108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Kasedako udal mugapean, Kasedako zentral hidroelektrikoaren inguruan dagoen "Zangoza-Kaseda" linea elektrikoaren bariantearen proiekturako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2011ko irailaren 2an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, Iberdrola Distribucion Electrica S.A.U.k sustaturik. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartuta dago; beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Iberdrolak, Kasedako zentral hidroelektrikoaren ondoan, Kasedako 5. poligonoko 13. lurzatian, "Kaseda" MZ izeneko maniobra zentro bat dauka. Kaseda MZ horretatik aireko hiru linea ateratzen dira: "Zangoza-Kaseda", Galipentzuko norabidean, "Zangoza-Kaseda", Ageza/Eslaba norabidean, eta "Zangoza-Kaseda", Oibarko norabidean. Proiektuaren helburua da hiru linea horiek Kasedako zentral hidroelektrikoaren barnetik duten pasabidea kentzea. Horretarako, zentrala inguratzen duten aireko 2 zirkuitu proiektatu dira eta, Kaseda-Galipentzu linearako, lurpeko linea berri bat maniobra zentroaren eta 40.01 euskarriaren artean; euskarri horren ordez ere beste bat jarriko da. Aireko lineak Sada ibaia gurutzatzen du, bai eta "Tramo Medio del río Aragón" izeneko Batasunaren Intereseko Lekua ere. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2012ko maiatzaren 7an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Kasedako Udalari igorri zitzaion 2012ko urtarrilaren 6an, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2011ko iraileko Ingurumen ukipenen azterlanean aztertutako trazadurari dagokionez (aireko 3 zirkuitu), Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak errekerimendua egin zuen 2012ko urtarrilaren 16an, trazadura aukerei buruzko azterketa sar zedin, besteak beste, ibaiertzeko landaredia gutxiago ukitu ahal izateko. Sustatzaileak erantzuna eman zuen martxoaren 29an, trazadurari buruzko azken proposamena jasoz (2012ko urtarrileko planoa); proposamen horren arabera gutxiago ukituko da landaredia (00.01 euskarria eraikiko ez denez, zuhaitz gutxiago moztu behar dira, eta aireko 3 zirkuitu izan beharrean aireko 2 eta lurpeko bat izanen dira, lehenago deskribatu den moduan).

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Kasedako udal mugapean, Kasedako zentral hidroelektrikoaren inguruan dagoen "Zangoza-Kaseda" linea elektrikoaren bariantearen proiekturako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Aldeko txostena jaso duen trazadura 2012ko urtarrileko planokoa da (ez 2001eko irailekoa, Ukipenen azterlanean jasoa).

-Proiektuak eta Ingurumen ukipenen azterlanak adierazten duten moduan, isolamenduko metro bat bermatuko duten kateak erabiliko dira, eta neurri zuzentzaileak (isolamendua) linea bukaerako euskarrian, hegaztien elektrokuzio arriskua murrizteko, eta balizamendua eginen da (hegaztiendako babesa) Sada ibaiaren eta Batasunaren Intereseko Lekuaren gurutzaguneetan.

-Moztu behar diren zuhaitzak markatzeko, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari dei eginen zaio (telefonoa: 948-703671). Sada ibaiaren ibilguko ezpondak ezin izanen dira erabat landarerik gabe utzi (belar edo zuhaixkazko estaldura baxua mantenduko da, aireko linearen zortasun zerrendarekin bateragarri).

-Lanak bukatutakoan, sustatzaileak euskarri berrien argazkiak bidaliko ditu Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalera (eroaleen eta terminalen isolamendua eta composite isolagailuak nola dauden egiaztatzeko).

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Kasedako Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 17an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1207764