81. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Argentinako Errepublikako eta Txileko Nafar Biltokien bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuak, bere eskumenen esparruan, etorkinei arreta emateko politika publikoak sustatu eta koordinatzea sartzen du. Halaber, Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen dio jatorri nafarra duten eta beste herrialde batzuetan etorkin gisa dauden pertsona, elkarte eta entitateekin harremanak izateko eta haiei arreta emateko.

Nafarroako Gobernuak, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren bitartez, laguntza eta lankidetza harremanak ditu nafar emigratzaileek eta haien ondorengoek osatutako elkarteekin, beste herrialde batzuetan dauden Nafar Biltokiekin, besteak beste, eta zenbait programa, jarduera eta laguntza humanitario sustatzen ditu laguntza ekonomikoen bidez. Azken batean, egun batean eta zenbait arrazoirengatik Nafarroatik alde egin behar izan zutenekiko harreman eta loturei eusten die.

Bestalde, Atzerrian diren Espainiako Herritarren Estatutua, abenduaren 14ko 40/2006 Legearen bidez onetsia, atzerrian bizi diren herritarrei beren eskubide eta betebehar konstituzionalak bermatzen dizkien esparru juridikoa da, eta 5. artikuluak ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoak laguntza eta babesa eman behar dietela, beren eskumenei lotuta, atzerrian bizi eta beharrean diren herritarrei.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatea aspalditik ari da programak garatzen, beste herrialde batzuetara joandako nafarren eta beren ondorengoen bizi-kalitatea hobetzeko, horretarako laguntzak eta prestazioak kudeatuz, adina, baldintza ekonomikoak eta herrialdea direla-eta horixe eskatzen dutenentzat.

Hala, Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urteaz geroztik, laguntza humanitarioa ematen dio Argentinako Errepublikari, han gertatzen diren premia larriko kasuak arintzearren. Izan ere, urte hartan krisi ekonomiko larria hasi zen, eta egun jarraitzen du. Laguntza horiek herrialde horretan dauden Nafar Biltokien bitartez bideratu dira (Bolívar, Buenos Aires, Mar del Plata, Mendoza eta Rosario) eta, horrela, zentro horiek dauden lekuetan egin dezaketen lankidetzarako agente lana sustatzen da, elkarte horiek irabazi-asmorik gabeko izaera baitute. Zeregin hori Txileko Nafar Biltokira ere zabaltzen da.

Hori horrela, Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak txosten bat aurkeztu du, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunarekin, eta bertan proposatzen du Argentinako Errepublikako eta Txileko Nafar Biltokien bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2011. urterako.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren bitartez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7.1. artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Argentinako Errepublikako eta Txileko Nafar Biltokien bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2011. urterako. Deialdiaren oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 72.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Argentinako eta Txileko Nafar Biltokiendako laguntza humanitarioa" izeneko B20003 B2220 4819 143100 kontu-sailaren kargura (ID 3301).

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ogasunak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondokoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2011ko apirilaren 12an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Argentinako Errepublikako eta Txileko Nafar Biltokien bitartez
laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

1. Helburua eta xedea.

Deialdi honen xedea da Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak 2011. urtean Nafar Biltokien ekintza humanitarioak finantzatzeko ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea, Argentinako Errepublikan eta Txilen egoera zail eta ahulean dauden gizataldeen artean banatzeko.

Zehazki, honako hauek izanen dira laguntza horien helburuak:

a) Oinarrizko beharretarako elikagaiak edo beste produktu eta sargai batzuk erostea.

b) Oinarrizko zerbitzuetarako ekipamenduak erostea laguntza humanitarioa emateko: tresna txikiak berritzea, instalazioen mantentze-lanak, zurgintzako elementuak, lanparak, eta abar. Inbertsio inbentariagarritzat jotzen ez den guztia.

c) Oinarrizko zerbitzuetako zentroetan konponketa txikiak egitea.

d) Argentinan edo Txilen bizi baina Nafarroan jaiotakoentzako edo haien ondorengoentzako banakako laguntza ekonomikoak, betiere premia larriko egoeran baldin badaude.

Ondasun inbentariagarrietako inbertsio gastuak ez dira inola ere finantzatuko: ekipamendu medikoak, informatikoak, altzariak, etxetresna elektrikoak eta antzekoak.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Deialdi honetarako zenbatekoa 72.000 eurokoa da, eta 2011ko aurrekontuko gastuko "Argentinako eta Txileko Nafar Biltokiendako laguntza humanitarioa" izeneko B20003 B2220 4819 143100 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Argentinako eta Txileko Nafar Biltokiek eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Elkartea legez eratua izatea eta dagokion Erregistro Ofizialean elkarte gisa erregistraturik egotea.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea eta elkartearen xedea jarduera sozialak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutako beste adierazpen bat.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuak ez haustea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak izanen dira deialdiaren lehen oinarrian aipatzen diren laguntza humanitarioko ekintzak gauzatzeko egin beharrekoak.

Gastuen aurrekontua osatzen duten kontzeptu bakoitzean gauzatutako azken gastua aldatzen ahalko da, gorantz edo beherantz, baina aldaketa hori ez da izanen aurrekontuan kontzeptu bakoitzarentzat ageri den zenbatekoa baino %15 handiagoa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik baimena eskatzea Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari. Ehuneko horretatik gorako aldaketak aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalari, eta organo eskudunak baimendu beharko ditu.

Gastu hauek finantzatuko dira soilik: xedetzat 1. oinarrian azaldutako laguntza humanitarioa ematea dutenak eta 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatzen direnak.

Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira ondokoekin lotutakoak: sendagaiak, elikagaiak edo behar-beharrezko materiala erostea eta osasun-laguntzatik eratorritakoak (medikuen ordainsariak eta laguntza, bereziki).

Programaren kudeaketatik eratorritako gastuetatik diruz laguntzen ahal direnen ondorioetarako, onartuko dira joan-etorriek (ostatua eta lekualdatzeak) eragindakoak eta eragiketa finantzarioek, hau da, Argentinako Errepublikako Lehiakortasunari buruzko 25413 Legea aplikatzearen ondorioz (horren bidez ezarri zen kontu korronteko kredituen eta zordunketen gaineko zerga), beharrezkoak diren funtsak jasotzeagatik eta transferentziak egiteagatik sortutako gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, eta Europako araudiari.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak sortzen ahal dituen etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira instrukzio organoak aurkezten diren proiektuetan aurreikusitako ekintzak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak, baldin eta diruz lagundutako jardueraren izaerari badagozkio zalantzarik gabe.

Laguntzen kopuruak aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera ezarriko dira.

6. Eskabideak aurkeztea.

6.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten entitateek dagokien eskaera biltzen duen eskabidea aurkeztuko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako lekuetako batean.

Eskaera 20 egun naturaleko epean aurkezten ahalko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalera bidali beharko da (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña).

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, eraketa eta Erregistro Ofizialeko inskripzioa frogatzeko, deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliz. Laguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, elkartea legez eratu dela eta dagokion Erregistro Ofizialean inskribatu dela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita estatutuen kopia ere.

b) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, proiektua finantzatzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei laguntza eskatu zaien edo jaso den adierazteko eta, baiezkoa bada, zenbat diru jaso den.

c) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, entitateak, administratzaileak edo ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuak hausten ez dituztela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira. Deialdiaren II. eranskinean jasotako eredua erabiliko da.

d) Egitekoak diren edo dagoeneko egin diren ekintza humanitarioen proiektua. Bertan azalduko dira eskualdearen ezaugarriak, laguntzaren xede izanen den taldea edo pertsona, zein entitaterekin eginen den jarduketa, helburuak, jarduerak, behar diren baliabideak eta gastuen aurrekontua, jardueren arabera zehaztua.

e) Bankuko kontuaren zenbakia, titular bakarra zentroa edo elkartea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta bankuaren helbidea eta kontuaren IBAN eta SWIFT kodeak ere (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenek eta kontua aldatu dutenek bakarrik).

f) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak, eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

g) Hala denean, laguntza aurretiaz ordaintzeko eskaera, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko aurrerakina beharrezkoa dela frogatuko duen idazki baten bidez.

h) Kasuan kasuko Zerga Ogasunaren indarreko ziurtagiria edo, bestela, entitateak zerga betebeharrak non dituen, hango administrazio publikoetako organo eskudunena, eskatzailea balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela adierazten duena. Hori erabiliko da egiaztatu ahal izateko entitateak jasandako BEZa, gastuen egiaztagirietan aurkeztu duena, diruz lagungarria den, laguntzen deialdi honen ondorioetarako. Ziurtagiri hori departamentu honetan aurkeztu baldin bada inoiz, hura aurkitu eta egiaztatzeko behar diren datuak adieraziko dira.

i) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, V. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko entitateak BEZari loturiko jarduerarik egiten ote duen eta kontzeptu horrengatiko zerga aitorpenik aurkezten ote duen. Aurkezten badu, merkataritza jardueraren mota adieraziko da (adibidez, ostalaritzako jarduera edo lokala errentan ematea), baita kontratuak ere, halakorik bada.

7. Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskaerak behar diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

8. Tramitazio eta balorazio organoak.

Eskaeren tramitazioa Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Protokolo Zerbitzuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da instrukzio organo.

Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Protokolo Zerbitzuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak aztertu eta baloratuko ditu eskaerak, eta gero, laguntzak emateko proposamena eginen du.

9. Balorazio irizpideak eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

Aurkeztutako eskaeren balorazioan 100 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Ekintzaren kalitatea (40 puntu bitarte): lortu nahi diren helburuak eta ekintzak horretarako egokiak diren baloratuko da; era berean, proiektuaren argitasuna eta zehaztasuna, aurrekontua eta txostena baloratuko dira.

b) Laguntzen talde onuraduna (30 puntu bitarte): lehentasuna emanen zaie ondokoetara zuzendutako entitateen proiektuei: baliabide ekonomiko urrietako haurrei, zaharrei, ezinduei edo gaixoei laguntzea, bai eta behar larriko egoeran dauden nafar jatorriko pertsonei ere.

c) Jarduteko eremu espezifikoaren egoera: pobrezia indizeak, behar sozialak, hara joateko bideen erraztasuna, baliabide naturalak (15 puntu bitarte).

d) Entitate eskatzailearen esperientzia laguntza humanitarioko ekintzetan (15 puntu bitarte).

Bestelako diru-sarrerekin edo laguntzekin bete gabeko eta administrazioak onetsitako aurrekontu zatiak %100eko laguntza izanen du, betiere aurrekontuko diru-izendapena nahikoa bada eta proiektuek, aurreko baremoarekin bat, 50 puntu lortu badituzte gutxienez.

50 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira inola ere finantzatuko.

50 puntura iristen diren proiektuentzako laguntza guztien zenbatekoa horretarako bideratutako diru-kopurua baino handiago baldin bada, laguntzaren zenbatekoa honela finkatuko da:

a) Gutxieneko mailan, 50 puntuz baloratzen diren proiektuen kasuan, onesten zaion gastu lagungarriaren %50ekoa izanen da diru-laguntza.

b) 50 puntutik gora, balorazio batzordeak proiektu jakin bati ematen dion puntu bakoitzeko (gehienez ere 100 puntu), %1 erantsiko zaio aurreko atalean ezarritako gutxieneko mailari.

Balorazio ekonomiko horren ondoriozko guztirako zenbatekoa ere aurrekontuetan dagoen diru-izendapena baino handiagoa bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da, baloraziotik eta portzentajearen aplikaziotik ateratako kopuruen arabera.

Ematen den diru-laguntzak ezin izanen du 12.000 eurotik gora egin entitate eskatzaile bakoitzarendako.

10. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidez behin betiko ebazpena eman dezan.

Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Eskaerak ezetsitzat joko dira, horiek aurkezteko epea bukatu eta handik bi hilabetera ebazpen espresurik jakinarazten ez bada.

Edonola ere, interesdunei eskaeren gaineko ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

11. Proiektuak ordeztea.

Ematen den laguntza entitate onuradunak proposatutako jarduerak egin eta garatzeko erabiliko da. Salbuespen gisa, diru-laguntzaren onuradunak uko egiten ahalko dio onetsitako proiekturen bat egiteari, edo aldatzen ahalko du, aldaketaren ondoriozko exekuzio-aurrekontua hasieran aurreikusitakoa bezalakoa edo baxuagoa baldin bada. Kasu bietan, aurretik Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari (Protokolo Zerbitzua) jakinarazi beharko dio, eta horrekin batera, diru-laguntza jaso dezakeen beste proiektu bat proposatzen ahalko du. Nolanahi ere, proiekturen bat beste batekin ordezteko edo haren funtsa aldatzeko, aurretik Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunaren baimen berariazkoa beharko da, foru agindu bidez emana.

Diruz laguntzen diren proiektuetan egiten diren aldaketak, azaldu bezala baimendu ez badira, ez dira aintzat hartuko laguntzen ordainketa egiten denean, eta hala badagokio, jaso beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da.

12. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutza korritua eskatuko da.

13. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

13.1. Gastu justifikagarria.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzeari begira, diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako gastua, betiere 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egin eta ordaindu bada.

Jarduera baten azkeneko kostua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa baldin bada, horrek ez du ekarriko nahitaez ordaindu beharreko diru-laguntza gutxitxea, baldin eta diferentzia hori entitate berari diruz lagundutako beste jarduera baten kostua handituz konpentsatzen bada.

Nolanahi ere, onuradunak aurkezten duen proiektu bakoitzaren aurrekontu partzialaren eta azkeneko kostuaren aldean ez da %15etik gorako aldaketarik onartuko (ez igoerarik, ezta beherapenik ere). Ehuneko horretatik gorako aldaketak ezin dira beste proiektu batzuekin konpentsatu eta, horrenbestez, ezin izanen dira diruz lagundu, salbu eta aldaketak deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz baimendu baldin badira.

13.2. Ordaintzeko prozedura.

13.2.1. Laguntzaren aurrerakina.

Kontuan harturik laguntzen destinoa eta zentro onuradunek zeregin altruista egiten dutela eta ez dutela gaitasun finantzariorik behar diren funtsak aurreratzeko eta diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko, Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuak tramitazioa egiten ahalko du laguntzak aurrerakin gisa osorik ordaintzeko. Horretarako, ezinbestekoa da entitate onuradunek aldez aurretik eskaera egitea eta aurrerakinaren beharra frogatzea, 6.2 oinarriaren g) atalean adierazten denaren arabera.

Kasu horretan, proiektua bukatutakoan eta, betiere, 2012ko urtarrilaren 31 baino lehen, entitate onuradunak eman zaion diru-laguntzaren zenbateko osoaren justifikazioa egin beharko du eta, horretarako, agiri hauek aurkeztu:

a) Egindako gastua justifikatzeko kontua. Kontua III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu. Kontu horretan, hala denean, laguntzaren kudeaketak zentroari sortzen dizkion gastuak sartuko dira. Gastu horiek ez dira emandako laguntzaren %10etik gorakoak izanen. Gastuaren justifikazio kontua paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko da.

b) Kontu horrekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturen edo balio bera duten bestelako frogagirien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere. Denek urtean urteko abenduaren 31 baino lehenagoko data izanen dute.

c) Laguntza jasotzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, lehendakariak ontzat emana, eta IV. ereduaren araberakoa, non aitortu beharko baitu ordainketa eskaerari erantsitako dokumentazio guztia benetakoa dela.

d) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen memoria edo txosten labur bat, aurreikusitako helburuen betetze mailaren balorazioa ere jasoko duena. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren erreferentzia espresa azaltzeko.

e) Bankuko entitatearen egiaztagiria, emandako kopurua jaso dela eta zer kanbio aplikatu den adieraziko duena.

f) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko lehendakariak ontzat emana, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik diruz lagundutako proiektuetarako harturiko bestelako laguntzak azalduko baitira, horrelakorik bada.

Nolanahi ere, ordainketa aurrerakin gisakoa denez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena eman behar du aldez aurretik eta espresuki, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

13.2.2. Laguntzaren ordainketa arrunta.

Aurrerakin gisako ordainketa egiteko baldintzak betetzen ez badira, diru-laguntzak ordainduko dira Diru-laguntzei buruzko Legearen 32. artikuluak ezarritakoaren arabera, zatituta eta justifikazio partzialen bidez. Kasu horietan, onuradunak, ordainketa partzialak eskatzeko, 13.2.1 puntuaren a) eta b) ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu; eta emandako diru-laguntzaren azken zatia ordaintzeko, 13.2.1 puntuan aipatutako agiri guztiak aurkeztu beharko ditu, 2011ko abenduaren 31 baino lehen.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

Nafar Biltokiek edo beren federazioek, diru-laguntza eskuratzeko, ondokoak bete beharko dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Proiektuan aldaketaren bat egiten bada eta horrek diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzak aldatu beharra ekartzen badu, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari administrazio baimena eskatu beharko zaio aurretik.

c) Jarduketen publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedapen idatzi edo grafiko guztietan, Nafarroako Gobernuaren laguntza dutela adierazi beharko da, horretarako erakunde horren ikurra agerraraziz. Aipamen hori Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz eginen da.

d) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrolak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamalaugarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

b) Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakotasuna.

Hori dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

16. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

17. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Entitatea eratu eta dagokion Erregistro Ofizialean
inskribatu dela adierazteko eredua

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ........................ NANaren jabe, ................................. ordezkatuz, adierazten dut entitatea legez eratuta eta dagokion Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoela, deialdia egin duen Administrazioaren esku dagoen dokumentazioan agertzen den moduan.

(Tokia, eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

Entitateak diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako
debekuak hausten ez dituela adierazteko eredua

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ................ NANaren jabe, ..................... ordezkatuz, adierazten dut entitateak ez duela diru-laguntzen onuradun izateko debekurik hausten, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

(Tokia, eguna eta sinadura)

III. ERANSKINA

Gastua frogatzeko kontua

Diruz lagundutako ekintza:

AGIRI ZK.

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTU OSOA

IV. ERANSKINA

Ordaintzeko eskaerarekin batera aurkeztutako
dokumentazioa egiazkoa dela adierazteko eredua

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ................ NANaren jabe, ..................... ordezkatuz, adierazten dut eskaera honetan aurkeztutako dokumentazio guztia egiazkoa dela, sartutako gastu guztien fakturen edo balio bera duten bestelako egiaztagirien jatorrizko agiriak dauzkadala, baita haien ordainketa benetan egin dela egiaztatzeko agiriak ere, eta horien kopia aurkezten dudala.

Era berean, informazio hori egiazkoa dela adieraztearen ondoriozko erantzukizuna nire gain hartzen dut, baita balizko faltsutasunaren ondoriozko kalte-galeren erantzukizuna ere.

(Tokia, eguna eta sinadura)

V. ERANSKINA

BEZari lotutako jardueren gaineko erantzukizuneko aitorpenaren eredua

A) aukera

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ................ NANaren jabe, ..................... ordezkatuz, aitortzen dut ordezkatzen dudan entitateak garatzen dituen jardueretatik bakar batean ere ez duela BEZaren subjektu pasibo gisa jarduten.

B) aukera

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ................ NANaren jabe, ..................... ordezkatuz, aitortzen dut ordezkatzen dudan entitatea BEZaren subjektu pasiboa dela, eta zerga horri dagozkion aitorpenak aurkezten ditut, merkataritza jarduera hau garatzeagatik:

Iragarkiaren kodea: F1106788