85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasle lanpostuetan aldi baterako lan kontratuen bidez aritzeko izangaien zerrenda hautaprobak eginez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez

Iruñeko Udalaren Lehendakaritza Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2011ko apirilaren 12an; hona hemen oinarriak:

Oinarriak

1.-Izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egin da, hautaproben bidez Musika Eskolako hainbat espezialitatetako irakasle lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzun beharrez.

Deialdian sartutako lanpostuak espezialitate hauetakoak dira:

-Eskusoinua.

-Klarinetea.

-Gitarra.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen bertze zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den Musika Eskolako irakasle lanpostuan, behar den espezialitatekoan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Lehiatzailearen espezialitateko erdi mailako titulua izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan eskuratzen ahalko da, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bertzenaz, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxearen gibelaldean.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bortz egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, deialdi honen zazpigarren oinarrian aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

6.-Epaimahaiak.

6.1. Espezialitate bakoitzeko epaimahai bat eratuko da, ondoko kideek osatua. Espezialitate bakoitzean onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean finkatuko da haien behin betiko osaera:

Mahaiburua: Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatua edo Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Angel Ochotorena Zabalza, Joaquin Maya Musika Eskolako irakaslea.

Gitarrako epaimahaiko kidea: Marisol Malón García, Joaquín Maya Musika Eskolako gitarrako irakaslea.

Klarineteko epaimahaiko kidea: José Miguel Martínez Esparza, klarineteko espezialista.

Eskusoinuko epaimahaiko kidea: Iagoba Bilbao Navarro, Joaquín Maya Musika Eskolako eskusoinuko irakaslea.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Nuria Abadía Lacosta, Joaquín Maya Musika Eskolako idazkaria, edo Marisol Malón García, Joaquín Maya Musika Eskolako ikasketa burua.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.-Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

7.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da, espezialitate guztietarako izanen baitira:

a) Interpretazio proba: obra bat edo gehiago izaten ahal dira, edo haien mugimenduak; 10 minutu inguru iraunen du. Probak, gehienez ere, 20 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Alderdi hauek baloratuko dira: testuaren zehaztasuna, erritmoaren sentimendua, agogikoak, soinu planoak, soinuaren kalitatea, pasarte eta ehundura bakoitzari dagokion soinu oreka, koloreak, dinamikak, fraseatua, komunikazioa, adierazkortasuna, sentiberatasuna, soinu irudimena, barne entzumena, entzuteko sentiberatasuna, entzute aktiboa, musika tresnaren kontrola, kontrol psikologikoa, egituraren kontzientzia musikala, interpretazioaren estiloa, memoria, sinkronizazioa, elkar ulertze artistikoa etab.

b) Proba praktikoa: 15 minutuko saioa izanen da, Musika Eskolan matrikula egina duen ikasle bati eman beharrekoa, zein den ere haren maila. Probak, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera; betiere, musikako helburua erdieste aldera, baita epaimahaikoei egokiak iruditzen zaizkien bertze batzuk ere.

7.2. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

7.3. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritza Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2011ko apirilaren 12an.-Lehendakaritza Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

IZENA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA

NON JAIOA (UDALERRIA/PROBINTZIA)

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA (KARRIKA, ZENBAKIA, ESKAILERA, SOLAIRUA)

POSTA KODEA/HERRIA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

[ ] Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

[ ] Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian onartua izatea, aldi baterako kontratazioaren bidez Joaquín Maya musika eskolako irakasle lanpostuan, (hautaturiko espezialitatea adierazi) espezialitatean aritzeko.

[ ] Eskusoinua [ ] Gitarra [ ] Klarinetea

Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratua: zenbakia: .....................; eguna: .......................

Datuen babesa: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabili ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Karrika Nagusia, 2, 31001-Iruña).

Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L1106999