62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2011 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 30ean emandako 571/2009 Ebazpena partez aldatzen duena. Horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Obras Especiales Navarra, S.A.ri Artabiako legar-hobi ohia (Allingo udal mugapeko 10. poligonoko 151. lurzatian) egokitzeko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 21ean eman 424/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Obras Especiales Navarra, S.A. (OBENASA) enpresari, Artabian izandako legar-hobia, Allingo udal mugapeko 10. poligonoko 151. lurzatian dagoena, egokitzeko. Otsailaren 7ko 71/2008 Ebazpenaren bidez, epea luzatzeko lehenbiziko baimena eman zen, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2009ko uztailaren 30eko 571/2009 Ebazpenaren bidez, bigarren luzapena baimendu zen.

571/2009 Ebazpenean ezarritako epea (2010eko abendua) bukatuta, eta legar-hobia behin betiko bete eta lehengoratu ez denez, 2011ko otsailaren 10ean, kaltetutako eremua egokitzeko epea berriz ere luzatzeko eskatu zuen sustatzaileak, oraingoan bi urtez.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen 105. artikuluak (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen) ezartzen du Administrazioak noiznahi alda ditzakeela bere egintzak, aldaketa indarreko legediaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatutako 4/2005 Foru Aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 30ean emandako 571/2009 Ebazpena zati batean aldatzea. 1. idatz-zatia honela erredaktatuko da:

-Zabortegia ustiatzeko eta legar-hobiaren betelanak egiteko egutegia 2013ko urtarrilean ezarri da eta epe horretan toki horretako lehengoratzearen azken fasea ere sartuko da, ezpondak birprofilatuz, landare lurra zabalduz eta sortutako ezpondak landaretuz.

-Zabortegiaren ingurumen jarraipena eginen da lau hilean behingo txostenen bitartez. Bertan dokumentazio grafiko nahikoa sartuko da. Txostenak Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igorriko dira horrek gainbegiratu ditzan.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Allingo Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otzailaren 24an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1104335