85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

KASEDA

Deialdia, Kasedako Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Kasedako Udalak, 2011ko apirilaren 11n egin bilkuran, erabaki zuen onestea administrari laguntzaile izateko lanpostu bat betetzeko hautaprobak egiteko deialdia, baita haren oinarri arautzaileak ere.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Kasedako Udaleko bulegoetan aritzeko administrari laguntzaile lanpostu bat, lanaldi laburrean (20 ordu) oposizio bidez eta lan kontratu finkoarekin betetzea.

1.2. Izendapenak Kasedako Udaleko plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko D mailari dagozkion ordainsariak.

1.4. Izendatuaren lanak eta eginkizunak deialdiko mailari nahiz kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkionak izanen dira. Lan eta eginkizun horien artean izanen dira jendeari harrera egitea, kalkulagailuak maneiatzea, ordenagailuak, pantailak eta terminalak erabiltzea, eragiketa aritmetiko eta aurrekontuetakoak eta, orokorrean, esleitzen zaizkion administrazioko eta gisako eginkizun guztiak, bere lanpostuko eginkizunen barnean.

Bereziki, Udalean administrazio elektronikoa ezartzearekin ikusteko duten administrazio lan guztiez arduratuko da, erran nahi baita: Udalaren egoitza elektronikoa ezartzea, erregistro elektronikoa, iragarki ohola, bizilagun eta herritarrekiko harremanak Udalaren webgunearen bitartez, posta elektronikoa eta egoitza horren bidez egiten diren gainerako zerbitzuak. Halaber, haren eginkizuna izanen da herritarrei arreta eskaintzea aipatu tresna elektronikoen bidez, dokumentuen digitalizazioa eta artxibo informatikoa edo espedienteei atxikitzea, eta espediente elektronikoen tramitazioa, betiere haren kategoriari dagozkion lan eta eginkizunak badira.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da beti eta Udalak noiznahi aldatu ahalko du.

1.6. Oposizio-lehiaketaren emaitzekin itxaron zerrenda bat eginen da, Udala etorkizunean aldi baterako kontratazioen premian dagoenerako; puntuazio ordenaren arabera eginen dira delako kontratazio horiek, behar diren hautaprobak gainditu dituzten izangaien artean.

2. oinarria.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo nazioarteko tratatuen arabera bidezko den estatuetako nazionalitatea izatea.

b) 16 urtetik goitikoa izatea.

c) Gutienez, Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, I. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko dira Kasedako Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta azken eguneko 14:00ak arte. Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidearekin batera Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da, baita epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduen frogagiriak ere.

Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bururatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, halakorik bada.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bururaturik, eta horiek ebatzi ondoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaikidea: Kasedako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Kasedako Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duena.

Ordezko mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duena.

2. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

3. mahaikidea: Zangozako Udaleko kontu hartzailea.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko idazkaria.

Mahaikide idazkaria: Kasedako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Oibarko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, deusetan ukatu gabe erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Berdinketak mahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko ditu.

5.3. Epaimahaiburu titular nahiz ordezkoaren postuak hurrenez hurren beteko dituzte alkatearen eta lehen alkateaordearen karguak hartzen dituztenek 2011ko maiatzean egin beharreko udal hauteskundeen ondorioz, hala behar bada deialdia garatzeko.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Deialdia argitaratzen denetik bi hilabete gutienez iraganik hasiko da oposizio-lehiaketa. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ez da baztergarria izanen. Ondotik, oposizioaldia eginen da, oinarri hauetan adierazitakoari jarraikiz. Lehiaketaldian gehienez ere 10 puntu erdietsiko dira; puntuazio hori oposizioaldian lortutakoari gehituko zaio eta bien batura izanen da oposizio-lehiaketaren puntuazio osoa.

6.2. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera:

a) Lanbideko esperientzia, administrari laguntzaile nahiz administrari-ofizial lanpostuetan ari izanik, eta gehienez ere 6 puntu.

-Toki administrazioetan: 2 puntu, urte bakoitzeko.

-Bertze administrazio publiko batzuetan: 1 puntu, urte bakoitzeko.

Merezimendu hauek zenbakitan emateko, hartuko dira kontuan lan edo administrazio araubidean, behin-behinean edo finko gisa egindako zerbitzuak, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik eginak. Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da. Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

b) Bete beharreko lanpostuarekin ikusteko duten gaien gaineko prestakuntzako ikastaroak, hala nola informatikakoak, udal kudeaketari buruzkoak eta bertzelakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak eta behar bezala frogatuak.

0,05 puntu emanen dira prestakiuntza ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.

c) Deialdian eskatutakoaren goragoko tilulazio akademikoak, hala nola:

1) Unibertsitateko erdi mailako titulazioak: 0,25 puntu.

2) Unibertsitateko goi mailako titulazioak: 0,50 puntu.

Titulazio bat baino gehiago batera aurkeztekotan, maila akademikorik handiena duen titulua soilik hartuko da kontuan. Atal honetan 2 puntu lortzen ahal dira, gehienez ere.

6.3. Oposizioaldia.

Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehen ariketa: teorikoa. 30 galdera labur edo test motakoak erantzunen dira, idatziz, programako II. eranskineko gaiez. 0tik 30 puntu bitarteko kalifikazioa izanen da, erantzun oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da. Gainditzeko gutxienez ere 15 puntu beharko dira. Probaren gehieneko iraupena: 45 minutu.

6.3.2. Bigarren ariketa: praktikoa. Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Epaimahaiak aurkezten duen kasu praktiko bakoitzaren planteamendua eta haren prestakuntza idatziz egin eta ematen ahalko dute oposiziogileek, eskuz nahiz ordenagailuz. Alderdi gramatikalak nahiz agiriaren aurkezpena baloratuko dira proba honetan. Probaren gehieneko iraupena: 45 minutu.

0tik 30 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 15 puntu beharko dira.

6.3.3. Hirugarren ariketa: praktikoa, Informatikari buruz. Kasu praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, eta horren barnean Wordi, Exceli edo Accessi buruzko ezagutzen gaineko probak sar daitezke. Gehieneko puntuazioa, 25 puntu, eta gainditzeko, 15 puntu behar dira.

Proba honek 90 minutu iraunen du gehienez.

6.3.4. Elkarrizketa epaimahaikoekin. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

6.3.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak askiesten duen bertze nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.3.6. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.

Epaimahaiak erabakiko du lehenbiziko eta bigarren ariketa egun berean eginen diren.

Ariketa bakoitza baztertzailea izanen da eta epaimahaia ez da hasiko hurrengo ariketa zuzentzen egindako ariketa bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortu ez bada.

6.3.7. Oposiziogileen kopuru handiagatik batera eginen ez diren probak eratzen badira, gaien hautapen eta zozketa talde bakoitzerako bereiz eginen da.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketa zuzendu ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsitako puntuazio osoaren araberakoa, igorriko du Udalera; horretarako zenbatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan erdietsitako puntuak; zerrenda horrekin batera puntuaziorik handiena erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena ere igorriko du. Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoetan:

1.-NANaren fotokopia konpultsatua.

2.-Bigarren oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia egiaztatua.

3.-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

4.-Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletan azaldu bezalako jokatuko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bururatuta eta izangaiek 7.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkeztuta, Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, Kasedako Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, lanaldi laburrekoa, administrari laguntzailearen lanpostua bete dezan. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da delako ebazpena.

8.2. Proposamena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposatutako izangaiak. Epe horretan, ezinbertzeko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Kasedako Udaleko plantillako lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu, eta 7.4 oinarrian ezarritakoa egin beharko da.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, hauetako errekurtso bat para daiteke:

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, bon.ean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aitzinetik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Kasedako alkateari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetean.

Kasedan, 2011ko apirilaren 11n.-Alkatea, Jesús Esparza Iriarte.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN zenbakia: .................., bizitokia: ...................... (.............), karrika: ................, zenbakia: .........., posta kodea: ......................, telefonoa: .............

ADIERAZTEN DUT:

-Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Kasedako Udalean administrari laguntzaile izateko lanpostu bat lanaldi laburrean eta oposizio bidez betetzeko deialdian, ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ......(e)ko .................aren ....(e)an.

-Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

-Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

-Eskabide honekin batera aurkezten ditudala izangaiaren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

Horrenbertzez:

Horrenbertzez, lanpostu hori eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

Tokia, data eta eskatzailearen sinadura

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. atala.-Oinarrizko araudia eta administrazio antolaketa.

1. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Udalaren gobernu organoak. Alkatea. Osoko Bilkura.

2. gaia.-Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Zehapen prozedura. Administrazio egintzen berrikuspena.

3. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

4. gaia.-Toki entitateen ondasunak.

5. gaia.-Udalaren aurrekontuak eta kontuak. Aurrekontuaren betearazpena eta likidazioa.

6. gaia.-Udal zergak. Tasak eta prezio publikoak.

7. gaia.-Errolda fiskalak eta haien kudeaketa. Lurralde aberastasunaren erregistroak eta katastroak. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Zirkulazioaren gaineko zerga.

8. gaia.-Biztanleen udal errolda.

9. gaia.-Hirigintzako lizentziak eta jarduera sailkatuen lizentziak eta irekitzeko lizentziak.

Oharra: Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. zatia.-Informatika.

1. gaia.-Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Windows XP. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows esploradorea; kontrol-panela, inprimagailuak; "hasi" botoia; "hasi" karpeta; ataza-barra; "exekutatu" komandoa; laguntza; sarean lan egitea; erabiltzailearen kontuak. Internet eta posta elektronikoa.

2. gaia.-Testu lanketa. Microsoft Word: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

3. gaia.-Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel: funtsezko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

4. gaia.-Datu baseak. Microsoft Access: oinarriak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; inprimatzea.

5. gaia.-Administrazio elektronikoa. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea. 11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L1106936