85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Arte Eskolako irakasle lanpostuan aldi baterako kontratazio bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritza Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2011ko apirilaren 6an; hona hemen oinarriak:

Oinarriak

1.-Izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egin da, hautaproben bidez Arte Eskolako irakasle lanpostuan aritzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzun beharrez.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen bertze zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den Arte Eskolako irakasle lanpostuan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Arte Ederretako diplomadunaren titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko maneran egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udalaren Aurrez Aurreko Harrera Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, Aldizkari Ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxearen gibelaldean.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bortz egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, deialdi honen zazpigarren oinarrian aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: José Iribas Sanchez de Boado, Hezkuntza eta Gazteriako zinegotzi delegatua.

-Mahaikidea: Amaia Aranguren Arrieta, Marrazketako irakaslea.

-Mahaikidea: artista plastiko bat, Hezkuntza eta Gazteriaren Alorrak izendatzekoa.

-Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Mahaikide-idazkaria: Nuria Goñi Oiz, Hezkuntza eta Gazteriaren Alorreko pedagogoa.

6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritza Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.-Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

7.1. Hautapena eginen da lehenbiziko proba teoriko-praktikoaren bidez; proba hori ikasleen lanen gaineko ebaluazioaz eta zuzenketaz izanen da. Proba honetan gehienez ere 7 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

7.2. Bigarren proba eginen da, teorikoa, artelan baten analisiari buruz. Proba honetan gehienez ere 3 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

7.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

7.4. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Lehendakaritza Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2011ko apirilaren 6an.-Lehendakaritza Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

IZENA

ADINEZ NAGUSIA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA

NON SORTUA [udalerria/probintzia]

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA [kalea, zenbakia, eskailera, solairua]

POSTA KODEA/HERRIA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

[ ] Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

[ ] Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdian (.....eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ...... egunean argitaratua), Iruñeko Udalaren zerbitzuan Arte Eskolako irakasle lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...ko ................ (a)ren .... (e)an

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L1106647