62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

23/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko mikrobiologiako jarduerak bateratzen dituena.

Apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez sortutako Nafarroako Ospitaleguneak aldaketa garrantzitsua eragin zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza espezializatuaren antolaketan. Ospitalegunea eriari kalitatezko arreta emateko sortu zen, eta aldi berean, garapen profesionala eta profesionalen kudeaketan ahalik eta trebakuntza zein inplikazio handiena lortzeko. Aldaketa handi horiek aurrera eramateko zenbait estrategia daude, besteak beste, zuzendaritza egitura komunak ezartzea, bikoiztutako zerbitzuak elkartzea, zirkuituak, prozedurak eta protokoloak bateratzea edo prozesu bidezko antolaketa.

Gure erkidegoan Mikrobiologia Zerbitzu nagusia izan beharraz sinetsita, foru agindu honek eritasun infekziosoen diagnostikoa ziurtatzea, prestakuntza espezializatua bermatzea eta ikerketa biomedikoa sustatzea ditu helburu.

Gaur egun, unitate txikitan banatuta den mikrobiologia daukagu, teknologia berrien ezarpenean aurrera egin ahal izateko masa kritikora iristeko gauza ez dela.

Mikrobiologiako jarduerak bateratzeari esker, teknologia berriak ezarriko dira, giza baliabideak espezializatu eta egokituko dira, eta baliabide ekonomikoak optimizatuko.

Bat egin ondoren, Nafarroako Ospitalegunearen egoera berriak ahaleginak elkartzea eta Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzua eratzea eskatzen du, kudeaketaren zein teknikaren ikuspegitik, bakarra eta erreferentziazko unitatea izan dadin Nafarroako Foru Komunitatean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artículo 1. Foru aginduaren xedea.

Nafarroako Ospitaleguneko mikrobiologia jarduerak bateratzea du xede foru agindu honek.

2. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko burua.

Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Zerbitzuko burua, hemendik aurrera, Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko buru izanen da, eta bere gain hartuko ditu, zuzendari medikoaren mende, Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Mediko Zentralen Zuzendariordetzaren bitartez, gaur egun Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologiako zerbitzu eta atalei atxikitako medikuen eta ekipamenduaren zuzendaritza eta kudeaketa.

3. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko mikrobiologia klinikoaren jarduerak bateratzeko xedea, ikuspegia eta balioak.

1. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuak eginkizun hauek ditu: eritasun infekziosoen diagnostiko etiologikoa egitea unean uneko informazio fidagarri eta egokia eman ahal izateko, eriaren diagnostikoan eta infekzio nosokomialen kontrolean laguntzeko; Mikrobiologiako eta Parasitologiako espezialistak prestatzea eta eraginpeko eremuan nagusi diren eritasun infekziosoetako ikerketa lerroak garatzea.

2. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuak kalitateko zerbitzua izan nahi du, laguntza prozesuak etengabe hobetuta, profesionaltasuna eta teknika handituta, dauden baliabideetara egokituta, Tuterako eta Lizarrako Barrutiekin koordinatuta eta osasun eskualdeko erreferentziako zerbitzu bihurtuta.

3. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko balioak eriarengana eta lantaldera bideratuta daude, baita berrikuntza teknologikora ere.

4. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuaren eginkizunak.

1. Laguntzaren ikuspegitik, Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuak eginkizun hauek burutuko ditu:

a) Bakterologia orokor, serologia, parasitologia, onddo, birus eta mikrobiologia molekularren arloko determinazio analitiko orokorrak egitea, bai ospitale barreneko zein ospitalez kanpoko eremurako.

b) Egoera kliniko jakinetan premiaz egin beharreko determinazio analitikoak burutzea, emaitza bakterologikoak berehalako garrantzia duenean eriarekin aritzeko eta etengabeko arreta emateko, lagin berria prozesatzeari eta ospitaleratutako erien laginei jarraipena egiteari begira.

c) Diagnostikoko laborategiaren arloan, ekipamendua, materialak eta erreaktiboak modu zentralizatuan eskura daitezen bultzatzea.

d) Infekzioen eta Mikrobioen aurkako Politikaren Batzordeak aginduta, osasun laguntzari lotutako infekzioak zaindu eta kontrolatzeko programak eta azterlanak gauza daitezen arduratzea.

e) Agerraldiak zaintzeko ikerlanetan eta haien analisi mikrobiologikoan lan egitea eta zainketa aktiboko hazkuntzak egitea, osasun laguntzari lotutako infekzioei aurrea hartu eta kontrolatzeko: mikroorganismo jakin batzuen eramaileak zaindu eta kontrolatzea; zehazki, infekzio nosokomialari aurrea hartu eta kontrolatzea.

f) Ebakuntza geletako eta arrisku handiko unitateetako kontrol mikrobiologikoak programatzea.

g) Kontsultak egitea laginak hartzeko, proba analitikoak interpretatzeko eta diagnosia orientatzeko.

h) Gomendio terapeutikoak egitea eta sentsibilitateko emaitzak interpretatzea.

i) Nahitaez deklaratu beharreko eritasunen adierazpen mikrobiologikoa egitea Osasun Publikoari (DMS).

2. Hezkuntzaren ikuspegitik, Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gradu aurreko prestakuntza, Medikuntza, Farmazia eta Biologiako ikasleentzat eta diagnostiko mikrobiologikoko tekniken laborategiko teknikarientzat.

b) Gradu ondoko prestakuntza, hau da:

-Mikrobiologiako eta Parasitologiako espezialistak prestatzea, BAME/BAFE sistemako espezialistak prestatzeko baimenduta dagoenez.

-Analisi Klinikoetako espezialisten prestakuntza mikrobiologikoa.

-Inguruko unibertsitateekin aritzea, doktorego tesiak egitearren.

-Zerbitzuko langileen etengabeko prestakuntza, zientzia saioak, jardunaldiak eta ikastaroak eginez.

-Lankidetza eta parte hartze aktiboa zientzia elkarteek antolatutako prestakuntza ikastaroetan eta tailerretan.

3. Ikerketaren ikuspegitik, Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Osasun Departamentuarekin aritzea ikerketaren estrategian, Ospitaleguneko beste zerbitzu batzuekiko lankidetza bultzatuz ikerketa proiektuetan eta beste zerbitzuen ekimenei kasu eginez, proiektuak prestatzen lagunduta eta haiek garatzen parte hartuta.

b) Zentro askoren arteko azterlanetan parte hartzea bultzatzea, zientzia elkarteek eta horien azterlan berariazko taldeek sustaturik. Besteak beste, honako hauek sartzen dira intereseko arloan:

-Nafarroako Ospitaleguneko lehentasunezko mikroorganismoak deskribatzea eta antimikrobianoen aurkako erresistentzia.

-Infekzio nosokomialak (osasun laguntzari lotutako infekzioak).

-Nafarroako Ospitaleguneko bakteriemiak aztertzea.

-Mikrobioen aurkako diagnostiko, identifikazio eta sentsibilitate sistema berriak ebaluatzea.

-Antimikrobiano berrien jarduera.

-Antimikrobianoen aurkako erresistentzia mekanismoen ezaugarriak ematea.

-Immunodeprimituen infekzioak.

-Gripearen birusa eta arnasbideetako beste birus batzuk.

-Tuberkulosia.

-STI: sexu bidez transmititutako infekzioak.

Parte hartze horrek bere isla izan behar du nazioko zein nazioarteko biltzarretan aurkezten diren komunikazioetan eta nazioko zein nazioarteko aldizkarietako argitalpenetan.

5. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuaren instalazioen kokalekua.

Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuaren instalazioak Nafarroako Ospitaleguneko A eraikinaren L pabilioiko hirugarren solairuan daude, eta bertan emanen dituzte zerbitzuak bateratze honek ukitutako zerbitzu, atal eta unitateetako langile guztiek.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Izen aldaketa.

Mikrobiologia Zerbitzuko buru izatetik Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko buru izatera izenean egiten den aldaketak ez dakar halakorik hasierako izendapenari lotutako baldintzetan.

Bigarren xedapen gehigarria.-Genero berdintasuna.

Zenbait lanpostu edo karguri buruz ari denean foru agindu honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek emakumezkoek ala gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko otsailaren 22an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1103347