; hortaz ingurunea eta bertako baliabideak ezagutu behar ditu. Parte-hartze sozialeko programen sustatzailea eta kultur jardueren dinamizatzailea. Bere jarduketak ondokoak ditu oinarri: zuzeneko esku-hartzea, herritarren eguneroko bizitza, taldeak, elkarteak eta norbanakoak. Gizarte garapena, entitate nahiz taldeen sustapena. Bereizgarria: jarduna eta dinamismoa.

Ondoko eginkizunak ditu (berezkoak dituenak programa zehatzetan definitzen badira ere):

Elkarlana bertzelako programetan, eta bere ekarpen profesionala, zerbitzuko lantaldean.

Lanpostuaren berezko eskaerak ezagutzea.

Harreman koordinatuak eta esku-hartze bateratua bertzelako zerbitzu eta erakunderekin.

Baliabideei buruzko argibideak eta orientabideak.

Parte hartzeko programak antzeman, planifikatu eta proposatzea, animazio sozio-kulturalaren berezko teknikak erabiltzea, programa horiek garatzeko, eta esku-hartzeak baloratzea.

Gazteen moldegabeziari aitzintzeko jarduerak.

Arrisku egoerei antzematea.

Familia hezkuntzako prozesuak abiarazi eta sostengatzea.

Giza taldeak mugiaraztea parte har dezaten. Hainbat talderen dinamizazioa.

Elkarteak eratzeko laguntza eta aholkuak.

Bere lan esparruko taldeendako baliabideak bilatzea.

Parte hartzea bultzatzeko gizarte ekintzak sustatzea.

Proiektuak kudeatzeko laguntza.

Boluntariotza sustatzea.

Arreta soziokultural berezia eginen die bai gazteei bai hirugarren adinekoei.

Mankomunitateko buruak eginarazten ahal dizkion gainerakoak -betiere haren titulazioaren araberakoak.

4.4.-Familia-langileak.

Etxeko laguntza zerbitzura atxikitako langileak dira. Erabiltzaileei laguntza zabala ematen diete, arlo pertsonalean nahiz etxeko lanetan, nori bere etxean. Horrekin batera, aisialdia bultzatzeko jarduketak ere egiten dituzte.

Eginkizunak:

Taldean eginen dute lan, segimendua nahiz ebaluazioa egiteko bilkuretan.

Lanbideari dagozkion agiriak beteko dituzte.

Laguntza pertsonalak, garbitasunarekin eta elikadurarekin lotuak, bai eta fisikoak ere.

Etxeko laguntzak. Etxea garbitzea, antolatzea, kanpoko kudeaketak eta bertzelakoak, betiere erabiltzailearen irizpideak eta erabakiak aintzat hartuz.

Eta zerbitzuaren beharrei nahiz egokitzeari begira suertatzen ahal diren gainerakoak, betiere lanpostuko mailaren araberakoak eta Mankomunitateko buruak proposaturik badira.

4.5.-Administrazioa.

Zerbitzu burokrotatikoak biltzen ditu, Gizarte Zerbitzuaren lanean laguntzen baitute. Erran nahi baita, gizarte zerbitzua egiterakoan sortzen diren agiriak kudeatu eta tratatzea.

Honako eginkizun hauek izanen ditu:

Taldean arituko da lanean, programatutakoa bete dadin behar den informazioa ekarriz, eta laguntza teknikoa nahiz materiala emanez.

Batzordeetarako nahiz Batzorde Orokorretarako erabakiak tramitatu eta idaztea. Erabakien berri ematea.

Ebazpenak tramitatzea.

Hainbat motatako laguntzak tramitatzea.

Bertzelako administrazioetarako txostenak.

Gizarte zerbitzuen txosten, memoria, gutun, komunikatu eta abarren idazketa mekanikoa.

Jendearendako harrera, zuzena nahiz telefono bidezkoa. Aukeran dauden programetara bideratuko ditu, edo informazioa emanen.

Artxiboa eta dokumentazio eguneratuko ditu.

Gastuen kontabilitateko idazpena.

Eta Mankomunitateko buruak eginarazten dizkion gainerakoak, betiere lanpostuaren araberakoak.

Gizarte zerbitzu oinarrizkoen berezko ezaugarriak direla eta, bertzelako profesionalen beharra suertatzen ahal da, halako programa jakinen barnean lan egin dezaketenak jarduketa sozial zehatz bati aurre egiteko, betiere eskaeren arabera. Profesional horiek zerbitzuen beharretara egokituko dira, eta nork bere lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1212339