59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 28an hartua, "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala - 2010eko abendua" izenekoaren tramitazioari hasiera ematen diona, eta gutxienez hilabetez espedientea jendaurrean jarri eta ukitutako udalei entzunaldia ematen diena. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira.

Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea enpresa-entitate publikoak (hemendik aurrera AENA), 2010eko abenduaren 1ean, "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala - 2010eko abendua" aurkeztu zuen, behar zen tramitazioa egiteko.

I.-Aurrekariak.

2001eko uztailaren 5eko Ministro Aginduak Iruñeko Aireportuaren lehen Plan Zuzentzailea onetsi zuen (2001eko 167. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 13koa), eta haren garapenean "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" egin eta tramitatu zen. Hura Nafarroako Gobernuak onetsi zuen behin betikoz 2006ko maiatzaren 22an (2006ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 7koa).

Gero, eta orain aurkeztutako dokumentuan azaltzen diren arrazoi batzuengatik, aipatutako plan zuzentzailearen berrikuspenari ekin zion AENAk. Gainera, horri dagokionez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak indarreko aireportu sistema orokorraren plan berezia - aireportuaren udalez gaindiko proiektu sektorialaren tramitazio bitartean emandako martxoaren 18ko 273/2005 Foru Aginduaren bigarren puntuan ezarritakoa kontuan hartu zen, hots, "AENAri eskatzea Aireportuko Plan Zuzentzailea ahalik eta lasterren berrikus dezala, Aireportuaren Sistema Orokorreko esparrua eta aireportuko aurreikuspenak ahal den neurrian bateragarri egiteko Noain Elortzibarko udal planeamenduko aurreikuspenekin, bai eta herri eta/edo eskualde esparruan izaten ahal diren beste batzuekin ere".

Berrikuspen horren emaitza izan zen ekainaren 30eko FOM/2208/2010 Aginduaren bidez Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzaile berri bat onestea (2010eko 194. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa), eta, halaber, orain tramitazioaren xede den "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala - 2010eko abendua" izenekoak indarrean dagoen "Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailea - 2010" planaren determinazioak garatu zituen.

II.-Xedea, eremua eta dokumentazioa.

PB-UPS honek xede du, aurrekoak bezala, Iruñeko Aireportuaren hirigintza eta lurralde antolamendua, lurraldearen egituraren funtsezko elementua den aldetik, eta komunikazioen sistema orokorraren pieza den aldetik. Haren helburua da Iruñeko Aireportua lurraldean erabat integratzea, eta bermatzea administrazio publikoen artean behar den koordinazioa izanen dela aireportuaren espaziori buruz.

Aireportuaren antolamenduari eta garapenari buruz "Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailea - 2010" planean zehaztutako jarraibideei erantzuten die aurkeztutako PB-UPSaren edukiak, eta haren determinazioak integratzen ditu. PB-UPSaren eremua bat dator aipatutako plan zuzentzailean mugatutako zerbitzuen eremuko 1. eta 2. barrutiekin (plan zuzentzaileak, gainera, kanpoko sei lurzati edo barruti gehiago zehazten ditu, nabigazioko instalazioak ezartzeko direnak).

Espedienteak dokumentu hauek ditu: memoria, besteak beste antolamenduaren deskribapena eta eranskin hauek dituena: aireportuak inguruarekin duen erlazioa, lurzoruaren jabetzaren egitura eta ingurumen arloko informazioa, azterketa ekonomiko-finantzarioa eta etapakako plana, hirigintza arauak eta informazio eta antolamendu planoak.

III.-Aireportuaren egitura funtzionala.

Aireportua aldageltoki modala da, tridimentsionala, izan ere aireko espazioaren osagaien konfigurazioa baita. Oinarrizko beste elementua aireportuaren sistema orokorra da, bi azpisistemek eta aireportu-erreserbak osatua.

Aireontziek lurra hartzean, aireratzean, errodaduran zirkulatzean eta aireontzia aparkatzean mugitzeko erabiltzen dituzten espazioak eta azalerak hartzen ditu aireontzien mugimenduen azpisistemak, eta honako hauek osatzen dute: hegaldietako eremuak, aireontziak aparkatzeko plataformak eta instalazio osagarriek.

Bestalde, aireportuko jardueren azpisistema esaten zaio aireportuko barrutian aireko garraioaren eta inguruko sistema urbanoaren arteko aldaketa modalaren prozesua osatzen eta bermatzen duten azpiegituren, instalazioen eta eraikinen multzoari. Aireportuko jardueren azpisistemaren barnean daude airoeportuak duen mailak beharrezko dituen garapenerako eremu funtzionalak. Hona hemen eremu horiek: bidaiariak, zama, aireontziaren laguntza, zerbitzuak, abiazio orokorra, energia horniduraren eremua eta jarduera osagarriak.

Aireportu-erreserbari dagozkio, bestalde, aireportuko instalazio berriak eta zerbitzuak garatzeko eta aurretik aipatutako eremuak handitzeko behar diren espazioak.

IV.-Aireportuak ukitzen dituen beste eremu batzuk.

Aireportuaren sistema orokorrari dagokion guztiaz gain, zeinaren eremua plan zuzentzaileak ezartzen baitu, PB-UPSak zehaztutako barrutiak 1.a eta 2.a izanik, bada, haren determinazioak desberdin ukitzen ditu beste bi eremu, oro har aireportuaren sistema orokorretik kanpo egoten direnak.

Eremu horietako lehena sarbide, zerbitzu eta azpiegituren koordinazioarena da. Aireportuaren sistema orokorraren kanpoko eta barneko elementuei dagokiena da, eta sarbide azpiegituren erabilera partekatua eta/edo lurzoruaren erabileren arteko koherentzia egoki bermatzeko ezartzen da. PB-UPSean Iruñerriko trenbide sare berria nabarmentzen da, Ipar-Ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorekoa (Kantauritik Mediterraneora), haren trazadurak aireportuaren sistema orokorra zeharkatzen baitu tunel bidez.

Bigarren eremuak ukipen eremuei egiten die erreferentzia, eta barnean hartzen ditu, aireportuaren sistema orokorraren perimetroan, legezko zortasun aeronautikoengatik hirigintza garapena mugaturik duten kanpoko lurzoruak, zortasun horien artean izanik akustikoak eta/edo ingurumeneko beste ukipen batzuk. Honako hauek dira zortasun horiek ukitzen dituzten udalerriak, PB-UPSaren hirigintza arauetako 3.2.1 puntuaren arabera: Adios, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Zizur, Eguesibar, Galar, Ibargoiti, Itza, Txulapain, Elo, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Tebas-Muru Artederreta, Ukar, Untziti, Uterga eta Zizur Nagusia; udalerri horiek nahitaezkoa dute hirigintza planeamenduetan dagozkien zortasun aeronautikoak eta akustikoak jasotzea.

V.-Zirkulazio sareak eta azpiegitura sareak.

Aireportuko zirkulazio sareak osatzen dituzte, batetik, aireontziei dagozkienek, pistako edo aireontzia aparkatzeko plataformako mugimenduetan, eta aireontziei laguntzeko eta horiei zerbitzu emateko ibilgailuen barne sareek, eta, bestetik, sistema orokorreko sarbideek, behar diren barneko bideekin eta aparkalekuekin.

Beste alde batetik, aireportuan aurreikusitako garapenak berarekin dakar ur hornidurako eta saneamenduko sareen, hegaldietako eremuen drainatzearen, sare elektrikoen eta erregaien horniduraren azpiegitura sareak handitu eta berregituratu behar izatea.

VI.-Zortasun aeronautikoak eta akustikoak.

Uztailaren 5eko 1875/1973 Dekretuak ezarri zituen Iruñeko Aireportuko Zortasun Aeronautikoak (1973ko 181. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Zortasun horien ondoriozko determinazioak eta mugak "Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailean" jaso dira xehetasunez, eta, halaber, PB-UPSean ere sartu dira.

Aireportuari lotutako zortasun aeronautikoak hiru motatakoak dira: fisikoak, erradioelektrikoak eta eragiketetakoak. Zortasun horiek zehazten dute inguruan zer aireko espazio gelditu behar den oztoporik gabe; guztiz beharrezkoak dira aireontzien mugimenduak segurtasunez egin ahal izateko.

Aipatu direnez gain, badira zortasun akustikoak ere, xede dutenak bateragarri egitea aireportua eta inguruan ezar daitezkeen erabilerak eta jarduerak, aireportuko jarduerek eragindako zalaparta mailen arabera.

VII.-Jarduketa nagusiak.

A).-I. fasea - Epe laburrean.

Aireontzien mugimenduen azpisistema.

-Hegaldietako eremua handitzea eta hobetzea eta NTACera (Abiazio Zibilaren Arau Teknikoak) egokitzea.

-Aireontzien plataforma handitzea.

Aireportuko jardueren azpisistema.

-Terminal eremu berria (bukatua).

-Kontrol dorre berria (bukatua).

-Bidaiarientzako aparkalekua handitzea eta birmoldatzea.

-Segurtasun arloko jarduketak.

-Laguntzarako eta mantentze-lanetarako inbertsioak.

-Zentral elektrikoko multzoak egokitzea eta ordeztea.

-Bidaiarientzako terminal eremu berriko ekipamendua.

-Bagajeak tratatzeko eta ikuskatzeko sistema erostea eta instalatzea.

-Matrikulak kontrolatzeko sistema bat hartzea eta instalatzea.

B).-II. fasea - Epe ertainean/luzean.

Aireportuko jardueren azpisistema.

-Aireontzia aparkatzeko postu isolatua.

-Errodadurako kalea.

-Irteera azkarreko kalea.

-Bidaiarientzako aparkalekua handitzea.

-Zerbitzuen eremuaren urbanizazioa.

Jarduera horiek gauzatzeko beharrezkoa izanen da plan zuzentzaileak eskatutako aurreikuspenak betetzea; hortaz, horren arabera exekutatuko dira. Aireportuko azpiegitura, hirigintza, antolamendu edo eraikuntza proiektuen bidez gauzatuko dira, hurrenez hurren honako hauek, haien izaeraren arabera: egiturazko elementuak edo instalazioak exekutatzea, urbanizatutako guneak sortzea, dokumentu honen determinazioak osatzea edo eraikuntzen edo higiezinen obrak exekutatzea.

2010-2013 aldirako aurreikusitako inbertsioa: 24.932.000 euro, 2010. urterako aurrekontuko inbertsioa 22.376.000 euro izanik.

VIII.-Obren interes orokorra.

Aireportuaren sistema orokorrean, eraikuntza berrietako, konponketetako eta mantentze-lanetako obrak, bai AENAk bai Estatuko Administrazio Orokorraren beste erakunde batek sustatutakoak, interes orokorreko herri lanak dira; hortaz, abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 101. artikuluan ezarritakoaren babesean, ez daude udalaren prebentzioko kontrol jarduketei loturik.

Garrantzitsua da eremu guztiak duela "aireportuko erabilera publiko bakarra", aeronautikako zerbitzu batzuk operadore edo eragile publikoei nahiz pribatuei emanik ere, erregelamenduzko administrazio kontzesioaren bidez ("Hirugarrenek sustatutako proiektuak eta obrak").

Azkenik, nabarmentzekoa da ezen, Interes orokorreko aireportuen eta haietako zerbitzuen eremuen antolamenduari buruzko 2591/1998 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, interes orokorreko aireportuen plan zuzentzaileak onesteak berarekin dakar onura publikoaren aitorpena, aireportuko zerbitzuen eremuaren barnean titulartasun pribatuko ondasunak desjabetzearen ondorioetarako. Hau da, jarduketa sistema desjabetzea da.

IX.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

IX.1. Aireportuaren sistema orokorraren tresna arautzaileari buruz.

Indarreko PB-UPSaren tramitea dela-eta txostenean jorratutako alderdietako bat aireportuaren sistema orokorraren tresna arautzailearena izan zen. Haren zati bat hona ekarriko da ondoren.

Aurkeztutako Plan Bereziak - UPSak aireportuaren sistema orokorrari egiten zion erreferentzia, zeina edukiarengatik eta irismenarengatik udalez gaindiko proiektu sektorial baten bidez arautzen eta garatzen ahalko baitzen. Alabaina, indarreko legeria sektorialak ezartzen du aireportuaren sistema orokorra, Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailean zehaztua, plan berezi baten edo baliokide baten bidez garatuko dela.

Horregatik, aireportuari buruz dauden eskumen esklusiboen arloa errespetatuz eta administrazioen arteko elkarlan pirintzipioan oinarrituz, plan berezi - udalez gaindiko proiektu sektorial bat sustatuz ebatzi da egoera hori. Hala, arau sektorialak, aireportua kudeatzeari eta ustiatzeari dagokionez, eta lurralde arauak, aireportua ezartzeari eta antolatzeari dagokionez, aplikatzeko modua bateratu egin da.

IX.2. 2001eko Plan Zuzentzaileko aireportuaren sistema orokorraren eremuaren eta 2010eko Plan Zuzentzaileko aireportuaren sistema orokorraren arteko analisi konparatiboa.

Indarreko "Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailea - 2010" izenekoan ezarritako aireportuaren sistema orokorraren eremuak -zeina PB - UPS berriak antolatu eta arautu baitu- sistema horren hego-ekialdeko aldean murrizketa handia du (beste murrizketa batzuk ere baditu, baina txikiagoak), aurreko eremuaren aldean. Oraindik indarra duen PB - UPSa onesteko erabilitako tramitean, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak alegazio idazki bat aurkeztu zuen, aireportuaren sistema orokorrak honako hauek okupatzen zituelako: Zentzumenen Parkea (55.000 metro karratutik 25.000 metro karratura murrizten du), N-121etik sartzeko bidea, inguruan aurreikusitako eraikuntzen zati bat eta Mepansako aparkalekuak. Bada, eremu berrian aipatutako lur okupatu eta ukitu horiek hartatik kanpo gelditzen dira eta, hortaz, zortasun horietatik libre.

Halaber, alegatzen zuen 3. eremutik hurbil zegoen irrati transmisore batek eragozten zuela 140 etxebizitza babestu eraikitzea: irrati transmisore hori plan zuzentzailean aurrekusitako kokapen berrira aldatu da.

Azkenik, ohartarazten zuen lurzati ukituetako batzuen titularrak, besteak beste Noaingo 1. poligonoko 479. lurzatiarena, ez zirela egiaz titularrak, eta hori hala zela behin betiko onetsitako eta eskritura publikoan jarritako B 3, B 4, B 2 unitateen eta C 2-ko lurzoru publikoaren birzatiketarengatik. PB - UPS berrian jaso den lurzati ukituen zerrenda ikusirik, antzeman da oraindik ere 1. poligonoko 479. lurzatia agertzen dela, nahiz eta aireportuaren sistema orokorraren eremutik kanpo egon, "lurzoruaren jabetzaren egitura"ren planoaren arabera.

Bestaldetik, antolamendua deskribatzen den indarreko PB - UPSeko memoriaren I.2 atalean eta, zehazki, "Aireontzien mugimenduen azpisistema" epigrafean, honako hau adierazten da: "Pistaren ardatzaren bi aldeetara 150 metrorainoko eta puntetara iritsi aurretik 60 metrorainoko zerrenda baten barnean geldituko dira pista eta haren bazterrak. Hegaldietarako pistaren zerrendaren zabalera 300 metroraino handitzearekin, haren barnean gelditzen dira, partez, Eskirotz Galarko udal hilerria eta Santa Elena Ermita. Horregatik, zerrenda handitzen hasi aurretik, beharrezkoa da azterlan aeronautiko bat egitea, egiaztatzeko eraikuntza horiek ez diotela segurtasunari eragiten, eta, halaber, Iruñeko aireportuko aireontzien eragiketen erregulartasunari ere ez diotela modu esanguratsuan eragiten".

Horri guztiari dagokionez, indarrean den plan zuzentzailean eta, beraz, PB - UPSaren eremuan, hilerriaren eta ermitaren lurrak kanpoan gelditu dira.

IX.3. Bestelako ukipenak eta kontsiderazioak.

A) Oraindik indarrean den aireportuaren sistema orokorraren PB - UPSaren tramitazioan, Galar Zendeako Udalak, 2005eko apirilaren 13an aurkeztutako idazki baten bidez, udaleko zerbitzu teknikoen txosten bat igorri zuen, aipatutako PB - UPSaren espedientean sar zedin. Txosten horretan adierazten zen Galar Zendeako Udal Planaren aldaketa baten bidez bide bat, plan zuzentzailean zehaztutako aireportuko eremuak ukitutakoa, Eskirozko erabilera industrialeko 1-AR-7 sektoreari atxikitako sistema orokorraren zati izatera pasatzen zela, poligonoko bigarren mailako sarbide den ibilgailuetarako bide bihurturik. Hori adierazirik, eskatzen zen "mugakide diren bideetara egokitu daitezela aireportuaren sistema orokorraren mugak".

2005eko maiatzaren 25ean, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariak txosten bat igorri zion gai horri buruz Galar Zendeako Udaleko Alkate-Udalburuari, nabarmenduz Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren maiatzaren 28ko 581/2004 Foru Aginduan zehazten zela, besteak beste, "bidearen proiektua Sustapen Ministerioaren Azpiegituren eta Garraioen Idazkaritzaren txostenaren mendean" jarriko dela, "Noaingo Aireportuaren Plan Zuzentzailearen ukipenari dagokionez", eta foru aginduan argi ezartzen zela zer prozedura bete behar duen sustatzaileak bidearen proiektuarekin eta, gero, exekuzioarekin loturik. Aipatutako foru aginduaren bidez, Galar Zendeako Udal Plana Ezkirozko Alto de la Facería alderdian aldatzeko espedientea, Pagocelay Goizabal, S.L.k sustatua, behin betiko onetsi zen. Bukatzeko, txostenak zioen hala ere AENAri igorriko zaiola Galar Zendeako Udalak igorritako udalaren zerbitzu teknikoen txostena, Aireportuaren Plan Zuzentzailerako eskatutako berrikuspenean AENA saiatu dadin, ahal den neurrian, bateragarri egiten batetik aireportuaren sistema orokorra eta airportuko aurreikuspenak eta bestetik, kasu honetan, Galar Zendeako Udalaren planeamendua.

Ikusirik indarreko "Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzaila - 2010" izenekoan dagoen aireportuaren sistema orokorraren eremua, ondoriozta daiteke eremu hori ez dela aldatu eta, hortaz, oraindik ere Eskirozko erabilera industrialeko 1-AR-7 sektorearen bigarren mailako sarbide izendatutakoa ukitzen duela.

B) "Zizur Nagusia - Ezkirotz errepidea, Ezkirozko saihesbideko tartea" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duen Nafarroako Gobernuaren 2006ko uztailaren 31ko Erabakiaren (2006ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 18koa) azalpen zatian proiektu horrek aireportuaren sistema orokorrari nola eragiten dion azaltzen duen epigrafe bat jaso da, eta, memorandum gisa, hemen transkribatu da:

C.1. Noaingo aireportuko zortasunak: proiektuak eragina du Noaingo aireportuko balizetan. Aurkeztu den agiriak dioenez, aireportuko teknikariekin izandako elkarrizketen ondoren badirudi bideragarria dela baliza horiei eusten dien metalezko egituraren aldaketa. Hori dela eta, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari organo eskudunaren txostena aurkezteko eskatu zaio. Txosteneko ondorioak aintzat hartuko dira espedientearen ebazpenean.

2005eko urriaren 24an, AENAk txosten bat igorri zuen, eta hartan kontsiderazio hauek egin zituen:

-UPSak Iruñeko aireportuaren lurrak ukitzen dituenez, haietan egin nahi den edozein jarduketak AENAren baimen berariazkoa beharko du, hitzarmen baten edo baliokide baten bitartez formalizatua. Halaber, baimen hori ematen bada, obraren exekuzioa AENArekin, aireportuaren bidez, koordinatu beharko da, eta AENAk zehaztuko du zer egitura erabili behar diren lurreratzeko ikusmen hurbilketa sistema (balizak) aldatzeko, baita horrelakoen kokapen zehatza zehazteko ere.

-AENAren baimenak alde batera utzirik, UPSa uztailaren 5eko 1875/1973 Dekretuak ezarritako Iruñeko Aireportuko Legezko Zortasun Aeronautikoen barnean dagoenez, edozein eraikuntza edo egitura berrik (zutoinak, antenak, etab.) edo orain daudenen birmoldaketak, altuera handituz gero, eta horiek eraikitzeko bitartekoak ezartzeak Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko baimena beharko dute, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/72 Dekretuaren 19. eta 30. artikuluekin bat.

-Aipatutako UPSaren espedienteak Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena izan beharko du, zeren Interes orokorreko aireportuen eta haietako zerbitzu eremuen antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak hau ezartzen baitu: "Administrazio publiko eskudunek (...) Sustapen Ministerioari igorriko dizkiote, behin-behinekoz onetsi edo baliokidea den tramitea egin aurretik, interes orokorreko aireportu baten zerbitzuen eremua ukitzen duten edo ezarritako edo ezarriko diren zortasun aeronautikoei lotutako inguruko lekuak (...) ukitzen dituzten planen edo tresna orokorren proiektuak (...) txosten horrek (...). Txosten hori loteslea izanen da Estatuaren eskumen esklusiboak erabiltzeari dagokionez (...)."

Horri buruz, sustatzaileak Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren (Sustapen Ministerioa) txostena aurkeztu zuen, 2005eko azaroaren 30ekoa, eta hartan honako hau ondorioztatzen da: "Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren 29. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako bakarrik, eta dekretu horretan araututako zortasunen ukipenei loturik soilik, Azpizuzendaritza Nagusi honek ebatzi du proiektatutako eraikuntzaren aldeko txostena ematea, betiere eskabideari erantsitako dokumentuetan adierazitako kokapen eta ezaugarriekin gauzatzen bada".

C) Azkenik, ohartarazi behar da Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 22an hartutako Erabakiak, "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" onesten zuenak (2006ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 7koa), honako bi determinazio hauek ezartzen zituela:

-Probintzietako Errege Altxonbidea ukitzen duen edozein jarduketa gauzatzeko Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeko determinazioak bete beharko dira.

-Getze Galarko Kontzejuaren 4. poligonoko 100. lurzatia eta 2. poligonoko 211. lurzatia zuzenean edo zeharka ukitzen ahal dituzten administrazio jarduketa guztiak Iruñeko Club de Tenis elkarteari jakinarazi beharko zaizkio.

Lehenbiziko determinazioaren izaera dela-eta, bidezkoa da espediente honen ebazpen erabakira ekartzea. Bigarren determinazioari dagokionez, adierazi beharra dago Iruñeko Club de Tenis elkarteak egindako alegazio baten ebazpenaren ondorio dela. Hartan alegatzailea espedienteko alderdi interesduntzat hartu zen. Horren ondorioz, bidezkoa da hartzen den erabakia aipatutako elkarteari jakinaraz dakiola.

X.-Ingurumen arloko txostena.

2011ko urtarrilaren 24an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak dagokion txostena luzatu zuen, eta haren edukia honela labur daiteke.

PB - UPSak jasotzen du aireontzien mugimenduen azpisistemaren eta aireportuko jardueren azpisistemaren garapena, hainbat jarduketen bidez. Horiek Iruñeko aireportua handitzeko proiektuan jaso ziren jada, eta haiei buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen Ingurumen Ministerioko Kutsadurari eta Klima Aldaketari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Orokorrak 2007ko ekainaren 18an emandako Ebazpenaren bidez.

Proposatutako obrek, oro har eta ia osorik, aireportuko oraingo eremuaren barnea ukitzen dute, eta horrek ez du aipatzeko moduko inolako ingurumen baliorik; beraz, natura ingurunean inolako ukipenik ez dela eginen ulertu da, salbu kutsadura akustikoak interferentzia guneetan sortutako ukipenak, hau da, antolamendu berriak ekarritako zortasun akustikoko eremu berrien eta zortasun akustikoak ukitutako tokiaren inguruetan ezarritako erabileren arteko interferentzia guneetan. Ondorio horretarako, aireportua handitzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpenean inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko xedatutako determinazioak nahitaez bete behar dira eta, bereziki, inpaktu akustikoaren kontrolari eta segimenduari dagozkienak. Horien artean, nabarmentzekoa da ukipen akustikoaren eremuko etxebizitzak akustikoki isolatzeko plana.

Besteak beste, PB - UPSak aireportuaren sistema orokorraren perimetroaren kanpoko aldeko lurzoruen eremu geografikoa ukitzen du. Haren garapen urbanistikoa legezko zortasun aeronautikoek mugatzen dute, barnean direla akustikoak eta/edo ingurumeneko beste ukipen batzuk. Eremu horri dagokionez, adierazi behar da ezen aireporturako etorkizunean mugatuko den zortasun akustikoaren eremuan, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz (haren bidez Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen da), Noain Elortzibarko, Galarko, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalerrien hirigintza planeamenduetan sartu beharko dela, eta behar diren determinazioak jaso beharko direla zortasun akustikoko eremu hori egiaz gauzatzeko. Zehazki, saihestu beharko da urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritako kalitate akustikoko helburuekin bateraezinak diren hirigintzako garapen berriak ezartzea.

Ld=60 dB(A), Le=60 dB(A) eta Ln=50 dB(A) bidez definitutako isofonen bilgarriari egokitu beharko zaio zortasun akustikoko eremua, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren arabera kalkulaturik, kontuan hartuz aireportuaren plan zuzentzaileak definitutako 3. mugako (2021. urtea) garapenaren gertalekua, aireportuaren inguruneko ukipen akustiko handienari dagokiona.

Bestalde, eta antolamenduaren xedeko eremua Probintzietako Errege Altxonbideak mugatzen duenez mendebaldetik, abelbide hori uki dezakeen edozein jarduketak, jadanik adierazi den bezala, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeko determinazioak bete beharko ditu. Abelbideak eta haiei loturiko tokiak egon badaudela adierazten duen abenduaren 23ko 261/2002 Foru Dekretuak eta Probintzietako Errege Altxonbidea mugatzeko espedientearen irekitzea, besteak beste Noain Elortzibarren eta Galar Zendean barrena pasatzean, onesten duen Ekonomia eta Europako Aferen zuzendari nagusiaren martxoaren 20ko 217/2003 Ebazpenak deskribatzen dute abelbide horren trazadura.

Plan bereziko jarduketetan jaso da oraingo kontrol dorrea eta bidaiarientzako terminalaren eraikuntza eraitsi eginen direla. Jarduketa horiek garatzen dituzten proiektuek hondakin inerteak kudeatzeko plan egokia izan beharko dute.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira behar diren eta PB - UPSean jaso ez diren azpiegiturak.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. "Iruñeko Aireportu Sistema Orokorraren Plan Berezia - Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala - 2010eko abendua" izenekoaren tramitazioari hasiera ematea.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta udal mugapea ukitutako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta gutxienez hilabete iraunen dute.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-1.a, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da egokitzat jotzen diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira igortzea, eta jakinaraztea Adios, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Zizur, Eguesibar, Galar, Ibargoiti, Itza, Txulapain, Elo, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Tebas-Muru Artederreta, Ukar, Untziti, Uterga eta Zizur Nagusia herrien udalei, Iruñeko Club de Tenis elkarteari eta Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea enpresa-entitate publikoari, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2011ko otsailaren 28an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1103859