172. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

147/2012 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregular finkoen tarifak berrikusten dituena.

Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 116/2010 Ebazpenaren bidez igo zen errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregular finkoen tarifa, BEZaren %7tik %8ra bitarteko aldaketa kontuan hartuta, 2010eko uztailaren 1etik aurrera.

Aurrekontuaren egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 23. artikuluak balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu zuen.

Besteak beste, 2012ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, %10eko tasa aplikatuko zaie bidaiari-garraioaren zerbitzuen prestazioei.

Garraio Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean uste du errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregular finkoen tarifen araubidea egokitu egin behar zaiola balio erantsiaren gaineko zergaren tasa murriztu berriari.

Orobat, uste du ona dela geltokiak erabiltzeko tasak tarifetan espres sartzea.

Entzunaldia eman zaie Asociación de Consumidores de Navarra "Irache" eta Asociación de Amas de Casa y Consumidores y Usuarios de Navarra "Santa María la Real" elkarteei, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Bestetik, Asociación Navarra de Empresarios del Transporte y la Logística (ANET) elkarteari ere eman zaio entzunaldia.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoa izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregular finkoen tarifak igotzea, balio erantsiaren gaineko zergaren tasa murriztuaren %8tik %10erako aldaketa aplikatuta, eta kobratzeko 1,10 euroko gutxienekoari eustea (balio Erantsiaren gaineko zerga barne).

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasunekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregular finkoen ibilbideetan eragina duten geltokiak erabiltzeko tasak tarifetan sartzea.

Zerbitzu horien kontzesioa duten enpresek ezin izanen diete erabiltzaileei bestelako diru-kopururik eskatu tarifetatik aparte, geltokiko kostuen ondorio gisa.

3. Adieraztea kontzesioa hartzen duten enpresek, tarifa berriak aplikatzeko, Garraio Zerbitzuari eskatu behar diotela prezioen taula berriei ikus-onetsia eman diezaiela.

4. Tarifa taula horiek, behar bezala ikus-onetsi ondoren, jendaurrean jarriko dira txarteldegietan.

5. Ebazpen honek 2012ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

6. Ebazpen hau Garraio Zerbitzuari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek, espedientean interesatuak direnean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2012ko abuztuaren 29an.-Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F1212326