108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55E/2012 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Cadreitako "Paraje Camponuevo" alderdiko finkak ureztalur bihurtzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Torres Cornago da.

2011ko abenduaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuko jarduketaren helburua da erreten bidez ureztatzen diren 35 lurzati biltzea Cadreitako Camponuevo alderdian, Valtierrako mugatik hurbil, presiozko/tantakako ureztalur bihurtzeko. Lurzati horiek guztiak Cadreitako 1. poligonokoak dira: 538., 539. eta 550 lurzatiak eta 566.etik 597.era bitartekoak. Lurzati horien artean hormigoizko erreten txikiak eta finketarako sarbideak daude, eta galdu eginen dira eremu horretan lur-berdinketa eta horniketa lanak egiten direnean.

Aldaketa hori gauzatzeko, presiozko hodi bat jarriko da, 2.700 ml-koa, putzu batetik hasita, eta ponpaketa, Cadreitako 1. poligonoko 417. lurzatian. Hodiarentzako zangak metro bateko sakonera eta 50 cm-ko zabalera izanen ditu, eta bertan dagoen landa bideari jarraikiz eginen da.

Ureztaketa eremu hori kudeatzeko, inguruz inguruko bide bat diseinatu da, 6 m-ko zerbitzu-zabalerakoa eta 1.250 ml-ko luzerakoa, malda pitin bat izanen duena ertzetarantz, ur soberakina modu naturalean atera dadin.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horiekin, 2012ko urtarrilaren 12an txostena eskatu zitzaion Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, jarduera lurzoru urbanizaezinean baimentzeari buruz.

93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, Cadreitako Udalak jarduketaren aldeko txostena eman zuen 2011ko abenduaren 28an, eta 2012ko urtarrilaren 2an jaso zen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Cadreitako "Paraje Camponuevo" alderdiko finkak ureztalur bihurtzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Torres Cornago da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Hodia jartzeagatik landa bidearen ertzetan ukitzen diren eremuak, alorrak ez badira, eta inguruz inguruko bidearen ertzak topografikoki egokiro lehengoratu beharko dira, birlandareztatze naturala egiteko egokiak diren lurrekin.

-Inguruz inguruko bidea egiteko materialak mailegu baimendutik aterako dira.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cadreitako Udalari, Tutera aldeko 12. Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1207762