108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuaren zerbitzu anitzetako enplegatu (D maila) izateko oposizio murriztuaren bidez eta igoera txandan betetzeko.

Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko buruak maiatzaren 28an eman 2/2012 Ebazpenaren bidez, onetsi egin da Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko deialdia, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko langile funtzionario edo lan-kontratudun finkoen artean oposizio bidez betetzeko, bide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan ezarria baitago. Lanpostu hori plantilla organikoko 12.4 zenbakiari dagokio, beraz ez da egungo plantillako lanpostu kopurua handituko.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzea du xede deialdi publiko honek, bide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6. artikuluan ezarria baitago. Lanpostuak 12.4 zenbakia du plantilla organikoan. zenbakiari dagokio, beraz ez da egungo plantillako lanpostu kopurua handituko.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan deialdi honen xedeko lanposturako izendatzen den langilea D maila edo taldean sartuko da, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan maila horretarako finkatzen diren ordainsariak eskuratuko ditu, baita Burlatako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan zehazten direnak ere.

1.3. Deialdi honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izanik hura funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Orobat, sistema berari helduko dio eskubide pasiboei eta osasun laguntzari dagokienez.

1.4. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honako oposizioan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Burlatako Udalaren Kultur eta Jaietako Patronatuaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E maila edo taldekoa.

b) Eskola Graduatuaren, lehen mailako lanbide heziketako titulua edo baliokideren bat izatea eta bortz urteko antzinatasuna, administrazio publikoetan onartua.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Euskaraz jakitea, bigarren mailako hizkuntza eskakizuna izanik, Burlatako udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako eranskinari jarraikiz. Hori egiaztatzen ahalko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak horretarako egiten duen probaren bidez, edo bertzenaz Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko gaitasun agiria edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa aurkeztuz. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabide orokorrean. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako ezarritako probak burututa eginen da.

Aurreko b) atalean ezarritako gutxieneko titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

Baldintza horiek deialdi honetako laugarren oinarrian adierazitako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita bete ere oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3.-Eskabideak:

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Bentetako Ingurabidea, 1, 31.600) deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko.

3.2. Eskabideak deialdi honetako 1. eranskinean argitaratu ereduari lotuko zaizkio. Eredua Burlatako Udaleko bulegoetan eskuratzen ahalko da (Larrainetako plaza, zk.g., Burlata); orobat, Interneten bidez eskura daiteke, helbide honetan: https://sedeelectronica.burlada.es. Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo haren pareko dokumenturen baten kopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Izangaia zer lanpostutan eta zer mailatan dagoen, eta administrazio publikoetan zer antzinatasun aitortzen zaion, haien egiaztagiria.

d) Udal Diruzaintzan azterketa eskubideen tasari dagozkion 4,60 euro ordaindu izanaren egiaztagiria. Azterketa eskubideengatiko tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Diruzaintzan ordainduta, Burlatako Udalaren bulego orokorretan.

-Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: 2054 0210 91 1100000011 (Nafarroako Aurrezki Kutxa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • Kontzeptua: oposizioetako tasa.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.

Batzordeburua: Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko burua.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikidea: Ignacio Gordejuela Hierro, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko kudeatzaile-koordinatzailea.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikidea: José Miguel Egea Noain, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuen burua.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikidea: Luis Sánchez Urrutia, langileen legezko ordezkaria, eurek proposatua.

Ordezkoa: Burlatako Udaleko langileen legezko ordezkaritzak proposaturik izendatzen dena.

Mahaikide idazkaria: Burlatako Udaleko giza baliabideen zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Hona hemen ariketa: proba teorikoa, praktikoa eta/edo teoriko-praktikoa, lanpostuaren eginkizunez, egitekoez eta eginbeharrez jardungo dena.

6.2. Oposizioaldian gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertuta geratuko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten oposiziogileak.

6.3. Ariketa bakoitza burututa, epaimahaiak, bost eguneko epean, Burlatako Udalaren iragarki oholean emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.4. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.-Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Burlatako Udalaren iragarki oholean erakutsiko ditu ariketa gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta Burlatako Udalaren Kultur eta Jaietako Patronatuari igorriko dio izendapen proposamena, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde. Proposamen hori Burlatako Udalaren bulegoetako iragarki oholean jarri eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Burlatako Udalaren Erregistroan:

a) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Burlatako Udaleko Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatzen dion gainerako dokumentazioa.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, esandako agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, eskabidearen faltsukeriagatik dagokiokeen erantzukizuna ukatu gabe.

7.4. Aurreko 7.3 atalean ezarritako kasuan, 7.1 atalean aipatzen den zerrenda horretan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta horrekin aurreko idatz-zatietan adierazi den gisara jokatuko da.

7.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, probak gainditzen dituztenen zerrendako hurrengoa sartuko da izendapen proposamenean.

8.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko buruak, ebazpen baten bidez, proposatutako izangaia izendatu eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak dakarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarritako moduan eta ondorioekin. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

9.-Errekurtsoak:

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabaki argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazi eta biharamunetik, bi hilabeteko epean, aldez aurretik erabakia hartu duen organoari errekurritzeko asmoa jakinaraziz.

Burlatan, 2012ko maiatzaren 28an.-Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

1. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izena: .............................................., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: .........., bizitokia: ........., kalea: ......................................., zenbakia: ........... posta kodea: .............. telefonoa: ...................... sakelako telefonoa: ..................... e-posta:

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Burlatako Udalaren Kultur eta Jaietako Patronatuaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, plantilla organikoan 12.4 zenbakia duena, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, haien oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut.

[ ] Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik ez dudala.

[ ] Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

[ ] Ez naizela baztertua izan ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik eta ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua.

[ ] Deialdian eskatzen den tituluaren jabe naizela.

[ ] Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

ESKATZEN DUT:

Eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztutzat harturik, deialdiaren probetan onartua izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

BURLATAKO UDALEKO KULTUR ETA JAIETAKO PATRONATUKO BURUA.

Iragarkiaren kodea: L1208218