62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

649/2011 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2011ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2011ko aurrekontuetan bada kontu-sail bat, "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izenekoa, 881001-84100-4609-241300 zenbakia duena. 9.000 euroko zuzkidura du aurrekontuan. Ez dago horrelako laguntzen gaineko berariazko araudirik ez Espainian, ez Nafarroako Foru Komunitatean.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, beharrezkoa da, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Aurrekoa ikusirik, bidezkoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea, 11/2005 Foru Legean ezarritako norgehiagokako araubide orokorra aplikatu ahal izateko.

Halaber, beharrezkoa da gastua baimentzea, eta zehaztea ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zein kontu-sailetatik ordainduko diren, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren mugara bitarte.

Azaldutakoarekin bat eta irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuak onesten dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 1.-Ebazpen honen eranskinean dauden oinarri arau-emaileak onestea, baita 2011. urterako deialdia ere, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko.

2. Diru-laguntzak 2011ko gastuen aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001-84100-4609-241300 kontu-sailaren kargura ordainduko dira (RCSA: 3072). Zenbatekoa 9.000 euro izanen da, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren mugara bitarte.

3. Aurreko puntuan aipatzen den kontu-sailaren kargura 9.000 euroko gastua baimentzea 2011rako.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko otsailaren 24an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Xedea eta eremua.

1. Deialdi honen xedea da uzta garaian izaten diren sasoiko langileei ostatu emateko toki entitateek prestatzen dituzten kanpalekuen funtzionamendu eta kontsumo gastuak 2011. urtean finantzatzeko diru-laguntzen araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. Diru-laguntzaren helburua da uzta garaian izaten diren sasoiko langileei eta haien familiei toki entitatearen muga geografikoen barruan integratzeko erraztasunak ematea.

2. oinarria. Onuradunak.

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke kanpalekuak egokitu eta ostatu hartzeko moduan prestatu ondoren sasoiko langileen esku uzten dituzten toki entitateak, diruz lagundutako jarduera garatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa gaitasuna baldin badute.

3. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak emateko eskaerak, 4. oinarrian adierazitako agiriekin batera, 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Arcadio María Larraona, 1, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan zerrendatutako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

2. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztuta, deialdian aipatzen diren agiriak eta informazioak erantsirik ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie zuzen dezaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

4. oinarria. Dokumentazioa.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Kanpalekuaren berri emateko memoria, kokagunearen plano eta krokis batekin batera. Hartan honako hauek azalduko dira, gutxienez:

-Kanpalekuaren kokagune geografikoa eta hartzen duen eremua.

-Kanpalekuaren edukiera.

-Eskaintzen diren instalazio eta zerbitzuak.

-Komunikazioak eta sarbideak.

-Kudeaketako langileen jarduerak.

-Kanpalekua ireki eta ixteko egunak.

-Kanpalekuaren aurrekontu orokorra.

-Mantentze lanetako eta kontsumoko gastuen aurrekontua.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen zaion diru-laguntza, guztira.

b) Entitate eskatzailearen ziurtagiria, organo eskudunak egina, kanpalekua jartzea onetsi dela egiaztatzeko.

c) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diruz laguntzen ez den kostua finantzatzeko kreditua badela adierazteko.

d) Bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatearen egiaztagiria.

f) Debekua jasotzeko arrazoirik ez izatearen deklarazioa.

5. oinarria. Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko Lan-munduan sartzeko eta Aukera Berdintasunerako Atala izanen da.

6. oinarria. Balorazio Batzordea.

Kide anitzeko organo bat osatzen da, eskaerak ebaluatzeko. Batzorde horren irizpena lotzailea izanen da. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Deialdi honetan aurkezten diren eskaeren balorazio batzordea ondoko kide hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Lan-munduan Sartzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko burua.

-Idazkaria: Lan-munduan Sartzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko teknikari bat.

7. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntza emateko, haren gehieneko zenbatekoa hainbanatuko da onuradunen artean, aurkeztutako proiektuek deialdi honetan zehazten diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren eta finantzatzen ahal diren kontzeptu ekonomikoen arabera.

8. oinarria. Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak ulertzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboz ezetsi egin dela.

9. oinarria. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

Diru-laguntza proiektuko langileen eta funtzionamendurako gastuak finantzatzeko erabiliko dira, besteak beste ondoko hauek: gastu orokorrak, erragaienak, aseguruak, komunen alokairua; ura, argia, telefonoa; zaborra biltzea eta beste.

10. oinarria. Diru-laguntzen zenbatekoa.

1. Diru-laguntza finantzatzen ahal diren gastuen %75 izanen da gehienez.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira diruz lagun daitekeen ekintza bererako jaso daitezkeen beste edozeinekin. Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen entitate eskatzaileak bete beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bera bakarrik edo beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin batera.

11. oinarria. Ordaintzeko modua.

Ordainketa honela eginen da:

Lehenbiziko %50, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak laguntza onartu eta ordaintzeko emanen duen ebazpenaren bidez, balorazio batzordeak eskaerak ebaluatu eta proposamena egin eta gero.

Lehenbiziko aurrerakin hori jasotzeko, entitate onuradunak eskatu eta justifikatu beharko du funtsak aldez aurretik behar dituela. Justifikazio hori diru-laguntzaren eskaeran berean egin daiteke.

Beste %50, edo dagokion azken saldoa, diruz lagundutako jardueraren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa aurkeztu ondoren. Justifikazio horiek 2011ko abenduaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira.

-Justifikazio ekonomikoa egiteko gastuen zerrenda zehaztua aurkeztuko da, fakturak edo egiaztagiriak aurkeztuz. Fakturatutako zerbitzu edo kontzeptuen zehaztasunak eta haiek ordaindu izanaren agiriak aurkeztuko dira, alegia, banku-agiriak edo ordainketen benetakotasuna frogatzen duten bestelako agiriak.

-Memoria teknikoan ondoko hauen berri emanen da: kanpalekuaren deskribapena, denboraldiaren garapena, materialen eta pertsonen aldetik eskura izan diren baliabideak eta kanpalekuan egin diren esku-hartze guztiak, hala nola toki entitateak interesgarritzat jotzen duen alderdi oro.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean ez frogatzeak justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Helburua lortzea eta diru-laguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete dituela.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Deialdi honetako 14. oinarrian aipatutako zabalkunde neurriak hartzea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

2. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, zilegi izanen da hartutako zenbateko guztiak edo horien parte bat itzularaztea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria. Onetsitako baldintzen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onets ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du diru-laguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko da, aldaketen garrantziaren arabera.

14. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan agerrarazi beharko dute Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela.

15. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F1103558