62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

256/2011 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Horren bidez, laguntza gehien behar duten pertsonen onerako elikagaiak banatzeaz arduratzen diren karitatezko erakunde laguntzaileak hautatzeko prozedura ezartzen da, Nafarroako Foru Komunitaterako EBren 2011 Laguntza Planaren barnean.

Nekazaritzako merkatuen antolamendu bateratua sortu zuen eta nekazaritzako zenbait produkturentzako berariazko xedapenak ezarri zituen Kontseiluaren urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 27. artikuluak adierazten duenez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzatuko du zenbait erakundek ekintzaren izakinetatik produktu batzuk eskura jartzea, Erkidegoan laguntza gehien behar duten pertsonen artean bana daitezen. Era berean, Erkidegoko merkatuan produktu horiek zuzenean eskuratzeko aukera aurreikusi du, baldin eta produktu zehatz bat erabilgarri ez badago ekintzaren izakinetan aldi baterako.

Batzordearen irailaren 14ko 807/2010 (EB) Erregelamenduak Europar Batasunean laguntza gehien behar duten pertsonen onerako ekintzaren izakinetatik datozen elikagaiak banatzeko aplikatu beharreko xedapenak ezarri zituen.

Batzordearen urriaren 21eko 945/2010 (EB) Erregelamenduak plan bat onetsi du, Erkidegoan laguntza gehien behar duten pertsonen onerako ekintzaren izakinetatik datozen elikagaien banaketarako 2011ko aurrekontu ekitaldiari egozten ahal zaizkion baliabideak estatu kideei esleitzeko, eta 807/2010 (EB) Erregelamenduaren zenbait xedapeni salbuespenak ezarri dizkie. Erregelamendu horrek 74.731.353 euroko finantza baliabideak esleitu dizkio Espainiari.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko (NBEF) Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari merkatuen erregulazio eta esku-hartzeko jarduketen kudeaketa esleitzen dion hitzarmena argitaratu zen. Hitzarmen horren hirugarren oinarriaren g) atalean ezarri da Foru Komunitateko erakunde ordaintzaileari dagokiola Nafarroari esleituriko elikagaien onuradunak hautatzea eta elikagaiak ondoren banatu eta kontrolatzea.

Europar Batasunean laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako 2011 Planaren esparruan, elikagaiak banatzeaz arduratzen diren karitatezko erakundeak hautatzeko prozedura eta ongintza erakundeek bete beharreko baldintzak ezartzen dituen Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2011ko otsailaren 1eko Ebazpenaren lehenbiziko idatz-zatiaren 4. puntuak adierazi du Nafarroari dagokiola elikagaiak banatzeaz arduratzen diren erakundeak hautatzea.

Horri jarraikiz, eta merkatuen erregulazio eta esku-hartzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmenaren hirugarren oinarriko g) atalean ezarritakoa (Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko (NBEF) Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenaren bidez onetsia) eta erakunde ordaintzailea baimentzen duen urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren 5. artikulua kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

1. Laguntza gehien behar duten pertsonen onerako elikagaiak banatzeaz arduratzen diren erakundeak hautatzeko prozedura ezartzea, Nafarroako Foru Komunitaterako EBren 2011 Laguntza Planaren barnean, I. eranskinean adierazitako oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 10ean.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Laguntza gehien behar duten pertsonen onerako elikagaiak banatzeaz arduratzen diren karitatezko erakunde laguntzaileak hautatzeko oinarriak, Nafarroako Foru Komunitaterako EBren 2011 Laguntza Planaren barnean

Lehena.-Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da prozedura ezartzea 2011 Laguntza Planak Nafarroari egindako esleipenaren esparruan Europar Batasunean laguntza gehien behar duten pertsonei eman beharreko elikagaiak banatzen laguntzen duten karitatezko erakundeak hautatzeko, eta elikagaiak laguntza gehien behar duten pertsonei helarazteaz arduratzen diren ongintza entitateek bete behar dituzten baldintzak finkatzea.

Elikagaiak doan banatuko dira Nafarroan laguntza gehien behar duten pertsonen artean, ebazpenaren bosgarren oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten ongintza entitateen bidez. Ondorio horietarako, laguntza gehien behar duten pertsonak izanen dira pertsona fisikoak, gizabanakoak, eta pertsona horiek osatutako familiak edo elkarteak, ongintza erakundeek gauzatu eta agintaritza eskudunek onesten dituzten irizpideen arabera gizarte eta finantza mendekotasuna badute.

Banatu beharreko elikagaien behin betiko kopurua NBEFk Nafarroako Foru Komunitateari esleitutakoa izanen da.

Bigarrena.-Hautatutako erakunde gisa parte hartzeko eskabidea.

2011 Planean parte hartzeko eskabidea aurkezten ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko irabazi-asmorik gabeko karitatezko erakundeek, haien xede soziala interes orokorra sustatzea bada eta gizarte laguntzako jarduerak garatzen badituzte, eta elikagaiak ongintza entitateei helarazteko beharrezko baliabideak eta bideak badituzte.

Eskabideek II. eranskineko ereduan adierazitako gutxieneko edukia agertuko dute, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan aurkeztuko dira, hamabost egun naturaleko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, karitatezko erakundeak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Estatutuen kopia, erakundearen xede soziala adierazita.

b) Elikagaiak hartzen direnetik ongintza entitateei edo laguntza gehien behar duten pertsonei ematen zaizkien arte sortzen ahal diren kalteak estaltzen dituen aseguru poliza aurkezteko konpromisoa. Hurrengo arriskuak estali beharko dira: uholdea, sutea, lapurreta, indarrez ebastea eta ohiz kanpoko arrazoiengatiko narriadurak.

c) Ongintza erakundeak Nafarroako Foru Komunitateko elikadura laguntzarako 2011 Planean parte hartzeko egiten duen proposamena zehazten duen txostena, honako alderdi hauek, gutxienez, biltzen dituena:

-Europar Batasunean laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako aurreko planetan eta, hala denean, funts publikoek finantzatutako elikadura laguntzarako antzeko beste programa batzuetan izandako eskarmentua.

-2011 Planaren eskura dagoen biltegiratzeko edukiera, probintzia mailan haren lurralde banaketa zehaztuta, probintzia mailako biltegi kopurua eta haien edukiera (m²-tan) adierazita eta osasunaren aldetik elikagaiak biltegiratzeko egokiak direla justifikatuta.

-Karitatezko erakundearen egitura antolatzailearen barnean dauden ongintza entitateen zerrenda, hala denean, ebazpenaren bosgarren oinarriko baldintzak betetzen dituztela adierazita. Era berean, banaketari edo kontsumoari lotuta dauden adierazi beharko dute, eta haien arreta jasotzen duten onuradunen kopurua ahalik eta zehatzen azaldu beharko dute.

-2011 Planerako erabiliko diren giza baliabideak, batez ere administrazio eta logistika zereginetan diharduten langileak eta laguntzaren onuradunen gizarte eta finantza mendekotasuneko egoera baloratzeko ezagutzak dituzten langileak.

-2011 Planerako erabiliko diren baliabide materialak, batez ere ekipo informatikoak eta Interneterako konexioa, eta elikagaien zamalanetarako eta maneiurako baliabide mekanikoak.

-2011 Planaren kudeaketari buruzko eragiketen autokontrol eta jarraipen programa, hori baldin badu.

Hirugarrena.-Karitatezko erakunde laguntzaileen hautaketa.

Nekazaritza Zerbitzuak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu, horiei jarraikiz eginen baita hautatzeko ebazpenaren proposamena.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2011 Planaren elikagaiak banatzeaz arduratuko den erakundea edo erakundeak hautatuko ditu, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hilabete bateko gehieneko epean, eta, bidezkoa bada, probintzia mailako banaketa portzentajea adieraziko du. Erakunde bat baino gehiago hautatzen bada, elikagaien banaketa portzentajea zehaztuko da horietako bakoitzerako, lurralde osoan horniketa egokia bermatu beharra eta eragiketaren garapen antolatua kontuan hartuta.

Laugarrena.-Elikagaiak Esleitzeko eta Banatzeko Batzordea.

Elikagaiak Esleitzeko eta Banatzeko Batzordeak Nafarroako Foru Komunitatean 2011 Plana zuzen gauzatzen dela zainduko du.

Honako hauek osatuko dute Elikagaiak Esleitzeko eta Banatzeko Batzordea (EEBB):

-Hautaturiko karitatezko erakundeetako lau ordezkari, horietako bat idazkari jardunen duela.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko ordezkari bat.

-Nekazaritzako Arlo Funtzionaleko ordezkari bat.

-Laguntza behar duten pertsonekin zerikusia duten erakunde publikoetako (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa) hiru ordezkari.

-Laguntza behar duten pertsonekin laguntza jarduera gauzatzen duten eta elikagaien hartzaileak diren ongintza entitateetako zazpi ordezkari.

Era berean, EEBBren bileretan parte hartzera gonbidatzen ahalko dira aztertuko diren gaien esparruan adituak direnak.

EEBB urtean birritan, gutxienez, bilduko da, elikagaien banaketaren hasieran eta amaieran.

Bosgarrena.-Ongintza entitateak.

Ongintza entitateak izanen dira beren borondatez eta izaera altruistari jarraikiz elikagaiak doan banatzeko beren burua eskaintzen dutenak, bai entitatearen lokaletan zuzenean kontsumitzeko (kontsumoko entitateak) bai onuradunei emateko (banaketako entitateak).

Elikagaiak banatzeaz arduratzen diren ongintza entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate gisa eratuta egotea legez.

b) Legez erregistratuta egotea, arloko legedian aurreikusitako salbuespenak izan ezik.

c) Haren estatutuen xede nagusia interes orokorra sustatzea izatea, gizarte laguntza emanez eta laguntza behar duten pertsonei eta kolektiboei arreta eskainiz.

d) Elikagaiak onuradunen eskura jartzea doan, horiei ezer ez kobratzeko konpromisoa hartuta.

e) Haren arreta jasotzen duten eta laguntza behar duten pertsonen kopurua justifikatu ahal izatea, baita horiek hautatzeko irizpideak eta, banaketako entitateei dagokienez, elikagaiak onuradun guztien artean banatzeko sistema ere.

f) Haren arreta jasotzen duten onuradunen artean elikagaiak banatzeko behar beste giza baliabide eta baliabide material izatea.

g) 10 onuraduni edo gehiagori arreta eskaintzea. Eraginkortasunaren eta administrazio efikaziaren arrazoiak direla eta, hamar pertsonari baino gutxiagori arreta eskaintzen dieten ongintza entitateak onuraduntzat joko dira, eta elikagaietarako egiten dituzten eskaerei beste ongintza entitate laguntzaile handiago batzuen bidez erantzunen zaie.

h) Elikadura laguntzarako Planaren garapenari lotutako datu pertsonalen tratamendua egitea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera. Bereziki, onuradunen adostasuna eskuratuko dute, haien datuak planaren kudeaketaren eta kontrolaren arloan eskumena duten agintaritzei jakinarazi ahal izateko, arloan indarra duen araudiaren arabera.

i) Behar bezalako akreditazioa duten agintaritza eskudunekin lan egitea kontrol jarduketak egiten, laguntza planaren garapen zuzena ikuskatzeko asmoz. Bereziki, elikagaiak biltegiratzeko eta kontsumitzeko edo banatzeko erabiltzen diren lokaletarako sarbidea eta elikagaien azken destinoa justifikatzen duen informazioa emanen dizkiete.

j) Laguntza planari lotutako agiri eta frogagiri guztiak gordetzea 5 urtez, gutxienez, eta agintaritza eskudunei horiek eskuratzen utzi beharko diete, beharrezko kontrolak egin ditzaten.

k) Laguntza plana arautzen duen araudia ezagutzea, NBEFren webgunean (www.fega.es), besteak beste, eskura egonen dena. Haren baldintza guztiak berariaz eta baldintzarik gabe onartzea, horiek betetzeko konpromisoa hartuta.

Ongintza entitateek ez dute ordain ekonomikorik jasoko, ezta beste mota batekorik ere, Europar Batasuneko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako Planaren elikagaiak banatzeko egindako lanengatik.

Bigarren paragrafoan aipatutako baldintzak ez betetzea eta entitateak kontrol jarduketak egiten ez laguntzeak dena delako entitateak elikadura laguntzarako Planaren elikagaiak banatzeari uztea ekarriko du.

Elikagaiak banatzen hasi baino lehen, NBEFk hautatuko erakundeetako bakoitzari jakinaraziko dio zein ongintza entitateri eman behar dizkion 2011 Planaren elikagaiak, aurreko planetan elikagaiak hartu dituzten entitateak eta haien banaketa gaitasuna kontuan hartuta.

Hautaturiko erakundeak elikagaiak hartzen dituzten ongintza entitateez, haien datuak eguneratzeaz eta entitate berriei emateko proposamenaz edo, entitateak eskatuta edo beste arrazoi justifikatu bat dela-medio, emateari uzteko proposamenaz arduratuko dira, NBEFk eta Elikagaiak Esleitzeko eta Banatzeko Batzordeak horri buruz esaten dietenaren arabera.

Seigarrena.-Elikagaien banaketa.

NBEFk hautaturiko erakunde bakoitzari dagozkion elikagaien kopuruak hornituko ditu.

NBEFk ondorio horretarako kontratatzen dituen enpresek eman, deskargatu eta pilatuko dituzte elikagaiak, hautaturiko erakundeek Planean parte hartzeko proposamenean adierazitako biltegietan. Hala ere, erakundeek enpresekin adosten ahalko dute zamalanak eta pilaketa-lanak beren baliabideen bidez egitea, NBEFk elikagaiaren enpresa hornitzailearekin itundutako prezioan.

Nolanahi ere, hautaturiko erakundeek elikagaiak emanen dituzte hitzartutako epeetan, harrera zentroetako ordutegi zabala eta malgua bermatuta.

NBEFk erakunde horiei emandako elikagaiak ontzian identifikatuko dira, 807/2010 (EB) Erregelamenduan ezarritako logotipoaren eta Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren logotipoaren bidez.

Hautaturiko erakundeek ongintza entitateei emanen dizkiete esleitu zaizkien elikagaiak, 2011ko abenduaren 31n beranduenik ere, NBEFk epe ezberdina zehaztu ezean.

NBEFk hautaturiko erakundeen eskura jarriko du banaketa kudeatzeko aplikazio informatikoa, eta haren erabilerari eta funtzionamenduari buruzko jarraibide egokiak emanen ditu. Hautaturiko erakundeek aplikazio hori erabili beharko dute, esleituriko ongintza entitateen artean elikagaien banaketa kalkulatzeko eta banaketaren kontabilitate materiala egiteko.

Elikagaia banatutzat joko da, ongintza entitateei eman zaienean eta ematea aurreko paragrafoak aipatzen duen kudeatzeko aplikazio informatikoan behar bezala erregistratzen denean.

Hautaturiko erakundeek beren kudeaketa prozedurak zehaztuko dituzte, beren egituraren eta barne antolaketaren eta NBEFk zehaztutako jarraibide komunen arabera, eta NBEFri horien berri emanen diote.

Zazpigarrena.-Kontrolak.

NBEFk kontrol plana eginen du, eta plan horrek 807/2010 (EB) Erregelamenduaren 10.2 artikuluan ezarritakoa beteko du. Kontrol plan horretan ezarritako kontrolez gain, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kontrol bideratuak gauzatzen ahalko ditu, iruzur edo irregulartasunen bat egiten ari delako aztarnak daudenean.

Kontrolen xedea izanen da elikagaiak hautatutako erakundeen biltegietara sartzeko eta haietatik ateratzeko lanak egiaztatzea, ongintza entitateei banatzea eta onuradunen esku jartzea. Era berean, kontrolatzeko hautatu diren elikagaien kontabilitateko izakinen eta izakin fisikoen arteko erkaketa bilduko dute.

Hautatutako erakundeek nahiz ongintza entitateek 2011 Planari lotutako agiri eta frogagiri guztiak gorde beharko dituzte 5 urtez, gutxienez, eta agintaritza eskudunei horiek eskuratzen utzi beharko diete, beharrezko kontrolak egin ditzaten.

Antzemandako ez-betetzeak jasotako zenbatekoak, ebazpen honen zazpigarren oinarrian aipatzen direnak, eta haiei dagozkien interesak itzuli beharra ekarriko du, hala denean. Halaber, 807/2010 (EB) Erregelamenduaren 10.3 artikuluaren arabera, NBEFk hautaturiko zenbait erakunde edo ongintza entitatek hurrengo planetan parte hartzea eteten ahalko du, antzemandako ez-betetzeen edo irregulartasunen izaeraren eta larritasunaren arabera. Horrez gain, Elikagaiak Esleitzeko eta Banatzeko Nafarroako Batzordeak entitate bati baja ematea proposatzen ahalko du, ongintza entitateei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez baditu.

Zortzigarrena.-Banaketa gastuen itzulketa.

Hautatutako erakundeek 2011 Planaren elikagaien banaketak sortzen dituen administrazio gastuen itzulketa eskatzen ahalko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, haren esku jarritako elikagaien balioaren %1eraino, gehienez. Hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kargura finantzatuko da.

Halaber, hautatutako erakundeek aurreko paragrafoan adierazi den gehieneko zenbatekoaren berdina den ordainketa osagarria eskatzen ahalko diote NBEFri, 2011 Planaren elikagaien banaketak sortzen dituen beste gastu batzuk konpentsatzeko. Ordainketa osagarri hori NBEFren aurrekontuko 473 kontu-sailaren kargura finantzatuko da, eta ezin izanen da 708.354 eurotik gorakoa izan, guztira.

Lehen paragrafoan aipatutako administrazio gastuak itzultzeko eskabideak tramitatzeko, 807/2010 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, epeei eta zigorren aplikazioari dagokienez.

Bigarren paragrafoan ezarritako zenbateko osagarria ordaintzeko eskabideak ordainketa bakar bati buruzkoak izaten ahalko dira, banaketa aldi osorako, edo hiru hilekoko banaketa aldiengatiko ordainketa partzialei buruzkoak, 2011 Plana hasten den egunetik aurrera zenbatuta. Eraginkortasunaren arrazoiak direla eta, eskabideak aurkezteko eta ordaintzeko epeak administrazio gastuen itzulketa tramitatzeko epea bezalakoak izanen dira.

Hautatutako erakundeek konturako aurrerakina eskatzen ahalko dute. Aurrerakin hori ordainketa osagarriaren gehieneko zenbatekoaren %80koa izanen da, gehienez. Horretarako, aurrerakinaren eskabidea aurkeztu beharko dute, 2011 Plana hasi baino lehen eta Gordailu Kutxa Orokorrean eskatutako diru-kopuruaren %110eko zenbatekoa biltzen duen bermea eratu ondoren. NBEFk eskatu den aurrerakina ordainduko du 30 eguneko gehieneko epean, eskabidea aurkezten denetik aurrera zenbatuta. Eskabidearekin batera, Gordailu Kutxa Orokorrak bermea eratu izana egiaztatzeko egiten duen frogagiria aurkeztu beharko da.

NBEFk ordaintzeko eskabideak eta administrazio gastuak eta bestelako banaketa gastuak justifikatzeko aurkeztu beharreko egiaztagiriak zuzen aurkezteko behar diren jarraibideak emanen dizkie hautaturiko erakundeei denbora erabilgarrian. Nolanahi ere, aurkezturiko fakturetatik eta gastu frogagirietatik argi eta garbi ondorioztatu beharko da Europar Batasuneko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako 2011 Plana garatzeko gastuak direla.

Ordaindu baino lehen, NBEFk eta, hala denean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurkezturiko eskabideei eta gainerako frogagiriei buruzko egiaztapenak eginen dituzte, eta, beharrezkoa bada, hautaturiko erakundeari jakinarazpena bidaliko diote, hori argitzeko, zuzentzeko edo informazio osagarria aurkezteko eskatuta, ordainketaren izaeraren arabera kasu bakoitzean aplikatzen ahal den araudiaren arabera.

II. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako 2011 Planean hautatutako erakunde gisa parte hartzeko eskabidearen eredua

KARITATEZKO ERAKUNDEAREN DATUAK

IZENA

IFK

ERREGISTROKO AGINTARITZAK (Barne Ministerioa, Justizia Ministerioa, Nafarroako Foru Komunitatea) EMANDAKO ERREGISTRO ZENBAKIA

HELBIDE SOZIALA (kalea, zenbakia, posta kodea, herria)

TELEFONO ZK.

FAX ZK.

Helbide elektronikoa

LEGE ORDEZKARIAREN DATUAK

IZEN-DEITURAK

IFZ

ESKATZEN DU:

Erkidegoko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikagaien banaketan parte hartzea, Kontseiluaren 1234/2007 (EE) Erregelamenduan, Batzordearen 807/2010 (EB) Erregelamenduan eta Batzordearen 945/2010 (EB) Erregelamenduan ezarririko 2011 Planaren esparruan.

Asmo hori izanda,

ADIERAZTEN DU:

1. Eskabide honetan jarritako datu guztiak egiazkoak dira.

2. Berak ordezkatzen duen karitatezko erakundeari dagokionez:

-Ez du irabazi-asmorik.

-Nafarroako Foru Komunitatean du jarduketa esparrua.

-Haren xede soziala interes orokorra sustatzea da, eta gizarte laguntzako lanak garatzen ditu.

-Hari esleituriko entitateei elikagaiak helarazteko beharrezko baliabideak eta bideak ditu.

3. Europar Batasuneko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako 2011 Planari aplikatzen ahal zaizkion erkidegoko eta nazioko legediak ezagutzen ditu.

KONPROMISOA HARTZEN DU:

1. Planean esleitutako elikagaiak jasotzeko, biltegiratze egoera egokian mantenduta.

2. Ongintza entitateei elikagaiak doan emateko, onetsitako kopuruak eta epeak errespetatuta.

3. Planaren garapenean sortzen den edozein gertakari Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari berehala jakinarazteko.

4. Behar bezalako akreditazioa duten agintaritza eskudunekin lan egitea kontrol jarduketak egiten, laguntza planaren garapen zuzena ikuskatzeko asmoz. Bereziki, elikagaiak biltegiratzeko eta banatzeko erabiltzen diren lokaletarako sarbidea eta elikagaien azken destinoa justifikatzen duen informazioa emanen dizkiete.

5. Plana amaitu ondorengo 5 urtean agiri guztiak artxibatuta edukitzeko.

6. Eskabidean adierazitako datuetan gertatzen den edozein aldaketa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ahalik eta lasterren jakinarazteko.

7. Esleituriko elikagaiak banatzeko kudeaketan NBEFk haren eskura jartzen duen aplikazio informatikoa erabiltzeko.

8. Oro har, Europar Batasuneko laguntza gehien behar duten pertsonentzako elikadura laguntzarako 2011 Planari aplikatzen ahal zaizkion erkidegoko eta nazioko legedietan ezarritakoa betetzeko.

Eguna

 Sin.: ...............................................

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F1104723