85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, arte-ikasketetan sakontzeko beken diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Kulturako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan, Espainiako nahiz atzerriko zentroetan, arte-ikasketetan sakontzeko ematen diren laguntzak sustatzeko.

Erabaki hartan, 412.400 euroko urte anitzeko gastua baimendu zen, honako aurrekontu hauei egotzita:

-2011ko ekitaldi ekonomikoa: 212.400 euro, "Prestakuntza artistikorako laguntzak" izeneko A20002-A2500-4809-334102 kontu-sailaren kargura.

-2012ko ekitaldi ekonomikoa: 200.000 euro, horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura, betiere aurrekontuan kreditu nahikoa eta egokia badago.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskaera egin du arte-ikasketetan sakontzeko beken deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onets daitezen, 412.400 euroko gastua baimen dadin eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arte-ikasketetan sakontzeko beketarako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

212.400,00

G/A20002/4809/334102: Prestakuntza artistikorako laguntzak

2011

200.000,00

G/A20002/4809/334102: Prestakuntza artistikorako laguntzak

2012

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko apirilaren 12an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ARTE-IKASKETETAN SAKONTZEKO
BEKEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1.-Beken xedea eta helburua.

1.1. Beken xedea da 30 urte arteko (adin hori barne) ikasle nafarrei aukera ematea arte-ikasketetan sakontzeko, Espainiako nahiz atzerriko zentroetan.

1.2. Beka hauen onura publikoaren helburua oinarritzen da, alde batetik, bekadunek kanpoan zabal dezaketen foru komunitatearen maila kultural eta artistikoaren irudian eta, bestetik, bekadunek lortzen dituzten ezagutzak prestakuntza proiektuak bukatu ondoren aprobetxatzeko aukeran.

1.3. Hamar beka izanen dira, bi arte plastikoetarako, bi ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako eta 3 musikarako, bai eta kasuan kasuko luzapenak ere.

2.-Aurrekontu egozpena eta bekaren zenbatekoa.

Beka hauek Kultura Zuzendaritza Nagusiaren gastuen aurrekontuko "Prestakuntza artistikorako laguntzak" izeneko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, gehienez ere 412.400 euroko gastuarekin, diruaren eta denboraren aldetik honela banatuta:

-2011ko ekitaldi ekonomikoa: 212.400 euro, "Prestakuntza artistikorako laguntzak" izeneko kontu-sailaren kargura.

-2012ko ekitaldi ekonomikoa: 200.000 euro, horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura, betiere aurrekontuan kreditu nahikoa eta egokia badago.

3.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Bekaren zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula eta/edo hileko ordainketak, joan-etorriak, egonaldia eta aseguru-poliza.

a) Matrikularen eta/edo hileko ordainketen kontzeptuaren zenbatekoa kostuaren %100ekoa izanen da, eta 4.000 euro gehienez.

b) Bekadunak, joan-etorrien kontzeptuagatik eta aldez aurretik justifikatuta, ohiko bizilekutik bekaren xedeko ikasketak egiteko ikastetxera joan eta etortzeko bidaia baten gastuaren %100 jasoko du (behin baizik ez).

c) Egonaldiagatik, eta ikasketak egiazki egiten dituen bitartean, bekadunak 800 euro jasoko ditu hilean ikasketak Espainian egiten baditu, eta 1.000 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu.

d) Onuradunak aseguru-polizaren gastuetarako emandako diru kopurua jasoko du, haiek justifikatu ondoren. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatzekoa baldin bada.

4.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2010eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eta horri eustea bekak irauten duen bitartean.

4.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

4.3. Deialdian parte hartzea:

a) Titulu akademiko ofizialaren bitartez: beka zein ikasketetan sakontzeko eskatzen den, haiexei dagokien titulu ofizialaren jabe izatea edo lortzeko moduan egotea 2011ko uztailaren 1a baino lehen.

b) Hautapen proben bitartez: hautapen proba bat gainditu izana Espainiako zentro ofizialetan edo atzerrikoetan prestakuntza izateko, edo izen handiko ikastetxe pribatuetan ikasketa ez-ofizialak hasteko hautatua izana.

4.4. Atzerriko prestakuntza programa bat proposatzen denean, hizkuntza eskola ofizialek luzatutako ziurtagiriaren jabe izan behar da, oinarrizko ziklokoa edo tarteko mailakoa (B1) alegia, edo legez baliokidea den beste bat, ikastetxea dagoen herriko hizkuntzarena edo, hala denean, zentroak ikastaroa ongi aprobetxatzeko eskatzen duen hizkuntzarena (I. eranskina).

5.-Eskaeren aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Laguntza-eskabideak, oinarri hauetako II. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta beharrezkoak diren agiriak erantsita, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerak aurkezteko epea 2011ko ekainaren 1etik uztailaren 1era artekoa izanen da.

Eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

6.-Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak emanen zaizkie puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei, 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

6.2. Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta entzunaldiak eta elkarrizketak non eginen diren adieraziko da.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, bai Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/.

6.3. Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Programa Artistikoen Ataleko burua eta, bera izan ezean, atal horretako goi mailako teknikari bat, eta bederatzi aditu (jarraian adierazten diren espezialitate bakoitzetik bi: arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak, arte eszenikoak, eta beste hiru musikako espezialitatetik).

c) Idazkaria: Deialdi eta Laguntza Ataleko burua eta, bera izan ezean, Sustapen, Edizio eta Teknologia Berrien Ataleko burua, hitza eta botoa dituela.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena lotzailea izanen da. Deialdi eta Laguntza Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7.-Balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Deialdiaren 4.3.a) puntuan ezarritakoarekin bat parte hartzen denean:

-Puntu horretan baldintza gisa jasotzen den titulu akademikoa zein den, horri dagozkion meritu akademikoak, gehienez ere 20 puntu arte, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

IKASKETA-ESPEDIENTEAREN BATEZ BESTEKO
ARITMETIKOA LORTZEKO PUNTUAZIOA

Nahikoa

puntu bat

Oso ongi

2 puntu

Bikain

3 puntu

Ohorezko matrikula

4 puntu

IKASKETA-ESPEDIENTEAREN
BATEZ BESTEKO ARITMETIKOA

BALORAZIOA

1,25 baino gutxiago

3,2 puntu

1,26tik 1,50era bitarte

5,6 puntu

1,51tik 1,75era bitarte

8,0 puntu

1,76tik 2,00ra bitarte

12,0 puntu

2,01etik 2,50era bitarte

16,0 puntu

2,51tik gora

20,0 puntu

Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren araberakoa:

-Goi mailako ikasketak: 1,00.

-Erdi mailako ikasketak: 0,75.

b) Deialdiaren 4.3.b) puntuan ezarritakoarekin bat parte hartzen denean:

-Hautapen proba gainditzea gehienez ere 20 puntu arte baloratuko da, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

IKASPOSTU KOPURUAREN
ETA IZANGAI KOPURUAREN ARTEKO ERLAZIOA

BALORAZIOA

1/5 edo txikiagoa

3,2 puntu

1/5 baino handiagoa eta 1/10 edo txikiagoa

5,6 puntu

1/10 baino handiagoa eta 1/15 edo txikiagoa

8,0 puntu

1/15 baino handiagoa eta 1/20 edo txikiagoa

12,0 puntu

1/20 baino handiagoa eta 1/25 edo txikiagoa

16,0 puntu

1/25 baino handiagoa

20,0 puntu

c) Curriculum vitaea: gehienez ere 10 puntu arte, honela banatuta:

-2 puntu arte, gehienez ere 10 ordukoak diren ikastaroengatik.

-8 puntu arte, sariak, sariketak, erakusketak, lehiaketak, emanaldiak, 10 ordu baino gehiagoko ikastaroak eta abar direnean.

Ez dira atal honetan zenbatuko deialdi honetako 7.1.a) atalean baloratutako ikastaroak.

d) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistiko eta teknikoa, bai eta hautatutako ikastetxearen garrantzi akademiko eta artistikoa, 20 puntu arte gehienez, honela banatuta:

-10 puntu arte, proposatutako ikasketa programarengatik.

-10 puntu arte, ikastetxearen garrantzi akademiko eta artistikoarengatik.

e) Elkarrizketa, 10 puntu arte gehienez.

f) Entzunaldia/grabazioa!txostena: 40 puntu arte gehienez.

Atal honetan aintzat hartuko da aurrez aurreko grabazioan/txostenean/entzunaldian erakutsitako sormena.

Ezin izanen dute laguntzarik jaso atal honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek. Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko eta zuzenean kanporatuko da.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira joaten ez bada, deialditik baztertuko da.

7.2. Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskabideak hobeki baloratzearren.

7.3. 7.1.e) eta 7.1.f) puntuetan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen IV. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

7.4. Batzordeak bekaren bat eman gabe uzten ahalko du, deialdi honen helburua bermatzeko moduko maila tekniko edo artistikorik ez dagoela uste badu. Bekaren bat eman gabe gelditzen bada aurreko lerroaldean aipatu denarengatik edo espezialitateren batean izangairik ez izateagatik, batzordeak beste arlo artistiko batean ematea proposatzen ahalko du.

7.5. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

8.-Bekak luzatzea.

8.1. Interesdunek hala eskatuta, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak emandako bekak luzatzen ahalko ditu, hasitako ikasketekin jarraitu ahal izateko. Luzapenak ez dira inolaz ere bi baino gehiago izanen.

8.2. Oinarri arautzaile hauek arautuko dituzte aurreko deialdietan emandako beken luzapenak.

8.3. Eskaerak 2011ko ekainaren 1etik uztailaren 1era bitarte aurkezten ahalko dira.

8.4. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Deialdi eta Laguntza Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, luzapenak emateko proposamena aurkeztuko du.

8.5. Batzordeak baloratuko du eskatutako memoria. Memoria hori aurreko ikasturteko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa aurkeztuko da edo berariaz prestatuko da luzapena eskatzeko.

8.6. Bekak luzatzeko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Aurreko ikasturteko batez besteko nota: 20 puntu arte.

IKASKETA-ESPEDIENTEAREN BATEZ BESTEKO
ARITMETIKOA LORTZEKO PUNTUAZIOA

Nahikoa

puntu bat

Oso ongi

2 puntu

Bikain

3 puntu

Ohorezko matrikula

4 puntu

IKASKETA-ESPEDIENTEAREN BATEZ BESTEKO ARITMETIKOA

BALORAZIOA

1,25 baino gutxiago

3,2 puntu

1,26tik 1,50era bitarte

5,6 puntu

1,51tik 1,75era bitarte

8,0 puntu

1,76tik 2,00ra bitarte

12,0 puntu

2,01etik 2,50era bitarte

16,0 puntu

2,51tik gora

20,0 puntu

b) Egindako ikasturtearen memoria: 10 puntu arte.

c) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistikoa eta teknikoa: 20 puntu arte.

d) Elkarrizketa: 10 puntu arte.

e) Entzunaldia/grabazioa/txostena: 40 puntu arte.

Atal honetan aurrez aurreko grabazioan/txostenean/entzunaldian erakutsitako sormena baloratuko da.

Ezin izanen dute luzapenik izan atal honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek. Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira joaten ez bada, deialditik baztertuko da.

8.7. 8.6.d) eta 8.6.e) puntuetan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen IV. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

8.8. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

9.-Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Kulturako zuzendari nagusiak, entzunaldiak eta elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena emanen du.

9.2. Ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.

9.3. Kasuan kasuko ikastetxean onartuak izateko egutegi ofizialagatik, eskabideak aurkezteko epean, eskatutako programan onartuak izan direla frogatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak ezin aurkeztu izan dituzten esleipen-hartzaileei baldintzapean emanen zaie beka eta luzapena, alegia, aurtengo urriaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dute onarpen hori.

9.4. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, esleipen-hartzaileek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute Deialdi eta Laguntza Atalean honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Irakasleak edo ikastetxeak egindako ziurtagiria, ikastaroaren hasiera data, irakasgaiak eta asteko orduak adieraziko dituena.

b) Matrikularen eta bidaiaren gastuak, gorputz-istripuetarako aseguru-poliza edo bidaiako laguntza asegurua eta dagozkien frogagiriak.

c) Ikasturteko bizilekuaren helbide eguneratua, bai eta posta elektronikoa eta telefono finkoa edo sakelakoa.

10.-Onuradunen betebeharrak.

10.1. Hiruhileko bakoitzaren bukaeran, epe horretan ikasketak aprobetxamenduz egin direla egiaztatzeko irakasleak edo ikastetxeak luzatuko duen egiaztagiria aurkeztu beharko da Deialdi eta Laguntza Atalean; horrekin batera, dagokion ebaluazioa.

10.2. Ikasketak egin direla eta zer gastu izan diren Deialdi eta Laguntza Atalean frogatu beharko da.

10.3. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10.4. Ikastaroa bukatutakoan, egindako ikasketei dagokien ziurtagiria eta ikasketen memoria bidali beharko dira Deialdi eta Laguntza Atalera.

10.5. Deialdi eta Laguntza Atalari jakinarazi beharko zaio prestakuntza programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.6. Beka izateak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren hedapen artistikoen programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.

10.7. Ikasketak luzatzeko aldia bukatzen denean, beken onuradunek, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horretarako antolatzen ahalko baititu.

10.8. Bai eskatzaileek bai onuradunek aurkeztu beharreko agiriekin batera, gaztelania ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.

11.-Osasun-laguntza.

11.1. Laguntza hauek jasotzen dituzten bekadun guztiek babestuta egon beharko dute gorputz-istripuetarako aseguru-poliza baten bitartez.

11.2. Atzerrian ikasten duten bekadunek, Gizarte Segurantzaren edo horren baliokidearen babesa ikasten duten herrialdera hedatzerik ez badute, bidaiarako laguntzaren aseguru-poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak ere hartuko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

12.-Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:

a) Lehen zatia, horren barnean matrikularen, joan-etorriaren eta aseguru-polizaren zenbatekoa, gehi hileko diru-kopurua, irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako, kasu bakoitzaren arabera.

Lehen zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2011ko urriaren 20a baino lehen:

-Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiria.

-Onuradunak ikastaroa hasi duela frogatzen duen ziurtagiria.

-Bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

-Kasuan kasuko aseguru-polizaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren zatia, hileko diru-kopuruaren zenbateko osoa urtarrilerako, otsailerako eta martxorako.

Bigarren zatiaren ordainketa egin ahal izateko, epe horretan egindako ikasketak aprobetxamenduz egin direla egiaztatzeko irakasleak edo ikastetxeak luzatuko duen egiaztagiria aurkeztu beharko da 2012ko urtarrilaren 14a baino lehen.

c) Hirugarren zatia, hileko diru-kopuruaren zenbateko osoa apirilerako eta maiatzerako.

Hirugarren zatiaren ordainketa egin ahal izateko, epe horretan egindako ikasketak aprobetxamenduz egin direla egiaztatzeko irakasleak edo ikastetxeak luzatuko duen egiaztagiria aurkeztu beharko da 2012ko martxoaren 25a baino lehen.

d) Azken zati bat, hileko diru-kopuruaren zenbateko osoa ekainerako.

Azken zatia ordaindu ahal izateko, egindako ikasturtearen ziurtagiria eta jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dira 2012ko uztailaren 4a baino lehen.

1.-Egindako ikasturtearen balorazio akademikoa eta ebaluazio txostena.

2.-Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:

-Ikasturteko irakasgaien eta edukien zerrenda.

-Ikastetxeko irakasle bakoitzaren txosten zehatza, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaerari buruzkoa.

-Ikasturtean egindako jarduerak eta horien balorazioa.

-Ikasturteari buruz norberak egindako balorazio zehatza.

e) Ikasturtearen hasiera data oro har ezarritakoa ez bada, frogagiriak eta ordainagiriak aurkezteko epeak horren arabera egokituko dira.

13.-Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

13.1. Beka hau xede edo helburu bera duen beste edozein diru-laguntzarekin bateraezina da.

13.2. Interesdunak ordainsaririk jasotzen badu, ezin izanen du jaso beka hauetan ezarri den egonaldi kontzeptuari dagokion laguntza.

14.-Dirua itzultzea.

Onuradunak ikasketa programa gauzatu duela behar bezala justifikatu ezik, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza korrituak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15.-Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16.-Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

17.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta, biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Oinarrizko zikloaren ziurtagiriaren edo tarteko mailarenaren (B1) baliokideak diren titulazioen zerrenda, Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 28an emandako 30/2011 Foru Aginduaren arabera

Ingelesa.

-Oinarrizko zikloaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).

-Tarteko mailaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).

-PET ziurtagiria (Preliminary English Test), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.

-IELTS 3.5-4.5 ziurtagiria, IELTSk luzatua (International English Language Testing System).

-TOEFL IBT 57 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).

-ISE I (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.

Frantsesa.

-Oinarrizko zikloaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).

-Tarteko mailaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).

-DELF B1 ziurtagiria, Alliance Françaisek (Frantziako Hezkuntza Ministerioa) luzatua.

-CEFP2 ziurtagiria, Alliance Françaisek (Frantziako Hezkuntza Ministerioa) luzatua.

-Test d'Evaluation de Français (TEF) B1 (361-540), Pariseko Chambre de Commerce et d'industrie delakoak luzatua.

Alemana.

-Oinarrizko zikloaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).

-Tarteko mailaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).

-ZD ziurtagiria (Zertifikat Deutsch), Goethe Institutuak luzatua.

-ZDJ ziurtagiria (Zertifikat Deutsch für Jugendliche), Goethe Institutuak luzatua.

Italiera.

-Certificato di Conoscenza della Lingua Italiana, Livello 2 (CELI 2).

II. ERANSKINA

Eskabide eredua
(bikoizturik aurkeztu)

Izen-abizenak: ......................................., NAN/IFZ: ..........................

Bizilekua (herria): ................................., kalea:

P.K.: .......................... Telefonoa: .............................. Helbide elektronikoa: ..................

Bere izenean edo ................... ordezkatuz (behar ez dena ezabatu).

Izen-abizenak: ......................................., NAN/IFZ: ..........................

Bizilekua (herria): ................................ Kalea: .......................

P.K.: ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa: ..................
Arte-ikasketetan sakontzeko 2011ko beken deialdirako eskaera aurkezten du, ....................... (e)k ........(e)ko ........aren ......(e)an emandako ..../2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2011ko ............. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......(e)koa).

Norako: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri horietan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Beka luzatzeko eskaera, deialdi honetako III. eranskinean ageri den eredua erabiliz.

b) 4.1 oinarrian eskatutakoaren frogagiriak.

c) Deialdi honen xedearekin lotutako beste inolako laguntzarik edo diru-laguntzarik ez duela eta ez duela halakorik eskatu adierazten duen aitorpena.

d) Oinarri arautzaileen 4.3.a) puntuan eskatutako titulazio akademikoan zein kalifikazio eta noiz lortu ziren agertzen dituen ziurtagiri akademikoaren fotokopia konpultsatua. Eskaeran agertzen den ikasketak sakontzeko arloan ikasketa ofizialik egin ez duten eskatzaileen kasuan, hautapen proba gainditu izanaren ziurtagiria, ikasketak sakontzeko ikastaroa eginen den ikastetxeak luzatua, non azalduko baitira ikastetxeak espezialitatean eskainitako ikaspostuen kopurua eta horietarako izangaien kopurua.

e) Curriculum vitae-a, alegatzen dituen merezimenduen frogagiri eta guzti.

f) Egin beharreko ikasketa programaren deskribapen zehatza, ikastaroak, ikasgaiak, hasiera eta bukaera datak eta eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen gainerako datuak adierazita.

Aipatu deskribapena gehienez ere bost orrialdekoa izanen da eta ikasketa programari buruzko dokumentazio ofiziala erantsiko zaio (ikastaroaren egutegia, liburuxkak, inprimakiak, etab.).

g) Eskatzailea ikasketa programan onartu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua. 5,2 puntuan adierazitako epean dokumentazio hori eduki ezean, ikastetxean onartzeko eskaeraren fotokopia konpultsatua erantsiko da.

h) Bidaiaren eta matrikularen gastuen eta aseguru konpainia batek egindako aseguru polizarako proposamenaren aurrekontu xehekatua, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

i) Hizkuntzaren ezagutza frogatzeko agiria, deialdiaren 4.4 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

Ikasketak destinoko herrialdearen hizkuntza ez den hizkuntza batean egoki aprobetxatuz egitea posible bada, ikasketak zein hizkuntzatan egiten ahal diren egiaztatzen duen ikastetxearen ziurtagiria.

j) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituela frogatzen duten ziurtagiriak (organo eskudunek luzatuak).

k) Eskatzailearen lan egoeraren berri ematen duen aitorpena.

l) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

m) Arte plastikoen eta ikus-entzunezko arteen arloetan, 20-30 minutuko bideo grabazio bat, zeinetan eskatzaileak, beka zein espezializazio artistikorako eskatzen duen, horren inguruko interpretazio edo aurkezpena eginen baitu. Arte plastikoen espezialitateen kasuan, 100-120 argazkiko argazki-dosierra aurkez daiteke bideoaren ordez, euskarri digitalean.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

4. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

............................(e)n, 2011ko ........................aren ...........(e)an. (Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua
(bikoizturik aurkeztu)

Izen-abizenak: ......................................., NAN/IFZ: ...........................

Bizilekua (herria): ................................., kalea: ..................................

P.K.: ........................................ Telefonoa: .................. Helbide elektronikoa: ...........................................................................................................

Bere izenean edo ................... ordezkatuz (behar ez dena ezabatu).

Izen-abizenak: ......................................., NAN/IFZ: ..........................

Bizilekua (herria): ................................ Kalea: ...................................

P.K.: ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa: ...........................................................................................................................
Arte-ikasketetan sakontzeko 2011ko beken deialdirako eskaera aurkezten du, ....................... (e)k ........(e)ko ........aren ......(e)an emandako ..../2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2011ko ............. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......(e)koa).

Norako: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri horietan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Beka luzatzeko eskaera, deialdi honetako III. eranskinean ageri den eredua erabiliz.

b) Bidaiaren eta matrikularen gastuen eta aseguru konpainia batek egindako aseguru polizarako proposamenaren aurrekontu xehekatua, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

c) Egindako ikasketen eta jarduera artistikoen memoria, eta, horren barnean, aprobetxamendua frogatzen duten dokumentazio eta material guztia, deialdi honen 12.1.d) puntuan ageri diren alderdiekin bat. Ez dute aurkeztu beharko aurreko kurtsoko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa aurkeztu zuten onuradunek.

d) Eskatzaileak luzapena zein ikastarotarako eskatu duen, ikastaro horretan onartu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua. 8.3 puntuan adierazitako epean dokumentazio hori eduki ezean, ikastetxean onartzeko eskaeraren fotokopia erantsiko da.

e) Deialdi honen xedearekin lotutako beste inolako laguntzarik ez duela eta ez duela halakorik eskatu adierazten duen aitorpena.

f) Eskatzailearen lan egoera eta ordainsaririk ez duela azaltzen duen aitorpena.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

4. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

............................(e)n, 2011ko ........................aren ...........(e)an. (Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua.

IV. ERANSKINA

Entzunaldiak eta elkarrizketak beste beka batzuetarako
eta luzapenetarako

Oinarri hauen 6.2 puntuan ezarritakoaren arabera deialdian onartu diren eskatzaileei 20ren bat minutuko elkarrizketa eginen zaie, eta ikasketetan sakontzeko duten proiektua defendatu beharko dute batzordearen aurrean.

Horretaz gainera, arte eszenikoetako eta musikako eskatzaileek entzunaldi bat eginen dute batzordeko kideen aurrean, parametro hauen arabera:

Arte Eszenikoak - Dantza.

Dantza klasikoko, dantza garaikideko, dantza espainiarreko edo flamenkoko klase bat eta bariazio aske bat egin beharko dituzte. Beharrezkoa den musika akonpainamendua eramanen dute CD formatuan.

Arte Eszenikoak - Antzerkia.

15-30 minutuko antzezpena egin beharko dute. Horretarako beharrezkoa den materiala eramanen dute.

Musika.

Pieza bat edo batzuk interpretatu beharko dituzte, guztira 15-30 minutuz. Beharrezkoa den akonpainamendua eramanen dute, bai eta interpretatu beharreko partiturak eta horien fotokopia bat ere.

Iragarkiaren kodea: F1107088