62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera ekonomikoen gaineko zerga
ikuskatzeko 2011ko planaren irizpideak

Iruñeko Udaleko Togi Ogasuneko Alorreko Zuzendaritzak, 2011ko martxoaren 1ean, ebatzi zuen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ikuskatzeko 2011ko Plana onestea. Plan hori Nafarroako Foru Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak onetsi du, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 8an eman 87/2009 Foru Aginduan onespen prozeduren gainean aurreikusitako xedapenei jarraikiz. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, argitara ematen dira plan hori gorpuzten duten irizpide orokorrak:

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ikuskatzeko 2011ko planaren gaineko irizpide orokorrak

Udaleko Zerga Ikuskaritzari dagokio subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten ala ez egiaztatzeko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko Zerga Ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako kasuan kasuko ikuskapen planetara egokituko dira Udaleko Zerga Ikuskaritzaren berezko eginkizunak.

Ikuskapen plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira ikuskapen planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

1. Planaren xedea.

Ikuskapen plan honen xedea da jarduera ekonomikoen gaineko zergaren subjektu pasiboen zerga egoera egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 8an eman 87/2009 Foru Aginduan ezarritako baldintzak beterik, haren bidez Iruñeko Udalari delegatu baitzaio zerga horren ikuskapena, udal kuotei dagokienez, baita lankidetzaren nondik norakoak ezarri ere zerga horren ikuskapenean erkidegoko nahiz nazioko kuotei dagokienez. Delegazioa 2009ko irailaren 18ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, eta lankidetza, berriz, Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko abuztuaren 4an hartutako erabakiaren bidez.

Beraz, Iruñeko Udaleko zerga ikuskaritzaren xede izanen dira jarduera ekonomikoen gaineko zergaren zergapeko egintza diren jarduera guztiak, Udalari badagokio hura ordainarazteko eskumena. Honako hauek dira:

-Iruñeko udal mugapean egiten diren jardueretan, udal kuota duten jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu beharra ekartzen dutenak.

-Erkidego edo nazio mailan egiten diren jardueretan, erkidegoko edo nazioko kuota duten jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu beharra ekartzen dutenak, haien subjektu pasiboaren helbide fiskala Iruñeko udal mugapean baldin bada.

2. Lehentasuneko alorrak.

-Eraikuntzak, instalazioak edo obrak haien salmenta eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

-Ondasun higiezinen alokairuan (lokalak) aritzen diren enpresak.

-Goitik beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

Iruñean, 2011ko martxoaren 8an.-Toki Ogasuneko Alorreko zuzendaria, Iñigo Huarte Huarte.

Iragarkiaren kodea: L1104424