108. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

435/2012 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Girgillaoko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Girgillaoko Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Horri buruzko txostena eman zen 2007ko irailean.

Girgillaoko Udalak hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako Udal Plana, 2011ko irailaren 29an egindako bilkuran. 2011ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 27an, argitaratutako iragarkiaren bidez jendaurrean jarri zen Hirigintzako Udal Plana, eta haren dokumentazioan Ingurumen ondorioen azterlana jaso zen. Jendaurreko aldian jasotako alegazioen artean, Jose María de Mendigurenek sinatuak eskatzen du Argiñarizko UC-2.3an dagoen ehun urtetik gorako almendrondoa babes dadila eta iristeko bidea egin.

Girgillaoko udalerria Mañeruko ibarrean dago, Artazu, Zirauki eta Mañeruko udalerriekin batera. Girgillaoko, Etxarren Girgillaoko eta Argiñarizko kontzejuez osatuta dago, Sarbil eta Erreniega mendilerroen inguruan, Esparaz eta Arrixurri gainen artean eta Arga ibaiaren eskuineko aldean.

Hirigintzako Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (24.6 km²). Girgillaoko Udal Plan Orokorraren funtsezko helburuak dira lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua zehaztea, udalerria modu iraunkorrean garatzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea. Hiri eremuari dagokionez, planaren bidez ziurtatu nahi da bertan dauden hiri sareak mantendu eta hobetu eginen direla eta ongi lotuko direla zabalgune berriekin, hiri/landa paisaia mantentzeari uko egin gabe eta gune batzuen zein besteen nortasunaren ezaugarriak babestuz.

Hirigintza Planak murriztu egin ditu Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan (LOEE) bizitegi eremua handitzeko hasiera batean ezarritako azalerak; 41 etxebizitza (11 Girgillaon, 12 Argiñarizen eta 16 Etxarren Girgillaon) izanen dira, hau da, %63ko igoera.

Bide sarearen plangintzari dagokionez, eskualdeko eta tokiko errepideen oraingo bide sistema mantentzea proposatzen da, baita Argiñarizen eta Etxarren Girgillaoren arteko lotunea ere, bertan dagoen zirkulatzeko moduko pista baten bitartez.

Planaren helburuen artean, honako hauek: landa lurren kategorizazioa eta nekazaritza, oihan, abeltzaintza, paisaia, arkeologia, kultura eta ingurumen balioen babesa. Kategorizazio horren bidez babestu egiten dira inguru horretako balio naturalak, eskualde horretako nekazaritza jarduerarekin bateragarri eginez eta bertako paisaia mantenduz.

Ingurumen balioa dela eta, honako hauek sartzen dira: errekak, hala nola Arga ibaia eta ibai horren ertzeko landaredia, hain garrantzizkoak ez diren sakanak, hala nola Basakaitz sakana edo Urtatu erreka, Nafarroako oihan ondarea (Orendain-Zabala, Sorakoitz, Gorriza eta Argiñariz), eta Batasunaren interesekoak eta lehentasunezko interesekoak diren habitatak, hain zuzen ere udalerri horretan ohikoak diren erkameztiez eta artadiez, ipurudiez, elorri-triskez, otabera-sastrakadiez eta larreez osatuak. Kategoria horretan sartzen dira, orobat, Argiñarizko zabortegia, itxia eta inguru horretako habitateko espezieez lehengoratua, eta koniferoekin egindako basoberritzeak, batez ere Ezparazko mendilerroaren mazeletan eta udalerriaren hegoaldean.

Kultur balioko elementuen artean aipatzekoak dira Oreindaingo, San Cristóbalgo, Gorrizako, Sorakoizko eta Igusteko galtzako aztarnategiak, bai eta hiriguneetako ondare arkitektonikoa ere.

Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen ahal diren eremuak Girgillaoren eta Etxarren Girgillaoren inguruko mendi-mazeletan dauden terrazetara mugatzen dira, non topografiak eta erabilera tradizionalek nekazaritza eta oihan mosaiko berezi bat sortu baitute, zerealez eta erkametzen eta sastraken arboladiz osaturik.

Balio horiez gainera, planeamenduan Arga ibaiaren inguruan uholdeak izan ditzaketen eremuak jaso dira (100 urteko birgertatze aldia). Dena den, herriguneak goraguneetan daudenez, erreketatik edo sakanetatik urrun, ez da arriskurik ikusten ez bertan dauden eraikinentzat ez proposaturiko hirigintza garapenentzat.

Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriaren ingurumen arloko azterketa, diagnostiko eta balorazio egokia jasotzen du, bai eta Hirigintza Planean bildu diren proposamenena ere. Ondorioen balorazioan adierazten da lurzoru urbanizaezineko kategorizazioa bera positiboa dela udalerriaren ingurumen, paisaia eta kultur balioak babesteko. Hirigintza proposamenak dakartzan ondorioei dagokienez, bateragarritzat jotzen ditu, paisaiaren gaineko eragina izan ezik, moderatutzat jotzen baita. Horretarako neurri batzuk proposatzen ditu, hala nola, eraikinen tipologia planteatu den araudiari egokitzea, bai urbanizazioa bai eraikinak paisaian integratzea ahalik eta lur mugimendu eta ezponda gutxien eginez (gero landareztatu eginen lirateke), biodibertsitateko irizpideak aplikatzea hiri eremu libreak diseinatzean eta, oro har, landarediaren tratamenduan, bidexkek eta ibilbideek pasabide ekologiko gisa duten eginkizuna bultzatuz.

Gaueko ingurunea babesteari dagokionez, eta behatoki astronomiko bat dagoenez Etxarren Girgillaon, argiteria publikoari buruzko antolamendua beteko da, kontuan harturik behatokia E1 eremuan dagoela (babes berezia behar duten lurraldeetako eremuak, balio astronomiko berezia dutela-eta, non oso distira txikia soilik onar daitekeen).

Hirigintza Planak udalerriaren hots zonifikazioa ere jaso du, eta bertan mugatzen dira bizitegi eremuen hots eremuak eta azpiegiturak.

2011ko abenduaren 15ean sartu zen Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuan Girgillaoko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Girgillaoko Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Girgillaoko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1207556