85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

447/2011 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Eguesibarko Udalaren Hirigintza Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Eguesibarko Udalak sustatu du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2006ko azaroaren 14an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren aldeko txostena eman zuen, eta bertan adierazi zituen bai Udalaren Hirigintza Planeko Ingurumen ondorioen azterlanaren garrantzia bai hari gehitu beharreko funtsezko ingurumen alderdiak. Udalaren Hirigintza Planaren proposamena eta Ingurumen ondorioen azterlana prest zegoela, 2008ko urriaren 30ean, udalerriari buruz aztertu behar ziren ingurumen balio batzuen eta UHP garatzearen ondorioz sortuko liratekeen ukipenen gaineko txostena egin zen. 2010eko martxoaren 31n, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak behin betiko Ingurumen ondorioen azterlana nahikoa zela adierazi zuen txosten batean eta, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, Eguesibarko Udalak 2010eko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 2an, ateratako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri ziren Udalaren Hirigintza Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana. Jendaurreko epeak iraun duen bitartean, ingurumen arloko alegazioak, eranskinean laburbildu direnak, jaso ziren.

Espediente osoa azterturik eta kontuan hartuta Ur Zerbitzuak (2010eko abenduaren 20a) eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak (2008ko irailaren 26a) prestatutako txostenak, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean adierazi zion Udalari ondoko puntuei buruzko baldintzak planean integratu behar zirela: erreken tratamendua (lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean), Urbi ibaiak uholdean hartzen ahal dituen inguruen identifikazioa, zarataren azterketa, mugikortasun iraunkorrerako proposamenak, saneamendu eta hornidurarako aurreikuspenak, paisaia integratzeko neurriak, sistema orokorren diseinua jarraitasun eta konektibitate biologikoaren irizpideekin, Ingurumen ondorioen azterlanean jasotako neurriak UHPn sartzea eta ingurumena zaintzeko plana aurkeztea.

2011ko urtarrilaren 14an, behin-behinekoz onetsitako Udalaren Hirigintza Planeko dokumentazio guztia jaso zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan; ingurumenaren gaineko informazioa ematen duten dokumentu hauek ditu: Ingurumen ondorioen azterlana, mugikortasunaren azterlana, Eguesibarko azterlan hidraulikoa eta bide azpiegituretako zarataren Ingurumen eraginaren azterlana.

Udalaren Hirigintza Planeko analisi, diagnostiko eta proposamenek udalerri osoa ukitzen dute, 53,57 km²-ko azalera guztira, entitate hauetan banatuta: Altzuza, Ardatz, Azpa, Badostain, Etxalatz, Egues, Elkano, Elia, Erantsus, Gorraitz, Ibiriku, Olatz, Sagaseta, Sarriguren eta Ustarrotz.

Hiri lurralderako eredu bat proposatzen du hiru garapen eremu desberdinetatik abiatuta:

a) Kokagune nagusiak, jarraitasun joera duten bi eremutan elkartuak:

-1. eremua: Badostain, Sarriguren, Gorraitz eta Olatz. Iruña ondoko zona, muga hauekin: ekialdeko superra izeneko autobiak izanen duen trazadura ekialdetik, egungo ingurubidea den autobia eta udalerriko muga mendebaldetik Agoizko NA-150 errepideraino.

-2. eremua: Altzuza, Egues, Elkano eta Ibiriku. Agoizko errepidearen iparraldean kokatuak.

b) Toki entitate txikiak: Ardatz, Azpa, Ustarrotz, Erantsus, Etxalatz, Sagaseta, Elia, Amokain eta Egulbati.

c) Industriako zein hirugarren sektoreko jarduera duten zonak.

Lurzoru urbanizagarriari dagokionez, hirigintza planeko proposamenek udalerriko azaleraren %18 hartzen dute, plan partzialen bidez garatuko diren 10 banaketa eremutan banatuta. Bizitegien garapena 7 banaketa eremutan (Badostain Iparra eta Hegoa, Sarriguren, Gorraitz, Altzuza, Elkano eta Ibiriku) zehazten da, guztira 569 hektareako azalera eta 21.435 etxebizitza inguruko bizitegi gaitasuna izanik. Planean aurreikusitako bizitegiak eredua garatzeko aukera hoberena dira.

Jarduera ekonomikoak eta produkziokoak zona hauetan proposatzen dira: Berrikuntzaren hiria Ekialdeko Ingurabidearen (AR-9) bi aldeetan zabaltzea, Eguesibarko egungo industrialdea zabaltzea eta Sankingo ingurunea; 302 hektareako azalera, guztira.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, paisaiaren balioagatik babestutakoen kategorian sartzen dira Elizmendiko eta Altzutzateko paisaia erreserbak, Eliako Kontzejua, paisaia babestuaren adierazpena duena, eta Eurrik, Monte Grandek eta Monte Chiquitok osatzen duten multzoa. Arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa sartu dira uholdeak hartzen ahal dituen zonak, eskala arazo batengatik sartu ez baitira lurzorua sailkatzeko kartografian. Aztarnategi arkeologikoak eta altxonbideak (P-26) kultura aldetik duten balioagatik hartu dira kontuan.

Ingurune eta paisaia balioagatik zaindu beharreko lurzoruaren kategorian sartu dira baso autoktonoz, pinudiz eta basoberaz osatutako oihan lurzoruak eta zerealetarako lehorreko lurrak eta ureztalurra, ustiatze naturalerako duten balioagatik. Zolinako ingurunea eta Erantsusko, Azpako eta Ustarrozko zelaiak garapen eredua babesteko erreserbatzen dira.

Ingurumen ondorioen azterlanak (IOA) udalerria aztertzen du eta, ingurumen unitate homogeneoen metodologiatik abiatuta, zazpi ingurumen unitate definitzen ditu, eta haien eginkizun, gaitasun eta elementu ahulak deskribatzen. Ibar piriniotarrak (Egulbati, Sagaseta eta Elia), Urbi ibaiaren ibarra (Altzuza, Azpa, Egues, Etxalatz, Erantsus, Ibiriku eta Ustarrotz) eta Badostaingo eta Ardazko zelaiak dira udalerriko paisaia unitateak.

Hiri garapenak eta sortzen diren azpiegiturak dira ingurunean eragin handieneko proposamenak IOAren arabera. Eraginak baloratzen dituenean, IOArentzat moderatuak dira baliabideen kontsumoa (hornidura eta energia), atmosferako ukipenak, hotsen eraginak, lurzoruen erabileran gertatuko diren aldaketak eta azaleko ur sareak eta landarediak izanen dituzten ondorioak. Eta ondorio bateragarri gisa kalifikatzen ditu hotsen eraginak, hidrologiaren gaineko eragina eta hondakinen produkzioaren igoerak. Eragin positibo gisa baloratzen ditu lurzoru urbanizaezinaren antolamendua eta erregulazioa.

5. kapituluan -Neurri zuzentzaileak-, IOAk lurraldea okupatzeko udal estrategiaren fasetik kontuan hartu diren irizpideak azaltzen ditu, batez ere eraikuntzaren dentsitateari, sistema orokorren diseinuari eta lurzoruaren sailkapenari buruz. Iraunkortasunari loturiko neurriak ekartzen ditu (energiaren aurrezkia, ur kontsumoa, euri ura eta hondakin ura), neurri integratzaileak (geomorfologiari, ur sareari, landarediari, paisaia erreserbei, berdeguneen diseinuari eta historia nahiz kultura ondareari buruzkoak), mugikortasuna bultzatzen duten neurriak eta aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak obrak gauzatzeko faserako.

Besteak beste, aipagarriak dira arazketa sistema alternatiboak ezartzeko gomendioa plan partzialak garatzen direnean, hondakin ur gutxiago irits dadin Arazuriko araztegira; euri ura iragazten lagunduko duten sistemak bilatzea, gai kutsagarriak barreiatuz eta lurzoruan iragaztea aprobetxatuz; uraren kalitatea erabilera jakin batzuetarako egokitzea, edateko uraren kontsumoa igo ez dadin, eta hondakin uren berrerabilera sustatzea, baita ura aurrezteko eta lorezaintza autoktonoa diseinatzeko irizpideen sistemaren erabilera ere.

Mugikortasunaren azterlanak moduen araberako banaketaren diagnostikoa egiten du joan-etorrientzat eta mugikortasunari loturiko azpiegiturentzat, eta irizpide multzo bat sartzen du txirrindularien, oinezkoen eta garraio publikoaren ibilbideak zehazteko, eta esku-hartzearen helburuak eta irizpideak planteatzen ditu plangintzarako.

IOAk badu ingurumena zaintzeko plana ere, urbanizazio eta eraikuntzako proiektuek eta plan partzialek 5. kapituluan proposatu eta garatutako neurriak har ditzaten.

Alde horretatik, espedientean jaso eta ondoren aipatzen diren txostenek Udalaren Hirigintza Planari erantsi beharreko neurri eta determinazioak azaltzen dituzte. Ur Zerbitzuaren 2008ko irailaren 30eko txostenean esaten da "Arga ibaiaren erdiko eta beheko ibilguen egoera ekologiko egokira iristeko neurriak identifikatzen dituen azterlanetik (2011, WAT proiektua)" ateratako ondorio eta proposamenetatik abiatuta, ur hondakinen saneamendua eta kudeaketa egokiena bermatzen duten neurriak zehaztuko direla, Arga ibaiaren zama kutsagarria arintzearren. Ustarrozko urtegiari dagokionez, haren azterlan hidrologikoa egin beharko da, aurreikusi diren beharren arabera haren edukiera justifikatzeko. Hirigintzako proposamenari dagokionez, uste da hain zona zabalak garatzearekin lurraren iragazgaiztasuna eta azaleko urak handituko direla eta horrek eragina izanen duela erreka-zuloen ur erregimenean eta euri uraren kolektoreetan, azken batean Argara baitoaz, eta udalerriko ubideen azterlan hidrologiko-hidraulikoa egitea proposatzen du, neurri zuzentzaileak proiekta daitezen.

"Eguesibarko Azterlan Hidraulikotik" abiatuta (2010eko urrikoa, planaren eranskin gisa aurkeztua eta Urbi ibaiaren zati bat eta Urbikain eta Sagaseta errekak aztertzen ditu), Ur Zerbitzuak 2011ko otsailaren 17ko txostenean adierazi du hirigintzako aprobetxamenduak 100 urteko birgertatze aldian uholdeak hartzeko arriskutik libre den kotan kokatuko direla, eta horretarako xehetasun azterlan hidraulikoak eginen direla. Hiri garapena izan dezaketen gainontzeko zonetan, errekak eta bestelako ubide txikiagoak badituzte, espazio fisiko bat eratuko da erreken ingurunean ibaien ondoko eremua zaindu eta lehengoratzearren.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak 2008ko urriaren 29ko txostenean dioenez, "Eguesibarko Udal Planerako bide azpiegituretako zarataren Ingurumen eraginaren azterlanean" (2008ko ekaina) aipatu neurri zuzentzaileetako batzuk dike moduko oztopo akustikoak dira, eta horien azaleko okupazioa eta bistarako eragina adierazgarri eta garrantzitsutzat jo daiteke eta ez dago haien hirigintza balorazioaren berririk, kolokan jar baititzake. Bestetik, bateraezintasun akustikoaren zonak atzeman dira AR 04, AR 05 eta AR 07 banaketa eremuetan, nahiz neurri zuzentzaileak proposatu. Horrenbestez, izan daitezkeen alternatiben azterlana eginen da banaketa eremu horietan, eraginkortasuna gutxitu gabe ondorio hain larririk eragin ez dezaten.

Espedienteko dokumentazio guztia berrikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak bere txostenean dio hirigintza planean jasotako zenbait proposamenek, hala nola berdeguneak ureztatzeko Ustarrozko urtegiak, Altzutzateko paisaia erreserban bideak eta ekipamenduak sartzeak, lurzoru urbanizagarriko ibai sistemaren tratamendu eskasak eta lurzoru urbanizagarriaren eta urbanizaezinaren arteko lotura faltak, eragin adierazgarriak sortzen dituztela ingurumenean. Hori ikusita, eta planak ingurumen integrazio egokia izan dezan, nahitaez gehitu behar zaizkie ingurumen alderdi batzuk hirigintza garapeneko tresnei, Ingurumen ondorioen adierazpen honen baldintzetan jaso direnak, hain zuzen.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Eguesibarko Udalaren Hirigintza Planaren alde, Eguesibarko Udala bera planaren sustatzaile izanik.

2. Hirigintza plana gauzatzeko, hark eta hura garatzeko tresnek, Ingurumen ondorioen azterlanean (5. kapitulua) sartutako neurri zuzentzaile guztiez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Uholde arriskua eta ibai ibilguen babesa.

Aurreikusitako hirigintzako aprobetxamenduak 100 urteko birgertatze aldian uholde arriskutik salbuesteko moduko kotan kokatuko dira; horretarako, behar diren hirigintzako tresnak garatu aurretik, ingurumen aldetik neurri zuzentzaileak definitu eta justifikatzen dituzten xehetasun azterlan hidraulikoak eginen dira, ez daitezen inoiz ere inguruneko uholde arriskua eta beste arrisku batzuk areagotu.

Kontuan hartuko dira lurraldearen antolamenduko planetan jasotako irizpideak, uholde arriskuko eremuen banaketari eta haietan onartzen diren erabilerei buruzkoak, jendeari, ingurumenari eta jarduera ekonomikoari kaltea egiteko arriskua murriztearren.

Hiri antolamendua erreken trazadurari egokituko zaio, halako moduan non eratzen den espazio fisikoak bermatu eginen baitu haren jarraitasuna eta ibai inguruko eremua lehengoratuko baitu haren bi aldeetan eta ibilbide osoan. Zehazki, erreka hauetan: Karrobide, Badostainen (AR-01 eta AR-02); Grande erreka, Sarrigurenen (AR-03); Ardazko erreka-zuloa, Berrikuntzaren Hirian (AR-09); Santa Eufemia eta Azketa errekak, Altzuzan (AR-05), Sagaseta erreka, Ibirikun (AR-06) eta Urbi ibaia (AR-07 eta AR-08).

Ibaiak eta erreka-zuloak gurutzatzeko proiektatzen diren azpiegituren kasuan, behar adina argi izan beharko dute ibai ibilguaren funtzionaltasun hidraulikoa eta ingurumenarena errespetatzeko.

Urbi ibaiaren arroan Ustarrozko urtegia eraikitzeagatik ingurumenean sortzen diren ondorioak direla eta, kendu eginen da proposamen hau eta hirigintza planak lehentasuna emanen dio uraren kudeaketa integralarekin zerikusia duten neurrien aplikazioari, hala nola, ur kontsumoa murriztea, eraikin edo eraikuntzetan ura aurrezten eta berrerabiltzen laguntzen duten instalazioak proiektatuta eta ura aurrezteko irizpideak hartuta berdeguneak diseinatzeko, ur behar txikiagoa duten espezieak erabilita, besteak beste.

-Konektibitatea.

Hiri eremuetan balizko korridore biologikoen sarea eratuko da, jarraitasuna eta konektibitatea berma daitezen elementu naturalen bidez, hala nola, errekak eta haien bazterretako landaredia, higadurako paisaiak eta udal mailan aipagarriak diren muino eta tontorrak.

Bide azpiegituretan fauna igarotzeko pasabideei dagokienean, planak lagundu egin behar du faunaren pasabideak funtzionalak izan daitezen, eta bermatu pasabidearen bi aldeetan ezaugarri naturalek bere horretan jarraitzea, hau da, ur bazterreko landaredia, landareak dituzten ezpondak (sastrakak, arboladiak); betiere, faunarentzako pasabideen sarrera eta irteeran ez daitezela gune urbanizatuak izan.

-Zarata.

Eremu akustikoen mugaketa sartuko da, Zaratari buruzko Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera.

Eremu akustiko horiek aldaketarik eragiten badute Ingurumen zuzendari nagusiaren irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsitakoen aldean, ebazpen horren 4. puntuari jarraituz, informazio geoerreferentziatu egokia emanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eremu akustikoen banaketa eguneratu dezan zarataren mapa estrategikoen lurraldean.

Azterlan akustikoa gehituko da, oraingo hots egoera eta plana garatzearen ondoriozkoa aztertzeko. Lortzen diren emaitzak ikusita, moldatu eginen dira bateraezintasun akustikoak, plangintza akustikoko neurriak eremuko antolaketan gehituta, baita neurri zuzentzaileak ere, behar badira, halako moduan non kalitate akustikoaren helburuak beteko baitira. Hartzen diren neurriak ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik baloratuko dira, eta bideragarriak izanen dira teknika zein ingurumen aldetik.

Hiri garapen berrietan aplikatzekoak diren muga akustikoak hartuko dira kontuan, bai eremu horietako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direlako, bai trantsizio guneak ezarri behar direlako eremu akustiko mugakideen artean, eremu akustiko bakoitzari aplikatzen zaizkion kalitate helburuen arteko aldea 5 dB (A)tik gorakoa delako. Azterlan akustikoan ateratzen diren emaitzetatik abiatuta mugatuko dira trantsizio gune horiek; erabilera efektiborik gabeko lur zerrendak izanen dira zarata apaltzeko balioko dutenak.

Udalaren hirigintza planak lurzoruaren erabilerei buruz dituen proposamenek PA-31ko zortasun akustikoko zonan eragina dutenez, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, garapeneko hirigintza tresnak onetsi aurretik aurkeztu beharko da nahitaez Herri Lan, Garraio eta Telekomunikazio Departamentuak, bide azpiegituraren titular gisa, eman beharreko txostena.

-Euri uraren saneamendua eta kudeaketa.

Saneamendu planak hondakin urak kudeatzeko sistema egokienak jasoko ditu, baita arazketa sistema eta ur araztuaren kudeaketa eta isurketa ere, eta "Argaren erdiko eta beheko ibilguetako egoera ekologiko egokia iristeko neurrien identifikazio azterlaneko ondorio eta proposamenak" erantsiko zaizkio (2011, WAT proiektua).

Plan partzialek neurri zuzentzaileak garatuko dituzte, erreka-zuloen eta lur azaleko uraren araubide hidrologikoko aldaketa txikia izan dadin, ubideen azterlan hidrologiko eta hidraulikoaren azterlanetik abiatuta eta lurraren iragazgaiztasunaren igoera kontutan hartuta, aurreikusitako hiri garapenen ondorioz.

-Mugikortasuna.

Plan partzialek mugikortasunaren azterlanetik ateratako irizpideak jasoko dituzte, garraio publikoa eta oinezkoen zein txirrindularien erabilerraztasuna bermatzeko edozein hiri garapen berritan, lehendik diren hiri eremuei lotuta eta jarraipena emanik udalerri mugakideekin.

Bidegorrien sare bat ezarriko da, beren artean eta udalerri mugakideekin lotuta. Udalerrian identifikatuta diren intereseko ibilbideak eta Iratiko bide berdearen trazadura jasoko ditu.

-Ingurumen integrazioko neurri orokorrak.

Ingurumen ondorioen azterlanaren 5. kapituluan identifikatutako neurriak zehaztu eta garatuko dituzte plan partzialek eta, bereziki, energiaren aurrezkiari eta igorpenei buruzkoak (ekoeragimena hiri antolamenduan eta diseinuan), euri uraren kudeaketa (eremu urbanizagarrietako azalera iragazkorren prebisioa, euri ura eraikinetan biltzeko deposituen diseinua, berdeguneak ureztatzeko denean), saneamendu plana, ura aurrezteko neurriak, hondakinen kudeaketa eta mugikortasun jasangarria.

Obrak gauzatzeko faseari buruzko neurriak jasoko dituzte urbanizazio proiektuek eta, eraikuntzako materialen kontsumoko neurri gisa, agregakin birziklatuaren erabilera hartuko dute kontuan proiektuak gauzatzeko obretan.

3. Udalaren hirigintza planeko behin betiko dokumentazioan alderdi hauek jasoko dira:

-Udalerri guztiko eremu akustikoen mugak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 13. artikulua aplikatuz.

-Bideragarritasun akustikoaren justifikazioa egin gogo diren bideetan, hala nola Olatz, Sarriguren eta Gorraitz arteko lotunean.

-Ur ibilguen eta ibai inguruen (lur babestua) adierazpide grafikoa zuzenduko da ur ibilgu gisa definitutako eremuari egokituta, eta uholde arriskua duten guneen kartografia gehituko da.

-26. iraganbideari dagokienez, Plangintza eta Laguntza Atalaren 2011ko urtarrilaren 24ko txostenean xedatutakoari jarraituko zaio.

-Paisaia erreserbei aplikatzen zaien araudia berrikusiko da, nekazaritzako eta oihangintzako jarduerak jasaten dituzten eremu horien gaur egungo ezaugarriak eta izan ditzaketenak kontuan hartuta, erliebe eta topografiagatik ibarreko paisaiaren elementu bereziak baitira.

4. Udalaren hirigintza planeko aurreikuspenak garatzen dituzten plan partzialak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren arabera tramitatuko dira, dagozkien Ingurumen ondorioen azterlanak gehituta. Ebazpen honen 2. atalean aipatutako alderdiak integratuko dira plan partzialen antolamendurako proposamenean.

Banaketa eremuen antolamenduak ondotik aipatzen diren baldintzak eta elementu naturalak jasoko ditu:

-Errekak integratuko dira, haien bazterretako lurrak trazadura osoan zehar erreserbatuta, arroko ezaugarri ekologikoei eta ur bazterreko landarediari eutsita: Karrobide edo Ibia erreka, Badostainen (AR 02), Grande erreka eta sahasti eta makaldi mediterraneoak (92AO* habitata), Sarrigurenen (AR 03) eta Berrikuntzaren Hiria (AR 09). Hobe litzateke tratamendu homogeneoa egitea Grande errekan, Sarrigurendik barna pasatzean inguruko bideen eta berdeguneen diseinuan aplikatu diren irizpideekin jarraituz. Santa Eufemia eta Azketa erreken kasuan, Altzuzan (AR 05) eta Sagaseta errekaren kasuan, Ibirikun (AR 06 eta AR 07), errekak Urbi ibaian isurtzen direneko tarteak hartuko dira kontuan, eta Urbi ibaiaren ezker aldeko lur erreserba AR 08 banaketa eremuari gehituko zaio.

-AR 04, AR 05 eta AR 07 banaketa eremuetako bateraezintasun akustikoak ebatziko dira.

-AR 10 banaketa eremuan, Sotoko gainetako jarraitasuna, higadurako paisaien ingurumen unitateari dagokiona, zainduko da, eta oraingo topografiari eutsiko zaio.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eguesibarko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 17an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Ingurumen arloko alegazioak, jendaurreko epean aurkeztuak

Eguesibarko Udalak ingurumen arloko alegazioen zerrenda bat igorri du, honako hauek sinatuta: Jesús Mª Anón Andrés, Ardazko Kontzejua, F.O.J.A.O.F., Begoña Azanza Crepo, Peraltako jaurerria, URBI auzo elkartea, Olazko Kontzejua, Badostaingo Kontzejua, Olga Riesco Iriarte, Eguesibarko Nafarroa Bai. Hona haien laburpena:

-Carlos Abaurrea Garcia jaunak, Ardazko Kontzejua ordezkatuz.

Uste duenez, Ardazko orografia dela eta, ezin da etxebizitzarik proposatu harri-lubeta handiak behar diren tokietan, eta plan berriak harri-lubetak espres debekatu beharko lituzke. Alde horretatik uste du bideraezina dela UNC 3.2-01 eta tokiz aldatu beharko litzatekeela; izan ere, harri-lubetengatik desnibel handiak agertuko lirateke, eustorma handiak, eta horrek ingurumen eragin negatiboa sortuko luke herriak ibarrera begira izanen lukeen aldean.

-Presentación Zubillaga Auza andreak.

Urbi auzo elkartearen izenean aurkezten du alegazioa. Ingurumenaz ez bestelako alderdi batzuk azaltzen ditu, jendearen parte hartzeari, planean defendatzen den garapen iraunkorraren ereduari, bizitegietarako lurzorurako proposatzen diren aurreikuspen gehiegizkoei eta Sarrigurengo eraikuntza dentsitatearen igoerari buruz.

Ingurumen arloko alegazio gisa, Europako Paisaia Hitzarmena ez dela betetzen Badostainen, Ibirikun, Altzuzan eta Elkanon, Ustarrozko idoiak ez duela Ebroko Ur Konfederazioaren aldez aurreko txostena, ezta ur maila abalatzen duen ur emarien azterketa ere, ez dela betetzen Uraren esparru zuzentaraua, ez direla eraginen ezaugarriak eman eta haien balorazioa egin 1131/1998 EDaren arabera eta plana ez dela egokitzen Iruñeko aglomerazioko zarata mapetan ezarritako eremu akustikoekin.

Plana behin betiko gelditzeko eskatzen du.

-Jesús María Antón Andrés jaunak.

Bizitegirako lurzoruaren sektore batean, Ezkoriz kalean barrena, norabide bakoitzean proiektatu den bi lerroko bideari dagokionez, uste du Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 EDren 14. artikulua urratzen duela; izan ere, sortuko lukeen zarata mailak aise gaindituko lituzke kalitate akustikoaren helburuak bizitegiaren erabilera nagusitzen den lurralde sektoreetan. Badostaingo eremu akustikoak sailkatzeko planoak eta Iruñerriko aglomerazioko zarataren mapa estrategikoenak eransten ditu. Aipatu artikulua urratu izana justifikatzeko, konparazio bat egiten du trafiko dentsitate handiko bi lerroko bide batentzat orografia horizontaleko zona batean, non bidetik 40 metrora ematen baitu 65-70 dBAko isofona; horregatik, begi bistakoa da 70 dBAko maila emanen duela planteatu den egoerak.

Plana kentzeko eskatzen du, hura elementu guztietan zuzendu eta aldatu arte, eta arrisku horien aurrean herritarren babesa espres bermatzen den arte.

Uste du aipatu errepideak Altxonbideei buruzko Legea urratzen duela, 26. iraganbidea hartzen duelako.

Paisaia erreserba luzatzea proposatzen du, Badostaingo herria gerriko berde baten modura inguratuta.

-Olga Martinez andreak, F.O.J.A.O.F. ordezkatuz.

Lehen alegazio idazkian, uste du ez dagoela koherentziarik trafikoari buruzko azterlanaren (2010) eta zaratari buruzko azterlanaren (2008) artean, eta behar baino gutxiako baloratu direla trafikoaren gaineko datuak, zaratari buruzko azterlanaren hipotesiak baldintzatu arren.

Urriaren 19ko 1367/2007 EDren 13. artikuluaren arabera, azpiegituran eskumena duen organoaren nahitaezko txostena sartu beharko litzateke planean, zortasun akustikoen eragimenari dagokionez eta, artikulu horretako tramiteak burutu bitarte plana ez aurkezteko eskatzen du.

Zaratari buruzko azterlanean ezarritako maila akustikoei dagokienez, uste du ez direla errespetatzen 135/1989 Foru Dekretuan ezarritako balioak, 55 dBAkoa egunez eta 45 dBAkoa gauaz, azterlanarentzat 60 eta 50 dBA baitira mugako balioak, hurrenez hurren.

Azterlan bat egiteko eskatzen du, hiri lurzoru finkatuko Ld, Le eta Ln parametroak zehazteko, horietatik abiatuta erabakitzen ahalko baita autobideak eremu finkatuan sortu dezakeen gehieneko zarata. Bere ezadostasuna erakusten du zaratari buruzko azterlaneko mapekin, 10 dezibeleko aldea dagoelako elkarren ondoko etxeen artean.

Zaratari buruzko beste azterlan bat egiteko eskatzen du, lurraren modelizazioa 1 x 1 m-koa izanik eta ez 10 x 10 m-koa, azterlanean erabili dena; izan ere, lortu diren datuak ez dira fidagarriak beretzat.

Bere iritziz, kontraesanak daude trafikoari buruzko azterlanean (2008), udal plan orokorrean (2010) eta zaratari buruzko azterlanean bildutako balioen artean, denborazko horizonteari eta batez besteko intentsitateei (IMD) dagokienez.

Emisio akustikoak kalkulatzeko abiadurak aldatzeko eskatzen du, eta horren gaineko erreferentziak ematen ditu.

Uste du lurraren modelizazioa okerrekoa dela eta ez datorrela bat lurraren orografiarekin, eta alderdi hori egiaztatzeko eskatzen du.

Ekialdeko Superrak Gorraitzen duen trazadura aldatzeko eskatzen du, gaur egungo trazaduraren arabera ez dagoelako behar adina tokirik proposatu diren oztopo akustikoak aplikatzeko. Alde horretatik, Iruñerriko ibai parkea handitzeko UPSaren onespenak zortasun batzuk sortzen ditu, zail egiten dutenak pantaila akustikoak kokatzea.

Azterlan akustiko berri bat egiteko eskatzen du, hipotesi zuzenekin, haren emaitzak koherenteak izan daitezen.

Bigarren alegazio idazkian, trafikoari buruzko eta zaratari buruzko azterlanen arteko koherentzia eza errepikatzen du, eta trafikoaren batez besteko intentsitateak (IMD) behar baino gutxiago baloratuta daudela dio. Trafikoari buruzko beste azterlan bat egiteko eskatzen du, hipotesi zuzenekin, haren emaitzak koherenteak izan daitezen.

-Begoña Azanza Crespo andreak.

Bere bi alegazio idazkietan, Olga Martinez andrearenak bezalako alegazioak aurkezten ditu.

Hirugarren alegazio idazkian, Ekialdeko Superrari buruz, bidearen Ingurumen ondorioen azterlana eta neurri zuzentzaileak eskatzen ditu, lurraldea okupatzeko udal estrategiaren fasean aurkeztutako alegazioei erantzun zitzaionean adierazi bezala.

-Juan Antonio Garcia Martinez jaunak, Peraltako jaurerria ordezkatuz.

Bere bi alegazio idazkietan, Olga Martinez andrearenak bezalako alegazioak aurkezten ditu.

-Joaquin Cabrera Godoy jaunak, Olazko Kontzejuko buruak.

Proiektuan 29 etxebizitza daudela dio, eta horrek Altzutzateko RP-10 paisaia erreserbako determinazioak urratzen dituela.

Zona akustikoak zehaztu ez direla baieztatzen du, eta ez direla jaso soinu naturaleko erreserbak eta azpiegituren inguruko zortasunak, zaratari buruz indarra duen legerian ezarritako aurreikuspenen arabera.

Bere ustez, ez dira errealak ingurumenaren gaineko eraginen deskripzioa eta balorazioa 1131/1998 EDren (Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko 1302/1986 L.E.D gauzatzeko erregelamendua onesten du) I. eranskineko definizioen eta 35/2002 Foru Legean ezarritako irizpideen arabera. Hondar eraginak eta eragin orokorraren balorazioa ez daudela adierazten du.

-Xavier Ziritza Erbiti jaunak, Badostaingo Kontzejuko buruak.

Badostain ondoko lurren planteamendua berriz diseinatzea proposatzen du, Ibia erreka, zuhaiztia, 26. iraganbidea eta ermita-hilerria integratuta.

Haren ustez, dentsitate handiko sarbideek, hala nola ekialdeko superrak, sortuko dituzten zarata mailek 1367/2007 EDn kalitate akustikorako ezarritako helburuak urratzen dituzte bizitegietarako sektoreetan eta, orobat, urratzen diren kalitate akustikoaren helburuak Sarriguren Berria izeneko eremuan, hezkuntzarako erreserbatua baitago.

Lurraldearen plangintzarako politika prebentibo egokia aplikatzeko eskatzen du, eta dauden arazoak konpontzeko aplika daitezela neurri zuzentzaileak (ekintza planak), lurralde antolamendura jotzerik ez dagoenean.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Legea zorrotz betetzeko eskatzen du, 26. iraganbideko eta ibarreko abelbide guztien legezko beharkizunei oso-osorik eutsita, eta Eguesibarko Udalaren 1997ko abuztuaren 28ko erabakia, Badostaingo altxonbideak lehengoratzeari buruzkoa, aurkezten du.

Ezkorizko idoia berreskuratzeko aukerak aztertzeko eskatzen du, Ustarrozko urtegiaren ordez, baliabide natural eta materialak aurrezten direla uste baitu.

Kontzejuko mugapean diren landaketa guztiak zaintzeko eskatzen du, baita errekak, makaldiak eta balio ekologikoko eremuak ere.

Azaldutakoan oinarrituta, hirigintza planaren tramitazioa gelditzeko eskatzen du.

-Olga Riesco Iriarte andreak eta Javier Burguete Solay jaunak.

Olga Martinez andrearenak bezalako alegazioak aurkezten dituzte.

-Nafarroa Bai.

Datuak eguneratuta dituen mugikortasunari buruzko azterlana aurkezteko eskatzen du, eta jendaurrean jar dadila; izan ere, hasierako onespenerako aurkeztu zen dokumentua lurraldea okupatzeko udal estrategiaren fasekoa da, eta han 9.000 etxebizitza inguruko aurreikuspena egiten zen.

LAP 3 delakoan onartzen diren ibilbideak, hala nola Donejakue bidea eta Iratiko bide berdea, San Ignazioren bideaz eta Ezkorizko idoiaz gain, planean integratzeko eskatzen du.

Iragarkiaren kodea: F1105665