172. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskolako abesbatza espezialitateko irakasleen zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, aldi baterako lan-kontratuko lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren beharrei erantzun beharrez

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2012ko abuztuaren 21ean; hona hemen oinarriak:

Oinarriak

1.-Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, Musika Eskolako abesbatza espezialitateko irakasle lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzun beharrez.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen bertze zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den Musika Eskolako irakasle lanpostuan, behar den espezialitatekoan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Musikako erdi mailako titulua, edozein espezialitatetakoa, izatea edo hura lortzeko baldintzetan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan eskuratzen ahalko da, Karrika Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bertzenaz, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxearen gibelaldean.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bortz egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

6.-Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztu ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi delegatua edo Hezkuntza eta Kultura Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Angel Otxotorena Zabalza, Joaquin Maya Musika Eskolako zuzendaria.

Mahaikidea: Esteban Urzelai, Abesbatzen Zuzendaritzako espezialista.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Nuria Abadía Lacosta, Musika Eskolako idazkaria, edo Marisol Malón García, Joaquín Maya Musika Eskolako ikasketa burua.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.-Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

7.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

a) Interpretazioa:

Probak bi zati izanen ditu:

-Obra bat edo gehiago edo haien mugimenduak kantatzea, pianoak lagundurik eta 10 minutuz, guti goiti-beheiti. Gisa honetako alderdiak baloratuko dira: soinuaren kalitatea, pasarte eta testura bakoitzari dagokion soinu-oreka, koloreak, dinamikak, fraseatzea, komunikazioa, adierazkortasuna, sentiberatasuna, entzumeneko sentiberatasuna, kontrola, kontrol psikologikoa, egituraren kontzientzia musikala, interpretazio estilistikoa etab.

-Epaimahaiak proposaturiko melodia baten akonpainamendu harmonikoa, pianoan. Oposiziogileak bortz minutu izanen ditu hura prestatzeko.

Interpretazio probak, gehienez ere, 20 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

b) Proba praktikoa: 30 minutuko saioa izanen da, Eskolako abesbatza bati eman beharrekoa. Haren maila hastapenekoa edo 1.a izanen da.

Probak hiru zati izanen ditu:

-Bokalizazioa. 10 minutuz, abesbatzako ikasleek eginen dituzte prestatzeko edo boza berotzeko ariketak, baita ahots-teknikako ariketa oinarrizkoak ere.

-Abesbatzak ezagutzen duen kanta baten zuzendaritza, 5 minutuz. Ariketa hori egiteko 10 minutu izanen ditue oposiziogileak.

-Oposiziogileak proposatutako kanta baten lanketa, 15 minutuz.

Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Honako alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, keinuaren teknika, imitazio bidezko ikasketa, ariketen eta kanten egokitzapena abesbatzaren mailara, baita epaimahaiari komenigarriak iruditzen zaizkion bertze alderdi batzuk ere.

7.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

7.3. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditzen duten izangaiei deitzen ahalko zaie Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2012ko abuztuaren 21ean.-Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

IZENA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA (eguna/hilabetea/urtea)

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA (karrika, zenbakia, eskailera, solairua)

HERRIA

P. K.

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

[ ] Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

[ ] Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian onartua izatea, aldi baterako kontratudun lanpostuetan aritzeko, musika eskolako irakasle lanpostuan, abesbatza espezialitatean. Deialdia .... Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ......aren ......koan.

Iruñean, 20........ko ................................. aren .............(e)an.
(Sinadura)

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Karrika Nagusia, 2, 31001-Iruña).

Iragarkiaren kodea: L1212071