65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

7/2011 FORU LEGEA, martxoaren 24koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren testua aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN TESTU BATEGINAREN TESTUA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

1978ko Espainiako Konstituzioaren 122.1 artikuluak hauxe xedatzen du: "Botere judizialaren lege organikoak zehaztuko du epaitegiak eta auzitegiak nola osatu behar diren, nola jardun behar duten eta nola gobernatu behar diren; halaber zehaztuko du zer estatutu juridiko dagokien karrerako epaile eta magistratuei, kidego bakar bat osatuko baitute, eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko enplegatuei".

Era berean, Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 60.1 artikuluak xedatzen du, Justizia Administrazioari dagokionez, jurisdikzio militarra salbuetsiz, Nafarroari dagokiola Botere Judizialari buruzko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko Lege Organikoek Estatuko Gobernuari onartzen edo esleitzen dizkioten ahalmen guztiak erabiltzea.

Bestalde, Botere Judizialaren Lege Organikoak 471.1 artikuluan xedatzen duenez, Justizia Ministerioari dagozkio, edota eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoei, aurreko artikuluak aipaturiko Justizia Administrazioaren zerbitzuan ari diren langile guztien gaineko eskumenak (besteak beste, aipatzen ditu Auzitegi Medikuen Kidegoa, Kudeaketa Prozesal eta Administratiborako Kidegoa, Izapidetze Prozesal eta Administratiborako Kidegoa eta Sorospen Judizialerako Kidegoa), lege horretan ezarritako moduan, haien estatutuari eta araubide juridikoari buruzko gai guztietan; besteak beste, langileak hautatzea, hasierako eta etengabeko prestakuntza, destinoak esleitzea, maila-igoerak, egoera administratiboak, lanaldia, lan-ordutegia eta diziplina-araubidea.

Era berean, kontuan izan behar da abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuenak, zera ezarri zuela zortzigarren xedapen gehigarrian: "lege organiko honek Justiziako Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako karrerako funtzionarioei buruz dituen xedapenak Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dira, hain zuzen ere Konstituzioko 122. artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz". Horrela, beraz, lege organikoaren egileak Nafarroaren berezitasuna aitortu nahi izan zuen berretsiz eta bermatuz Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumen historikoak balia ahal izanen zituela.

Horregatik, eta erabat errespetatuz Justizia Administrazioaren zerbitzura Nafarroan ari diren funtzionario kidegoen espezifikotasuna, hain zuzen Foru Administrazioaren menpekoak izanda ere Justizia Administrazioari zerbitzu ematen diotenena, egoki da foru lege hau onestea langile horien kudeaketa hobetzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen erabilera hobetzeko, erabat errespetatuz Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoa langile horien araubide juridikoari dagokionez.

Artikulu bakarra. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatu eta honelaxe geldituko da:

Bat. 2. artikuluari 2. idatz-zati berri bat gehitu zaio, testu honekin:

"3. Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren eta Estatutu honen aplikagarriak zaizkion xedapenen mende egonen dira".

Bi. 82. artikuluaren 1. idatz-zatiaren azkeneko lerroaldea aldatu eta honela geldituko da idatzita:

"Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan hiru langile batzorde hautatuko dira: bat, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioentzat; beste bat, Justiziako Administrazioaren zerbitzuko langileentzat; eta beste bat, Administrazioaren zerbitzuko gainerako funtzionarioentzat."

Hiru. e) letra erantsiko zaio 83.3 artikuluari. Hauxe adieraziko du:

"e) Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak."

Lau. VI. titulua gehituko da. Hauxe esanen du:

"VI. TITULUA

Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak

109. artikulua.

1. Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko Auzitegiko Medikuen Kidegoko eta Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako langileei Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa eta foru lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkie.

110. artikulua.

Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak justizia arloan eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuaren mende egonen dira organikoki, eta langileak zein bulego edo zerbitzuri atxikita dauden, hartako zuzendari edo buruaren mende, funtzionalki.

111. artikulua.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak eta hura garatzeko xedapenek arautuko dute Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen jarduera profesionalaren antolamendua.

112. artikulua.

1. Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lan publikoaren eskaintza Nafarroako Gobernuak onetsiko du hasiera batean, eta Justizia Ministerioari igorriko zaio, hark behin betikoz onets dezan.

2. Justizia Ministerioak eginen du karrerako funtzionarioen izendapena, justizia arloko eskumena esleitua duen Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak proposatuta.

113. artikulua.

1. Mugikortasun nazionalari kalterik egin gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere funtzionarioak mugitzeko prozesuak deitzen ahalko ditu, Nafarroako Justizia Administrazioko bulego eta zerbitzuei atxikitako lanpostuak betetzeko.

2. Mugikortasun prozesu horiek garatzean, esparru nazionaleko prozesuekiko koordinazioa bermatuko da, destinoak esleitzeko.

3. Langileak nahitaez birbanatu, berrantolatu eta birkokatzeko prozesuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lurraldeka multzokatzen ahalko ditu lanpostuak, zerbitzuko premietara ahalik eta hobekien egokitzeko.

4. Nafarroako Justizia Administrazioko funtzionarioek Nafarroako Foru Komunitatean Justizia Administraziotik kanpoko lanpostuak eskuratzen ahalko dituzte, estatutu honen II. tituluko IV. eta VII. kapituluetan ezarritakoarekin bat. Lanpostu horietan dauden bitartean, horien araubide berekiari lotuko zaizkie, eta estatutu honetan araututakoa izanen da jatorrizko lanpostuaren administrazio-egoera.

114. artikulua.

1. Estatutu honetan ezarritako ordainsari osagarriez gain, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek osagarri bat eskuratzen ahalko dute, beren eginkizunetan jarritako dedikazio bereziaren, errendimendu apartekoaren eta beste organo judizial batzuei emandako laguntzaren ordain gisa, arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak ezarritako helburuak betetzeari loturik.

2. Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren 100eko 20 gainditu.

3. Osagarri horren esleipena aldi baterako izanen da, kasu bakoitzean aldez aurretik ezartzen diren helburuak eta plangintza kontuan hartuta. Hori dela eta, kontzeptu horrengatik aldi baterako jasotzen diren zenbatekoek ez dute eskubide lorturik sortuko eta ez dute hurrengo aldietako egoeran eraginik izanen.

115. artikulua.

Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegia eta lanaldia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileenetara egokituko dira, Justiziako zerbitzu publikoa emateko egin beharreko ezinbesteko aldaketak eginda.

116. artikulua.

1. Nafarroako bulego eta zerbitzu judizialetako guardia zerbitzua berariazko araudian zehaztutako baldintzetan eginen da.

2. Guardia zerbitzuari dagokion ordainsaria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunek finkatuko dute.

117. artikulua.

Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioek Mutualitate Orokor Judizialak osatutako gizarte aurreikuspeneko araubidean jarraituko dute.

118. artikulua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak administrazio araubidean kontratatzen ahalko ditu aldi baterako langileak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen premia behar bezala justifikatuei erantzuteko, baldin eta horiei aurre egiteko langile finko aski ez dagoela egiaztatzen bada, estatutu honetako I. tituluko I. kapituluan ezarritakoarekin bat."

Xedapen gehigarri bakarra.-Mailak eta ordainsari osagarriak.

1. Nafarroako Gobernuak, kasuko foru dekretuaren bidez, langile horiei esleituko dizkie dagozkien ordainsari osagarriak, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2. Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek konpentsazio pertsonal eta iragankorra jasoko dute, dagoen diferentziaren araberakoa, baldin eta aurreko araubideari jarraikiz urtean guztira jasotzen zituzten ordainsariek foru lege hau aplikatzearen ondorioz dagozkienak gainditzen badituzte. Konpentsazio hori haien ordainsarietan gertatzen den edozein gehitzeren bidez xurgatuko da; horien artean espresuki sartuko dira haien ordainsari pertsonalei lotutakoak eta oro har onesten diren ordainsari gaurkotzeak.

Lehen xedapen iragankorra.-Guardia zerbitzuagatiko ordainsaria.

Guardia zerbitzuagatiko ordainsaria 116. artikuluan adierazi bezala arautzen ez den bitartean, Estatuko araudiari lotuko zaio.

Bigarren xedapen iragankorra.-Bitarteko funtzionarioak.

1. Foru lege honen aplikazio esparruko langileek, legeak indarra hartzean Nafarroako Justizia Administrazioan bitarteko funtzionario gisa lanean ari badira, "iraungitzeko" izaerari eutsiko diote, izendatu zituzteneko data arte edo, bestela, egungo izendapena eragin zuen beharrak dirauen arte.

2. Bitarteko funtzionario izaera mantentzen duten bitartean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio araubidean aldi baterako kontratatutako langileentzat legez eta erregelamenduz finkatutako ordainsariak eta gainerako lan baldintzak aplikatuko zaizkie, foru lege honen xedapen gehigarri bakarreko 2. idatz-zatian aipatutako konpentsazio pertsonal eta iragankorra barne (jasotzen zituzten ordainsariek foru lege hau aplikatzearen ondorioz dagozkienak gainditzen dituztenen kasuan).

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Dena dela, Justiziako zerbitzu publikoaren behar bezalako funtzionamendua ziurtatze aldera, aldi baterako mantenduko dira ezarritako lanaldia, ordutegiak, oporrak eta baimenak, legeak indarra hartzen duen urte naturala amaitu arte.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko martxoaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1105599