62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2011ko martxoaren 14koa, Nafarroako Gobernuak hartua; horren bidez, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen da Tuteran "Aki Bricolaje España, S.L." merkataritza operadorerako merkataritza establezimendu handia ezartzeko proposamena, Alejandro Yanguas Zardoyak sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Espedientearen xedea brikolaje gaiak saltzeko merkataritza establezimendu handia ezartzea da, "Aki Bricolaje España, S.L."k kudeatuko duena.

I.-Legegintza aurrekariak.

Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak honakoa ezarri du:

"Txikizkako merkataritza-establezimendu handitzat hartuko dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, baldin eta produktuak saltzeko eta erakusteko duten azalera erabilgarria 2.500 metro koadro baino handiagoa bada".

"Merkataritza-establezimendu handien kontzeptutik at geratzen dira udal merkatuak eta ibilgailuen nahiz erregaien, makineria industrialaren, lorezaintzako gaien eta eraikuntza nahiz saneamenduko gaien salmentakoak, bai eta mugaz haraindiko eremuetakoak ere".

"Merkataritza-establezimendu handiak egoitza-erabilera nagusiko lurzoru urbanizagarrietan edo hiri lurzoruetan soilik instalatu ahal izanen dira".

"Operatzaileak edo sustatzaileak sustatutako udalez gaindiko plan sektorial bat izapidetzearen mende geratuko da merkataritza-establezimendu handiak jartzea, bai eta jadanik jarrita daudenak handitzea ere, baldin eta hasierako azalera 500 metro koadro baino gehiago handitzen bada, eta behin bakarrik, foru lege honetan ezarritako irizpideekin bat".

"Udalez gaindiko plan sektoriala onesteko, honako irizpideak eta alderdiak baloratu beharko dira:

a) Foru lege honetan eta Lurraldearen Antolamenduko Planetan ezarritako irizpideei jarraituz prestatu izana.

b) Proiektuak hiri-ingurunean eta hiri-esparruan duen eragina.

c) Lurraldeen arteko oreka.

d) Ingurumenean duen eragina. (...).

e) Bide-sarea eta irisgarritasuna. (...).

f) Hondakinen kudeaketa eta eragin akustikoa. Eta sortzekoa den merkataritza-gunearen energia-kontsumoaren zenbatespena.

g) Merkataritza-kokapena eta formatuen aniztasuna, herritarrei ahal den aukera gehien bermatze aldera.

Halaber, merkataritza-establezimendu handiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Teknologikoki eskueran daudenean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailu bat jartzea salmentarako azalera erabilgarriko 2.500 metro koadro bakoitzeko.

b) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskatzen duen efizientzia energetikoaren sailkapena edukitzea."

Espediente honetan aurkezten den proposamena Udalez gaindiko Plan Sektoriala tramitatzearen mende dagoen merkataritza establezimendu handitzat jotzen da.

Horrez gain, proposamena Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren 4. idatz-zatiaren esparruan aurkeztu da. Xedapenak honakoa ezartzen du:

"Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko 19.6 artikuluan -foru lege honetan eman zaion testuaren arabera- xedatutakoa dela eta (merkataritza-establezimendu handiak egoitza-erabilera nagusiko lurzoru urbanizagarrietan edo hiri lurzoruetan soilik jarri ahal izatea), Nafarroako Gobernuak salbuespenak ezarri ahal izanen ditu, foru lege honek indarra hartu eta hamabi hilabeteko epean.

Salbuespena, zeina justifikatua eta haztatua izanen baita, merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko plan sektorialaren udalez gaindiko eraginari buruzko deklarazioa egiteko unean eginen da. Horretarako, betiere, establezimenduak honako baldintzak bete beharko ditu:

a) Hiri lurzoruan edo foru lege honek indarra hartzeko garaian halakotzat sailkaturiko lurzoru urbanizagarrian egotea, eta urbanizazioari buruzko kudeaketa tresna guztiak eta proiektu guztiak behin betiko onetsita egotea foru lege honek indarra hartu baino lehen edo, gehienez ere, foru lege honek indarra hartu eta zortzi hilabeteko epean.

b) Establezimendua ezartzeko obrak udalez gaindiko plan sektorialaren behin betiko onespenetik urtebeteko epean hasi behar izatearen baldintzapean emandako baimena.

Nolanahi ere, ezarpen horretarako, aplikatzekoak izanen dira halakoak onesteari buruz foru lege honetan jasotako gainerako irizpide guztiak."

II.-Agiriak.

1.-Aurkeztu beharreko agiriak:

Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak zati batean aldatzen duenak, ezarri du saltoki handiak ezartzeko, udalez gaindiko plan sektoriala tramitatu behar dela. Alde horretatik, foru lege horren 21., 23. eta 25. artikuluetan ezarpen horiek baimentzeko eskabideei erantsi beharreko agiri teknikoak eta administratiboak zehazten dira.

2.-Interesdunak aurkeztutako agiriak:

Aurreko idatz-zatian adierazitako agiri guztiei erantzuteko, 2011ko urtarrilaren 5ean eta 2011ko otsailaren 4an interesdunak honako agiri hauek osatzen duten plana aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan:

-Azalpen eta justifikazio memoria.

-Mugikortasun iraunkorraren azterlana.

-Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria.

-Planoak.

-Merkataritzari buruzko Foru Legeak eskatutako agiriak.

-Eraikinaren energia ziurtapeneko erregistroa.

-Hirigintzako araudia.

-Ingurumen ondorioen azterlana.

-Oinarrizko proiektuaren planoak.

-Oinarrizko proiektuaren aurrekontua.

-Udal txostena.

-Energia eraginkortasunaren ziurtagiria.

-Urbanizazio jarduketari buruzko bideragarritasun ekonomikoaren azterlana.

-Eraikinetako energia eraginkortasunaren kalifikazioa.

-Tasaren ordainketa gutuna.

Eduki horrek legez eskatzen diren agiri guztiei erantzuten die.

III.-Aurkeztutako proposamenaren deskribapena.

1.-Sustatzailea eta merkataritza operadorea.

Merkataritza establezimendu handia ezartzeko proposamena lurzatiaren jabea den Fernando Yanguas Zardoya jaunak sustatu du, merkataritza operadorea "Aki Bricolaje España, S.L." dela.

2.-Egoera/kokalekua.

Merkataritza establezimendurako proposatzen den kokalekua Tuterako udal mugapean dago, A-68 autobiaren (lehengo N-232 errepidea) eskuineko ertzean, errepide horren 93. irteeraren parean eta A-68 autobiaren eta NA-160 errepidearen arteko bidegurutzean, hain zuzen. Irteera horretatik joanda, alde batetik, Tuterako hirigunera heltzen da Corellako errepidetik eta, beste aldetik, Corella, Cintruénigo eta Murchante udal mugapeetara, NA-60 eta NA-6840 errepideetatik, hurrenez hurren.

Jarduketa 6. poligonoko 521. katastro lurzatiaren hegoaldean garatzen da; lurzati hori industrialdearen hegoaldean dago, horren barnean, eta NA-160 errepideak hegoaldean eta A-68 autobiak ekialdean mugatzen dute. Jarduketak 11.372 m² inguruko azalera hartzen du, Tuterako 6. poligonoko 521. katastro lurzatiak dituen 27.273,76 m²-etatik.

3.-Lurzatiaren antolamendua, sarbideak eta azpiegituren lotura.

Lurzatia urbanizatu berri den poligono batean dago, eta, beraz, hirigintza zerbitzu guztiak lurzatiaren parean daude. UPSak jada aurreikusi diren elektrizitate, ur hornidura, ur beltzen eta euri uren saneamendu, gas, telefonia eta argiteriako harguneei lotzea aurreikusi du.

Lurzoru urbanizatua denez, UPSak proposatzen duen antolamendua okupatu nahi den lurzatiaren zati baten barneko antolamendura mugatzen da, horretan sarbideak, aparkalekuen eremu zabala eta merkataritza eraikina banatzen direla.

Merkataritza eraikinak forma angeluzuzena izanen du, eta lurzatiaren ipar-mendebaldeko albotik doa zeharka, lurzati horretara sartzeko bidearekiko paralelo. Eraikinaren hegoaldeko eta mendebaldeko alboen aurrean aparkalekuak daude.

Horrez gain, oinezkoak poligonoko espaloietatik sartuko dira. Era berean, lurzatiaren barnean oinezkoentzako elementuak jarriko dira merkataritza eraikinaren ondoan, nagusiki azaleran kuartzo grisez trataturiko hormigoizko zoladura duten espaloiak.

Proposamenaren kokalekua hartzen duen industrialderako sarbidea NA-160 errepidean eraiki berri den biribilgune baten bidez eginen da.

Poligonoko bideetatik kokalekurako zuzeneko sarbideei dagokienez, bi sarrera/irteera daude: bata merkataritza zentroa hornitzeko erabiliko da batez ere, biltegiaren ondoan dagoen zamalanetarako eremuan amaitzen dela; bestea, aldiz, bezeroen ibilgailuetarako sarbidea izanen da.

4.-Merkataritza eraikina.

Merkataritza eraikina unitate bolumena da, alde formalei eta funtzionalei dagokienez. 116 m²-ko tarteko solairua eta 3.502 m²-ko azalera eraiki osoa ditu. Erakusketa eta salmenta azalera erabilgarria 2.902,88 m²-koa izanen da.

Eraikinak bezeroak dendara sartzeko eta irteteko atondoa du fatxada nagusian. Horren ondoan, kutxen multzoa eta 2.640 m² inguruko salmenta aretoa daude. Sarbidearen ondoan, eskuineko alboan, hain zuzen, erosleentzako vending eremua, komunak eta bi bulego egonen dira.

Tarteko solairuak langileen aldagelak eta komunak, sexuka bereizitakoak, taberna eta prestakuntza eta errotulazio gela daude.

Eraikinaren beste aldean eta kaiak dituen zamalanetarako eremuan, biltegia (salmenta arloa berriz hornitzeko stock arrunta osatzen duten produktuak gordetzeko), harrera egiteko etxola eta lokal teknikoak (harpidedunaren transformazio zentroa, banaketa elektrikoko kaxa orokorra, suteen aurka babesteko ponpaketa multzoa, suteen aurkako andela eta multzo elektrogenoa) daude.

Salmenta arloan badago eremu txiki bat, 76 m² inguru dituena eta "zura ebakitzeko zerbitzua" deitzen dena. Bertan hurrengo zereginak gauzatuko dira: zura ebakitzea eta zurezko ertzak xaflatzea. Erosleak eremu horretara sartu ezin badira ere, salmahaiaren bidez merkataritza trukea hartzen duen eremu irekia denez, salmenta azaleratzat joko da.

Proiektaturiko bolumenak 82,17 x 41,77 inguruko neurriak eta 8,95 metroko garaierako fatxada ditu. Estalkiari dagokionez, fatxadaren atzean ezkutatzen da, eta Deck motakoa da. Fatxadari baterako tratamendua emanen zaio, akabera zuria duten hormigoi armatuzko panel aurrefabrikatuen bidez. Errotulu argidunak, publizitate panelak fatxadan edo publizitate totemen bat instalatzeko aukera aztertzen da.

5.-Proposatutako araudia.

UPSak araudia proposatu du, eraikinaren eta lurzatiaren erabilera baldintzak arautzeko asmoz. Araudi horrek ezarritakoaren arabera, determinazio horiek indarra duen hirigintzako planeamenduak oro har zehazten dituen determinazioen osagarriak dira, eta, araudien gaineko desadostasunak badaude, agiri honetan adierazitakoa nagusituko da.

Tuterako HAPOk hurrengo erabilerak arautzen ditu lurzatia hartzen duen unitate integraturako (UI.1):

-Nagusia: industria eta sistema orokorrak.

-Toleratuak: ekipamendu pribatua, zerbitzuak eta hirugarren sektorea.

Halaber, HAPOk honakoa ezartzen du: "unitatearen %25etik gora erabilera toleratuak ezartzeak ezin izanen du aldatu oinarrizko unitate baten erabilera nagusi xehakatua".

Horrez gain, orain proposatzen den araudiak honako erabilera araubide hau ezartzen du kokalekuaren lurzatirako:

-Erabilera nagusia: merkataritza, industria-hirugarren sektorea, eta ostalaritza-hotelak.

-Erabilera toleratuak: erabilera nagusiaren osagarriak: bulegoak, jarduerari lotutako zerbitzuak, aparkalekuak, berdegune eta kirol eremu pribatuak eta biltegiak.

Azalera osoaren %35eko muga ezartzen du bulegoen eta jarduerari lotutako zerbitzuen erabilera toleratuetarako, baldin badaude.

IV.-UPSa baloratzeko irizpideak eta txosten sektorialak.

1.-6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren (araubide iragankorra) 4. idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzea.

Bi dira 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak lurralde eta hirigintza planifikazioari buruz ezartzen dituen baldintzak. Lehenbizikoa lurzoruaren hirigintza egoerari (hiri lurzorua edo urbanizagarria, behin betiko onetsi diren kudeaketa tresnen eta urbanizazio proiektuaren bidez) buruzkoa da. Jada adierazi denez, hori bete egiten da, hiri lurzoru finkatua baita. Horri dagokionez, honakoa hausnartu behar da:

-UPSaren eremuak hirigintza lurzatiaren zati bat bakarrik ukitzen duela kontuan hartuta, sustatzaileak justifikatu beharko du horrek ez dakarrela behin betiko onetsi diren kudeaketa tresnak aldatzea. Bestela, UPSaren eremua lurzati osora hedatu beharko du, bidezko determinazioak osatuta, indarra duten kudeaketa eta urbanizazio proiektuak aldatu gabe.

Bigarrena bizitegitarako eremuan kokatzeko salbuespena justifikatzea eta haztatzea eskatzen du. Horri dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako frogagiriek eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako azterketak honako alderdi hauek agertzen dute:

-Merkataritza zentro handirako lurra sailkatu eta birpartzelatu ez ezik, urbanizatu ere egin da, kokalekuaren lurzati zehatza orubetzat jotzen dela. Proiektua lehendik dauden hiri azpiegituretan finkatzen da, eta ez dakar horiek indartu beharrik.

-Hirigintza proposamenak ez dakar indarra duen hirigintzako planeamenduaren egiturazko determinazioak aldatzea, antza.

-UPSak eraikinaren maizterra izanen den merkataritza operadorea (AKI enpresa) egotea justifikatzen du, bi aldeek (sustatzailea eta merkataritza operadorea) 2010eko abenduan sinatutako kontratuaren arabera.

-Merkataritza establezimendu handirako eskatzen den formatua sinpleenetako bat da: banakako establezimendua, egunerokoak ez diren eta, haien ezaugarriak (brikolajea) direla-eta, garraiatzeko ibilgailu pribatua erabiltzea eskatu ohi duten ondasunen mota bakarra salduko duena.

2.-6/2010 Foru Legearen irizpideak UPSa onesteko.

Aurkeztutako agiriek legeak UPSa onesteko zehazten dituen irizpideak justifikatzeari heltzen diote. Beraz, jendaurrean jartzeari eta beste erakunde batzuek esku hartzeari begira, espedientea behar bezala egin da.

Tramite horiek eginda, Nafarroako Gobernuak bidezko erabakia hartuko du, UPSa ebazteko unean.

3.-Indarra duen hirigintzako planeamendua.

Kokalekuaren lurzatia Tuterako HAPOko 10-A eremuko 1. unitate integratuan (AA-4) dago. Bidezkoa da udal planeamenduarekiko bateragarritasunari buruzko udal txostenari lotzea. Bertan ohartarazten da balitekeela 1985eko planeamendu batean ezarritako erabilera xehakatuen araubide orokorrarekin bat ez etortzea, urte horretan merkataritza erabilerak beste erabilera batzuk zituzten sektore urbanizagarrien zerbitzuko balio anitzeko ekipamendutzat jotzen baitziren.

Kontuan hartu beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera, udalez gaindiko plan sektorialak lotesleak direla tokiko planeamendurako, hori planek ezarritako determinazioetara egokitu beharko dela.

Udalak espedienteari buruz dagoen informazio osoa izan ondoren, jendaurreko aldian txostenaren norainokoa zehaztu, eta egokitzat jotzen dituen hirigintza antolamenduko neurriak proposatu beharko ditu.

Horrez gain, agiriak justifikatu beharko du erabilerei eta horiei esleitutako eraikigarritasunari buruzko aldaketak ez duela aldatzen lurzatiaren indarreko hirigintza aprobetxamendua, edo ez duela hori gehitzen, behintzat.

4.-Antolamenduari buruzko oharrak.

Aurretikoa: Kokalekuaren lurzatiari dagokionez agirian dauden desadostasunak argitu beharko dira: izan ere, memoriaren 5.1.A. idatz-zatiaren planoa (10. orrialdea) baino ez dator bat lurzatiaren katastro mugekin.

Balizko zabalkuntza: 10. planoan zerrenda bat dago hegoaldeko fatxadaren ondoan, honako hitzak dituena: "merkataritza eraikinaren etorkizuneko balizko zabalkuntza". Bidezkoa da, horri dagokionez, merkataritza establezimenduaren edozein zabalkuntza egiteko, Merkataritzari buruzko Foru Legean ondorio horretarako ezarritako tramiteak gauzatu beharko direla ohartaraztea.

Sarbideak: Salgaietarako proposatu diren sarbideak berriro hausnartu beharko dira, ibilgailuen sarrera, maniobra eta irteera zehaztuta.

Eraiki gabeko espazioak: Espazio horien antolamendua eta horien azaleko tratamendua (bide eta oinezkoentzako ibilbideak, berdeguneak, landareak, zoladurak, etab.) zehaztuko dira.

Aparkalekuen zuzkidura: "Mugikortasun iraunkorraren azterlana" agirian akats materiala dago, aparkalekuen ratioa aipatzean. Era berean, Mugikortasun iraunkorraren azterlanak ezartzen dituen aparkalekuen kopurua eta deskribapen eta justifikazio memoriaren planoetan edo agirian agertzen direnak ez datoz bat.

Bestelakoak: Nahiz eta sustatzaileak agirian adierazi duen, 17/2001 Legearen 25.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 2 hornigailu egonen direla, horien kokalekua zehaztu beharko da.

5.-Udal txostena.

17/2001 Foru Legeak ezarri bezala, interesdunak Tuterako Udalak 2011ko otsailaren 1ean egindako hirigintza txostena aurkeztu du.

Alde horretarik, hiriko idazkariak ziurtagiria egin du, honakoa adierazten duena:

"Nire ardurapean dagoen Udal Idazkaritza honetako Lurralde Antolamenduaren Arloan dauden agirien artean, badago Hirigintzako Zerbitzu Teknikoek 2011ko urtarrilaren 25ean egindako txosten bat, hitzez hitz honakoa adierazten duena:

Hau sinatzen duten Hirigintzako Zerbitzu Teknikoek honakoa jakinarazi nahi dute, Aki Bricolage zentro bat 6. poligonoko 521. katrasto lurzatiaren 1. unitate integratuan (AA-4) instalatzeko bideragarritasunari buruzko txostena eskatzeko Luis Javier Yanguas Echeverría jaunak (sarrera-erregistroko zk.: 1.070, 2011-1-24koa) aurkeztu duen idazkiari dagokionez:

Hiriko HAPOren arabera, lurzati hori 10-A eremuko 1. unitate integratuan (AA-4) dago. Haren xehetasun azterlana Udalaren osoko bilkurak 1985eko uztailaren 2an onetsitako "Murchanteko, Corellako eta industrialdearen zerbitzuko errepideen eta Tuterako saihesbidearen arteko poligonoa" izenekoa da, eta birpartzelazio proiektua, industriaren erabilera nagusia duen hiri lurzorutzat jotzen zuena, Udalaren osoko bilkurak 1990eko irailaren 7an egindako bileran onetsi zen.

Poligono horren urbanizazioa 2010eko otsailaren 26an onartu da, eta, beraz, zerbitzu guztiak ditu.

Hirigintzako Araudi Orokorraren arabera, erabileren bateragarritasun araubideari dagokionez 26. artikuluan zehazten da unitatearen %25etik gora erabilera toleratuak ezartzeak ezin izanen duela aldatu oinarrizko unitate baten erabilera nagusi xehakatua, plan orokorraren berrikuspena tramitatu eta onetsi ezean. Portzentaje horretatik behera aldaketak egiten ahalko dira, proiektuaren memorian aldaketaren ukipena arrazoitu eta azaltzen duen bidezko azterlana proposatuta.

Eraiki nahi den instalazioari eta tramitatzen ari den UPSaren agiriei buruz inolako daturik eman ez denez, ezin da adostasunik adierazi erabileraren eta proiektuaren inguruan, hirigintzako planeamenduaren arabera."

6.-Txosten sektorialak.

2011ko otsailaren 15ean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak jakinarazi zuen aurkeztutako agiriak nahikoa zirela, eta, beraz, espedientea jendaurrean jartzen ahal zela 30 eguneko epean, prozedura substantiboaren barnean.

Halaber, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Merkataritza Zerbitzuari txostenak eskatu zaizkie proposamen horri buruz. Txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedienteari buruzko ebazpenean.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea Tuteran "Aki Bricolaje España, S.L." merkataritza operadorerako merkataritza establezimendu handia ezartzeko proposamena, Alejandro Yanguas Zardoyak sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Ezarpen hori Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19.6 artikuluan xedatutakotik salbuesten da, Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak emandako testuari dagokionez, apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren 4. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

3. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du, erabaki honen azalpen zatiaren "IV. UPSa baloratzeko irizpideak eta txosten sektorialak" atalean zehaztutakoaren arabera.

4. Espedientea ebazteko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Merkataritza Zerbitzuari eskatu zaizkien txostenen ondorioak hausnartuko dira.

5. Nolanahi ere, obren exekuzioa baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

6. Espedientea jendaurrean jartzea eta espedienteak ukitutako lurretako udalari entzunaldia ematea, 30 egunean. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea 7 - 31005 Iruña).

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari igortzea, eta Tuterako Udalari, sustatzaileari eta operadoreari jakinaraztea, ondorio egokiak izan ditzan.

Corellan, 2011ko martxoaren 14an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1104783