65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

127/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, 2011-2012 kanpainarako.

Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako merkatuen antolamendu bateratua (MAB) sortu eta nekazaritzako zenbait produkturentzako berariazko xedapenak ezarri ziren (erregelamendu bakarra MABerako). 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 103 octovicies artikuluan mahastia berregituratu eta moldatzeko neurriak zehazten dira, horien xedea baita mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzea.

Batzordeak 2008ko ekainaren 27an emandako 555/2008 (EE) Erregelamenduaren II. tituluaren II. kapituluko 2. atalean mahastia berregituratzea eta moldatzea jasotzen da mahastizaintza sektoreari laguntzeko neurri gisa. 555/2008 (EE) Erregelamenduaren bidez, Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua (indargabetua) garatzeko arauak ezarri ziren, mahastizaintza sektoreko laguntza programei, hirugarren lurraldeekiko merkatuari, ekoizpen ahalmenari eta kontrolari dagokienez.

Otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean mahastia berregituratu eta moldatzeko laguntzak ageri dira. Errege Dekretu horren bidez, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programaren neurriak aplikatzeko oinarrizko araudia ezartzen da, baina dekretuan ezarritakoa zehazteko autonomia erkidegoen jarduketa osagarria beharrezkoa da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

2. Mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia onestea, 2011-2012 kanpainarako.

3. Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF) Nafarroarako, 2012ko ekitaldirako, bideratzen den aurrekontuak aukera ematen duen heinean erantzunen zaie foru agindu honen ondoriozko gastu-konpromisoei.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 18an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2011-2012 kanpainarako

Lehena.-Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroan mahastia berregituratu eta moldatzeko plan berrien aurkezpena eta onespena arautzea, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatu antolakunde bateratuaren barrenean, hala nola plan horietan aurreikusitako jarduketetarako laguntzak eskuratzea, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF), 2011-2012ko kanpainarako.

2. Ardoa egiteko mahatsa ekoizten duten mahastiak berregituratu eta moldatzeko aurkezten diren plan berrietan aplikatzeko izanen dira oinarri hauek, betiere haien lurzatiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badaude eta "Nafarroa" jatorrizko deituraren eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren barnean babestuak badaude.

3. Mahastizaintza eta ardogintza sektorerako, 2011-2012 kanpainarako, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF) bideratutako laguntzen araubideak honako helburu hauek izanen ditu:

a) Mahastia berregituratu eta moldatzeko kostuetan parte hartzea. Horretarako hiru laguntza mota ezarriko dira:

-Mahats barietatea aldatzeko laguntzak.

-Mahastiak berrezartzeko laguntzak.

-Mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzeko laguntzak (ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzea).

b) Ekoizleei plana aplikatzearen ondorioz gal ditzaketen diru-sarrerengatik kalte-ordain bat ematea.

4. Aurreko atalean aipatutako laguntzak emateko honako definizioak ezarriko dira:

a) "Neurria": mahats barietatea aldatzeko, mahastia berrezartzeko edo kudeaketa teknikak hobetzeko (ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzea) egiten diren eragiketen multzoa.

b) "Mahats barietatea aldatzea": mahasti lurzati bateko barietatea aldatzea, oraingo barietatearen gainetik txertatuz (ardorakoetan) edo zegoena berriro txertatuz (Ameriketakoetan), lurzatiko mahatsondo kopurua handitu gabe. Barietatearen aldaketa 2007-2008 kanpainaren aurretik landatutako lurzatietan baizik ez da egiten ahalko.

c) "Mahastiak berrezartzea": lurzati bateko edo batzuetako mahastiak beste landaketa baten edo batzuen bidez ordeztea, betiere azalera bera badute eta barietatean edo gidamoduan hobekuntza ekartzen badute.

Lurzatiak berrantolatzeko prozesu batean, lurzatiak berrantolatzeko eremuan mahastiak kentzearen ondorioz sortutako eskubide guztiek balioa izanen dute mahastia ordezpen finketan berrezartzeko.

d) "Mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzea" (ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzeko jarduera): gidamodu baxua duen mahastia besorako gidamodura jasotzeko ekintzak eta horretarako beharrezkoak diren materialak, mahastia modu egokian mekanizatu ahal izateko, bereziki inausketa eta mahats-bilketari dagokienez. Aldatze jarduera landare eta osasun egoera onean dauden mahastietan baizik ez da egiten ahalko, betiere 2006-2007 kanpainaren aurretik landatuak baldin badira.

e) Mahats barietatea aldatu eta mahastia berrezartzeko neurrietan honako barietate hauek erabiliko dira:

e.1) "Nafarroa" Jatorrizko Deituran:

-Beltzak: Garnatxa, Graciano, Tempranillo, Merlot, Syrah, Cabernet Sauvignon eta Pinot Noir.

-Zuriak: Sauvignon zuria, ale xeheko moskatela, Garnatxa zuria, Chardonnay eta Viura.

e.2) "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuan:

-Beltzak: Tempranillo, Garnatxa eta Graciano.

-Zuriak: Chardonnay, Verdejo, Sauvignon zuria, Garnacha zuria, Viura eta Tempranillo zuria.

f) Ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzean, dagozkien kontseilu arauemaileek baimendutako barietate guztiak onartuko dira.

5. Planean aipatzen den neurri bakoitzari ematen zaion laguntzari osagarri bat erantsiko zaio, plana egitearen ondorioz galtzen dituzten diru-sarrerengatik ekoizleei ordain bat emateko.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak kalkulatzeko foru agindu honen II. eranskinean aipatzen diren eragiketa eta kostuak hartuko dira kontuan, honelaxe:

a) Mahasti barietatea moldatzeko laguntzarako, oraingo barietatearen gainetik edo zegoena berriro txertatzeagatik izaniko kostuak hartuko dira kontuan. Kostuak finkoak izanen dira, moldaturiko hektarea bakoitzeko eta txertaketa unitate bakoitzeko. Txertaketa unitatea izanen da mahatsondo batean egiten dena, zenbat ziri sartzen diren kontuan hartu gabe.

b) Mahastia berrezartzeko laguntzarako ekintza hauen kostuak hartuko dira kontuan: erauzketa, lurra prestatzea, landaketa, landaketaren kostuak (bi urtez), besorako euskarria, harriak kentzea, desinfekzioa, lurra berdintzea eta untxien kontrako babesa. Ekintza guztiak hektarea bakoitzaren kostu finko baten arabera zenbatuko dira, landaketa izan ezik, hori haren dentsitatearen arabera kontatuko baita.

c) Ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira bihurtzeko laguntzarako, ontzitik besorako mahastira pasatzeko ekintza hartuko da kontuan. Ekintza hori hektarea bakoitzaren kostu finkoaren arabera zenbatuko da.

2. Mahastizainak jaso dezakeen laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berregituratu edo moldatutako azalerak neurtuko dira Batzordearen ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritako metodoari jarraikiz.

3. 2010-2011 kanpainarako onesten diren plan berrietan diru-sarreren galera orekatzeko laguntzak honako hauek izanen dira:

-473,00 euro hektareako, "Nafarroa" Jatorrizko Deiturarako.

-674,00 euro hektareako, "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikaturako.

4. Errenta galtzeagatik berrezartze neurrietarako laguntza bi kanpainatan emanen da, gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Berrezarri beharreko lurzatiko mahastia 2010eko abuztuaren 1etik 2011ko azaroaren 15era bitarte erauzi denean.

b) Laguntza eskatu duen mahastizainak lurzatiaren jabetza eta titulartasuna frogatzen dituenean Nafarroako Mahastizaintzaren Erregistroan, eta mahastiak berak kendu dituenean, berriro landatzeko eskubideak bere izenean daudela agerraraziz; laguntza eskatu duen mahastizainak Nafarroako Mahastizaintzaren Erregistroan titulartasuna bakarrik frogatzen duenean, jabetza izan gabe, mahastiak berak kendu behar izanen ditu, jabea ados dagoela, berriro landatzeko eskubideak bere izenean daudela agerraraziz.

5. Berriro landatzeko eskuraturiko eskubideek ez dute sortuko errenta galtzearen ondoriozko konpentsazio eskubiderik.

6. Barietateak aldatzeko eta ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira bihurtzeko neurrietan, soilik kanpaina batean emanen da laguntza errenta galtzeagatik, eta laguntza eskatzen duen mahastizainak honako hauek frogatu beharko ditu:

-Mahastiaren jabetza eta titulartasuna Nafarroako Mahastizaintzaren Erregistroan.

-Titulartasuna bakarrik frogatzen badu, mahastiak aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko du Nafarroako Mahastizaintzaren Erregistroan, egin beharreko hobekuntza adieraziz, mahastiaren jabeak baimena emanda.

7. Laguntzak emanen dira harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, lurra berdintzeko eta untxien kontra babesteko, aldez aurretik mahastizainak deklaratu baldin baditu eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Lurra desinfektatzeko laguntzak ematen ahalko dira, baldin eta mahastiak berriro landatzen badira 2007ko abuztuaren 1aren ondoren kendu direneko lurzatietan.

b) Harriak kentzeko eta lurra berdintzeko laguntzak emanen dira lan horiek egin egin direla frogatu ondoren.

c) Untxien kontrako babesari laguntza emateko, kalte horren arriskuari buruzko ziurtagiria, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emana, aurkeztu beharko da.

8. Foru agindu honen II. eranskinean bildutako kostuen %50 da taldekako berregituratze eta moldatze planek gehienez izanen duten laguntza, plan bakoitzeko.

Hirugarrena.-Berregituratze eta moldatze planen betebeharrak.

1. Berregituratze eta moldatze plan berriek, laguntzak jaso ahal izateko, taldekakoak izan beharko dute.

2. Planetan, gutxienez, hamar hektarea lur sartuko dira eta bost bazkide mahastizainek hartuko dute parte.

3. Planak ekoizleen artean eginen den itun baten barnean burutuko dira. Itun horren arabera planean parte hartzen dutenek ordezkari bat izendatu beharko dute, administrazio publikoarekin izan beharreko harremanez arduratzeko.

4. Berregituratze eta moldatze planek ez dute behin ere handituko haiek ukituriko eremuak ekoizteko duen ahalmena. Horretarako, "Nafarroa" Jatorrizko Deituran sartuko da plana (etekina: 40 hektolitro, hektarea bakoitzeko) edo "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuan (etekina: 44 hektolitro, hektarea bakoitzeko). Beraz, plan batek ezin ditu bi deiturak hartu.

5. Lurzatiaren eremuak, berregituratu ondoren, gutxienez ere 0,5 hektarea hartuko ditu. Dena den, berregituratze eta moldatze plana egin ondoren gelditzen diren lurzatien kopurua hasierako kopuruaren %80 baino txikiagoa baldin bada, muga hori txikiagoa izaten ahalko da.

Horri begira, mahastizain batek lantzen duen mahasti azalera osoa hartuko da lurzatitzat; katastroko finka oso bakar bat izan daiteke, edo katastroko lurzati oso edo puska batzuen multzoa.

Hartzen den neurria barietatearen moldaketa bada (oraingo barietatearen gainetik txertatuz edo zegoena berriro txertatuz) eta ontzi itxurako mahatsondoa besorakoa bihurtzea, halakoetan gutxieneko eremua jatorrizkoa izanen da.

6. Mahastizain bakoitzak gehienez zortzi hektarea lur berregituratzen ahalko du urtean. Inguruabar tekniko edo ekonomikoek eskatzen dutenean, gehieneko muga hori aldatzen ahalko da, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak proposaturik.

7. Planetan ezin izanen dira sartu Mahastigintzaren Erregistroa eguneratzean esleitutako landaketa berrien eskubideak edota birlandaketen eskubideak.

8. Planetan sartzen ahalko dira eskualdeko erreserbako nekazari gazteek lortutako landaketa eskubideak.

9. Planean mahastiak landatzeko biltzen diren eskubideek, transferentziaren bidez eskuratuek, gehienez ere planak ukitzen duen azaleraren %20 eginen dute. Ondorio horietarako, nekazari gazteek dakartzaten eskubideak ez dira kontuan hartuko.

10. Landaketa guztietan nahitaezkoa izanen da txertaka ziurtatuak erabiltzea. Erabiltzen diren landaregaien horniketa legez baimendurik eta mahatsondo mintegizainen Erregistro Ofizialean izena emanak dauden mintegizainek egin beharko dute.

11. Area batekoa izanen da berregituratu asmo den lurzatiaren gutxieneko azalera.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskabideak 2011ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan (EVENA) zuzenean, horretarako ezarritako ereduan; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez aurkeztuko dira.

2. Eskaerak laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskatzaileek, laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A) Planaren proiektua, eduki honekin:

-Memoria. Egin nahi den planaren laburpena izanen da.

-Eskaturiko planaren laburpen fitxa.

-Banakako fitxa, nekazaritza eta finantza arlokoa. Planean parte hartzen duen ekoizle bakoitzak gauzatuko dituen neurriak jasoko dira hartan.

-Planean parte hartzen duen mahastizain batek nekazaritza eta abeltzaintzarendako 2010erako eta 2011rako ordainketa zuzenak aplikatzeari buruzko urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuan ezarritako laguntzetarako eskaera bakarra ez badu aurkeztu, bere ustiategiko parte diren nekazaritza lurzati guztien NPBGISeko erreferentzia alfanumerikoen zerrenda erantsi beharko du, baldintzen kontrolen ondorioetarako. Lurzatietan aldaketarik suertatzen bada, apirilaren 30a baino lehen jakinarazi beharko da.

B) Planean parte hartzen duten mahastizainen artean izenpeturiko akordioa.

C) Planean parte hartzen duten eskatzaileen NANa, IFZ edo IFK eta banku-datuak.

D) Nekazari gaztearen edo ogibide nagusia nekazaritza duenaren kasuan, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak egoera hori kontsultatuko du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Nekazari gazte baten lehen instalazioa bada, hori justifikatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

E) Elkarteak izanez gero:

-Elkartea osatu izanaren agiriaren kopia.

-Elkartearen organo kudeatzaileak eginiko ziurtagiria. Bertan agertuko dira haren izenean laguntzak eskatzeko baimenduriko pertsonaren identifikazioa, IFZ eta bazkideen izenen zerrenda.

F) Eskaturiko lurzatien egiaztagiria:

F.1) Lurzatiak eskatzailearenak baldin badira, Landalurren Katastroko orrialdea aurkeztuko da, gaurkotua, edo bestela, jabetzaren eskritura publikoa. Berriki lurzatien berrantolamendua egin duten udalak izanez gero, berrantolamenduan esleitutako lurren orrialdea aurkeztuko da eta, lurzatiak berrantolatzeko prozesuan lurzatien jabetzan aldaketak izaten badira gero, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lurzatiaren titularra nor den jakiteko.

F.2) Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, haiek erabiltzeko eskubidea honelaxe frogatu beharko da:

-Errentamenduko kontratua, plana aurkeztu baino lehenagokoa, eredu ofizialaren arabera betea, Landalurreko Errentamenduen Erregistroan inskribatua. Haren indarraldia hamaika urtekoa izanen da gutxienez, eta erauzteko unean landaketa eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

-Lurzatiaren gaineko gozamen eskubidea badela agiriz frogatzea.

-Herrilurrak izanez gero, udalaren ziurtagiria, non esleipen-hartzailea, esleipenaren eguna eta iraupena jasoko baitira.

G) Harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, berdintzeko eta untxien kontra babesteko laguntzak eskatuz gero, erregelamenduaren araberako faktura edo proformakoa aurkeztu beharko da planarekin batera eta, betiere, gero erregelamenduaren araberako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen.

G.1) Untxien kontrako babeserako, nahitaez aurkeztu beharko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ziurtagiria.

G.2) Eragiketa bakoitzeko faktura bat aurkeztu behar da edo, bestela, fakturan eragiketa bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztu.

G.3) Laguntza eskatzen duen titularraren izena zehatz azalduko da faktura guztietan. Halaber, harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko eta lurra berdintzeko fakturak direnean, eragiketa zein lurzatitan egiten den, haren katastroko erreferentziak zehaztea ezinbestekoa izanen da. Untxien kontrako babesari dagozkion fakturetan ez da beharrezkoa katastroko erreferentzia ematea.

H) Baimenduta eta erregistro ofizialean inskribatuta dagoen mintegizain batek landareari buruz erregelamenduaren arabera egindako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen aurkeztu beharko dena.

I) Planari birlandatze eskubideak ekarriz gero, erauzteko justifikazioa azalduko da, eskubideak norberarenak badira, eta transferentziaren justifikazioaren fotokopia, eskubideak transferentzia bidez eskuratu badira.

J) Berrezartze neurri guztietan, lurzati bakoitzean landatzeko baimenaren eskabidea, behar bezala betea.

Berrezartze neurrietan mahastia mahatsa bildu ondoren kentzeko asmoa badago, landatzeko baimena eta erauzketaren deklarazio orria aurkeztu beharko dira, azken hori plana aurkezten denerako betea.

K) Mahats barietatea aldatzeko eta ontzi itxuratik besorako mahastira pasatzeko neurrietan, aldatzeko eskabidea, behar bezala betea.

L) Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden eremuetako lurzatien kasuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena.

M) Mahastiak berrezartzeko esparruak lur goldagarria izan beharko du NPBGISen. Eskatutako esparruak beste erabilera batzuk baditu, erabilera aldatzeko eskaera egin beharko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Seigarrena.-Laguntzetatik baztertuak.

Ekintza hauek ezin izanen dituzte laguntzak hartu:

1. Berezko bizitza bukatua duten mahastien aldaketa normala, hots, lurzati bera mahatsondo barietate berarekin eta landaketa sistema berarekin landatzea.

2. Azken hamar urte honetan Europar Batasunaren laguntzak, Espainiakoak edo Nafarroakoak hartu dituzten lurrak direnean.

3. Landaketa berrien kontzesioaren arabera landatu diren mahastien aldaketa, kontzesioa ematen denetik hamar urte pasatu arte.

4. Ustiategiko edozein mahasti azalerari dagokionez, mahastiak landatzeari buruzko indarra duen araudiari aurka egiten dioten mahastien titularrak edo jabeak.

5. Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden eremuetako lurzatietarako eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena dutenetarako izan ezik.

6. Ardandegi kooperatibo bateko lurzatiei dagozkienak, eskatzailea titularra bada eta kooperatibak adierazten badu bere beharrengatik erauzketaren kontra dagoela.

7. 2008-2009, 2009-2010 edo 2010-2011 kanpainetan, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatu antolakunde bateratuaren esparruan, ustiategi guztia behin betiko uzteagatik prima jasotzen duten titularren mahastiei dagozkienak.

8. Mahastien esparruetan landatutako beste labore batzuentzako neurriei dagozkienak.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. 2011-2012ko ekitaldian NBEUFren Bermearen Ataletik Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzitako diru kopuruak, lehenik eta behin, aurreko ekitaldietan aurkeztu eta onetsita dauden berregituratze eta moldatze planetan erabiliko dira, zaharrenetik hasita, eta gero, 2011-2012 kanpainan foru agindu honen arabera aurkeztutako planetan, NBEUFren Bermearen Atalak Nafarroaren esku utzitako aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

2. Laguntzak ematean lehentasuna izanen dute mahastia uzteko araubidearen aplikaziotik salbuetsita dauden mahasti azalerek, mahastien produkzio ahalmena arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluak aipatzen dituen eremuetan egoteagatik.

3. Eskatzaileen kategoria ordena honi jarraituz emanen dira banakako laguntzak, zein den ere haien taldekako plana:

a) Nekazari gaztea, Langile Autonomoen Araubide Berezian nekazaritza jarduera dela eta inskribatua dagoena.

b) Ogibide nagusia nekazaritza duena.

c) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat hartutako ustiategiak.

d) Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaileak.

f) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden bestelako nekazaritzako ustiategiak.

e) Gainerako parte-hartzaileak.

3. Orobat, eskatzaile kategoria bakoitzaren barrenean, taldekako plan berrientzat ezartzen den lehentasun ordenari jarraituko zaio, puntuazio honen arabera:

a) 10 puntu, nekazari gazte bakoitzeko, Langile Autonomoen Araubide Berezian nekazaritza jarduera dela-eta inskribatuta baldin badago.

b) 7 puntu, ogibide nagusia nekazaritza duen nekazari bakoitzeko.

c) 7 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat hartutako ustiategi bakoitzeko.

d) 5 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaile bakoitzeko.

e) 2 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen bestelako nekazaritzako ustiategi bakoitzeko.

f) Gainerakoetan, puntu bat parte-hartzaile bakoitzeko.

4. Plan berrietako eskaeretan parte hartzen dutenen artean berdinketa badago, ordena hau hartuko da kontuan lehentasuna emateko:

-Amaierako lurzatien artean hasierako lurzatien indize handiena izatea.

-Lur gutxien berregituratu edo moldatzen duten parte-hartzaileak.

Zortzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaeren ebazpena, planen onespenarekin batera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, Nafarroako Foru Komunitatean NBEUF laguntzak ordaintzen dituen erakundeko zuzendaria den aldetik, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak txostena luzatu eta tramitatu ondoren. Erakunde hori izanen da baimenetarako eta zerbitzu teknikorako unitatea. Onespenak ez du etorkizuneko gastu konpromisorik ekarriko administrazioaren aldetik.

2. Eskaera aurkezten denetik sei hilabeteko epea ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko da.

Bederatzigarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

1. Planetan sartzen diren eremuak gutxienez ere hamar urtez landaturik egon beharko dute, neurria hartu eta hurrengo kanpainatik hasita.

2. Gutxieneko hamar urteko epean, laguntzen onuradunak planetan sarturiko eremuak landatuta eduki beharra betetzen ez badu, eman zaion laguntza itzuli beharko du, ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespeneko gorabeherengatik izan ezik.

Lurzatian nekazaritzako azpiegituretarako jarduerak egin behar izateagatik edo interes orokorreko herri lanen exekuzio batengatik laguntza hauek jaso dituen onuradunak ezin badio eutsi hartutako konpromisoari, laguntza kudeatzen duen organoak behar duen informazioa eskatuko dio prozesuaren ardura duen erakundeari, eta, informazio horren arabera ezintasun hori ondorioztatzen bada, onuraduna salbuetsia egonen da eta konpromisoa bukatutzat joko da, jasotako laguntza itzultzea exijitu gabe.

Salbuespena tramitatzeko, onuradunak, erauzketa egiterakoan, organo kudeatzaileari eskatu beharko dio hartutako konpromisotik salbuesteko, justifikatzen duten zioak adierazita.

3. Egiaztatzen bada onuradunak, atal honi jarraikiz laguntza jasotzen duenetik hasita eta hurrengo hiru urteetan, ez dituela errespetatu bere ustiaketan kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak, Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan aipatuak, eta ez-betetzea onuradunari egotz dakiokeen egite edo ez-egitearen ondorioz gertatu bada, laguntzaren zenbatekoa murriztu edo ezeztatuko da, neurri batean edo osorik, bete ez denaren larritasuna, norainokoa, iraunkortasuna eta errepikapena kontuan hartuta, eta kasua bada, onuradunak laguntza itzuliko du, aipatutako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Aipatu erregelamenduaren bidez ezarri ziren nekazaritzako politika bateratuaren esparruan nekazariei ematen zaizkien zuzeneko laguntzen araubideei aplika dakizkiekeen xedapen orokorrak eta nekazarientzako laguntzen araubide zehatz batzuk, eta horren bidez aldatu ziren zenbait erregelamendu.

4. Berregituratu eta moldatzeko planetan sarturiko azalerak transmitituak izan badira, eskuratzailea aurreko paragrafoan aipatutako betebeharrari lotuta geldituko da, onuradunarentzat ezarritako baldintza berberetan, betiere onuradunak azalera horrek laguntzak jasoak zituela informatu badio.

Hamargarrena.-Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Neurriak bete direla idatziz jakinaraziko da 2012ko maiatzaren 15a baino lehen.

2. Laguntzaren ondoriozko eskubide eta eginbeharrak subrogatzeko baimena ematen ahalko da, betebehar hauek gertatzen direnean:

a) Ekintza guztiak lurzati berrian egiten direnean.

b) Subrogatu nahi den lurzatiak hasiera batean aintzat hartutakoaren ezaugarri berak edo antzekoak izatea.

3. Mahastizain berri bati subrogazioa baimentzen bazaio, horrek bere gain hartu beharko ditu subrogatutako lurzatietarako laguntza jaso zuen mahastizainak hartutako konpromisoak.

4. Planak aurkeztu ondoren eta neurriak egiaztatzen diren arte aldaketarik egin nahi bada, interesdunak aldez aurreko eskaera egin eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren baimena lortu beharko du. Bestela, egindako aldaketak ez dira aintzat hartuko.

Hamaikagarrena.-Laguntzen ordainketa.

1. Lurzatietan neurriak guztiz hartu direla eta onetsitako planei lotzen zaizkiela frogatutakoan ordainduko dira laguntzak. 2010-2011ko kanpainarako, 2012ko maiatzaren 20a baino lehen frogatu beharko da neurriak hartu direla.

2. Mahastizainak laguntzeko eskatu zuen azaleraren %80an gutxienez ez badu gauzatu berregituraketa eta/edo moldaketa, ez du laguntzarako eskubiderik izanen. Era berean, egin ez diren ekintzengatik ez da ordainduko. Mahastizainak laguntzaren xedeko ekintzak ez baditu gauzatzen, arau-hauste arintzat jo eta zehatuko da, Mahastizaintza eta Ardogintza Arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzeko kostua
(eurotan, hektarea bakoitzeko)

Erauztea: 421.

Lurzorua prestatzea: 962.

-Landatzea:

Landarea eta landaketa (unitatea): 2,07.

Beste kostu batzuk: 240.

Lantzearen kostua (2 urte): 1.052.

Besora jartzea: 3.500.

Ontzitik besorako mahastira pasatzea (besoetarakoa barne): 3.649.

Desinfekzioa: 2.104.

Harriak kentzea: 391.

Lurra berdintzea: 601.

Untxien kontrako babesa: 1.202.

-Oraingo barietatearen gainetik txertatzea:

Txertoa (unitatea): 0,60.

Beste kostu batzuk: 1.202.

Iragarkiaren kodea: F1105426