85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

451/2011 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena. Proiektua Plazaola Turismo Partzuergoak sustatu du.

2010eko maiatzaren 10ean, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" onestea, Plazaola Turismo Partzuergoak sustaturik.

Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2010eko maiatzaren 26an.

Sustatzaileak erabaki hartan eskatutako agiriak aurkeztu dituenez, eta kontuan hartuta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena, bidezko da Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren Araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Proiektua Plazaola Turismo Partzuergoak sustatu du.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren Araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Proiektua Plazaola Turismo Partzuergoak sustatu du. Araudi horren testua ebazpen honen eranskinean ageri da oso-osorik.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Iruñean, 2011ko martxoaren 31n.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

ERANSKINA

Araudia
Indarreko planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak

A) Plazaolaren galtzadak hartzen dituen lurrak, hots, izaera horrekin proiektu sektorial honetan sartu direnak, indarreko planeamenduaren arabera lurzoru urbanizaezinetan kokatzen badira, babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa hartuko dira, eta "Azpiegitura. Plazaolaren bide berdea" azpikategoria izanen dute.

Lur horiek oinez, bizikletaz edo zaldiz ibiltzeko erabiliko dira, eta beharrezkoa denean, nekazaritza eta abeltzaintzako ibilgailuak sartu ahal izanen dira, baina bakarrik trazaduraren ondoan diren finketara sartzeko beharrezkoa zaienean. Betiere, larrialdietan anbulantzien eta babes zibileko beste ibilgailu batzuen trafikoa baimenduko da. Iruñeko metropolialdearen esparruan, eta hiru lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan, azpiegituraren erabilera udal planeamenduan edo horren ondoriozko tresnetan arautuko da.

B) Plazaolaren galtzadak hartzen dituen lurretan, turismoko, kiroleko eta/edo olgetarako ibilbide gisa erabili ahal izateko egin beharreko lanez gain, lur azpiko azpiegiturak ere baimendu ahal izanen dira, luzeran nahiz zabaleran, betiere ibilbidearen jarraitutasuna oztopatzen ez dela bermatuz. Horretarako, Iruñerriko Mankomunitatearen eskumenen eremuan, eraikuntza proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. "Iruñerriko Zerbitzuak, S.A." sozietateko teknikariei, edozein lan egin aurretik, hodiak markatzeko eskatuko zaie, lurrak mugitzen ez badira ere.

2. Obrak egin bitartean, arreta berezia jarriko da trazadurak hodiekin bat egiten duen edo hodiek bidea gurutzatzen duten tokietan. Beharrezkoa bada, hodiak babestuko dira, lurren mugimenduak edo obrako makinen trafikoak hodiak apurtzeko arriskua saihestuarren.

3. Bidea zabaltzen denean, hodiak bidetik joaten diren aldeetan, hodien sakonera kontuan hartuko da, nekazaritzako makinen trafikotik babesteko, beharrezkoa bada.

4. Sestrak aldatzen badira, eta dauden erregistro tapakiak ukitzen badira, tapaki horiek sestra berrietara egokituko dira.

5. Sestrak aldatzearen ondorioz hodien sakonera aldatzen bada, azpiegituren trazadura desbideratzea azter liteke.

6. Uraren hornidura eta saneamendurako instalazioak ukitzen dituzten eraikuntza proiektuak Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.ri aurkeztu beharko zaizkio, onets ditzan.

C) Babeserako zerrendak -dagokion udaleko hirigintza planeamenduan zehazten ez den bitartean- 8 metroko zabalera izanen du, Plazaolako galtzadaren kanpoko ertzetik neurtuta. Zerrenda hori lurzoru urbanizaezinetik igarotzen den bidearen bi aldeetara jarriko da, ibilbidea erakargarri egiten duten paisaiaren eta ingurumenaren ezaugarriak babeste aldera. Zerrenda hori zaintzeko araubidea hauxe izanen da:

1. Debekatuta dago meategiak ustiatzea, legarra eta harea ateratzea eta landaredia moztea, bai eta zabortegiak eta hondakindegiak ere.

2. Honako hauek baimentzen ahalko dira: Plazaolako galtzadaren erabilerari eta xedeari lotutako eraikuntzako jarduerak (atsedenguneak, eta abar); egungo eraikinak zaindu eta mantentzeko beharrezkoak diren lanak; azpiegiturak; eta finken itxiturak -horiek, gutxienez, Plazaolako galtzadaren kanpoko ertzetik 3 metrora jarriko dira-.

Udal planeamenduan edo planeamendu sektorialean babes zerrenda zabalagoa ezar liteke, baita tokian tokiko ezaugarrien araberako babes araubide bat ere. Dena dela, planeamenduan babes zerrenda estuagoa jartzea ere erabaki daiteke, tokiko ezaugarriak ikusita gomendagarria den tarteetan, eta betiere, behar bezala justifikatzen baldin bada.

D) Udal planeamenduan baloratuko da debekatu behar ote diren, bide berdetik hurbil izateagatik edo interesekoak diren perspektibak oztopatzeagatik, paisaia aldetik balio berezia duten tokietan eragin negatiboa izan lezaketen eraikuntzak, instalazioak edo eraikuntzaz kanpoko jarduerak.

E) Usain desatseginak eragiten dituzten jarduerak debekatzen dira, salbu tokiko nekazaritzako edo abeltzaintzako jarduera tradizionalak.

F) Tokiko planeamenduek eta sektorialek ez dituzte sustatuko, instalazio berrietara ibilgailu motordunen bidez iristeko, bide berdea erabili behar duten instalazioak.

G) Debekatzen dira inguruko isurketak ukitu eta bide berderako aurreikusitako drainatze sistema aldatzen duten lur mugimenduak.

H) Hiri lurzoruan edo urbanizagarrian, errespetatuko da behar bezala egokitutako bidezidor gisa (bide gorria + espaloia), edo, hala balitz, ibilgailu motordunekin -abiadura kontrolatuz- partekatzeko espazio gisa hautatutako trazadura. Dena dela, trazaduraren aldaketak onartuko dira, behar bezala justifikatzen badira eta ibilbidearen jarraitutasuna eta funtsezko ezaugarriak aldatzen ez direla bermatzen bada.

I) Herriguneetan gomendagarria da bidetik hurbil aparkalekuak aurreikustea, erabiltzaileei sarrera errazteko.

J) Landaguneetan, bide berdetik hurbil egiten diren eraikin berriek bat etorri beharko dute inguruko arkitekturaren inbarianteekin.

Lurralde mailako gomendioak.

-Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arau indardunetan aurreikusita dagoen RVP-8 bidearen trazadura bide berdearen trazaduran sartzen bada, bide haren proiektuan ahaleginak egin beharko lirateke trazaduran bide berdea sartzeko. Hala badagokio, ibilbide berri bat egin beharko litzateke, trazaduraren jarraitutasuna eta bide berdearen funtsezko ezaugarriei eustea bermatuko dituena.

-Gomendatzen da Plazaolaren ibilbidea sartzea lurraldearen antolamendurako tresnen edukiak garatzeko udal bakoitzean sortzen diren bide berdeen sareetan.

-Gomendatzen da Iruñerriko metropolialdearen esparruan, trazaduraren inguruaren diseinuan, ahal delarik, espazio libre handiak aurreikustea.

-Gomendagarria litzateke Ezkaba mendiko metropoli parkean aurreikusi eta garatzen diren lurralde eta/edo hirigintza antolamendurako tresnetan baloratzea Plazaolaren trazadura hurbil dagoela eta, orobat, bide berdearen eta metropoli parkearen artean egon litezkeen harreman eta elkarreraginak.

Iragarkiaren kodea: F1106016