85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

130/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean bizi eta etxeko langileak eta/edo adingabeei, adineko pertsonei edo mendekotasun moderaturen bat dutenei laguntzen dietenak kontratatzen dituzten familientzako laguntzen deialdia egiten duena, familia kontratatzaileen lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzen laguntzeko eta hurbileko zerbitzuen sektorean enplegua areagotzeko asmoz.

Krisiaren Aurkako Planaren esparruan, Nafarroako Gobernuak zenbait neurri onetsi ditu, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko asmoz.

Neurri horietako bat da "hurbileko enplegua sustatzea etxeko lanaren bidez", helburu bikoitza lortze aldera: etxeko zerbitzua kontratatzen duten pertsonen lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzen erraztea, kontratazio gastuaren zati bat diruz lagunduz, eta etxeko langileen arloan lanpostuak sortzea eta sektore horretan dagoen ezkutuko enplegua legeztatzea.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion familiei zuzendutako zerbitzu eta prestazioen kudeaketa eta koordinazioa, besteak beste.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak direla eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean bizi eta etxe langileak eta/edo adingabeei, adineko pertsonei edo mendekotasun moderaturen bat dutenei laguntzen dietenak kontratatzen dituzten familientzako laguntzen deialdia onestea, familia kontratatzaileen lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzen laguntzeko eta hurbileko zerbitzuen sektorean enplegua areagotzeko asmoz, foru agindu honen eranskinean jasotako oinarriei jarraikiz.

2. 500.000,00 euroko gastua baimentzea, "Krisiaren aurkako neurriak-12. Familientzako etxeko zerbitzurako kontratazioak egiteko laguntzak" izeneko 950001 92210 4809 231506 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusira, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusira eta haren mendeko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura, eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta haren mendeko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora.

Iruñean, 2011ko apirilaren 20an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Hurbileko zerbitzuen sektoreko langileak kontratzen dituzten familiei laguntza ekonomikoak emateko deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da "hurbileko zerbitzuak" izeneko sektoreko langileak kontratzen dituzten familiei laguntzak ematea, helburu hauek lortzeko asmoz:

a) Familiei laguntzea lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzen, horretarako etxeko lanak egiten eta/edo etxean adingabeak, adineko pertsonak edo mendekotasun moderaturen bat duten pertsonak zaintzen, artatzen eta/edo haiekin egoten laguntzen dieten langile bat edo gehiago kontratatuz.

b) Hurbileko zerbitzuen sektorean besteren konturako lan egiten duten pertsonen gizarte baldintzak hobetzea, haien gizarteratzea eta lan munduan sartzea sustatuz, eta lan horren gizarte prestigioa handituz, lan merkatuan sartzearen bitartez; azkeneko neurri horrek hurbileko zerbitzuen sektoreko enpleguaren areagotzea eraginen du, gainera. Deialdiaren ondorioetarako, honako hauek izanen dira zerbitzu horiek: etxeko lanak egitea; etxean adingabeak, adineko pertsonak edo mendekotasun moderaturen bat duten pertsonak zaintzea, eta haiei laguntzea joan-etorrietan edo beren egoerari lotutako jardueretan.

2. Diru-laguntza jasotzen ahal duten ekintzak.

-Diru-laguntzaren xede izanen dira Gizarte Segurantzan alta ematea dakarten kontratazioak, 2010eko abenduaren 1etik aurrera egindakoak.

Laguntza jasoko da pertsona kontratatua Gizarte Segurantzan afiliatzen den egunetik 2011ko abenduaren 31ra arte, betiere bitarte horretan deialdian ezarritako betekizunak betetzen badira.

-Halaber, diru-laguntzaren xede izanen dira, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2010ean diru-laguntza jaso zuten kontratazioak, betiere enplegatutako pertsona aldatu ez bada eta deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badira.

Laguntza jasoko da 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra arte, betiere bitarte horretan deialdian ezarritako betekizunak betetzen badira.

3. Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izanen dira Nafarroan bizi eta pertsona bat lehen oinarrian aipatutako lanak egiteko kontratatzen dutenak, betiere kontratazioak Gizarte Segurantzaren etxeko langileen araubide berezian afiliatzea badakar eta kontratuaren gutxieneko iraunaldia astean 18 ordukoa bada (72 ordu hilean), eta deialdiaren bosgarren oinarrian zehazten diren baldintzak betetzen dituztenak.

Halaber, deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izanen dira 2010eko deialdiko laguntzen onuradun izan ziren pertsonak, betiere, enplegatutako pertsona aldatu ez bada eta deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badira. Kontratatutako pertsona horrek lehen oinarrian aipatutako lanak eginen ditu, eta bere kontratuaren gutxieneko iraunaldia 18 ordukoa izanen da astean (72 ordu hilean).

3.2. Neurria aztertzeko aplika daitezkeen adierazleak ebaluatzeko, eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute zergatik egin duten kontratazioa. Laguntzon onuradunek adierazi beharko dute zein izan den/diren langilea kontratzeko arrazoia/arrazoiak, jarraian biltzen diren arrazoien artetik:

a) Guraso biek lan egitea eta beren ardurapean izatea seme-alabak, ahaide adinekoak edo mendekotasun moderaturen bat dutenak.

b) Gurasoetako batek lan egitea eta bestea eszedentzian edo lanaldi murriztuan egotea, seme-alabak, ahaide adinekoak edo mendekotasun moderaturen bat dutenak zaintzeko.

c) Familia ugariak izatea.

d) Beren ardurapean seme-alabak, ahaide adinekoak edo mendekotasun moderaturen bat duten ahaideak dituzten familia gurasobakarrak izatea.

e) Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonak izatea.

f) Mendekotasun moderaturen bat izan eta bakarrik bizitzea.

g) Arrazoi ezberdinak direla-eta etxeko zerbitzuko, zaintzako edo laguntzako arreta behar duten familiak, bikoteak edo pertsonak izatea.

h) Azaltzen dituzten bestelako arrazoiak edukitzea.

4. Laguntzaren zenbatekoa.

Aipatutako kontratazioak egiten dituzten pertsonek kontratatuaren lan kostuaren, hau da, soldataren eta enplegatzailearen konturako den Gizarte Segurantzako gastuaren %20ko diru-laguntza jasoko dute, eta gehienez ere 180 euro hilean.

5. Laguntza jasotzeko baldintzak.

5.1. Laguntzaren onuradun izateko foru agindu honetan zehazten diren baldintzak bete beharko dira, eskaera aurkezten den unean eta laguntza zein alditarako ematen den, aldi horretan.

Hona laguntzaren onuradun izateko baldintzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta egon eta helbide fiskala bertan izatea.

b) Pertsona bat kontratatzea, kontratzailearekin bigarren gradura arteko odol edo ezkontza ahaidetasunik ez duena, etxeko lanak egiteko eta/edo seme-alaba adingabeak, adineko pertsonak edo mendekotasun moderaturen bat dutenak zaintzeko, artatzeko eta/edo haiei laguntzeko.

c) Pertsona hori Gizarte Segurantzan, etxeko langileen araubide berezian, afiliatzea.

d) Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak eguneratuak izatea.

6. Eskaera eta agiriak.

6.1. Laguntza-eskabidea eredu ofizialaren arabera aurkeztuko da. Eredu hori interesdunen eskura egonen da Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian, Iruñeko Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuetan eta auzo unitateetan, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es). Eskabideari agiri hauek gehituko zaizkio:

-2010eko abenduaren 1etik aurrera egindako kontratazioen kasuan:

  • Enplegatzailearen eta enplegatuaren NANak.
  • Enplegatzailearen erroldaren ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren kide guztiak jasotzen dituena.
  • Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratutako lan kontratua, argi eta garbi adierazten dituena zein izanen den jasoko duen soldata eta zenbat iraunen duten lanaldiak zein kontratuak.
  • Enplegatua Gizarte Segurantzan afiliatuta dagoela egiaztatzen duen buletina.
  • Laguntza eskatzen duen enplegatzailearen eskaera, hura transferentzia bidez kobratzeko.

-2010ean diru-laguntza jaso zuten kontratazioen kasuan:

  • Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako eskabide orokorra edo idazkia. Bertan adieraziko da 2011rako diru-laguntza eskatzen dela, aurreko urtean diru-laguntza jasotzeko eskubidea eman zioten baldintzak betetzeagatik.
  • Hasierako espedientean aurkeztutakoari dagokionez, aldaketarik badago, alegatzen diren aldaketen frogagiriak.

6.2. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2011ko azaroaren 30ean bukatuko.

7.2. Laguntza-eskabideak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan adierazitakoetan aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2011ko abenduaren 1a baino lehen.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azalak zabalik egon beharko du, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen.

7.3. Eskaera behar bezala beteta aurkezteak berarekin ekarriko du eskatzaileek eta kontratatuak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari baimena ematea zuzenean eskura dezan Nafarroako Zerga Ogasunetik eskaera ebazteko behar duen informazioa, bai eta egiaztatzeko ere eskatzaileek bete egiten dituztela alegatutako baldintzak. Halaber, baimena eman beharko dute Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko datuak eskuratzeko; horregatik, baimen horri dagokion eskabideko atala kontratatuak sinatu beharko du.

8. Prozeduraren antolamendua eta instrukzioa.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan instrukzio organoari buruz egindako aipamenak zerbitzu horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, forma eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

9. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Hala, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi honetarako aurrekontuko dirua agortzen bada, gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.

10. Ebazpena.

Diru-laguntza jasotzeko eskaerak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu, arrazoiak emanez.

Espedienteak eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko dira, eta balorazio irizpideen araberako laguntza esleituko zaie, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea gehienez hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Emakida ebazpenean hauek jasoko dira: onuradunaren datuak, jarduerarako emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta diru-laguntza zertarako eta zer alditarako eman den.

11. Laguntzaren ordainketa.

Laguntza hilero ordainduko da, kontratatua Gizarte Segurantzan afiliatu zeneko egunetik aitzina, edo 2011ko urtarrilaren 1etik aitzina diru-laguntza 2010ean jaso zutenen kasuan, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen diren bitartean eta, gehienez ere, 2011ko abenduaren 31 arte.

Laguntzaren onuradunak eskaeran adierazitako kontu korrontean edo aurrezki libretan sartuko da dirua.

12. Baztertzeak eta bateraezintasunak.

12.1. Laguntza hauetatik kanpo geldituko dira eskatzailearentzat edo familia guneko kideren batentzat Gizarte Segurantzan alta emanda lanean aritu diren pertsonen kontratazioak, salbu eta enplegatzailea, laguntzaren onuradun izanik, hiltzen bada eta familia guneko beste kide batek enplegatu bera kontratatzen badu.

Orobat, laguntzotatik kanpo geratuko dira Gizarte Segurantzan, etxeko langileen araubidean, afiliatutako langileren bat izan eta beste pertsona bat kontratatu aurreko hilabetean Gizarte Segurantzatik at jarri duten pertsonek edo beren familia guneko kideek egiten dituzten kontratazioak, salbu eta Gizarte Segurantza uzteko arrazoia erretiroa, probaldia ez gainditzea, behar bezala arrazoitutako kaleratzea, amatasun baja, gaixotasunaren ondoriozko baja, legez aitortutako desgaitasuna edo enplegatuak berak kontratuari uko egitea izan bada.

12.2. Laguntzok bateraezinak dira honako beste laguntza hauekin: eskatzaileak foru agindu honetan araututako laguntzen antzeko izaera eta helburua duten eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo toki entitateen aurrekontuen kargura egiten diren laguntzekin.

13. Onuradunen betebeharrak.

13.1. Laguntza hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte: kontratatua Gizarte Segurantzan afiliatuta edukitzea, laguntza zer alditarako ematen den, horren bitartean gutxienez; eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Aldi horretan kontratatuak baja hartuz gero, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztuko du 5 eguneko epean; egoera horren berri eman beharko zaio Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari. Halaber, 5 eguneko epe horretan, kontratu berria eta Gizarte Segurantzako afiliazio agiria aurkeztu beharko dizkio aipatutako zuzendaritza nagusiari.

13.2. Onuradunek onartu beharko dituzte Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak egin ditzakeen egiaztapen jarduketak, zuzenean zein Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eta eska diezazkieten dokumentazioa eta frogagiriak aurkeztu beharko dituzte. Horretaz gainera, laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatuz gero, horiek jakinarazi beharko dituzte.

13.3. Betebehar horiek betetzen ez badira edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatutako edozein arrazoi gertatuz gero, hartutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, foru legean ezarri moduan. Legeek aipatutako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazitako berandutza interesak eskatzea.

Laguntza horretarako baldintzak bete gabe Administrazioari dagozkion zergatikoengatik eskuratuz gero, kobratutako laguntza osorik edo hein batean itzuli baizik ez da egin beharko.

14. Publizitatea.

Onuradunen datuak argitaratzea, diru-laguntzaren xedea dela eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen denez, emandako diru-laguntzak ez dira argitaratuko.

15. Errekurtsoak.

15.1. Foru agindu honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

15.2. Foru agindu honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

16. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1107525