65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

22/2011 FORU DEKRETUA, martxoaren 28koa, 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Foru dekretu honen helburu nagusia da Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2010 Foru Legeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean sartutako aldaketen erregelamenduzko garapena egitea.

Horrez gainera, beste aldaketa batzuk eginen dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan, zuzeneko zenbatespen erraztuari eta ordainketa zatikatuak egin beharrari dagozkienak. Horretarako, behar den erregelamenduzko gaikuntza lortu da.

Foru dekretuak artikulu bat eta azken xedapen bat ditu.

Abenduaren 28ko 23/2010 Foru Legearen erregelamenduzko garapenari dagokionez, bost aldaketa sartu dira. Lehenbizi, Zergari buruzko Foru Legearen 7.c) artikuluaren azkeneko paragrafoa kentzearen ondorioz, indarrik gabe utzi da Erregelamenduaren 1. artikulua, izan ere, helbururik gabe gelditu da, 1. artikulu horren funtsa Zergari buruzko Foru Legearen 7.c) artikulu horren azkeneko paragrafoan adierazitakoa erregelamenduz garatzea zelako.

Bigarrenik, Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako (hau da, bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa emateaz arduratzen diren entitateei langileak bizilekutik lantokira eramateagatik ordaindu beharrekoa ez hartzea gauzazko ordainsaritzat), horren zeharkako ordainketa egiteko formulen betebeharrak ezartzen dira, langileei txartelak edo ordaintzeko beste bide elektroniko bat emanez.

Hirugarrenik, erosteko aukera duten etxebizitzen errentamendu kontratuen kasuan, aukera hori erabiltzera irmoki behartzen duen klausularen bat baldin badago, balio erantsiaren gaineko zergaren kuota gisa kasuan kasuko zergaldian ordaindutakoa etxebizitza erosteagatiko kenkari gisa sartzeaz den bezainbatean, zergaren kuota guzti-guztiak etxebizitzaren erosketarako bideratzen direla ondorioztatuko da, eta kuota horiek ez direla erregularizatuko, erosteko aukera erabiltzen den unean doitzen badira ere.

Laugarren aldaketak kapital-murrizketen tributazioan eta kapital aldakorreko sozietateen jaulkipen sarien banaketaren tributazioan sartutako aldaketekin du zerikusia, ekarpenen itzulketa egiten den kasuetarako. Ezaguna denez, primaren banaketan edo murrizketan jasotako eskubide edo ondasunen merkatuko balio arruntak edo hortik lortutako zenbatekoak, entitate horietatik edo parekatutako entitateetatik jasotzen denak, ondasun higigarriaren kapitalaren etekin gisa tributatuko du, entitateen funts berekietan parte hartzeagatik lortutako etekinak diren aldetik, nahiz eta muga batzuk izanen dituen. Horren ondorioz, erregelamenduzko arauak etekin horren gaineko atxikipena egin beharra dagoela finkatzen du, nork egin behar duen ezartzen eta atxikipen horren oinarria zehazten.

Bosgarrenik, enpresa gazte eta berritzaileetan inbertitzeagatik egiten den kenkaria aplikatzeko, hau da, Zergari buruzko Foru Legearen 62.11 artikuluan ezarritako kenkaria, Administrazioak egin behar duen aurretiazko egiaztapena egin ahal izateko, ezarri da inbertsioa hartzen duen sozietateak 62.11 artikulu horretan adierazitako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko datuak aurkeztu behar dituela, kasuan kasuko zergaldiaren aitorpena egiteko epea hasi baino lehen. Zerga Administrazioak sozietateari jakinarazi ondoren kenkariaren aplikazioarekin ados dagoela, sozietateak inbertsio-egileei jakinaraziko die.

Bestalde, zuzeneko zenbatespen erraztua aplikatzen zaien enpresa edo lanbide jardueren etekin garbia zehazteko modua argitzen da. Gaur egun, adierazita dago ekarpenak ez direla kengarriak. Kontabilitatearen erreformak gai honetan ekarri dituen berrikuntzen ondorioz, hartan ongi bereizten baitira orain arte oso lotuta egon diren bi kontzeptu, hots, ekarpenak eta narriadura, zuzeneko zenbatespen erraztuak kontabilitatearen erreforma egin aurretik zuen eduki berbera izan dezan, adierazten da narriadura ere ez dela kengarria izanen.

Azkenik, ordainketa zatikatuei buruzko bi aldaketa egin dira. Batetik, ordainketa zatikatuak egiteko kontuan hartu beharreko gutxieneko etekin garbiak 4.500 eurotik 6.500 eurora igo dira. Bestalde, kendu egiten da ordainketa zatikatuaren modalitatea urteko edozein hiruhilekotan aukeratzeko bidea. Hortaz, bigarren modalitatea aukeratzen ahalko da, bakar-bakarrik, lehenengo hiruhilekoko aitorpena aurkeztearekin batera, eta horrek urte horretako hiruhileko guztietan izanen ditu ondorioak.

Azken xedapen bakarrean ezarri da foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko duela indarra.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 28ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea. Erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu batzuk, ondoren heldu direnak, aldatu dira eta honela idatzita geratu dira:

Bat. 1. artikulua indargabetzen da.

Bi. 30.1.b) artikulua.

"b) Ekarpenak ez dira kengarriak izanen, ez eta narriaduragatiko galerak ere."

Hiru. 47.bis artikulua gehitzea.

"47.bis artikulua. Bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ordaintzeko zeharkako formulak.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ondoko baldintza hauek betetzen dituzten txartelak edo ordainketarako beste baliabide elektronikoak langileei ematea bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ematen duten entitateei zeharka ordaintzeko formulatzat hartuko da:

1. Bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera ematen duten garraio-tituluak erosteagatiko kontraprestazio gisa, eta ez beste ezertarako, erabili ahal izatea.

2. Txartelen edo ordaintzeko baliabide elektronikoen bidez ordaintzen den kopurua ez izatea 136,36 eurotik gorakoa langile eta hilabete bakoitzeko, ez eta 1.500 eurotik gorakoa urtean.

3. Zenbakiturik egotea, izendunak izatea eta enpresa jaulkitzailearen izena agertzea.

4. Utziezinak izatea.

5. Haien errenboltsorik jaso ezin izatea, ez enpresarengandik ez hirugarrenengandik.

6. Txartelak edo ordainketarako baliabide elektronikoa ematen dituen enpresak enplegatu edo langile bakoitzari emandakoaren zerrenda egin eta gordetzea, bertan honakoak adierazirik:

a) Agiri zenbakia.

b) Urtero langilearen eskura jartzen den kopurua.

2. Ematen diren txartelek edo ordainketarako beste baliabideek artikulu honen 1. idatz-zatian adierazitako baldintzak bete ezik, langilearen eskura jarritako diru-kopuru guztiak gauzatan ordainduko dira. Dena dela, 1. idatz-zati horren 2. zenbakian adierazitako mugak betetzen ez badira, gauzazko ordainsaria soberakinagatik izanen da bakar-bakarrik."

Lau. 52. artikulua, 8. zenbakia gehitzea.

"8. Erosteko aukera duten etxebizitzen errentamenduen kasuan, balio erantsiaren gaineko zergaren kontura ordaindutako kuotak ohiko etxebizitza erosteko bideratu direla ondorioztatuko da, baldin eta kontratuan aukera hori erabiltzera behartzen duen konpromiso irmoa baldin badago, kontratua sinatu eta gehienez sei urteko epean erabili beharrekoa.

Erosteko aukera erabiltzeko konpromisoa duen errentamendu kontratua sinatzean balio erantsiaren gaineko zergaren kontura sorrarazitako diru-kopuru guztiak etxebizitza erosteko bideratu direla ondorioztatuko da eta ez dira erregularizatuko, erosteko aukera erabiltzen den unean doitzen badira ere."

Bost. 64.3.h) artikulua.

"h) Akzioak edo partaidetzak jaulkitzearen prima eta kapital-murrizketaren prima itzultzetik datozen etekinak, ekarpenak itzultzen direnean, salbu eta murrizketa hori banatu gabeko etekinetatik datorren kapitalari badagokio, Zergari buruzko Foru Legearen 39.4.a) artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

Dena dela, Zergari buruzko Foru Legearen 52.1.c) artikuluaren lehenengo paragrafoan adierazten diren etekinen kasuan, atxikipena edo konturako diru-sarrera egin beharko da, baita Zergari buruzko Foru Legearen 52.1.d) artikuluan aipatzen den jaulkipen primaren zenbatekoen kasuan ere, kapital-murrizketatik (ekarpenen itzulketarekin) edo jaulkipen primaren itzulketatik datorrenean eta Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko Legearen arabera eratutako kapital aldakorreko inbertsioko sozietateenak direnean, hurrenez hurren.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, orobat, etekin horiek Zergari buruzko Foru Legearen 52.2 artikuluan aipatutako inbertsio kolektiboko erakundeetatik baldin badatoz."

Sei. 64.3.i) artikulua.

"i) Inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzen edo akzioen eskualdaketatik edo errenboltsotik datozen ondare-gehitzeak, Zergari buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, horien kontaketa bidezkoa ez denean, eta orobat, Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen Erregelamenduaren 49. artikuluan araututako funts eta sozietateetako partaidetza eta akzioen eskualdaketatik edo errenboltsotik datozenak. Aipatutako erregelamendu hori azaroaren 4ko 1309/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen."

Zazpi. 65.2 artikuluari g) letra gehitzea.

"g) Kapital soziala murrizten denean, eta horrekin batera akzioen jaulkipen primaren banaketa eta ekarpenen itzulketa egiten bada, 64.3.h) artikuluaren bigarren eta hirugarren paragrafoetan adierazitako kasuetan, honako hauek egin beharko dute konturako diru-sarrera edo atxikipena:

1. Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko Legean araututako kapital aldakorreko inbertsioko sozietateen kasuan, sozietateak berak.

2. Zergari buruzko Foru Legearen 52.2.a) artikuluan aipatzen diren inbertsio kolektiboko erakundeen kasuan, entitate merkaturatzaileek, edo haien akzioak edo partaidetzak merkaturatzeko ahalmena duten bitartekariek, eta subsidiarioki, baloreak kokatu edo banatzeaz arduratzen diren entitateek, errenten ordainketan parte hartzen dutenek.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 52.2.b) artikuluan adierazitako inbertsio kolektiboko erakundeen kasuan, baloreen gordailua egiten duen entitateak edo haietatik datozen errenten kobraketa kudeatzeaz arduratzen den entitateak.

4. Aurreko zenbakien arabera konturako diru-sarrera edo atxikipena egitea bidezkoa ez den kasuetan, konturako ordainketa egitera behartuta egonen da jaulkipen primaren banaketa edo ekarpenen itzulketa jasotzen duen bazkidea edo partaidea. Konturako ordainketa hori 73., 76.5 eta 77.1 artikuluetako arauei jarraituz eginen da."

Zortzi. 76.5. artikulua.

"5. Aseguru kontratuetatik datozen diru-jasotzeen kasuan, kapitalen ezarpenetatik datozen biziarteko edo aldi baterako errenten kasuan, eta orobat, kapital soziala murrizten den kasuetan, horrekin batera akzioen jaulkipen primen banaketa eta ekarpenen itzulketa egiten bada 64.3.h) artikuluaren bigarren eta hirugarren paragrafoan ezarritakoari jarraikiz, atxikipenaren oinarria izanen da Zergari buruzko Foru Legearen arabera kalkulatzen den zerga-oinarrian sartu beharreko kopuru bera."

Bederatzi. 92. artikulua. Bat. Lehena. a).

"a) Etekin garbiak 6.500 eta 12.000 euro bitartekoak izan badira, %6."

Hamar. 92. artikulua. Bi.

"Bi. Lehenengo modalitatea automatikoki aplikatuko da, salbu eta subjektu pasiboek bigarrena aukeratzen badute eta hala jakinarazten badiote, berariaz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari urteko lehenengo hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan, erregelamenduz ezarritako epearen barruan.

Aukera horrek subjektu pasiboak egiten dituen enpresa eta lanbide jarduera guztiak hartuko ditu, eta urte horretako hiruhileko guztietarako ondorioak izanen ditu.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, subjektu pasiboak bigarren modalitatea aurkeztu arren, urte bereko hurrengo hiruhilekoren bati dagokion aitorpen-likidazioa aurkezten ez badu, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak behin-behineko likidazioa egiten ahalko du, ez-betetzea gertatu den hiruhilekoari dagokiona, artikulu honen Bat idatz-zatian aipatzen diren modalitateetatik lehenengoa aplikatuz. Egindako likidazioaren jakinarazpena egin ondoren, subjektu pasiboak behin-behineko likidazio horri dagokion hiruhilekoko aitorpen-likidazioa aurkezten badu, egoera erregularizatuko da, betiere berandu aitortutako zenbatekoa, kontuan sartu beharrekoa, Administrazioak likidatutakoa baino handiagoa baldin bada."

Hamaika. Bederatzigarren xedapen gehigarria.

"Bederatzigarren xedapen gehigarria.-Partaidetzak inbertsio funts kotizatuetan eta akzioak indizeen arabera kotizatutako kapital aldakorreko inbertsio sozietateetan.

Zergari buruzko Foru Legearen 52.1.a) artikuluaren azkeneko paragrafoan aurreikusten den geroratze araubidea ez da aplikagarria izanen eskualdatu edo berreskuratzen dena nahiz, hala badagokio, harpidetu edo eskuratutzen dena Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen Erregelamenduak, azaroaren 4ko 1309/2005 Errege Dekretuaren bidez onartuak, 49. artikuluan aipatzen dituen inbertsio funts kotizatuetako ondarearen partaidetzak edo gisa horretako sozietateen akzioak badira."

Hamabi. Hamabigarren xedapen gehigarria gehitzea.

"Hamabigarren xedapen gehigarria.-Enpresa gazte eta berritzaileetan inbertsioak egiteagatiko kenkariaren aplikazioa.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiaztatu ahal izateko Zergari buruzko Foru Legearen 62.11 artikuluan araututako kenkaria egoki aplikatu ote den, inbertsioa gauzatu den sozietateak, kasuan kasuko zergaldiko aitorpena egiteko epea hasi baino lehen, betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar diren datuak aurkeztu beharko ditu. Zerga Administrazioak sozietateari jakinarazi ondoren kenkariaren aplikazioarekin ados dagoela, sozietateak inbertsio-egileei jakinaraziko die."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1105724